2023/05/01

Nola jakin web orri baten pisua

 Web orriak egiten badituzu kontuan izan behar duzu haien pisua zeren eta horrek markatuko du zenbat denbora ematen duen kargatzen, eta inori ez zaio gustatzen web orri baten karga luze jotzeak.

Badira hainbat tresna pisua jakiteko baina gustatu zaidan bat komentatuko dut: 

https://tools.pingdom.com

Web zerbitzu honetan pisua jakin nahi duzun orriaren URLa eman eta segundo gutxi batzuetan haren pisuaren azterketa ematen dizu: 

Batetik datu orokorrak: errendimendu-gradua, orriaren pisua, kargako denbora eta zenbat eskaera egiten duen.


Eta, ondoren, azterketa xehe bat jakiteko orriaren pisuak zerk eragiten duen: irudiak, scriptak, CSS eta abar eta zein domeinuei dagoen lotuta pisua, esate baterako bideoen ostatua.

Zure orriaren pisua arintzeko neurriak hartu ondoren: irudiak kendu edo txikiagotu, scripten ordez estekak jarri... azterketa berriro pasa eta ikus dezakezu neurrien emaitza.

2023/04/02

Taiga.io proiektuen kudeaketa kolaboratiboa linean, libre eta euskaraz.

 Proiektu batean hainbat jende koordinatu behar bada Taiga tresna interesgarria izan daiteke zereginak koordinatzeko eta kontrolatzeko, batez ere partaideak fisikoki gertu ez daudenean.

 

Funtzionalitateak

  • Proiektuaren zereginak Kanban ikuspegian (zutabeak dituen panela, ohikoagoa) edo Scrum ikuspegian (esprint edo lan-jario azkarrak) bistaratu daitezke. Modu batetik bestera pasatzeko aukera ere badu.
    Proiektu baten Kanban ikuspegia taiga.io webgunetik hartua

  • Parte hartzaileen altak, eta bakoitzaren baimenak eta zehaztasunez kudeatu daitezke.

  • Zereginak izendatu, etiketatu, deskribatu, dokumentazioa erantsi, epemuga jarri eta partaide bati edo batzuei esleitzen ahal zaie.

  • Zeregina da oinarrizko elementua. Dena den, proiektua konplexua bada,  eginkizunetan multzokatu daitezke eta atazetan banandu, esate baterako lan taldeak badaude. 

  • Proiektu edo produktuaren erabiltzaile edo bezeroek eta parte hartzaileek atzemandako erroreak,  hobekuntza iradokizunak Eskaerak (Issues) zerrenda batean bildu eta larritasun edo lehentasunen arabera etiketatu eta segimendua erraz ikus daiteke.
  • Beste partaide batek aldaketaren bat egiten duenean horren berri jaso daiteke automatikoki nahi izanez gero.
  • Osagarri gisa, lan kooperatiboa errazteko bi tresna baliagarri ditu:
    • Wikia: non proiektuaren dokumentazioa era kooperatiboan editatu daiteke.
    • Elkartu: bideo-konferentziak egiteko. Tresnan sakatuta Jitsi bidezko saio bat irekitzen du non proiektuko partaideek sar daitezkeen.
  • Taiga zerbitzarirako kode irekiko aplikazio librea da eta erabat euskaraz funtzionatzeko aukera ematen du.
  • Slack, GitHub, GitLab, Bitbucket, HipChat, Gogs, Hall eta beste zerbitzurekin integratu daiteke.
  • Proiektuak oso pertsonalizagarriak dira eta erabilera oso intuitiboa.

 

Erabilera

Esan bezala Taiga kode irekiko zerbitzariko aplikazioa da. Deskargatu eta instala daiteke zerbitzari batean datu oso baliotsuak erabiltzen badituzu. Bestela, erabiltzeko modurik errazena taiga.io webgunean erregistratzea eta proiektuak sortzea. Nahi haina proiektu sor daitezke doan, pribatu zein publiko. Taigaren webgunean eta partaideak ere mugagabeak dira. 

 

Beste hainbat web-aplikazio interesgarri

2023/01/29

Hika edo hitanoren aditz batuaren forma erabilienen liburuxka

 Lagunarteko hizketan erabiltzen den adizkera alokutiboaren forma erabilienak biltzen duen sakelako PDF liburuxka ekarri dut hona. Hitano batuaren aditz laguntzaile zein trinko usuenak biltzen dira DIN A4 formatuko lau orrialdetan bi aldetatik inprimatzeko eta, ondoren, tolestu eta poltsikorako DIN A5 tamainako txuleta-liburuxka.

 

Hika_aditza_liburuxka.pdf



Dokumentu hau egiteko Xabier Azkue Ibarbiaren Hitanoa Zumaian liburu interesgarria erabili dut batuaren forma erabilienak biltzeko. Liburu honen lehenengo zatia Zumaiako hitanoari buruzko ikerketa jasotzen du (pdf).

Hika aditza batuaren dokumentu osoago bat bilatzen baduzu Euskaltzaindiak argitaratutako Adizki alokutiboak (hikako moldea) deskarga dezakezu (pdf).

Eta txuleta begiratu ondoren ariketak egin nahi baduzu mugikorrerako Appa Hi! aplikazioa gomendatzen dizut. Oso ona.


Liburuxka egiteko PDF Arranger aplikazioa erabili dut.

2023/01/28

Nola instalatu eta erabili Ibus-typing-booster idaztean hitzak automatikoki osatzeko Linux sistemetan

Idaztean hitzak automatikoki  osatzeko sistemak praktiko izan daitezke asko idazten duen jendearentzat edota tekleatzeko arazoak dituzten pertsonentzat. Bi kasutan sistema iragarle-iradokitzailea gutxiago tekleatzea lortzen du.


 

Zenbait aplikazio, hala nola LIbreOfficek, integratuta eta berez aktiboa du, baina 8 letra baino luzeagoak diren hitzetan soilik iradokitzen du. Hori konfigurazioaren bidez (Tresnak > Autozuzenketa > Autozuzenketaren aukerak) alda daiteke: zenbat eta letra kopuru txikiagoa jarri orduan eta gehiago iradokiko du.


Edozein modutan hitzen osaketa edozein aplikaziotan erabili nahi Badugu Ibus-typing-booster sistemaren plugina edo gehigarria erabili dezakegu.


Nola instalatu

 Debian oinarriko sistemetan, hala nola Ubuntu, Linux Mint edo Luberri, ireki termiala (Ctrl+T) eta agindu hau itsatsi:

sudo apt install ibus-typing-booster

Aplikazioak bere hitzen basea sortzen du erabilitakoekin baina hiztegienak ere erabiltzen ditu. Luberrik esate baterako euskarazkoa (hunspell-eu-es) eta ingelesekoa (hunspell-en-us) instalatuta ditu, gaztelerakoa interesatzen bazaizu itsatsi: sudo apt install hunspell-es-es.

 Mezu honetan ikus daiteke nola instalatu bestelako Linux distribuzioetan.

Nola aktibatu

Ibus-typing-booster aktibatzeko:

  1. Sistemaren ezarpenetan Ibus sarrera metodoa hautatu behar da: horretarako Sistemaren ezarpenak > Sarrera metodoa eta, bertan, goiko aldeko Sarrera metodoaren framework-a: Ibus hautatu.
    Aktibazio abisua agertuko da eta onartuko dugu:
    Honako abisu hau agertuko da. Nik ez dut egin eta arazorik ez dut izan baina beste distribuzioren batean badirudi erabiltzailearen karpetako .bashrc fitxategia editatu, export hitza duten hiru lerroak erantsi eta gorde.




  2.  Ibus hobespenak zehaztu behar dira. Horretarako: klika Aplikazioak > Hobespenak > Ibus hobespenak eta bertan batetik: Sarrera metodoa fitxan Ibus-typing-booster sarrera metodoa horrela gehitu:


    Orokorra fitxan desgaitu "Erakutsi ikonoa jakinarazpen gunean" sistemaren panelean gerta daitezkeen leihoen gainjartzea saihesteko.



  3. Sistemaren panelean, gehitu behar dugu teklatuaren trepeta edo appleta Espainiera teklatutik (betetze automatikoa desaktibatuta) Typing booster teklatura pasatzeko (betetze automatikoa aktibatuta). Horretarako sistemaren panelean, ikonorik ez dagoen zona batean, eskuin klik egin eta aukeratu appletak. Bilatu teklatua appleta eta gehitu.
    Horren ondorioz, sistemaren panelaren eskuin aldean ES ikur urdina agertuko da, teklatu espainiarra aktibatuta dagoela irudikatuz. Bertan klikatu eta Beste bat -Typing Booster aukeratu.

  4. Booster aktiboa dagoela (kohetearen ikonoa) klikatuko dugu eta Setup (ezarpenak) klikatuko dugula aplikazioaren funtzionamenduaren hobespenak fintzeko. Hau pertsonala da baina nik adieraziko ditut markatu ditudan hobespenak:                                                                                                     A.-  Idazten ditugun hitzak base batean sartzen ditu eta hortik aurrera eskainiko dizkigu. Hortaz gain, hizkuntzen hiztegiak erabiltzea edo ez eta zeintzuk. Norberak erabaki behar du hiztegiak erabiltzea ala ez eta erabiltzekotan zein edo zeintzuk eta zein ordenan.
               B.- Options izeneko fitxan komeni da Use inline completion markatzea, hartara hitzak aukeratzeko goitik beherako zerrendaz gain tabuladorearekin onartzeko aukera izango dugu.

 Gogoan izan panelean beti izango dugula Booster aktibatzeko edo desaktibatzeko aukera. Hemendik aurrera erabili eta erabilera findu eta hobespenak doitu. Kontuan izan emotikonoak aktibatu daitezkeela eta orduan ingelesezko hitzak erabiliz proposatuko digula.

 

 Linuxerako beste aplikazio interesgarriak

2023/01/20

Nola sortu liburuxkak PDF Arranger aplikazioarekin

 DIN A4 dokumentu batetik DIN A5 tamainako liburuxka bat sortu nahi baduzu (edo DIN A3tik DIN A4 liburuxka) PDF Arranger aplikazioa sinple egiteko aukera ematen du.


PDF Arranger aplikazio txiki bat da erabiltzaileari PDF dokumentuak batu edo zatitzen eta orriak biratu, moztu eta berrantolatzen laguntzen diona interfaze grafiko interaktibo eta intuitiboa erabiliz.

PDF Arranger aplikazioak 2023ko uztailean argitaratutako 1.10.0-1 bertsiotik aurrera euskaraz dago. Debian, Ubuntu edo Linux Minten instalatzeko pdfarranger_1.10.0-1_all.deb https://launchpad.net/ubuntu/+source/pdfarranger webgunetik deskargatu et instalatu daiteke.  (Paragrafo hau 2023/8/18an gehitu da).

Liburuxka egiteko aukera du. Horretarako kargatu dokumentua PDF formatuan, hautatu liburuxka egiteko erabili nahi duzun orrialdeak eta panelaren eskuinean dagoen menuan Editatu > Sortu liburuxka egin.

 Jatorrizko dokumentua mantentzeko liburuxkan Gorde honela egin eta beste izen bat eman.

Mezu hau idazteko unean aplikazioa oraindik ez dago euskaraz, laster egongo da baina bitartean zure ordenagailuan euskaraz eduki nahi baduzu deskargatzen ahal duzu pdfarranger.mo fitxategia eta, sudo-ren bidez, kopiatu /usr/share/locale/eu/LC_MESSAGES/ karpetan.

PDF Arranger aplikazioa Luberri Linux sisteman instalatuta dago.

Linuxeko beste hainbat aplikazio interesgarri.

2023/01/17

LibreOffice: Bilatu komandoak HUD tresna berria

 LibreOffice bulegorako paketea funtzio eta aukera asko, asko, asko eskaintzen ditu. Horren ondorioz, haren menuak oso luze zabalak dira eta, sarritan, erabili beharreko funtzioak edo aukerak topatzeak denbora luze eskatzen du eta nekagarria gerta daiteke. 


Horretaz jabetuta LibreOfficek 7.2 bertsiotik aitzina tresna berri bat eskaintzen du: Bilatu komandoak HUD

Zer arraio da HUD delako hori? Bada ingelesezko Head Up Display terminoaren siglak dira eta "burua tente ikusten den pantaila" bezala itzul genezake. Terminoa aeronautika eta autoetan erabiltzen da gehienbat eta burua biratu gabe aurrez aurre unean behar den informazioa eskaintzen duen pantaila gardenari egiten dio erreferentzia.

Auto baten HUD.

   Eta LibreOfficen zer da Bilatu komandoak HUD? 

Bada, behar izanez gero testu zatia hautatuta, tekla baten konbinazio hau sakatuta:

Shift + Esc

aplikazioak pop-up leiho bat irekiko du eta funtzioa edo aukeraren izena tekleatu ahala haren komando agertuko da HUD pantailatxoan. Esate baterako hitz batean azpimarra bikoitza jarri nahi badugu baina ez badugu gogoan menuetan zehazki non dagoen Shift + Esc sakatuta honelako aukera eskainiko digu:


 Animazioan ikusten denez idatzi ahala aukerak eskaintzen hasten da. Behar dena agertzean klikatu eta kito. Bide batez ikusten ahal dugu menuaren zein tokitan dagoen.

Konklusioa 

 Produktibitatearen aldetik asmakizun interesgarria iruditzen zait. Baina bakarra ikusten diot: ez dakit beste hizkuntzetan termino guztiak topatzen dituen baina euskaraz menuetan sakon dauden asko ez ditu topatzen. Edozein modutan deus ez da instalatu behar, beraz, probatzeko moduko tresna.