2018/08/17

Xmind 9 Zen bertsio berria dela eta

Xmind mapa mentalak egiteko aplikazioa da. Lizentzia pribatiboa du baina plataforma-anitza da: Windows, Mac, Linux, Android.

Software librean, iritzi bat da, ez dago aukera handirik kategoria honetan. Software pribatiboan, nire ustez, Xmind eta Mindomo Desktop dira Linuxen mapa mentalak eta antzeko eskemak egiteko dauden aplikaziorik interesgarrienak.

Xmind-en zentratuta, aspaldi honetan norabide aldaketa handia ematen ari da. Abiapuntu bezala 2016ko Xmind 7.5 bertsioa hartuta, Luberri sisteman instalatuta dagoena, oso bertsio egonkorra da eta deb instalatzailea du.
2017an Xmind 8 bertsioak argitaratu zuten. Bertsio honetan interfaze hobekuntzak daude baina ez dauka deb instalatzailerik. Deskargatu daiteke eta fitxategi exekutagarria klikatuta badabil baina, nik behintzat, ez dut asmatu fundamentuz instalatzen.
2018an Xmind 9 bertsioak, Zen izenekoak, ikusi du argia deb instalatzailearekin. Garatzaileen esanetan aplikazioa goitik behera berridatzi dute. Hona nire lehen inpresioak:

Aldekoak:
  • deb instalatzailea du.
  • interfazea sinplifikatu dute eta testuaren ordez gauza asko ikonoen bidez adierazten dira. Funtzionalitate berririk ez diot ikusi baina betikoak hobeto antolatuta daude.
  • Pasahitzez babestea jada ez da Pro. 
  • Nodoetan audio-oharrak jar daitezke.
  • Aurkezpen edo pantaila osoko modua (Zen modua).
Kontrakoak:
  • Zen bertsioaz egindako eskemak ezin dira ireki Xmind 8 3update aurreko bertsioekin. Software pribatiboan ez da berria.
  • Irudien esportazioak, aurreko bertsioetan ez bezala, ur-marka dauka.
  • Pdf esportazioa badu baina ur-markarekin ere.
  • Aplikazioaren itxura ez da sistemaren gaira egokitzen.
  • Eskema mugitzeko, aurreko bertsioetan saguaren gurpila sakatuta egiten zena, orain bakarrik mugitzen du eskema gurpilarekin nodo zentrala sakatuta.
  • Fitxen sistema ez dabil. Eskema berriak ez dira fitxa berrietan irekitzen.
  • Ezin da esportatu beste mapa aplikazio formatutara. Xmind 7.5ekin esportatu zitekeen Freemind-Libreplane eta Lighten.
Konklusioa:

Eskema zaharrak badituzu eta, batez ere, zure eskemak Xmind bertsio zaharren bidez ikusi edo editatu behar badira ez aldatu eta geratu Xmind zaharrean.
Xmind-ekin hasi behar bazara eta ur-markek ez badizute arazorik suposatzen emaiozu aukera bat, Xmind 9 Zen bertsioa instalatu deskarga orri honetatik.

Xmin9 Zen bertsioaren itxura


Ea software librea noiz den horrelakorik garatzeko.

2018/07/21

Nola instalatu Systemback Ubuntu 18.04 bertsioan




Systemback Linuxerako aplikazio librea da. Bi funtzio nagusi ditu: sistemaren errekuperazio irudiak sortzea eta sistemaren irudi instalagarriak egitea.

Nik bigarren funtzionalitatea erabiltzen dut Luberri sistema probatu eta instalatzeko.

Systemback-en garapena nahiko utzita dago baina komunitateak asko maite duenez orain arte bizirik mantentzeko bidea jorratu du.

Zentzu honetan komunitateko partaide batek Systemback 1.9.3 Ubuntu 18.04 bertsioan instalatzeko script bat garatu du:


Behin deskargatuta deskonprimatu, sartu karpetan eta exekuta ezazu:

sudo ./install.sh



2018/07/03

OpenShot-qt bideo editorearen bertsio berria: 2.4.2

Hilabeteak azaleko mugimendurik gabe eta software libre eta plataforma-anitza den OpenShot bideo editoreak bertsio berria aurkeztu du: 2.4.2

Hauek dira berritasunik nabarmenenak:

Zazpi efektu berri: Barrak (Bars), Moztu (Crop), Pixelatu (Pixelate), Ñabardura (Hue), Desplazamendua (Shift), Uhina (Wave) eta Koloareaden desplazamendua (Color Shift).

Efektuok bideo honetan ikus daitezke:


Klip bati efektu bat (edo batzuk) eransten zaionean efektuaren botoia klikatu eta  parametroak ezkerreko panelean agertzen dira:


Bestetik klipak gainjartzen direnean audio nahasketa hobe kontrolatu daiteke, argazki eta bideo bertikalak metadatua badute era automatikoan biratzen dira, formatu berriak onartzen dira (AAC)... eta bertsio berri guztietan bezala ahalegin handia egin omen du Jonathan Thomas garatzaileak aplikazioaren egonkortasuna handitzeko.

Berritasunak zehaztasun gehiagorekin ingelesez proiektuaren blogean.

OpenShot Ubuntu edo deribatuetan instalatuta baduzu eguneraketa egitean (sudo apt update & sudo apt upgrade) eta instalatu nahi baduzu egin:

sudo add-apt-repository ppa:openshot.developers/ppa
sudo apt update
sudo apt install openshot-qt

Zerbaiteagatik bertsio hau abiatzen denean ingelesez azaltzen da. Euskaraz jartzeko hau da egin behar den bidea:



2018/06/10

Timekpr, ordenagailuaren erabilera denbora mugatzeko tresna

Neska-mutilen gurasoen kontrolerako pentsatutako aplikazio honek aukera ematen dio ordenagailuaren administratzaileei erabiltzaile arrunten erabilera denbora mugatzeko.

Ohiko kasua litzateke etxeko ordenagailu bat non gurasoak erabiltzaile administratzaileak dituzten eta seme alabak erabiltzaile arruntak diren. Bi motako denbora kontrola ditu:
  • denbora kopurua eguneko
  • denbora hasiera eta bukaera mugak
Bi kasuetan muga horiek egunero berdinak izan daitezke edo asteko egunaren arabera zehaztuak.

Erabilera

Behin instalatuta Aplikazioak > Sistemaren tresnak > Administrazioa > Timekpr Control Panel sakatu abiatzeko.

Erabiltzaile bakoitzeko bina fitxa ditu:
Limits &Boundaries fitxa non erabilerako denbora mugak zehazten diren.


Kasu honetan, adibidez, erabilerako denbora denetara 120 minutura mugatu da aste eguneko egun guztietan berdin; eta erabiltzen hasteko muga egunero goizeko 7etan da eta bukaerakoa gaueko 10etan ostirala eta larunbata salbu, non gaueko 12etan den.

Status fitxan erabiltzaile bakoitzaren egoera agertzen da eta mugak aldatzeko aukerak:


  • muga guztiak kendu
  • gaur salbuetsita
  • denbora muga: muga aldatu edo hainbat minutuko saria edo zigorra.
  • gaur hasiera eta denbora muga kendu
  • geratzen zaion denbora
 
Instalazioa

Aplikazioa Ubuntu 14.10 eta 16.10 bitartekoetan eta horietan oinarritutako bestelako banaketetan funtzionatzen du.
PPA bidez instalatzeko terminalean itsatsi hurrenez hurren ondoko aginduok:

sudo add-apt-repository ppa:mjasnik/ppa
sudo apt-get update
sudo apt-get install timekpr



2018/06/04

Nola ikusi aurkezpen bat Master PDF Editor bidez pantaila osoan

Aurkezpen bat offline aplikazio baten bidez prestatu badugu (Impress, Power Point...)  komeni da gutxienez bi formatutan edukitzea: jatorrizkoa eta PDF, hartara batekin arazoren bat badugu -usu jatorrizko aplikazio falta- PDFa B plana izan daiteke (edo A).

Ubuntun PDFak erreproduzitzeko ohikoa den Evince aplikazioak badu aurkezpen-modua (Ikusi > Aurkezpena), bertan edukiak oso ondo ikusten dira, Interneteko estekak ondo funtzionatzen dute baina barne estekekin arazoak ditu, gailuko fitxategiak askotan ezin dira ireki. Lan horretan hobeto funtzionatzen du Master PDF Editor baina aurkezpena pantaila osoan aurkeztea ez da hain erraza. Master PDF Editor aplikazioan aurkezpenak pantaila osoan ikusteko egin behar dugu:

  1. View > Page Display > Fit Page ikuspegia orrira doitzeko eta...
  2. F11 pantaila osoan ikusteko

Doitu orrira eta pantaila osoa

Behin aurkezpena hasita orri batetik bestera pasatzeko Av Pag eta Re Pag  teklak erabiliko ditugu edo aurkezpenak ikusteko trepeta -eta ez geziak edo sagua-.


2018/06/01

2018-2019 ikasturteko egutegia

Neguazkenak luze jotzen badu ere ikasturtea bukatzen ari da eta hurrengoaren plangintzan hasi beharko dugu.

Horretan lagungarri izan daiteke 2018-2019 ikasturteko egutegia LibreOfficeko kalkulu orriaren formatuan.


Lehenengo orrian ikasturte osoa ikus daiteke:



eta hurrengoetan hilabetez hilabete zuen aurreikuspenen zain.



Argitaratzeko, behin moldatu ondoren, pdf formatura pasa dezakezu edo pantaila argazkiak eginda png formatura.