2016/04/18

LibreOffice Writer eta irudien aspektu-erlazioa

Duela gutxi arte (zehazki ez dakit zein bertsio arte) LibreOffice Writer edo Impress-en irudi bat txertatu ondoren bere tamaina aldatzeko izkinako nodoan klikatu eta proportzioa mantentzeko Shift edo maiuskula tekla sakatu behar zen nodoa arrastatzen genuen bitartean. Horrela eginda irudia txikitu ala handitu baina aspektu-erlazioa mantentzen zen.

Bada, orain alderantziz jokatzen du: maiuskula sakatu gabe arrastatzen badugu izkinako nodoa aspektu-erlazioa mantentzen da eta irudiaren proportzioak aldatu nahi baditugu maiuskula sakatu beharko dugu. Probatu eta horrela jokatzen ez badu agian LibreOfficeren bertsioa berritu behar duzu.

Irudia handitzen aspektu-erlazioa mantenduta

Aldaketa, nire ustez, onerako da, izan ere hemendik aurrera hitzaldietako aurkezpenetan irudiak deformatu nahi duenak kostata egingo du blog hau segitzen ez badu.

Master PDF Editor aplikazioak errore ematen du zerbitzariko fitxategiekin (erdi-solved)

Aurreko mezu batean Master PDF Editor aplikazioa gomendatu nuen PDF dokumentu batean edizioak egiteko, bai nabarmentzeak, laster-markak... bai dokumentuak zatitu, elkartu, orriak biratu eta abar.

Dena den lantokian ohartuak ginen zenbait fitxategi ezin zituela ireki...


... baina gaur arte ez dugu asmatu zein fitxategi klasea zer errore ematen zuena. Gaur ohartu gara zerbitzarian konpartituta dauden fitxategiekin gertatzen dela. Ez dakigu zergatik gertatzen den baian soluzioa erraza da:  zerbitzariko karpeta baten PDFa editatu behar baduzu egin kopia bat lokalera (ekipora edo USBra), ireki eta editatu Master PDF Editor-en bidez eta gorde (honela) ostera zerbitzariko karpetara.

Nola sinkronizatu Thunderbird-en Lightning egutegia eta Google Calendar

Lightning Thunderbird posta bezeroaren egutegia da (orain arteko bertsioetan gehigarri bezala instalatu behar zen eta 45 bertsiotik aurrera jarrita etortzen da) eta bertan sortu daitezke lokalki gordetzen diren egutegiak bai eta online gordetzen direnak. Era berean beste batzuk kudeatzen dituztenak inportatzen ahal ditugu talde, elkarte, eskola eta abarren egutegiak kontsultatzeko.

Gaurkoan ikusiko dugu nola sinkronizatzen ahal diren Google Calendar-eko kontuak. Gogoan izan egutegia sinkronizatzean Thunderbirden ikusteaz gain editatzea ere izango dugula. Harira:

1go urratsa Thunderbirden Google Calendar hornitzailea gehigarria instalatu behar da. Horretarako Thunderbirden menuan gehigarriak klikatu:


eta Provider for Google Calendar gehigarria bilatu eta instalatuko dugu:


Behin hori eginda Lightning-en ezkerreko panelean eskuin klik egin eta egutegi berria hautatu:


Galdetuko dizu egutegi lokala edo sarekoa nahi duzun: sarekoa hautatu.
Ondoren, Google Calendar hautatu.


Galdetuko dizu zein duzun Google kontua eta baimena eskatuko dizu.
Behin kontua lotuta egutegian zein kolorez agertu behar den aukera dezakezu.

Kontuan izan, beraz, kontua sinkronizatuta edukitzeak esan nahi duela Lightning-en egiten dituzun edizioak Google Calendar-en web orrian ikusiko dituzula, bai ordenagailuan zein mugikorrean, eta alderantziz. Gainera zure Google Calendar-era beste egutegi batzuk inportatu badituzu horiek ere ikusiko dituzu.

Thunderbirdentzako beste gehigarri interesgarriak.

2016/04/11

Nola esportatu arrasto, bide-puntu edo ibilbide bat Vinking aplikazioan

Viking GPS arrastoak, bide-puntuak edo ibilbideak ikuskatu, sortzeko eta editatzeko aplikazioa da, Linuxerako eta Windowserako bertsioak dituena, euskaraz.

Viking aplikazioak datuetarako formatu propioa du, vik formatua, baina formatu hori ez ohi dute onartzen GPS gailuek eta mota horretako aplikazioek. Hori dela eta garrantzitsua da jakitea nola esportatu Viking aplikazioan dugun datuak beste formatu batera.

Ibilbidea esportatzeko ezkerreko panelean ibilbidearen geruzan (ez arrastoan) eskuin klik egin > esportatu geruza eta bertan, besteak beste estandar den gpx eta Google Earthek erabiltzen duen kml esportatzeko aukera dugu. Bertan agertzen ez den formatu batera esportatzeko esportatu GpsBabel bidez hautatu eta karpeten azpiko Hautatu fitxategi-formatua klikatu eta bertan Compiz, Magellan, Ozi eta beste formatu mordo bat edukiko duzu aukeran.

Arrastoak, bide-puntuak eta ibilbideak esportatzeko prozedura

Viking dokumentazioa euskaraz.
Viking Linuxen instalatu.
Viking Windowseen instalatu.

2016/04/08

Nola saihestu Youtubek beste bideoak eskaintzea kapsulatutako bideoa bukatzean

Zure blog , Moodle, web orrian... bideoak kapsulatzen badituzu agian, ziur aski, ez dizu graziarik egiten zuk kapsulatutako bideoa bukatzean Youtubek eskaintzea beste bideoak.

Hona hemen nola saihets daitekeen:

Lehenik eta behin Youtuben, betiko moduan,kapsula kopiatu behar duzu,


ondoren, kapsula behar den tokian itsatsi eta, kapsulan, bideoaren URLari itsatsita karaktere hauek itsatsi:


?rel=0

Begiratu nola gelditu behar den URLaren bukaeran, kakotzen aurretik:


Horrela kapsulatua bideoa bukatzean bideoaren hasiera agertuko da eta ez bestelako bideoak.

2016/04/04

2016-2017 ikasturteko egutegia

Datorren ikasturteko plangintzak egin behar badituzu agian ondo etorriko zaizu 2016-2017 ikasturteko egutegia LibreOfficeko kalkulu orrian egiteko oinarria.


Lehenengo orrian ikasturte osoa ikus daiteke:


eta hurrengoetan hilabetez hilabete zuen aurreikuspenen zain.
 
Argitaratzeko, behin moldatu ondoren, pdf formatura pasa dezakezu edo pantaila argazkiak eginda png formatura.