2013/08/07

Nola biratu bideo bat OpenShoten bidez

(Eguneratuta 2021-10-2an)


Nork ez dauka lagunen bat bideoak bertikal filmatzen dituena, batez ere mugikorrarekin, eta gero ordenagailuan edo telebistan horizontal ikusi nahi dituena?

Hona hemen nola eman buelta bideo bati OpenShot bideo-editorea erabilita:


1- Ireki OpenShot eta inportatu bideoa.
2- Bideoa pistara arrastatu.
3- Ikustailean bideo fotogramaren eskuin aldean kokatu biratzeko ikurra ikusi arte eta saguarekin eragin behar den posizioan utzi arte.


 Bukatzeko bideoa esportatu nahi duzun formatu eta kalitatean.


OpenShot instalatu behar baduzu Ubuntu eta familiarako software-zentrotik egin dezakezu, beste distribuzio motarako deskarga-orritik eta PPA bidez mezu honetan azaltzen den eran.

2013/07/30

Testu txikirik ez Firefoxen


Web editore batzuk ez dute letra tamainak zaintzen eta oso letra txikia erabiltzen dute; bestetik zenbait irakurleen begiek, nekeagatik edo dena denagatik, zailtasuna dute letra txikiak ikusteko.

Kasu baterako zein besterako No Small Text Firefoxerako gehigarria laguntza handia ematen du.

Instalazioa: No Small Text gehigarria.

Erabilera: Behin instalatuta -ez da berrabiarazi behar- tresna barran agertuko da. Ondoan beheranzko gezian klikatuta aukera dezakegu zein den nahi dugun gutxieneko testu tamaina. Bestetik ikonoa berdea badago funtzioa aktibatuta dago eta klikatzen badugu gorria jartzen da -desaktibatuta-. Bi eratara erabil daiteke: beti aktibatuta -berdea- edo desaktibatuta -gorria- eta beharra sumatzen klikatu aktibatzeko.

Desinstalazioa: Probatu eta gustura geratu ez bazara Tresnak > Gehigarriak > hautatu eta kendu.

Firefoxen beste gehigarri interesgarri

2013/07/24

Xuxen LibreOffice 4 rako, orain hitzen zatiketarekin

EuskalGNU arduratu da azken urteotan OpenOffice eta LibreOffice euskaratzen. Guztiz eskertzekoa den lan eskerga eta txukuna egin dute baina EuskalGNU elkartea desegin zenetik proiektu hauen lokalizazioa geldirik egon da, eta hori batez ere LibreOffice-ren 4. bertsioan sumatu da: ingelesezko mezu ugari agertzeaz gain Xuxen zuzentzaile ortografikoa ez zetorren inplementatua eta euskadi.net-eko bertsioa ezin da instalatu LibreOffice berrian.

10 egun bakarrik pasatu dira Librezale elkarteak EuskalGNU mantentzen zituen  proiektuak bere gain hartu dituenetik eta emaitzak hasi dira ikusten, eta nola gainera.
Librezalek  Xuxen bertsio zaharra LibreOffice 4rako atontzeaz gain hitz-zatikatzailea erantsi dio. LibreOffice-ren hedapenak gestionatzen dituen LibreOffice Extensions gunetik deskarga daiteke. Instalatzeko, behin deskargatuta, LibreOfficeko menura joko dugu eta  Tresnak > Hedapen kudeatzailea > Gehitu eta arakatuko dugu deskargatu berri dugun xuxeniv-lo4-1-1.oxt fitxategia.

LibreOffice berrabiaraztean Xuxen berria martxan jarriko da. Ez dut azalduko nola funtzionatzen duen zuzentzaile ortografikoa baina bai zertarako eta nola erabil daitekeen hitzen zatikatzailea.

Hitzen zatikatzailearen funtzioa hauxe da: zutabeak erabiltzen ditugunean hitzak zatitzen ditu silabak puskatu gabe. Horrela tarte itsusiak ekiditen dira eta zutabeen justifikazioa hobetzen da.

Hona hemen adibide bat: lehenengo irudian era arruntean egina dago, hitzak zatitu gabe,

Bigarren irudian hitzak automatikoki marratxoz zatituta daude, silabak hautsi gabe:


Bistan dago bigarren diseinuak itxura hobea duela.

Nola aplikatzen da hitzen zatiketa testu batean?

Testua hautatu eta menu nagusian egingo dugu: Tresnak > Hizkuntza > Hitz zatiketa...  eta elkarrizketa koadro hau agertuko zaigu:

Koadro honetan guk erabaki dezakegu hitzak nondik zatitu edo -gomendagarria- Hyphenate All sakatu eta berak zatituko ditu ia beti ondo. Hyphenazio-algoritmoa hitzak marratxo baten bidez bi lerrotan zatitzeko arau multzo bat da.


Eskerrik asko LibreOffice-ren lokalizazioaren arduradun berriari eta irakurleei Librezale elkartearen bidez software librea euskaratzen eta zabaltzen laguntzeko animatzea.


LibreOffice 3 Debian, Ubuntu, Mint edo antzekoetan instalatuta baduzu begiratu mezu honetan nola instalatu 4. bertsioa PPA bidez.

2013/07/17

Euskalbarraren kontsulta aurreratua

Euskalbar Firefox-erako gehigarri ezaguna da. Haren bidez termino baten hiztegi, sinonimo, corpus, lokuzio-kontsultak egin daitezke.

Badu gainera modu bat kontsultak multzoka egiteko, alegia laster-teklak erabiltzen hainbat hiztegi edo zerbitzuren kontsulta ematen digu instant batez eta pantaila bakarrean.

Behin Euskalbar instalatuta barra nagusian liburu gorri bat agertuko da. Haren ezkerreko gezian klika eta Hobespenak > Kontsulta aurreratua egingo dugu eta bertan definituko dugu hizkuntza-pare bakoitzerako tekla-konbinazio hori egitean (nahiko izaten da Shift+Enter-ekin) zein baliabide kontsultatzea nahi dugun.

Azpiko irudian ikus daiteke laster-tekla sakatzean batera agertu direla Euskalterm, Elhuyar, Morris eta Opentran itzulpen-memoria.


Oharra
Euskalbar soilik Firefoxen funtzionatzen du. Chromium/Chromerako Hiztegibar dago baina ez dakit kontsulta aurreratua duen.

2013/07/12

Script-ak Nemo eta Nautiluserako






Nemo eta Nautilus GNU/Linux arakatzaile nagusiak dira eta ezaugarri interesgarri bat dute: script-ak eransten ahal zaizkie. Elementu batean eskuin klik eginda goitik beherako menu oso zabal bezain interesgarria hedatzen da. Menu horren funtzionalitatea zabal daiteke script edo programa txikiak erantzita. Goiko irudian ikus dezakezu nola nik ohiko menuari script-en bidez beste lau funtzionalitate erantzi diodan.
Ikus dezagun nola erantz daitezkeen horrelako script-ak.

Atareao garatzaile eta blogariak Nemo eta Nautilus-erako 70 scripten bilduma bat osatu du eta bertatik deskarga daiteke. Instalatzeko deskonprimitu behar da eta ondoren karpetara joan eta interesatzen zaizkizun script-ak kopiatu behar dira karpeta honetara:

Nautilus erabiltzen baduzu: /home/erabiltzailea/.gnome2/nautilus-scripts
Nemo erabiltzen baduzu:     /home/erabiltzailea/.gnome2/nemo-scripts

Bi gauza izan kontuan: erabiltzaile jartzen duen tokian zure erabiltzaile karpeta izana behar du eta .gnome2 karpeta -puntu duenez- ezkutuko karpeta da eta Ikusi>Erakutsi ezkutuko fitxategiak edo Ctrl+H egin beharko duzu ikusteko. Script horiek kopiatuta arakatzailean eskuin klik egin eta Scriptak elementuan klik egiten duzunean aukera horiek agertuko zaizkizu.


Hona hemen Scale image to Sizes script-a lanean. Oso egokia argazkiak txikitzeko postaz bidali aurretik.

GIF animatua SimpleScreenRecorder eta Qgifer-ekin egina.

2013/07/01

WebGL Water: 3D mugimenduan nabigatzailean

WebGL Water web orrien garapenean eta grafikoetan aditua den Evan Wallace-ren proiektua da eta WebGL-ren gaitasuna erakusten digu.
WebGL (Web Graphics Library) interneteko nabigatzaileetan hiru dimentsiotako grafikoak errendatu edo prozesatzeko erabiltzen den  javascript API bat da.

WebGL-ren erakustaldi honekin disfrutatzeko txartel-grafiko potente samar bat eduki behar duzu kontrolatzaile berriak dituena eta Chromium-Chrome edo Firefox nabigatzailea.  Hala bada irudian klik egitean irekitzen den web-orrian uraren simulazio harrigarria ikusiko duzu erreflexio eta errefrakzio efektuekin eta itzal ezin errealagoekin.

Zer egin daiteke:
uraren gainazalean klikatu edo saguarekin marraztu.
piszinan klik egin eta arrastatzen baduzu kuboa posizioz aldatuko da.
pilota ere mugi dezakezu, uretatik atera eta G klikatuta askatu eta erortzen utzi.
Espazio-barra klikatuta mugimendu oro gelditzen da.
L klikatuta argiaren norabidea alda daiteke.

Merezi du pantaila osoan ikustea (F11)
Martxan jartzeko klikatu irudian.


Zure ekipoan ez badabil bideo honetan ikus dezakezu aukerak. Arazoa nabigatzailea baldin bada Firefox hemendik deskarga eta instala dezakezu.