2013/03/12

Nola instalatu LibreOffice 4 euskaraz Ubuntun PPA bidez


2013/9/5ean eguneratua.

Badira hilabete batzuk LibreOfficek 4 bertsioa kaleratu zuela baina Ubunturen software biltegian, zuhurtziaz, 3. bertsioa eskaintzen da oraindik.

Bada, edonola, modu erraz bat instalatzeko 4. bertsioa eta PPA du izena. Modu honetan aparteko software-biltegi bat erantsiko diogu sistemari, kasu honetan aplikazioaren garatzailearena.


Eta zer berri LibreOfficen?  Gauza mordo bat, aldaketa handia ez bada ere errendimenduaren hobekuntzak gain -abiatzeko denbora nabarmen murriztu dute- hainbat tresna berri sartu diote. Ezagutu nahi badituzu askatze-ohar edo ReleaseNotes orrian agertzen dira funtsezkoenak.

4. bertsiora pasatzen animatzen bazara horrela egin dezakezu: ireki terminala eta ondoko aginduak hurrenez hurren exekuta itzazu:

sudo add-apt-repository ppa:libreoffice/ppa
sudo apt-get update

ondoren, Gnome erabiltzen baduzu (ohikoena)

sudo apt-get install libreoffice libreoffice-gnome

eta KDE erabiltzen baduzu

sudo apt-get install libreoffice libreoffice-kde

Instalatu ondoren probatu eta, euskaraz ez badago, sistemaren ezarpenetara jo eta  Hizkuntza Sostengua klikatu eta osatu sostengua.

Beste sistema bat erabiltzen baduzu LibreOffice-ren web orrira joatea duzu deskarga egiteko.

Eguneratzea 2013/7/14
Xuxen euskarazko zuzentzaile ortografikoa oraindik ez da automatikoki instalatzen, beraz eskuz instalatu beharko duzu. Librezale elkarteak Xuxen LibreOffice 4rako atondu du eta LibreOffice Extension-Center-etik  deskarga (570KB) daiteke.
Deskargatu ondoren LibreOffice-ren menuan Tresnak > Hedapen kudeatzailea > Gehitu eta arakatu deskonprimitutako oxt fitxategia. Instalazioa bukatzean berrabiarazi LibreOffice eta kito.

2013/03/06

Smart ez dabil Ubuntu 12.04 eguneratu ondoren (konpondua)

Hainbat eskoletan erabiltzen den Smart arbel digitala Ubuntu 12.04.1 eguneratu ondoren ez dabil. Hori gerta daiteke baldin eta eguneratzean kernela ere eguneratzen bada.

Hori saihesteko bi era daude: lehena eguneratzeak ez egitea, bigarrena eguneratzea  eguneratzeen gestorearekin egin beharrean "sudo apt-get update"- "sudo apt-get upgrade" eginez. Baina dagoeneko berandu bada eta zure arbelak interaktibitatea galdu badu egin behar dena da nwfermi paketea berriz instalatzea.

Horretarako
1- Software-zentrora joan, nwfermi bilatu eta desinstalatu.
2- https://launchpad.net/nwfermi/trunk/0.6.5/+download/nwfermi-0.6.5.0_i386.deb orritik nwfermi-0.6.5.0_i386.deb fitxategia deskargatu karpetara nagusira eta terminalean honako hau itsatsi:
sudo dpkg -i nwfermi-0.6.5.0_i386.deb

3- Berrabiarazi eta kito.

2013/02/18

Acer Travelmate ekipoetan wifia ez da pizten abiatzean (konponduta)

Ubuntu 12.04 bertsioan, aurrekoetan ez bezala, Eskola 2.0-ko Acer-Travelmate 6594G ekipoak abiatzean wifia blokeatuta dute. Blokeoa kentzeko aurreko aldeko kontrolean bi aldiz sakatu edo teklatuan Fn+F3 sakatu behar da.



Edozein modutan abiotik blokeo hori kentzeko honela egin dezakegu: panela ireki eta hau itsatsi,

sudo gedit /etc/modprobe.d/blacklist.conf 

eta irekitzen den fitxategiaren bukaeran honako hau itsatsiko dugu:

blacklist acer-wmi

gorde fitxategia eta berrabiarazi.



OHARRA
Acer-en beste hainbat modelotarako ere balio du.

2013/02/17

Energiaren formak eta transformazioak

Kontzeptu-mapak eta eskema hierarkikoak diseinatzeko Xmind aplikazioa erabili dut betidanik oso gogoko izan dudan energi moten gainean Elhuyarrek bere Harluxet Hiztegi Entziklopedikoan argitaratu zuen eskema berregiteko eta -hau atrebentzia- osatzeko.



Aplikazio honetan tankera honetako mapak egiteko kontzeptuak nodo flotante floating topics moduan txertatu behar dira eta haien arteko harremanak zehazteko relationship-ak txertatu behar dira. Xmind-en gaineko informazio gehiago mezu honetan duzu.

Eskema hau ikasleekin lantzeko ibilbideak proposatu daitezke. Esate baterako: eguzkiaren argiaz eta beroaz eta lurraren nutrienteak  xurgatuta barazkiak sortzen dira, barazkien elikadurez indarturik txirrinduaz aldapa bat igo dugu eta, iluntzen hasi denez, batzuk bizikletaren dinamoa martxan jarri eta beste batzuk piladun argiak piztu dituzte eta maldan behera abiatu gara. Zein bide hartu du eguzkiaren energia txirrinduen bonbilletara iristeko?

Eskema hau png formatuan gorde dezakezu irudian klikatu eta "gorde irudia honela" eginez edo  xmind formatuan  deskarga dezakezu aldatzeko, osatzeko edo formatuz aldatzeko.
Eta energiaren gaineko eskema hau sinpletxu iruditzen bazaizu ausart zaitezke beste honekin.


Ubuntu 12.04.2 Precise Pangolin kalean dago

Ubuntu  12.10 Quantal Quetzal da azkeneko bertsioa eta 18 hilabeteko sostengua du; 12.04 Precise Pangolin ordea LTS -Long Term Support- da, sostengu luzeko bertsioa, bost urtekoa hain zuzen; horregatik egokiagoa da azken azkenekoan egon beharrean denbora luzez bertsioa aldatu nahi ez dutenentzat, besteak beste enpresa eta ikastetxeentzat.
LTS bertsioak etengabe eguneratzen dira eta tarteka egunean jarritako instalazioak prestatzen dituzte.
Precisek bere bigarren eguneratzea askatu berri du: 12.04.2
Eguneratze honetan kernela, sistema eta aplikazioak eguneratu ditu eta UEFI firmware-ren Secure Boot aktibatuta duten ordenagailuetan instalatzeko gaitasuna du (UEFIz informazio gehiago).


Desktop bertsioak hemendik deskarga daitezke:
Ubuntu-12.04.2-desktop-i386.iso (692MB)
Ubuntu-12.04.2-desktop-amd64.iso (695MB, torrent)
Kubuntu Download
Xubuntu Download
Edubuntu Download
Ubuntu Studio Download
Mythbuntu Download

Instalazio honek Linuxen 3.5.7.2 kernela du eta Remastersys ongi dabil haren gainean kernela berritzen ez baduzu.
Smart Board arbel digitalarekin ordea ez dut lortu emaitza onik ez 10 ez 11 bertsioarekin.

Informazio iturria: noobslab.com

2013/02/02

Kontuz Samsung-en portatil berriekin



Badirudi Samsung-en 530U3C, 300E5C, NP700Z5C, NP700Z7C y NP900X4C modeloetan Linux instalatuz gero KO geratzen direla. Ordenagailua erostekotan bazabiltza kendu hautagaien zerrendatik.

Informazio gehiago muylinux.com-en.