2015/12/30

Androiden hurrengo bertsioak ez du Oracleren Java API pribatiboak erabiliko


Luberri 14.04.07 bertsioak Oracleren Java pribatiboak bazterrean utzi eta Java librearen alde, OpenJDKren alde egin zuen. Bi hilabete pasata Google enpresak Luberriren bideari jarraitu dio eta esan du Androiden hurrengo bertsioak ez duela Oracleren Java pribatiboa erabiliko librea baizik.

Hona albistea: http://venturebeat.com/2015/12/29/google-confirms-next-android-version-wont-use-oracles-proprietary-java-apis/

2015/12/17

LibreOffice Impress: nola txikitu aurkezpen baten pisua

Aurkezpenen batek pisu handia badu izaten da pisu handiko argazkiak erabili ditugulako bertan. Irudien tamaina txikituta fitxategiaren pisua nabarmen arinduko dugu.
Hori egiteko OpenOfficek erabiltzen zuen Presentation-Minimizer izeneko gehigarri bat. LibreOffice-k 3.3 bertsiotik aurrera programan barneratu zuen eta erabiltzeko ez da ezer instalatu behar.

Ikus dezagun nola funtzionatzen duen:

Aurkezpen batean argazki bat txertatzen dugunean haren gainean eskuin klik egin eta agertzen den menuan Konprimatu irudia klikatuko dugu.

Eta leihatila hau agertuko zaigu:

Ados egin eta irudiaren neurria era egokian txikituko du. Posible dugu aurretik Kalkulatu sakatuta ikustea zenbatean arinduko du pisua. Goiko adibidearen kasuan argazkia 2MB inguru pisatzen du (eta ondorioz pisu hori erantsiko zion aurkezpenari) eta proposatzen duen tamainara murriztuta 92KBra arinduko da.
Ideia bat egiteko proiektore arruntek 1024x756 pixeleko bereizmena dute, beraz, 994 pixeleko zabalerarekin irudi hori txikitu aurreko bereizmen berberarekin ikusiko da baina bere pisua hogeiren batera murriztu dugu.

Hori bai, aurkezpenaren irudi guztiekin egin behar dugu prozesua.

2015/12/15

Code.org euskaraz

Haurrak eta gazteak programatzen ikastea da code.org webgunearen helburua. Babesle boteretsu -Google eta Microsoft besteak beste- dituen proiektua orain euskaraz disfruta daiteke.

Teknikoki bikaina eta pedagogi ikuspuntutik oso landua. Bere helburua da era ludiko eta autonomo batean haur, ume eta gazteek programazioaren oinarrizko algoritmoak bereganatzea.
Programazio hizkuntza erabili beharrean Scratch-ek ezagutarazi dituen eta elkarri atrakatzen edo lotzen diren piezen sistema erabiltzen du. Komandoak, aldagaiak eta abar piezen bidez definitu eta kateatzen dira.

Aipatuaz gain ezaugarriak nagusiak hauek dira:

  • 4,6,8 eta 10 urtetik gorako ikasleentzako 20na orduko ikastaroak.
  • ikastaroek joko-ariketak, bideo azalpenak, ariketa artistikoak... dituzte.
  • area librea formak eta web-jolasak diseinatzeko.
Eskerrik asko proiektu hau euskaratzen lagundu duzuen guztioi, besteak beste azaroaren 7an UEUk eta EHUak antolatuta Donostian ospatu den code.org euskaratzek maratoian parte hartu duzuenoi.

2015/12/13

Thunderbird: nola konpondu Bidalitako mezuak karpetan gordetzen errorea

Zenbaitetan, IMAP kontuekin beti, Thunderbird posta bezeroa ataskatzen da mezuak bidaltzean...


eta Utzi sakatzean "Errore bat gertatu da mezuak Bidalitako  mezuak karpetan gordetzean" dioen mezua erakusten du.


Errorea eman arren gordetzen du baina ikusiko dugu nola konpon daiteke.

Thunderbirden ezkerreko panelean posta kontuaren gainean eskuin klik egin eta ondoko menuan Ezarpenak hautatu. Orain ere ezkerreko panelean aukeratu Zerbitzariaren ezarpenak. Eskuin aldean Aurreratua botoian klikatu eta irekitzen den leihoan Cachean gordeko diren zerbitzari konexio kopuru maximoan jartzen duen 5aren ordez 2 jarri, Ados leihatila horretan eta (argi ibili!) Ados ezarpenen leihatilan. 


2015/12/11

Nola egin Terminal Server Ubuntun

Zure eskola, enpresa edo elkartean Windows Server domeinu batean aritzen bazara eta, domeinuko administratzailea izanik, Ubuntu  duen ekipo batetik kontrolatu nahi baduzu zerbitzaria hona hemen nola egin dezakezu:

Abiatu Remmina aplikazioa (Aplikazioak > Internet) eta sortu konexio bat ezaugarri hauekin:

Konexioaren propietateak
Izena: Zerbitzaria (edo nahi duzuna)
Protokoloa: RPD - Urruneko Mahaigain Protokoloa)
Zerbitzaria:  zerbitzariaren IPa
Erabiltzaile-izena:  domeinuko administratzailea
Pasahitza:  domeinuko administratzailearen pasahitza
Domeinua:  domeinuko izena
Erabili bezeroaren bereizmena
Kolore-sakonera: kolore altua






Urrutiko kontrola
Behin irekitzen denean pantaila osora hedatzea komeni da. Behin hedatuta txikitu ahal izateko erakuslearekin leihoaren goiko aldean jo behar da.


Konexioaren datuak gordetzen ditu, beraz, behin sartuta aski da. Gainera beste ekipoen kontrola erantsi daiteke bai Windows, Linux edo beste sistematakoak.


2015/12/08

Ken Burns efektua Kdenlive bideo editorean

Ken Burns efektuak argazkiei bizia ematen die fokua puntu batetik bestera poliki mugituz, gerturatzen, urruntzen, ezker-eskuin...
Efektu honek aukera ematen du argazkietan oinarrituta bideo ederrak egiteko. Eskolan narratiba lantzeko tresna baliagarria izan daiteke.


Harira. Kdenlive Linuxpeko bideo editorean efektu hau lortzeko proiektuen zuhaitzean, bideorako erabiliko dugun klip, irudi, titulu, audioen zerrendan titulu-klip bat txertatuko dugu.

Tituluen editorean efekturako erabiliko dugun argazki edo irudia txertatuko dugu.

Edizio leihoaren eskuineko aldean Animation izeneko fitxan bi elementu ditugu: Edit start eta Edit End. Lehenengoaren bidez markatuko dugu mugimenduaren abiapuntua eta bigarrenarekin bukaera irudia:
zehaztasunetik orokortasunera (zoom out) edo alderantziz (zoom in), ezker-eskuin, behetik-gora...



Une honetan markatuko dugu mugimendua zenbat segundotan gauzatu behar den.

Titulua gorde eta denbora-lerrora eramango dugu.


2015/12/05

Klik punteroa gelditzean Ubuntun

Software librea orokorrean eta bai Linuxek zein Ubuntuk bereziki arreta handia jartzen dute zailtasunak dituzten pertsonengan, zentzumenen- edo mugimenduen zailtasun edo urritasunak dituztenengan. Software librearen izaera soziala dela eta irisgarritasuna funtsezko oinarri bat da.

Kasu honetan laguntza behar duen ikasleak ezin du teklatua erabili eta erakusle edo punteroa joystick baten bidez mugitzen du baina zailtasun handiak ditu klik egiteko eskuz. Helburua da klik egitea erakuslea gelditzean, une batez geldirik egotean alegia.

Hori egiteko, klik egiteko itxarote-denboraren bidez (dwell click) egingo dugu: Sistemaren ezarpenak > Sarbide unibertsala > Erakuslea kokatzea eta klik egitea > Egin klik enfokatzean aktibatuko dugu.

Atzerapen edo itxarotearen bidez klik egitea aktibatzea eta haren ezarpenak finkatzea.


Leihotxo bat irekiko zaigu hautatzeko itxaroteak zer aktibatuko duen eta bi kontrol mugikorren bidez ezarriko diogu itxarote edo atzerapenaren denbora eta zenbateko gelditasuna behar den aktibatzeko.

Azpiko bideoan Nerea PĂ©rez Anguas ergoterapeutak azalduko ditu nola aktibatu eta nola erabili eginbide hau.



2015/12/02

Adobek animatzen ditu sortzaileei HTML5 erabiltzera

Adobe enpresak amore eman du eta onartu du Flash formatuaren garaiak pasa direla. Flash mantentzeko asmoa badu ere bere apustu nagusia 2016ko hasierarako Animate CC aplikazioa izango da, animazioak egiteko HTML5 formatuan lan egingo duena.
 

Adobek, bere bezero handiek behartuta, web formatu irekien garaipena onartu du eta dokumentu batean sortzaileak bultzatzen ditu horiek erabiltzen.

2015/12/01

Nola deskargatu EITBko Nahieran tokiko bideoak

Irauten duen bitartean ETBko bideoak toki honetatik deskarga daitezke: 


http://www.descargavideos.tv/

Bideoak deskargatzeko Nahieraren web orrira joan http://www.eitb.tv/eu/
aukera ezazu nahi duzun bideoa eta kopiatu bere helbidea edo URLa, itsatsi helbidea descargavideos.tv-ren leihatilan eta sakatu lupa; bideoa topatzen duenean aukera ematen du deskargatzeko hainbat tamainatan, denak mp4 formatuan.

Tamaina aldatuta leiho batean bideoa agertuko da. Egin eskuin klik bideoaren gainean eta hautatu Gorde bideoa honela


Noiz arte iraungo du?