2016/09/23

Firefox 49k hobekuntzak ekarri ditu irakurtzeko ikuspegian

Eskuragarri dago Firefox 49 bertsioa.
Hainbat aldaketa ekarri ditu (ikusi denak) baina bat nabarmentzeko modukoa:
irakurtzeko ikuspegian hobekuntzak egin dituzte.

Irakurtzeko ikuspegia helbide barraren ezker aldean agertzen da, hainbat web orritan eta testuaren irakurketa errazten du:


Ondoko irudietan ikus ditzakegu orri baten ikuspegi arrunta eta orri beraren irakurtzeko ikuspegia, non zutabeak, irudiak eta irakurketa oztopatzen duten elementu guztiak ezkutatzen diren.

49 bertsioan irakurtzeko ikuspegiaren menuaren aukerak zabaldu dituzte. Orain fondo zuria edo beltza eta letraren tamainaz gain testu-zutabearen zabalera eta lerroarteko espazioa ere moldatzeko aukera izango dugu.
Horretaz gain testua entzuteko aukera gehitu diote. Bertan hizkuntza eta irakurketaren abiadura egokitu daitezke.

Irakurtzeko ikuspegiaren testu aukerak

Erabiltzen duen TTSa R2D2 errobota baino askoz argiagoa ez da eta euskara ez da ageri aukerako hizkuntzen artean baina atzerriko testuak irakurtzeko interesgarria izan daiteke, batez ere hizkuntzak ikasten dabilenarentzat.
Euskarazko testuak irakurtzeko ordea Irakurle digitala gehigarria erabiltzea dago aukeran,  web orri guztietan erabili daiteke eta TTSaren kalitatea Irakurtzeko ikuspegiarena baino askoz hobea da.

Irakurtzeko ikuspegiaren TTS aukerak
Irakurtzeko ikuspegi hau irakasleek kontuan hartzeko modukoa da bai eurek testuak irakurtzeko, arbel digitaletan erakusteko eta bai ikasleei gomendatzeko, izan ere Internet da gaur egun edukien iturri garrantzitsu bat gure ikasgeletan. Kontuan izan behar da ere irakurtzeko ikuspegi hau bereziki interesgarria dela ikusteko edo irakurtzeko zailtasunak -dislexia- dituzten ikasleentzat.

2016/08/30

SpotiWeb: nola jarri Spotify Web Player aplikazio moduan

SpotiWeb Spotify entzuteko modu interesgarri bat da.
Berez ez da Spotifyren bezero ofizial bat  web aplikazioa edo webapp bat baizik, Spotifyren web orriari aplikazio itxura ematen diona. Izan ere aplikazioa bezala irekitzen da eta ez duzu interneteko nabigatzailea ireki behar; minimizatu eta maximizatu dezakezu eta abestia aldatzen denean notifikazio bat irekitzen da. Eta Tomś Correiak sortutako web aplikazio honen punturik interesante bat abestien arteko propaganda ia guztia kentzea da.

By Fabián Alexis

Erabiltzeko modua:
Ez dauka instalaziorik. Horrela jar daiteke aplikazioen artean.
1- Joan proiektuaren Github orrira.
2- Deskargatu zure sistemari dagokion bertsioa.
3- Deskargatutako fitxategia Artxibo Kudeatzailearen bidez -deskonprimagailuaren bidez- ireki eta nahi duzun karpetan erauzi edo deskonprimatu. Karpeta horren SpotiWeb komandoa jartzen du martzan webapp-a.
4- Gnome klasikoa edo Mate erabiltzen baduzu Aplikazioetan jartzeko egin eskuin klik goiko barrako Aplikazioak elementuan eta Editatu menuak sakatu. Nahi duzun kategorian (Internet?) Elementu berri sortu. Spotify edo SpotiWeb izena jarri eta Command atalean arakatu (browse) erauzitako karpetan SpotiWeb agindua.
5- Spotify martxan jartzeko erabiltzailea baduzu saioa ireki behar duzu (login), eta erabiltzailea ez baduzu saioa hasi aurretik erregistratu behar duzu.

2016/08/25

Nola bihurtu PDF dokumentu bat JPG formatura Linuxen.



Demagun PDF dokumentu baten orri bat aurkezpen batean sartu nahi duzula edo PDFak irakurtzeko aplikaziorik ez duen mugikor batera PDF tiketa bat bidali edo dena dela noizbait behar baduzu PDF dokumenturen bat edo haren orrialderen bat irudia bihurtu gutxienez bi aukera dituzu: lehenengoa haren pantaila kaptura egitea eta bestea JPG formatura bihurtzea. Bigarren hau bereziki interesgarria da baldin eta dokumentu asko badira.

Bihurketa bat egiteko terminaletik egingo dugu baina Imagemagick aplikazioa behar dugu instalatuta. Luberri sisteman instalatuta dago. Ubuntu eta Debian-en beste deribatuetan instalatzeko Software zentrotik egin edo terminalean (Ctrl+Alt+T) hau itsatsita:

sudo apt-get install imagemagick

Hemendik aurrera aski duzu cd komandoaren bidez PDFa dagoen karpetara joan eta hau idatzi:


convert sarrera.pdf irteera.jpg

non "sarrera" PDF dokumentuaren izena den eta "irteera" JPGerako nahi duzun izena. Egina. Karpeta ireki eta ikusi. PDF dokumentuak hainbat orri baditu beste horrenbeste JPG dokumentuak izango dituzu irteera-0.jpg, irteera-1.jpg...

Hainbat aldagai:

A- PDF dokumentuaren lehenengo orria bakarrik bihurtu nahi baduzu:


convert sarrera[0].pdf irteera.jpg

eta, horren arabera, nahi duzun orrialdea.

B- Karpeta bereko PDF guztiak batera bihurtzeko:

for i in `ls *.pdf`; do convert "$i" "$i".jpg; done

JPGak jatorrizko fitxategien izenarekin sortuko dira.

Hauek dira nire ustez aukera interesgarrienak.  Convert aginduaren aukera guztiak kontsultatu nahi baduzu itsatsi:

man convert