2024/12/19

OSS Documents Scanner, dokumentuak eskaneatzeko aplikazioa

 Mugikorraren bidez dokumentuak eskaneatzea oso eragiketa interesgarria da: fakturak eta bestelako agiriak gordetzeko edota letra oso txikia duten etiketak irakurri ahal izateko.

Horretarako oso zabalduta dagoen aplikazioa CamScanner da baina orain badugu OSS Dokuments Scaner, arinagoa, azkarragoa, sinpleagoa, librea, propagandarik gabe eta euskaraz.

Ezaugarriak:

  • Egin daiteke dokumentuaren argazkia edo lehendik egindako argazki bat inportatu.
  • Automatikoki detektatzen ditu dokumentuaren ertzak (eskuz ere egin daiteke).
  • Dokumentu bat hainbat orri baditu argazkiak multzoka egin daitezke eta orri guztiak dokumentu bakarrean gordeko ditu.
  • Dokumentua irudi gisa gorde daiteke edo PDF formatura esportatu, eta partekatu norbaitekin edo nor bere buruarekin ordenagailura pasatzeko.
  • Argazki efektuak ditu. Dokumentuetan manten daiteke jatorrizko kolorea edo zuri-beltzera pasatzea argiago irakurtzeko.
  • Dokumentutik OCR bidez testua erauz dezakegu. Horretarako euskararenaz gain beste hiztegi batzuk deskarga daitezke. Testu hori erabili dezakegu dokumentu bat editatzeko.
  • Eskaneatutako dokumentuak liburutegi batean erakusten ditu.

 

Instalazioa:

Oraindik ez dago F-droid errepositorioan baina Androiderako bertsioa IzzyOnDroid webgunetik apk fitxategia deskargatu dezakegu eta klikatuta instalatu. Androiderako eta IOSerako instalatzaileak Github-etik ere deskarga daitezke.

 

Euskaraz hitz egiten duten beste aplikazioak kontsulta dezakezu Librezaleren AndroidEuskaraz web orritik.


2024/11/14

2024-25 ikasturteko egutegia

 Berandu bada ere  hona hemen 2024-2025 ikasturteko egutegia LibreOfficeko kalkulu orriaren formatuan:



Lehenengo orrian ikasturte osoa ikus daiteke itxura honekin:


 eta hurrengoetan hilabetez hilabetekoak zuen aurreikuspenen zain horrelako tankeran:


 

2024/11/11

Lokjo.com Organic Maps aplikazioaren osagarri interesgarria

 Organic Maps aplikazioaren gainean hainbat mezu idatzi ditut, tartean Umap webguneaz, nola markatu interesguneak ordenagailuan eta Organic Maps-era esportatu. Bada gaur beste osagarri bat ekarriko dut, Lokjo.com webgunea zeinak Organic Mapsek duen hutsune bat: mapatik ortoargazkira eta alderantziz.

Orto-argazkia eta mapa

  Lokjo.com OpenStreetMaps jatorriko mapa arin eskaintzen du eta beste oinarrizko tresnak ditu:

  • bilaketa
  • bideak markatu, autoz, bizikletaz, oinez...
  • komertzio eta interesgune moten kokapena
  • ...
     

Mugikorrean Organic Maps aplikazioaren ondoan abiarazle bat jar dakioke HTTP Shortcuts aplikazio librea (+ Browser Shorcut) edo antzeko baten bidez.

 



2024/10/01

24ko urria-azaroan digitalizazio ikastaroak

Oiartzo aldeko  Talaios kooperatibak, Torrekua elkarteak eta Don Bosco ikastetxeak zortzina orduko zortzi doako ikastaro presentzial eskaintzen dituzte lantzeko konpetentzia digitala eremu profesionalean.

Taula honetan gaiak, egunak, ordutegiak eta bestelako informazioa:



Informazio gehiago eta emateko 943510450 telefonoa edota esteka honetan.

2024/09/02

Luberri_24 sistema eragilearen bertsio berria prest deskargatzeko

 

Luberri 24 berritasunak

Ikasturtearen hasierarekin batera Luberrik bertsio berria aurkezten du: Luberri 24.

Luberri 24

Ezaugarri orokorrak

Bertsio hau LTS bertsioa da, alegia mantenu luzekoa, bost urtekoa hain zuzen. Beraz, bertsio honek 2029 arte sistemaren eta aplikazioen eguneraketak izango ditu eta aplikazio berriak instalatu ahal izango dira.

Azken bertsioen antzera, Linux Mint Cinnamonen gainean eraikita dago (LM 22 Wilma) eta hau Ubuntu 24.04ren gainean.

Aurrekoak bezala hezkuntzari begira egina dago: helburua da, behin ikastetxean instalatuta, aplikazio gehiago instalatu behar ez izatea. Horretaz gain, aplikazio gehienek ez dute Internet behar erabili ahal izateko, hartara ikastetxeen wifia ez da betetzen eta etxean Internet ez duten ikasleek lan gehienak egiten ahal dute.

Aplikazio guztiz gehienak euskaraz daude. Izan ere, Luberrik dituen aplikazioetako asko propio euskaratu ditugu.

Luberriren aplikazioek Apt sistemaren bidez instalatuta daude, Flatpack, Snap eta Appimage sistemak saihestuta, hartara sistema leku gutxi betetzen du, memoria gutxi behar du, arin funtzionatzen du eta eguneraketak erraz eta azkar egiten ahal dira. Edozein modutan, beste instalazio modu hauek erabili daitezke Luberrin.

Berritasunak

  • Izena da lehenengo berritasuna: Luberri 24. Aurreko bertsioen izenen numerazioa urteak eta hilabeteak osatzen zituzten, Ubunturen bertsioari erreferentzia eginez. Luberriren kasuan hilabeteak ez du esanahi berezirik, horregatik hemendik aurrera LTS bertsioen numerazioek urtea izango dute erreferentzia bakarra. LTS bertsioak bi urtean behin ateratzen ditugunez, hurrengoa Luberri 26 izango da. Tartean 24 bertsioak eguneraketak izango ditu, gutxi gora behera urtean bitan: 24.1, 24.2 eta abar.
  • Aplikazioei dagokienez Veyon da nobedade nagusia. Veyon ikastetxean funtzionatzen duen gelako kontrolerako tresna da. Irakasleak ikasleen ordenagailuen pantailak ikusi, berea edo ikasle batena erakutsi, ikasleena blokeatu, itzali eta abar. Ikastetxerako konfigura daiteke irakasleek euren taldeak ikus ditzaten. Mezu honen ondoren argitaratuko dugu beste bat azalduz nola konfiguratu daiteke ikastetxeko sareko erabiltzaileak eta taldeak erabiliz. Une honetako bertsioa ingelesez ikusten da baina hurrengoa euskaraz egongo da. Etxerako desinstalatu daiteke (sudo apt purge veyon).Veyon pantaila-argazkia
  • Beste berritasun bat Web-aplikazioak dira. Web-aplikazioak Interneteko laster-markak dira. Firefoxekin irekitzen dira baina Firefoxen barrak ikusi gabe aplikazio arrunten itxura hartzen dute. Orain arte, konexio eskasak direla eta, ez ditugu erabili baina, ikusita konexioa geroz eta hobeak direla, erabaki dugu instalatutako aplikazioen bidez lortu ezin diren funtzio batzuk Internet bidez erabiltzea. Estreinako aplikazioak hauek dira: Berria Ikasgela, Molview molekulen editorea -Kalziumena ez duelako funtzionatzen- eta Zigotebody anatomiarako.
  • MolView
  • TurboWarp instalatu dugu Scratch 3 lineatik kanpo erabili ahal izateko Scratch Desktopen ordez, bere izenak adierazten duenez, azkarrago dabilelako.
  • eXelearning gehien bat irakasleek unitate didaktikoak editatzeko (edukiak eta jarduerak). Moodlekin bateragarria da.
  • Linux Mint 22rekin kernel berria dago (6.8) eta aplikazio gehienak eguneratu dira. Berritasun gisa, Luberri 24ren eguneraketek Kernel berriagoak erabiliko dituzte (orain arte LTS bertsioek bere kernela mantentzen zuten).
  • Chromium Luberritik kanpo geratu da, besteak beste, euskaraz ez dagoelako. Gogoan izan

Deskargatu ISO irudia eta USB batean instalatu haren bidez probatzeko eta, dena badabil eta gustuko baduzu, instalatzeko.

2024/08/10

Calibre nola ikusi ondo menua edo tresna barra

 Hau da instalatu berria Calibre -liburu digitalak kudeatzeko aplikazioak- duen itxura:


Itxura horrek arazo bat dauka: menuan hamaika elementu ikusten dira eta, berez, hamalau dira. Hau da, hiru elementu ezkutuan geratzen dira eskuin aldean ikonoen azpiko testuaren luzeragatik.

Nola konpondu? 

  1. Hobespenetara jo behar dugu baina, hain zuzen, hobespenak pantailatik kanpo geratzen dira. Ikusi ahal izateko trukotxo bat erabili behar dugu: Alt tekla + eskuin klika sakatuta leihoa herrestan eraman ezkerrera pantailaren muga gaindituta (hori da Alt teklaren zeregina) harik eta ezkutuan dauden menuko hiru elementuak agerian geratu arte. 
  2. Orain agerian dugula, sakatu Hobespenak > Interfazea > Begiratu eta ukitu atalean Use two lines for the text under the icons (need restart) aktibatu. Horrek menuko ikonoen azpiko testuak bi lerrotan banatzen ditu, hartara menuko ikono guztiak ikusiko ditugu. Aplikatu eta berrabiarazi Calibre.

    Berrabiarazita maximizatuko dugu leihoa eta menuko elementu guztiak ikusiko ditugu.