2023/01/01

Dark Reader Firefox gehigarria web orriak gai ilunean ikusteko

 Pantailen atzeko plano zuriek eta tonu urdinek begiak nekatu egiten dituzte eta egunaren bukaeran logura sortzen duen melatoninaren sortzea galarazten dute. Zure begiak babesteko eta iluntzean ordenagailuaren aurrean aritzeko ohitura baduzu gai ilunak, alegia atzeko plano ilunak  dituzten mahaigainak erabiltzea komeni da. Linux distribuzio guztiek dute aukeran gai ilunak. Luberri Linux sistemak, esate baterako, lehenetsia du.

Zer gertatzen da, ordea, webguneekin? Gehienek gai argiak erabiltzen dituzte. Firefoxek badu modu bat webgune guztiak, era lehenetsian gai ilunekin ikusteko. Ikusta dezagun adibide pare bat: horrela ikusten da berria.eus

eta horrela Wikipedia.eus gai ilunean.


Webguneak era lehenetsian gai ilunean ikusteko Firefox-ex Dark Reader gehigarria eskaintzen du. Gehigarria instalatzeko klikatu estekan eta instalatzeko botoia klikatu.

 Nola erabili:

Instalatu ondoren Firefox-en panelean Dark Reader gehigarriaren ikonoa ikusiko duzu:


Klikatuta bi aukera nagusi eskaintzen dizu: 

a- desaktibatzea une honetan webgune guztien gai iluna (esate baterako kalean eta eguzkitan bazaude agian hobeto ikusten dira gai argiak). Horretarako Filter fitxa nagusian Off botoia sakatu behar duzu, eta On berriro aktibatzeko. Aukera ematen du ere gaien argitasuna eta kontrastea erregulatzeko.


 b- Erabiltzea orokorrean gai ilunak eta, gai ilunekin webguneren bat ondo ikusten ez bada, Site list fitxan salbuetsien zerrendara gehitu Alt+Shift+A sakatuta.



Firefox-erako beste gehigarri interesgarriak eskuineko panelean.


Nola gehitu lexiko familiak GCompris aplikazioan

 GCompris ume eta gaztetxoentzako hezkuntza-jolasak eta aktibitateak biltzen dituen KDE familiako aplikazio multzoa da. Bertan jolasak gaiaren arabera daude antolatuta. Bada, letra, hitzak, hiztegia familian -irudian ABC-...

... hiztegia multzoan, "Aberastu zure hiztegia" aktibitatea dago. Oso interesgarria ume txikiek edota euskara ez dakiten ume-gazteak oinarrizko lexikoa ikasteko familietan antolatuta. Hauek dira GCompris-ek, instalatu berria, eskaintzen dituen lexiko-familiak:


Familia hauek ugaldu daitezke. Horretarako aurreko irudiaren beheko partean agertzen menuan etxetxoa klikatu eta gero "Ezarpenak" adierazten duen giltza ingelesa.

Bertan korritu konfigurazioren pantaila "Zama-jaitsi hitzen irudi multzo osoa" ikusi arte, bertan klikatu...


eta famili lexiko berriak deskargatu eta instalatuko dira:




Prest jolasteko eta lexikoa aberasteko.

 

 

Oraindik GCompris ez baduzu kontuan izan edozein ordenagailu plataformarako deskargatu eta instala dezakezula: https://gcompris.net/downloads-eu.html

Android tableta edo mugikorrean bertsio osoa instalatu ahal izateko hobeto F-Droidetik edo apk bidez instalatuta.

2022/12/22

luberri_22.04.1 bertsio berria prest dago eta berritasun interesgarriak ditu

 Luberri Linux hezkuntzarako distribuzioak bertsio berria kaleratu du gaur: 22.01.1 eta sistema eta aplikazioen eguneraketez gain berritasun interesagarriak ditu. Horren berri ematen du LuberriLinux.eus webgunearen blogak.

Deskargatzeko eskuin paneleko Luberri instalazioan klikatu edo LuberriLinux.eus-en deskarga orrian.

2022/12/08

You are in emergency mode errorea nola konpondu.

 Aitortu behar dut blog hau helburu nirekoi batez sortu nuela: zerbait lortuta dokumentatzea hurrengo batean blogean sartu eta dokumentazio hori berreskuratzeko. Hori da mezu hau idazteko helburu bat eta bigarrena niri funtzionatu didan soluzio bat zuri, behar izatekotan, erakustea.

Bada atzo ordenagailua piztu eta Linux Minten ikonoaren azpian diskoaren azterketa-konponketa gelditzeko Ctrl+C sakatzeko mezua, ondoren modu grafikoan sartu ez eta You are in emergency mode  mezu hau agertu zitzaidan pantaila beltzean:


Administratzailearen pasahitza sartuta terminala agertzen zen baina ideiarik ez zer egin behar nuen.

Aurretik azalduko dut ordenagailuan dudala disko gogor bat datuak gordetzeko (sda) eta disko solido edo SSD bat (sdb) sistema eragile eta swap partiziorako. Nonbait arazoa disko gogorraren sektore akasdun batzuk ematen zuten eta sistemaren abioa gelditzen zen.

Bilatzailean laguntza eskatu eta hona hemen nola konpondu nuen arazoa:

  1. administratzailearen pasahitza (root password) sartu. Administratzailearen prompt-a agertzen da.
  2. Jakiteko zein partizio izan daiteke arazoaren sortzailea, aztertuko ditugu zein diren partizioa ere bere izenak agindu honekin: sudo fdisk -l. Nire kasuan hau bueltatu zidan:

    Tamainagatik deduzitu nuen arazoa sda1 partizioan (home gordetzen duen disko gogorra) edo sdb2 partizioan (sistema gordetzen duen disko solidoa) egon zitekeela. Zure kasuan begiratu behar duzu zein edo zeintzuk izan daitezke akasdunak.
  3. Fitxategi sistema horien arazoa konpontzeko agindu hau erabili daiteke: sudo fsck -y /dev/sda1. Disko gogorraren partizioa txekeatu eta minutu batean konpondu zituen hainbat sektore akasdun. 
  4. Ordenagailua berrabiarazteko reboot agindu.

Berrabiaraztean arazorik gabe sartu zen sisteman. 

Kasu honetan sda1 partizioa erruduna izan ez eta berrabiaraztean berriro  You are in emergency mode agertu izan balitz sdb2 partizioaren txekeo-konponketa egingo nuke.



2022/11/24

Burbunak eta Etsayak dokumentala ikusgai

 Hernani inguruko jendeak zuhaitzak, landare, lore, hegazti, arrain, ugaztun, narrasti eta abarrak nola izendatzen dituen eta haiekin zer harremana duten erakusten digun dokumental zoragarria da Burbunak eta Etsayak. Dobera Euskara Elkarteak eta Aranzadi Zientzia Elkarteak bultzatu dute proiektua eta Joxean Ruiz eta Jon Mari Beasain aritu dira irudi eta post-produkzioan eta Iñaki Sanz-Azkue eta Eñaut Agirre burutu dute gidoia eta elkarrizketak.


Dokumentalak flora eta fauna corpus zabala eskaintzeaz gain Hernaniko euskararen edertasuna eta jendearen izaera goxoa ere erakusten du.

Dokumentala esteka honetan ikus daiteke eta Argia Multimedian ere badago beste material interesgarriekin batera.

Eskerrik asko proiektu honetan parte hartu eta bultzatu duzun guztioi.


2022/11/13

Lumi, H5P jarduerak sortzeko aplikazioa eta webgunea

 Lumi H5P jarduera interaktiboak sortu, editatu eta partekatzeko aukera ematen duen aplikazioa da. Software librea da eta euskaraz dabil.


 H5P berrogeitik gora eduki eta ariketa interaktiboak sortzeko tresna da, Moodlen integratua eta Wordpress, Jomla eta beste plataformetan plugin bidez erabili daitekeena.

Helburua

Zer zentzua du H5P eduki edo ariketak sortzeko aplikazio bat instalatzeak?

  • Moodle irakasle rolean erabiltzen baduzu, zure ikasleek eduki interaktiboa ikusi eta ariketak egiten ahal dituzte baina agian interesatuko zaizu zure ikasleek eduki edota ariketak sortu ahal izatea, hala nola, denbora-lerroak, puntu beroak dituzten irudiak eta abar, eta Moodlen ikasleek ez ohi dute horretarako eskubiderik. Lumi duen ikasleak jarduera interaktiboak sortu, h5p formatuan deskargatu eta Moodlen irakasleari bidaltzen ahal dio; irakasleak interesgarria iruditzen bazaio ikasleen jarduerak argitaratzen ahal dituzte.
  • Moodle ez baduzu, edo bestela ere, agian interesatzen ahal zaizu jarduerak sortzea Lumin eta htlm formatuan deskargatu eta postaz, Telegramez edo web orri bidez zure ikasleei bidaltzea.

Lumi bidez sortutako htlm fitxategi bat Telegramen.
 

 

Instalazioa

Lumik Github-en duen deskarga lekura joan eta komeni zaizun bertsioa (Linux, Windows, Mac..) deskargatu eta instalatu. Ubuntu, Debian, Linux Minten..., une honetan,  lumi_0.10.0_amd64.deb bertsioa.

Aplikazio hau nahiko berria da, hala eta guztiz ere euskaraz dago. 

 

Erabilera

Eduki eta ariketa interaktiboak H5P bidez sortzeko klika editorean.


Ondoren aukeratu H5P-k eskaintzen dituen jardueren artean interesatzen zaizuna. Ezagutzen ez badituzu ikusten ahal dituzu adibideak h5p.org webgunean. Orain arte jarduera hori erabili ez baduzu deskargatu beharko duzu Lortu botoia sakatuta. Behin jarduera editatu duzunean menuan: Fitxategia > Gorde .h5p formatuan gordetzen du. Erne!, gordetzeko leihoa bigarren planoan agertzen da eta, beraz, bilatu behar da. Behin gordeta Moodlera kargatu daiteke.

Moodle ez baduzu, jarduera htlm formatura esportatu eta argitaratu edo, errazago, Lumi Cloud Hubera (0.10 bertsiotik aurrera edo web bidez) kargatu eta partekatzeko esteka sortu eta ikasleei bidali edo web batean eskaini. Ikasleek nabigatzailean ikusten ahal dutel. Horrela adibidez:

 Zukatik Nokara hutsuneak betetzeko ariketa

Bertsio berritze horrekin batera aukera dago ere deus instalatu gabe jarduerak online egiteko gune honetatik:

https://app.lumi.education

Instalatuta hobeto funtzionatzen du baina ondo dago aukera hau gurea ez den ordenagailu batetik jarduerak sortu ahal izateko edo geureak editatzeko.


Luberri sisteman Lumi instalatuta dago ikasleek erabili ahal izateko. 


Beste aplikazio interesgarriak Linux-en.