2013/12/25

Sound Juicer zure musika CDtik erauzteko


Erosi duzun diskoa, ordenagailuan edo telefonoan edo mp3-erreproduzigailuan entzun nahi baduzu diskoaren kantak erauzi edo ripeatu behar dituzu. Hori egiteko Linuxen ezagutzen dudan aplikaziorik interesgarriena Sound Juicer CD Ripper da.

Oso erraz funtzionatzen du. Behin aplikazioa abiatu ondoren CDa unitatean sartu eta detektatzen du. MusicBrainz datu-basera jotzen du tituluak deskargatzeko. Datu-base honetan datuok ez badaude diskoaren titulua, artista eta kanten tituluak eskuz sartu beharko ditugu.

Erauzketa hasi aurretik nola eta zein formatuan erauzi behar duen zehatz dezakezu hobespenetan:





Batez ere garrantzitsua irteerako formatua da. Kontuan izan formaturik hoberena ez bada ere MPEG Layer 3 Audio, alegia mp3 formatua, hautatu beharko duzula mp3 erreproduzigailuan entzun nahi baduzu zeren eta gailu horiek ez ohi dute bestelako formaturik onartzen.

Erauzteko esan eta gero gailura pasa.

Aplikazioa instalatzeko Ubuntun software-zentrotik egin dezakegu eta Debianen oinarritutako distribuzioetan terminalean honako hau itsatsi eta exekutatuta:

sudo apt-get install sound-juicer

Aplikazioa euskaraz dabil, laguntza eta guzti,  Mikel Olasagasti eta IƱaki Murgoitio librezaleei esker.


Beste aplikazio interesgarriak Linuxerako
Software bilduma

2013/12/23

2014 egutegia

2013 badoa eta 2014 bertan dago. Egutegi honetan egunaren zenbakiaren ondoan tokia duzu gogoan hartzekoak edo oharrak idazteko.
LibreOfficeren kalkulu orriaz egina, gura baduzu hemendik



Lehenengo orrian urte osoa agertzen da:



eta gainerako orrietan hamabi hilabeterenak:


2013/12/20

Munduko haizeak era ikusgarrian

Lurraren errotazioak, kontinenteen presentziak eta ekuatorea eta poloen arteko tenperatura diferentziak sortzen dituzten munduko haizeak, behe presioko guneak -goi-hemisferioan erlojuaren kontrako norabidean- eta goi presioko guneak edo antizikloiak era ikusgarrian behatzeko aukera ematen dute https://www.windy.com eta https://earth.nullschool.net/ web-orriek. Denboran atzera-aurrera eta tenperatura eta prezipitazioei buruzko informazioa ere ematen dute.


Irudiak Windguruk euskaraz ematen dituen kosta aldeko datuekin konpara ditzakegu.


edo era eskematikoan ikusi sat24.com orriak eskaintzen dituen haizeen, hodeitzaren, tenperaturaren, euriaren arteko harremana ikusteko.







2013/12/15

Viking 1.5 euskaraz


Viking Linux, Windows eta Mac OS X sistemarako GPS datuak ikusi eta editatzeko mahaigaineko aplikazio librea. Interesgarria OpenStreetMaps.org eta OpenCycleMap.org mapak erabiltzen dituelako. Arrastoak, ibilbideak eta bide-puntuak inportatu, editatu eta esportatu egiten ditu.

Nola funtzionatzen duen ikasi nahi baduzu tutorial ireki bat duzu hemen: https://sites.google.com/view/viking-euskaraz/

1.5 bertsio berrian euskara hizkuntza sartu dute.

Viking Windows-en instalatzeko http://sourceforge.net/projects/viking/ orritik deskarga dezakezu. Debian, Ubuntu eta deribatuetan terminala ireki (Ctrl+Alt+t) eta hurrengo agindua itsatsi eta exekutatu:

sudo apt-get install viking

2013/12/09

Ubuntu: nola konfiguratu BigKeys LX teklatua



Psikomotrizitate arazoak dituzten hainbat ikaslerekin erabiltzen den BigKeys LX teklatua Linuxen USBra konektatu eta badabil baina Alt-Gr teklarik ez duenez hainbat karaktere grafiko, tartean @ a-bildua, egiteko teklatuaren ezarpenetan aldaketa bat egin behar da.

Sistemaren ezarpenak > Teklatuaren diseinua > Diseinuak > Aukerak > Key to choose 3rd level > Left Alt aktibatu, alegia 3. mailako tekla, teklatu arruntetan Alt+Gr dena ezkerraldeko Alt teklarekin funtziona dezala.


Hori eginda a-bildua egiteko Alt+2 egingo dugu. 

Probatu dezakezu beste tekla numerikoak ikusteko zein karaktere egikaritzen diren ALT zapalduta.

2013/12/07

Calibre: nola deskargatu berriak eta blogen mezuak zure liburu elektronikora

Etxean egunkaria jasotzerik ez baduzu edo etxeko norbaitek eramaten badu ondoko bideo-tutorialean ikus dezakezu Berria-ren albisteak (edo beste egunkari batekoak) eta blogetako eguneko mezuak nola deskargatu eta liburu elektronikora pasa bertatik irakurtzeko.

1. zatia: Calibre erabiliaz albisteak eta blogetako mezuak nola eskuratu.




Programaketa behin bakarrik egiten da eta goizero egin behar duguna da programatutakoa deskargatu.

2. zatia: sortutako fitxategia liburu elektronikora pasatzen.


Calibrek Linux, Windows zein OS X bertsioak ditu deskargatzeko. Ubuntun instalatzeko aski dugu software-zentrotik deskargatzea edo terminal batean hau itsastea:

sudo apt-get install calibre