2022/12/22

luberri_22.04.1 bertsio berria prest dago eta berritasun interesgarriak ditu

 Luberri Linux hezkuntzarako distribuzioak bertsio berria kaleratu du gaur: 22.01.1 eta sistema eta aplikazioen eguneraketez gain berritasun interesagarriak ditu. Horren berri ematen du LuberriLinux.eus webgunearen blogak.

Deskargatzeko eskuin paneleko Luberri instalazioan klikatu edo LuberriLinux.eus-en deskarga orrian.

2022/12/08

You are in emergency mode errorea nola konpondu.

 Aitortu behar dut blog hau helburu nirekoi batez sortu nuela: zerbait lortuta dokumentatzea hurrengo batean blogean sartu eta dokumentazio hori berreskuratzeko. Hori da mezu hau idazteko helburu bat eta bigarrena niri funtzionatu didan soluzio bat zuri, behar izatekotan, erakustea.

Bada atzo ordenagailua piztu eta Linux Minten ikonoaren azpian diskoaren azterketa-konponketa gelditzeko Ctrl+C sakatzeko mezua, ondoren modu grafikoan sartu ez eta You are in emergency mode  mezu hau agertu zitzaidan pantaila beltzean:


Administratzailearen pasahitza sartuta terminala agertzen zen baina ideiarik ez zer egin behar nuen.

Aurretik azalduko dut ordenagailuan dudala disko gogor bat datuak gordetzeko (sda) eta disko solido edo SSD bat (sdb) sistema eragile eta swap partiziorako. Nonbait arazoa disko gogorraren sektore akasdun batzuk ematen zuten eta sistemaren abioa gelditzen zen.

Bilatzailean laguntza eskatu eta hona hemen nola konpondu nuen arazoa:

  1. administratzailearen pasahitza (root password) sartu. Administratzailearen prompt-a agertzen da.
  2. Jakiteko zein partizio izan daiteke arazoaren sortzailea, aztertuko ditugu zein diren partizioa ere bere izenak agindu honekin: sudo fdisk -l. Nire kasuan hau bueltatu zidan:

    Tamainagatik deduzitu nuen arazoa sda1 partizioan (home gordetzen duen disko gogorra) edo sdb2 partizioan (sistema gordetzen duen disko solidoa) egon zitekeela. Zure kasuan begiratu behar duzu zein edo zeintzuk izan daitezke akasdunak.
  3. Fitxategi sistema horien arazoa konpontzeko agindu hau erabili daiteke: sudo fsck -y /dev/sda1. Disko gogorraren partizioa txekeatu eta minutu batean konpondu zituen hainbat sektore akasdun. 
  4. Ordenagailua berrabiarazteko reboot agindu.

Berrabiaraztean arazorik gabe sartu zen sisteman. 

Kasu honetan sda1 partizioa erruduna izan ez eta berrabiaraztean berriro  You are in emergency mode agertu izan balitz sdb2 partizioaren txekeo-konponketa egingo nuke.



2022/11/24

Burbunak eta Etsayak dokumentala ikusgai

 Hernani inguruko jendeak zuhaitzak, landare, lore, hegazti, arrain, ugaztun, narrasti eta abarrak nola izendatzen dituen eta haiekin zer harremana duten erakusten digun dokumental zoragarria da Burbunak eta Etsayak. Dobera Euskara Elkarteak eta Aranzadi Zientzia Elkarteak bultzatu dute proiektua eta Joxean Ruiz eta Jon Mari Beasain aritu dira irudi eta post-produkzioan eta Iñaki Sanz-Azkue eta Eñaut Agirre burutu dute gidoia eta elkarrizketak.


Dokumentalak flora eta fauna corpus zabala eskaintzeaz gain Hernaniko euskararen edertasuna eta jendearen izaera goxoa ere erakusten du.

Dokumentala esteka honetan ikus daiteke eta Argia Multimedian ere badago beste material interesgarriekin batera.

Eskerrik asko proiektu honetan parte hartu eta bultzatu duzun guztioi.


2022/11/13

Lumi, H5P jarduerak sortzeko aplikazioa eta webgunea

 Lumi H5P jarduera interaktiboak sortu, editatu eta partekatzeko aukera ematen duen aplikazioa da. Software librea da eta euskaraz dabil.


 H5P berrogeitik gora eduki eta ariketa interaktiboak sortzeko tresna da, Moodlen integratua eta Wordpress, Jomla eta beste plataformetan plugin bidez erabili daitekeena.

Helburua

Zer zentzua du H5P eduki edo ariketak sortzeko aplikazio bat instalatzeak?

  • Moodle irakasle rolean erabiltzen baduzu, zure ikasleek eduki interaktiboa ikusi eta ariketak egiten ahal dituzte baina agian interesatuko zaizu zure ikasleek eduki edota ariketak sortu ahal izatea, hala nola, denbora-lerroak, puntu beroak dituzten irudiak eta abar, eta Moodlen ikasleek ez ohi dute horretarako eskubiderik. Lumi duen ikasleak jarduera interaktiboak sortu, h5p formatuan deskargatu eta Moodlen irakasleari bidaltzen ahal dio; irakasleak interesgarria iruditzen bazaio ikasleen jarduerak argitaratzen ahal dituzte.
  • Moodle ez baduzu, edo bestela ere, agian interesatzen ahal zaizu jarduerak sortzea Lumin eta htlm formatuan deskargatu eta postaz, Telegramez edo web orri bidez zure ikasleei bidaltzea.

Lumi bidez sortutako htlm fitxategi bat Telegramen.
 

 

Instalazioa

Lumik Github-en duen deskarga lekura joan eta komeni zaizun bertsioa (Linux, Windows, Mac..) deskargatu eta instalatu. Ubuntu, Debian, Linux Minten..., une honetan,  lumi_0.10.0_amd64.deb bertsioa.

Aplikazio hau nahiko berria da, hala eta guztiz ere euskaraz dago. 

 

Erabilera

Eduki eta ariketa interaktiboak H5P bidez sortzeko klika editorean.


Ondoren aukeratu H5P-k eskaintzen dituen jardueren artean interesatzen zaizuna. Ezagutzen ez badituzu ikusten ahal dituzu adibideak h5p.org webgunean. Orain arte jarduera hori erabili ez baduzu deskargatu beharko duzu Lortu botoia sakatuta. Behin jarduera editatu duzunean menuan: Fitxategia > Gorde .h5p formatuan gordetzen du. Erne!, gordetzeko leihoa bigarren planoan agertzen da eta, beraz, bilatu behar da. Behin gordeta Moodlera kargatu daiteke.

Moodle ez baduzu, jarduera htlm formatura esportatu eta argitaratu edo, errazago, Lumi Cloud Hubera (0.10 bertsiotik aurrera edo web bidez) kargatu eta partekatzeko esteka sortu eta ikasleei bidali edo web batean eskaini. Ikasleek nabigatzailean ikusten ahal dutel. Horrela adibidez:

 Zukatik Nokara hutsuneak betetzeko ariketa

Bertsio berritze horrekin batera aukera dago ere deus instalatu gabe jarduerak online egiteko gune honetatik:

https://app.lumi.education

Instalatuta hobeto funtzionatzen du baina ondo dago aukera hau gurea ez den ordenagailu batetik jarduerak sortu ahal izateko edo geureak editatzeko.


Luberri sisteman Lumi instalatuta dago ikasleek erabili ahal izateko. 


Beste aplikazio interesgarriak Linux-en.


2022/11/03

Katahots TTS testuak irakurtzeko aplikazioa

 Gontzal Uriarte Gomez irakasle eta informatikariak dislexia eta, oro har, irakurketarako arazoak dituzten ikasleei laguntzeko Katamotz izeneko web eta programa multzoa eskaintzen du.

Multzo horretan dago Katahots, TTS (Text To Speech), testuak ahots sintetiko baten bidez irakurtzeko aplikazioa.

 

 Aplikazioak Aholab UPVko hizkuntzen teknologiarako laborategiaren teknologia erabiltzen du, software librea da eta Linux eta Windowserako bertsioak ditu.

Instalazioa:

Aplikazioaren orrira joan eta behar duzun paketea deskargatu. Linuxerako kasu gehienetan 64 biteko .deb bertsioa beharko dugu. Behin deskargatuta klik bikoitza egin fitxategian eta instalatuko da.

Erabiltzeko modua:

Erabilera erraza du. Hezkuntza aplikazioetan bilatu eta martxan jarri.

 

 

Irakurri beharreko testua euskaraz edo gaztelaniaz dagoen aukeratuko dugu.

Ondoren, testua goiko koadroan idatzi edo itsatsi dezakegu baina modurik errazena arbeleko irakurlea aktibatzea da eta, horrela, aski da irakurri nahi dugun testua kopiatzea eta haren irakurketa hasiko du.

Irakurle digitalarekin alderatuta Katahotsek hainbat abantaila ditu:

  • ez du interneteko konexiorik behar. Ez da nabigatzailea erabili behar.
  • irakurri beharreko testua interneteko nabigatzailean ez ezik edozein aplikazioan egon daiteke, hala nola testu prozesadorean, PDF irakurgailuak...
  • egindako azken irakurketa erabiltzailearen karpeta nagusian gordetzen da wav formatuan Output-katahots.wav izenarekin. Fitxategi horri izena aldatu eta nahi dugunerako erabili dezakegu.

Eta desabantaila pare bat:

  • ahots bakarra du, emakumerena, ez ezin da irakurketa abiadura aldatu.
  • ez du bistaratzen unean irakurtzen ari den testu zatia.

 

Aplikazio honek aukera handiak ematen ditu irakurtzeko zailtasunak dituzten pertsonentzat: ikusteko zailtasunak, dislexia eta abar.

 

Linuxerako beste aplikazio interesgarriak.


2022/10/09

Luberri_22.04.0ren mahaigainaren bideo aurkezpena

 Eder Etxebarria Linuxtarrak Garelako kanalaren arduradunak sortua eta aurkeztu berri den peertube.eus zerbitzuan ostatu hartuta, bideo honetan Luberriren mahaingurutik paseotxo bat egiteko aukera ematen digu.