2018/07/21

Nola instalatu Systemback Ubuntu 18.04 bertsioan




Systemback Linuxerako aplikazio librea da. Bi funtzio nagusi ditu: sistemaren errekuperazio irudiak sortzea eta sistemaren irudi instalagarriak egitea.

Nik bigarren funtzionalitatea erabiltzen dut Luberri sistema probatu eta instalatzeko.

Systemback-en garapena nahiko utzita dago baina komunitateak asko maite duenez orain arte bizirik mantentzeko bidea jorratu du.

Zentzu honetan komunitateko partaide batek Systemback 1.9.3 Ubuntu 18.04 bertsioan instalatzeko script bat garatu du:


Behin deskargatuta deskonprimatu, sartu karpetan eta exekuta ezazu:

sudo ./install.sh



2018/07/03

OpenShot-qt bideo editorearen bertsio berria: 2.4.2

Hilabeteak azaleko mugimendurik gabe eta software libre eta plataforma-anitza den OpenShot bideo editoreak bertsio berria aurkeztu du: 2.4.2

Hauek dira berritasunik nabarmenenak:

Zazpi efektu berri: Barrak (Bars), Moztu (Crop), Pixelatu (Pixelate), Ñabardura (Hue), Desplazamendua (Shift), Uhina (Wave) eta Koloareaden desplazamendua (Color Shift).

Efektuok bideo honetan ikus daitezke:


Klip bati efektu bat (edo batzuk) eransten zaionean efektuaren botoia klikatu eta  parametroak ezkerreko panelean agertzen dira:


Bestetik klipak gainjartzen direnean audio nahasketa hobe kontrolatu daiteke, argazki eta bideo bertikalak metadatua badute era automatikoan biratzen dira, formatu berriak onartzen dira (AAC)... eta bertsio berri guztietan bezala ahalegin handia egin omen du Jonathan Thomas garatzaileak aplikazioaren egonkortasuna handitzeko.

Berritasunak zehaztasun gehiagorekin ingelesez proiektuaren blogean.

OpenShot Ubuntu edo deribatuetan instalatuta baduzu eguneraketa egitean (sudo apt update & sudo apt upgrade) eta instalatu nahi baduzu egin:

sudo add-apt-repository ppa:openshot.developers/ppa
sudo apt update
sudo apt install openshot-qt

Zerbaiteagatik bertsio hau abiatzen denean ingelesez azaltzen da. Euskaraz jartzeko hau da egin behar den bidea:



2018/06/10

Timekpr, ordenagailuaren erabilera denbora mugatzeko tresna

Neska-mutilen gurasoen kontrolerako pentsatutako aplikazio honek aukera ematen dio ordenagailuaren administratzaileei erabiltzaile arrunten erabilera denbora mugatzeko.

Ohiko kasua litzateke etxeko ordenagailu bat non gurasoak erabiltzaile administratzaileak dituzten eta seme alabak erabiltzaile arruntak diren. Bi motako denbora kontrola ditu:
  • denbora kopurua eguneko
  • denbora hasiera eta bukaera mugak
Bi kasuetan muga horiek egunero berdinak izan daitezke edo asteko egunaren arabera zehaztuak.

Erabilera

Behin instalatuta Aplikazioak > Sistemaren tresnak > Administrazioa > Timekpr Control Panel sakatu abiatzeko.

Erabiltzaile bakoitzeko bina fitxa ditu:
Limits &Boundaries fitxa non erabilerako denbora mugak zehazten diren.


Kasu honetan, adibidez, erabilerako denbora denetara 120 minutura mugatu da aste eguneko egun guztietan berdin; eta erabiltzen hasteko muga egunero goizeko 7etan da eta bukaerakoa gaueko 10etan ostirala eta larunbata salbu, non gaueko 12etan den.

Status fitxan erabiltzaile bakoitzaren egoera agertzen da eta mugak aldatzeko aukerak:


  • muga guztiak kendu
  • gaur salbuetsita
  • denbora muga: muga aldatu edo hainbat minutuko saria edo zigorra.
  • gaur hasiera eta denbora muga kendu
  • geratzen zaion denbora
 
Instalazioa

Aplikazioa Ubuntu 14.10 eta 16.10 bitartekoetan eta horietan oinarritutako bestelako banaketetan funtzionatzen du.
PPA bidez instalatzeko terminalean itsatsi hurrenez hurren ondoko aginduok:

sudo add-apt-repository ppa:mjasnik/ppa
sudo apt-get update
sudo apt-get install timekpr



2018/06/04

Nola ikusi aurkezpen bat Master PDF Editor bidez pantaila osoan

Aurkezpen bat offline aplikazio baten bidez prestatu badugu (Impress, Power Point...)  komeni da gutxienez bi formatutan edukitzea: jatorrizkoa eta PDF, hartara batekin arazoren bat badugu -usu jatorrizko aplikazio falta- PDFa B plana izan daiteke (edo A).

Ubuntun PDFak erreproduzitzeko ohikoa den Evince aplikazioak badu aurkezpen-modua (Ikusi > Aurkezpena), bertan edukiak oso ondo ikusten dira, Interneteko estekak ondo funtzionatzen dute baina barne estekekin arazoak ditu, gailuko fitxategiak askotan ezin dira ireki. Lan horretan hobeto funtzionatzen du Master PDF Editor baina aurkezpena pantaila osoan aurkeztea ez da hain erraza. Master PDF Editor aplikazioan aurkezpenak pantaila osoan ikusteko egin behar dugu:

  1. View > Page Display > Fit Page ikuspegia orrira doitzeko eta...
  2. F11 pantaila osoan ikusteko

Doitu orrira eta pantaila osoa

Behin aurkezpena hasita orri batetik bestera pasatzeko Av Pag eta Re Pag  teklak erabiliko ditugu edo aurkezpenak ikusteko trepeta -eta ez geziak edo sagua-.


2018/06/01

2018-2019 ikasturteko egutegia

Neguazkenak luze jotzen badu ere ikasturtea bukatzen ari da eta hurrengoaren plangintzan hasi beharko dugu.

Horretan lagungarri izan daiteke 2018-2019 ikasturteko egutegia LibreOfficeko kalkulu orriaren formatuan.


Lehenengo orrian ikasturte osoa ikus daiteke:



eta hurrengoetan hilabetez hilabete zuen aurreikuspenen zain.



Argitaratzeko, behin moldatu ondoren, pdf formatura pasa dezakezu edo pantaila argazkiak eginda png formatura. 

2018/05/29

Nola prestatu EAEko Hezkuntzako Inves ekipoak 64 biteko Luberri instalatzeko


Inves ordenagailua

Ekipo hauek 64biteko prozesadorea dute baina horietako batzuk BIOSean 32biteko sistemarekin ibiltzeko konfiguratuta daude. Horregatik instalatu behar zen 32 biteko Luberri edo bestelako Linuxak.

Hemen deskribatuko dut nola alda daitekeen ezarpen hori 64 biteko sistemak onartzeko. Probatu dut eta Linuxekin ongi dabil. Kontuan eduki behar da prozesu honetan Windows galtzen ahal dugula (eta orain mantenutik kanpo daudela).

Prozedura:
1- Sartu 64biteko Luberri  sistema duen USBa.
2- Piztu ordenagailua eta sakatu Ezabatu edo Supr tekla BIOSean sartzeko.
3- Hautatu CMOS Setup Utility fitxa.
4- HPET Mode atalean klika 64-bit mode eta Sartu sakatu onartzeko.


BIOSaren irudia
5- F10 sakatu: gorde eta abiatu.
6- Berrabiarazten denean F12 sakatu zehazteko boot menu edo abio-menua eta bertan + Hard Disk klikatu eta agertuko den zerrendan USBaren marka duena hautatu eta instalazioari ekin.


Eskerrak Enrique Umaran lankideari honen berri emateagatik.