2015/07/27

S3 Google Translator Firefox eta Thunderbirdentzat


Lehengo astean segurtasun arrazoiak direla kausa Mozillak Quick Translator gehigarria segurtasun arrazoiengatik ez erabiltzea gomendatzen zuen eta nik Google Translator for Firefox erabiltzea gomendatu nuen baina ez nau gogobete eta beste batzuk probatuta S3 Google Translator iruditu zait hobea. Eskaintzen duen itzulpena bera da baina, batetik jatorrizko testua mantentzen du ikusgai eta, pantailaren beheko partean irekitzen du leihatila bat itzulpenarekin, bestetik erraz aldatzen ahal da euskaratik gaztelerara lehenengo itzulpenak gogobetetzen ez bagaitu.



Instalatzeko modurik errazena da bai Firefoxen bai Thunderbird-en menuan Gehigarriak > Eskuratu gehigarriak eta bilaketa eremuan S3 Google Translator idatzi; behin topatzen duenean instalatzeko agindu.

Behin instalatuta hobespenetan komeni da aukeran ematen dituen hizkuntzen zerrendetatik erabili behar ez ditugunak kentzea.

2015/07/26

LibreOffice Writer dokumentuak EPUB formatura

Badira gutxienez bi modu LibreOffice Writter testu prozesadoreko dokumentuak liburu elektronikoan (e-book) irakurtzeko: epub formatuan edo pdf formatuan.
Zertarako? dokumentu luzeak ordenagailuko pantailan irakurri beharrean hobeto irakurtzen dira liburu elektronikoan itzalean dagoen parkeko bankuan.

epub formatura.

Hau da modurik egokiena. Liburu elektronikorako formatua da eta aukera ematen digu letra handitu, txikitu, bertikalean edo horizontalean jartzeko. Testua pantailara egokitzen da beti.
Odt fitxategia bihurtzeko LibreOfficerako Writer2epub gehigarria edo hedapena instalatuko dugu LibreOfficen. Estekan klikatu eta LibreOffice-rekin irekitzeko esango diogu. Instalatu ondoren LibreOffice itxi eta bihurtu nahi dugun dokumentua irekiko dugu. Testu prozesadorearen barra estandarraren ezkerreko aldean gehigarriaren botoiak ikusiko ditugu.

Lehenengoa klikatu eta dokumentuaren fitxa beteko dugu. Bertan titulua, egilea, hizkuntza... jarriko dugu eta lehenengo orri bezala irudiren bat jarri nahi badugu eskuin aldean hautatu dezakegu. Ok sakatu eta...


jatorrizko dokumentua dagoen tokian agertuko da epub formatukoa. Ordenagailuan ikusi nahi badugu Firefoxentzako EPUBReader erabil dezakegu.


Liburu elektronikora kopiatu eta parkera irakurtzera.
Bihurketa bukatuta puska batean erabili behar ez baduzu menuko Tresnak > Hedapenen kudeatzailean desgaitu dezakezu gehigarria barra estandarretik kentzeko.
Irudiak mantentzen dira. Taulak ez dira ondo ikusten eta dokumentua oso konplexua bada edota hainbat prozesadoretan egindako puskak baditu baliteke ez funtzionatzea.
Horrelako kasuetan B plana izan daiteke...

pdf formatura.

Ez da hain egokia zeren eta formatua ezin da egokitu liburu elektronikoaren pantailara. Baina abantaila bezala kontsidera daiteke irudiak, taulak eta abar eta formatuak ordenagailuko modu berean ikusiko dugula.
Ordenagailua eta liburu elektronikoaren pantailen aldeak kontuan izanda, pdf bihurtu baino lehen dokumentua egokituko dugu liburuaren pantaila txikira. Horretarako LibreOfficen jarriko dugu (balioak indikatiboak dira):

Orrialde formatuan:
Formatua > Orrialdea DIN A5
Kendu goi-buruak eta orri-oinak
Ezker-eskuin marjinak 0,5 cm
Paragrafo formatuan
Lerroartea 1
Letra tamaina 18

Ondoren, bihurtzeko menuan Fitxategia > Esportatu PDF gisa...
Liburura kopiatu eta kito.
Hona hemen PDF liburu bat aipatutako ezaugarriekin:
IKKI Ikaskuntza kooperatiboa Pere Pujolàs eta José Ramón Lago


2015/07/22

Nola deskargatu OpenStreetMap-eko mapak Orux Maps-en erabiltzeko

Mezu honetan deskribatuko dut nola deskargatu etxean OpenStreetMap-en mapa bat smartphonaren Orux Maps aplikaziora ondoren konexiorik gabe, offline alegia, erabili ahal izateko.

1. Interesatzen zaigun ibilbidea kargatuko dugu aplikaziora (lehendik Wikiloc-etik edo deskargatuta).



2. Wifira konektatuta kargatuko dugu OpenStreetMap Cyclemap online. Horretarako menu nagusi gorrian hautatuko dugu Mapak > ONLINE > World karpeta > OpenStreetMap Cyclemap. Ciclemap mendian zehaztasun handiena ematen duen OSMren bertsioa (sestra-marrak). Hiriko ibilbide bat egin nahi badugu OpenStreetMap Mapnik hautatuko dugu.


3. Mapa pixkanaka kargatuko da. Ondo kargatzeko zoom egingo dugu egokien deritzogun eskaletan (mendian ibiltzeko, nire ustez, 15 eta 16) eta eskala horietan ibilbide osoa ikuskatuko dugu (eskala horietako irudi guztiak internetetik deskarga daitezen). Eskala zoomaren beheko laukizuzen beltzean ikusten da, zoomaren proportzioaren eskuinean zenbaki txikiz. Eskala horietan bietan mapa ondo kargatu denean, ez lehenago, pasako dugu Orux Mapsen datu basera orain behin behineko memorian dagoen mapa; horretarako menu nagusian Mapak > Creador mapa.


Mapan zehaztuko dugu interesatzen zaigun mapa zatia markatzen ezkerreko goiko ertza eta eskuineko beheko ertza. Ondoren zehaztuko diogu zein eskalatako irudiak deskargatu nahi dugun; gure kasuan 15 eta 16 eta izen bat emango diogu mapari eta esango diogu deskargatzeko.













4. Bukatzeko. Mapa hori erabili ahal izateko menu nagusian egingo dugu Mapak > Abrir mapa > OFFLINE eta adibide honetako zumaia-deba-15-16 aukeratu eta kito. Prest mendian erabiltzeko datu konexiorik gabe.


Bideo honetan ikus dezakezu prozesua Orux Maps-en beste bertsio batean.


Bigarren metodo bat: map formatuko mapak esportatzea Openstreetmaps-etik.

Bigarren metodo hau erabili daiteke mugikorrean edo ordenagailuan. Horretarako joan OpenStreetMaps-en web orrira, lokalizatu interesatzen zaizun area eta goiko ezkerraldeko menuan klika Esportatu:

Pantailako area osoa proposatzen du baina zehaztu daiteke area eskuz. Esportatzeko agindua emana errorea ematen badu klika Overpass API eta segundo gutxi batzuetan mapa prest edukiko duzu deskargatzeko.

Ondoren mugikorra konektatu ordenagailuarekin (onartu mugikorrean bertan) eta kopiatu deskargatu duzun mapa OruxMaps aplikazioaren mapen karpetara.

2015/07/19

LibreOffice Base apunteen bertsio berria.

LibreOffice bulegoko paketearen datu-base gestorea da LibreOffice Base.

Linux, Windows eta Mac bertsioak ditu.

Kontuan izan Linuxen Base ez dela instalatzen LibreOffice-rekin batera, izan ere jende gutxik sortzen eta kudeatzen ditu datu-baseak. Ubunturen kasuan instalatu nahi baduzu aski duzu Ubunturen software-zentrora joan, izenagatik bilatu eta instalatzeko agindu.

Apunte hauek badute urte batzuk eta DBHko 4. mailan eta Batxilergoan erabiltzeko pentsatuta daude.

Bertsio honetan aldatu dudan bakarra izan dira puntu hauek: nola esportatu taula bat kalkulu orri batera, nola inportatu datuak kalkulu orri batetik eta nola eskuratu datuak internetetik Google-en Formularioa erabilita.




Zuzenean deskargatzeko pdf formatuan klikatu hemen.

2015/07/18

Google Translator for Firefox web orrietako itzultzailea

Gaur Firefox-ek Quick Translator web orrietan testu zatiak, edo orri osoa, itzultzen duen gehigarria blokeatu du segurtasun kontuengatik.

Oso gehigarri praktikoa iruditu zait baina dudarik gabe desinstalatu dut eta haren ordezko baten bila hasi naiz, niretzat eta zuretzat  blog honetan haren berri izan eta Quick Translator instalatu bazenuen.

Erabilerraza eta bizkorra delako orain instalatu dudan itzultzailea Google Translator for Firefox da.

Lehenik eta behin begiratu ezarpenak edo hobespenak konfirmatu. Firefox euskaraz badago itzulpena euskarara egitea proposatuko du. Google Translatek ez du oso ondo euskaratzen. Probatzen ahal duzu eta kalitate nahikorik ematen ez badizu spanish jar dezakezu.



Nola funtzionatzen du: hautatu itzuli nahi duzun testu zatia, eskuin klik egin eta hautatu "Translate selection with Google Translate"


eta hautatuko testuaren ordez itzulpena jarriko du.


Beste aukera bat da tresna barratik T letrako ikonoan klikatu eta eskatzea itzultzeko web orri osoa.


Instalatzeko egin klik ondoko estekan eta klikatu Add to Firefox

Google Translator for Firefox

2015/07/13

Vladstudioren horma-paperak

Batzurentzat ekipoaren horma-papera huskeria bat da. Niretzat, ordea, ekipoak ematen dizun ongi etorria da eta inportantea da lasaitasuna transmititzea eta, ahal bada, saioa irribarrez hastea.

Ados bazaude bisitatu behar duzu Vlad Gerasimov artista errusiarraren webgunea:


Bertan dozenaka horma-paper edo wallpaper eder topatuko duzu.

http://www.vladstudio.com/wallpapers/