2017/12/20

Nola eman alta gurasoei Moodle plataforman eta intranet-ikastaro batean matrikulatu: Gurasogunea.

Moodle erabili daiteke ikastetxeetan gurasoekin komunikazioa bideratzeko, batez ere ikastetxea > gurasoak norabidean.

Hainbat modu egongo dira. Nik proposamen bat egingo dut. Proposamen horretan, jakina, aldaketak egin daitezke. Hona nire proposamena:

A- Gurasoen intraneta ikastaroa sortzea Moodlen. Nik Gurasogunea izena emango diot. Ikastaro horretan sarbidea mugatuko dokumentuak, argazkiak, albisteak... jar daitezke (horretan ez naiz luzatuko). Ikastaroa sortzean garrantzitsua da izen laburra jartzea (ad. Gurasogunea) gero erabiltzaileak emateko erabiliko baitugu.




B- Taldeak sortzea. Gurasoak taldekatuko ditugu mezuak bideratu edo diskriminatu ahal izateko. Komeni da taldeak egitea gurasoen altak eman baino lehen CSV bidez egitekotan.
Adibide honetan suposatuko dut batetik guraso batzuk euskaraz nahi dutela jaso informazioa eta beste batzuk ele bitan. Autobusa eta jangela ere kontuan izango dut.
Talde orokorrak:
BUSeus
BUSele
JANeus
JANele
Mailakoak:
1eus
1ele
2eus
2ele
...
Ikasleen taldeen araberakoak:
1Aeus
1Aele
1Beus
1Bele
2Aeus
2Aele
...

C- Gurasoei alta ematea. Proposamena da erabiltzaile alta masiboa ematea, CSV formato duen taula baten bidez.

Puntu honetan ikastetxeak erabaki behar du gurasoei ikastetxeko kontu bat ematea, usu Google Suiteren bidez, edo matrikula formularioan gurasoei posta helbide propioak ematea. Nik argi samar daukat bigarren aukera dela praktikoena.

Edozein modutan matrikulako tauletatik datuak kopiatu eta txantiloi honetan itsatsiko ditugu:




Kontuan izan behar da:
username: komeni da helbide elektronikoa izatea (email zutabea kopiatuta).
password: aldatu, changeme, 1234...  erraza izatea komeni da. Nahi izanez gero erabiltzaileak alda dezake.
city: eremu honetan herria jarri beharrean jar dezakegu seme-alaben izan abizenak, hartara seme-alaben bidez bilatzen ahal izango dugu gurasoak.
course eta group: gurasoen ikastaroa beti da Gurasogunea (edo ikastaroa egitean jarritako izen laburra) talde edo group bakoitza bere ikastaroari lotua egon behar du.
lang: eu izango da euskaldunentzat eta bete gabe erdaldunentzat.

Behin datuak sartuta kalkulu horri hori csv formatuarekin gordeko dugu, eremuak komaz bereizita eta datuak kakotxik gabe.


Gunearen kudeaketan Erabiltzaileak atalean Erabiltzaileak igo hautatuko dugu. Arakatuko dugu sortutako csv fitxategia:




Horrela gurasoei alta emateaz gain Gurasogunea ikastaroan matrikulatuko ditugu ikasle rolarekin, guraso bakoitza dagozkion taldeetan sartuta.

Ondoren irakasle guztiak matrikulatuko ditugu irakasle rolarekin (kohorte batez edo banan bana).

Erabilera:

* Albisteak eta oharrak zabaltzea. Zuzendaritza taldeak eta irakasleek (guraso elkarteak edo gurasoen ordezkariek) zabalduko dituzte Berrien foroaren bidez. Horretarako Berrien foroaren ezarpenak taldeen erabilera gaitu behar dugu:

 Hortik aurrera mezuak ikasle guztiei, talde bat edo batzuei bidaltzen ahal diegu.


* Mezuak guraso bat edo batzuei: Zuzendaritzak eta irakasleek mezu partikularrak bidaltzen ahal dituzte gurasoak Partaideak atalean hautatuta.

Partaideetan guraso bat edo batzuk hautatuta mezua bidaltzeko agintzen ahal da.
Gurasoen ikuspuntutik, intranet honi jar dakizkiokeen beste zerbitzuak albora utzita, hala nola egutegia, dokumentazioa..., gurasoek jasoko dituzte mezuak posta elektroniko bidez edo, sakelakoan Moodle Mobile aplikazioa instalatuta, Moodle jakinarazpenen bidez. Mezuak ikastetxeko berriak badira ezingo dute erantzun, foroa bada erantzun eta gaiak proposatzea izaten ahal dituzte; irakasle eta tutoreen mezuei erantzun edo, partaideak ataletik abiatuta, irakasleei, zuzendaritzari edo beste gurasoei mezuak bidali ahal izango dizkiete.

Oharrak:
  • Hurrengo ikasturteko matrikula datuak eskuratzean bi aukera daude: azken ikasturteko gurasoei baja eman, guraso berriei csv bidez alta eman eta jarraitzen dutenekin doikuntzak egin, edo Gurasogunea ikaslez ustu, taula berria prestatu eta guraso guztiak csvez matrikulatu.
  • Ikastaro-intranet hau erakusten ahal da web orrian sarbide mugatuko informazioa erakusteko edo soilik komunikabide bezala erabili.
  • Gurasoen informazioa osatu daiteke EAEko ikastetxeetan kalifikazio eta asistentzia falten berri emanez Ikastea plataformaren bidez.
  • Mezu hau Irakaslegunea edo irakasleen intraneta aurkezten duen mezuarekin lotura du. Bien artean Moodle, gelatik kanpo ere, komunikazio tresna bezala erabiltzen laguntzen baitute.


2017/12/06

Nola konpondu tildeen arazoa Mate ingurune grafikoan

Mate ingurune grafikoa probatzen ari naiz eta arazo bat topatu dut teklatuan.
Gazteleraz azentu-marka (tilde) duten letrak marka letraren gainean idatzi beharrean รก letraren aurrean jartzen zidan 'a.

Laguntza bilatu eta teklatuako sarrera-metodoan (input method) konpondu daitekeela ikusi dut baina Mate ingurunean ezkutu samar dauka. Hona hemen konponbidea:
Sistemaren ezarpenetan edo kontrol-zentroan hizkuntza sustengua hautatu.


Eta bertan agertzen da teklatuko sarrera metodoa (zer den ere ez dakit). XIMen* ordez "bat ere ez" aukeratu eta berrabiarazi ordenagailua.

* X leiho sistemaren Input Method

2017/12/05

Canva.com orain euskaraz

Canva.com aldizkariak, aurkezpenak, posterrak, infografiak, gonbidapenak, menuak, logotipoak, bannerrak, portadak, diapositiba aurkezpenak eta abar diseinatzen laguntza  ematen duen web zerbitzua da.

Orain euskaraz jar daiteke interfazea. Ikus dezagun nola:

  1. Oraindik egin ez baduzu, erregistratu behar duzu. Bertsio arrunta doakoa da Bertsio-berritu botoia sakatzen baduzu 30 egunez probatzen ahal duzu pagoko bertsioa.
  2. Ezarpenak aldatzeko ezkerreko panelaren goiko aldean agertzen da erabiltzaile izena eta, haren ondoan, ezarpenak aldatzeko hiruki txikia.
  3. Ezarpenetan Language aukerak zabaldu eta Basque klikatu. Gorde ezarpenak (Save) eta segundo pare batean interfazea euskaraz izango dugu.
Hortik aurrera, jardunera. Fondoa izango da zure kezka, forma ez.


Diseinu-txantiloiak, argazkiak, irudiak, formak... letra mota ugari, atzeko planoak... eskaintzen ditu zuriaren gainean hasteko edo aurre-diseinatutako produktu bat aldatzeko.


Beste zerbitzu interesgarri bat euskaraz.

Hemen beste web-zerbitzu interesgarriak.

2017/11/28

Nola jarri outlook.com posta eta OneDrive euskaraz

Microsoften outlook.com eta hari lotutako zerbitzu gehienak OneDrive, egutegia, kontaktuak, bulegoa online... euskaraz daude aspaldi.

Mezu honetan ikusiko dugu nola jarri euskaraz posta elektronikoaren bertsio berria edo Beta bertsioa eta Drive.

Posta elektronikoa (Beta bertsioa) euskaraz jartzeko ezarpenak biltzen dituen gurpil horzdunean klik egin eta ondoren Ver todas las configuraciones... eta bertan euskara hautatu eta gorde.


OneDrive euskaratzeko berriro ere ezarpenak adierazten duen gurpil horzdunean klikatu eta English edo dena delakoaren ordez Euskara hautatuko dugu.


2017/11/27

Luberri_16.04.8 deskargatzeko moduan dago

Luberri erremasterizazioaren bertsio berriak, Luberri_16.04.8k, argia ikusi du 64 eta 32 biteko bertsioetan eta deskargatzeko prest dago eskuin paneleko Luberri sistema orrian klikatuta.

Berritasun nagusia du 64 biteko bertsioak Ubuntu 16.04k erabiltzen duen Linuxen kernela 4.4.0 duela. 6 eta 7 bertsioek 4.10era aldatuta zuten TTL W515PU ekipoetan wifia ibil zedin, baina horrek arazoak eman zituen Eskola 2.0ko Toshiba gorrietan.

Horretaz gain gaur arteko software eguneraketak eginak ditu.

2017/11/22

Jakinarazpenak Moodle Mobile eta Moodle Desktop-ean.

Bi irudi ideia bat egiteko nola ikusten diren Moodleren jakinarazpenak (berriak, foroen mezuak...) mobilean (Moodle Mobile) eta ordenagailuan Moodlek duen mahaigaineko aplikazioan, Moodle Desktop-en.

Jakinarazpena Moodle Mobile bidez
Jakinarazpena Moodle Desktop
Bistan denez Moodle Desktop Moodle Mobile-an oinarritzen da eta aukera ematen du erabiltzeko Moodle Interneteko nabigatzailetik kanpo.

EAEko Hezkuntzako Moodle erabiltzen duten ikastetxeen kasuan gunea Mobile edota Desktop-ean erabili ahal izateko arduradunak eskatu behar dio CAUri Mobile aktibatzeko.


Ubunturen kasuan deskargatzen dena appimage fitxategi bat da. Ez da instalagarria exekutagarria baizik. Behin deskargatuta fitxategiaren propietateetako baimenetan egiaztatu behar duzu baimena duela exekutatzeko eta, dagoen karpetan terminala ireki eta, oraingo bertsiorako itsatsi agindu hau:

./moodledesktop-3.3.2-x86_64.AppImage

Instalazioa ez denez ez da agertuko menuan baina posible duzu Aplikazioak editatu, egoki iruditzen zaizun kategorian, elementu berria sortu  eta aginduan bilatu moodledesktop-3.3.2-x86_64.AppImage fitxategia.