2011/04/22

Dena kontatzen duen telefonoa

Iturria: Wikipedia Commons

Segapotoek, alegia telefono mugikorrek, gutxi gora behera zazpi segundoro geolokalizazio seinale bat bidaltzen diote enpresari eta honek erregistratu egiten du. Horretaz gain enpresak erregistratzen ditu deiak, sms-ak, internet konexioak, tuitak eta abar. Informazio guzti horrekin bezeroaren lokalizazioa eta aktibitatearen ideia zehatz bat du.

Horretaz jakitun, Malte Spitz hiritar alemaniarrak epaile bati eskatu zion bere telefonia hornitzailea zen Deutsche Telekom enpresak hari buruz zeukan informazio guztia emateko. Hainbat hilabete pasata epaileak eskaera onartu zuen eta telefonia enpresak bezeroari informazioa eman zion.

Zeit on line webguneko Lorenz Matzat-ek eta Michael Kreil-ek Malte Spitzen mugikorrak bidalitako datuetan oinarrituta infograma bat garatu dute. Bertan mapa eta grafiko baten bidez ikus dezakegu Deutsche Telekom konpainiak Malteren sei hilabete inguruko bizimoduaren gainean zenbat informazioa zeukan.

Azpiko irudian klikatuta Zeit on line webgunera joan zaitezke eta grafikotik desplazatuz jakingo duzu zehatz mehatz Malte Spitz non egon zen eta zer komunikazioak izan zituen.

Sei hilabete Malte Spitzen bizitan.
Hau ikusita ondo ulertzen da Richard Stallman-ek segapotoen gainean duen mesfidantza.

iruzkinik ez:

Argitaratu iruzkina