Thunderbird etiketadun mezuak erakusten. Erakutsi mezu guztiak
Thunderbird etiketadun mezuak erakusten. Erakutsi mezu guztiak

2025/09/15

Zer egin Luberri instalatu ondoren

 Gaur, Luberri 25.1 instalatu ondoren, erabiltzeko prestatu behar dut, eta urratsak deskribatuko ditut. Ordena ez da betebeharrekoa eta, ez eta urrats guztiak betetzea ere.

Urratsak bitan sailkatuko ditut: lehenengo hiruak exekutatzeko administratzailea izan behar duzu, gainerakoak erabiltzaile arrunt gisa ere burutu ditzakezu.

1. Eguneratzea

Sistema eta aplikazioak eguneratzeko terminala ireki (Ctrl+Alt+T) eta agindu hauek exekutatuko ditugu:

sudo apt update (software biltegietan bertsio berriak begiratzeko)

sudo apt upgrade (daudenak instalatzeko)

2. Beste erabiltzaileei alta eman. 

 Oinarrizkoa da erabiltzaile bakoitzak bere kontua izatea, hartara pertsonalizatu ahal izango ditu bere kontuak (posta, Telegram, Nextcloud...), aplikazioak bere gustura konfiguratu eta dokumentuen pribatutasuna eta segurtasuna mantentzeko.

 Ordenagailua elkarte edo erakunde baten sarean badago haren domeinuan integratzeko aukera egon daiteke, hartara erabiltzaileei ez zaie alta eman behar, domeinuan identifikatuko ditu. EAEko ikastetxe publikoen kasuan Luberrik badu script bat integrazioa egiten laguntzeko (Aplikazioak > Sistemaren konfigurazioa > Domeinuan sartu).

Etxerako, edo domeinurik gabeko elkarte baterako bada, eskuz sortuko ditugu erabiltzaileak (goiko paneleko eskuinean dagoen zure izena klikatu > Sistemaren ezarpenak >  Administrazioa > Erabiltzaileak eta taldeak). Erabiltzaileak sortzean bereiziko ditugu administratzaileak diren edo erabiltzaile arruntak. Administratzaileak sistema kudeatu, eguneratu, aplikazioak instalatu, erabiltzaileak sortu eta maila horretako beste eskumenak ditu. Erabiltzaile berriei pasahitza jartzen ahal diegu (egokia adin txikikoen kasuan) edo gabe utzita haiei eskatuko die.

3. Telegram-desktop instalatu. 

Luberrin ez dugu Telegram-desktop instalatu, izan ere preparatuta dago ikasleek erabiltzeko eta Telegram erabiltzeko gutxieneko adina 14 (Es) -15 (Fr) da eta ikastetxeetan ez da oso erabilgarria. Hori esanda, gutxieneko adina baduzu Telegram-desktop komunikazio tresna baliotsua da, neurri batean, bere bat-batekotasuna eta erraztasunagatik zenbait kasutan posta-elektronikoa ordeztu du. 
Instalatzeko bi era daude: Flatpak erabili gabe edo erabilita. Bigarrena errazagoa da: Aplikazioak > Sistemaren-konfigurazioa > Software-kudeatzailea > Telegram bilatu eta instalatu.
Behin instalatuta mugikorrarekin eskaneatu beharko duzu zure kontua erregistratzeko.
 
 

Ataza orokorrak eginda, orain ordenagailua nor bere gustura eta zerbitzura hurbiltzeko lanari ekingo diogu: 

4. Mahaigainekoaren pertsonalizazioa.

 Lehen esan bezala, erabiltzaileak bereizteak bide ematen du, besteak beste, mahaigainekoa eta aplikazioak pertsonalizatzeko.

Mahaigainekoa, edo harrerako pantaila,  zein interfaze orokorra pertsonalizatzeko Luberrik aukera aunitz ematen ditu. Gutxi batzuk aipatuko ditut:

  • Mahaigaineko irudia aldatzeko arakatzailean (Lekuak) gogoko irudi bat bilatu, eskuin klik egin eta  Ezarri atzeko plano gisa...
  • Panel nagusia behera mugitu nahi baduzu (Windowsen bezala) panelean bertan eskuin klik: Aldatu lekuz eta beheko aldean klikatu.
  • Panelaren erdiko aplikazioak. Dock gisa funtzionatzen du, hau da, gehien erabiltzen duzun aplikazioak erakusten ditu -irekita daudenekin batera-. Pertsonalizatzeko kentzen ahal duzu gutxi erabiltzen duzunak: eskuin klik > Askatu paneletik eta gogokoak jarri. Horretarako ireki aplikazioa eta bere ikonoan eskuin klik egin > Finkatu panelean.  Nire panelean Firefox, Thunderbird, Zim Wiki, Search, Ksnip eta Telegram.
  • Gai argia nahiago? Luberri gai ilun batez konfiguratuta dago (hori ikusteko aski da arakatzailea irekin eta ikusiko duzu atzeko plano beltzean testu zuriak) Gai ilunek gozoagoak dira erretinekin, batez ere gauez. Argia nahiago baduzu panel nagusiko eskuinean dagoen zure izena klikatu > Sistemaren ezarpenak > Itxura > Gaia eta bertan Mint-Y_Dark-en ordez argi bat hautatu. Edozein kasutan...
  • Gaueko koloreak egokitu. Luberrik aukera ematen du gaueko orduetan era automatikoan distira jaitsi eta kolore zuri-urdinen ordez melatonina sortzea galarazten ez duten tonu gorriztak hartzea (Sistemaren ezarpenak > Hobespenak > Gaueko argia. Aktibatu eta aukeratu gaueko tonua eta ordutegia.
  • Sistemaren letra tamaina egokitu. Adin batetik gora presbiziak bere lana egin du eta letra txikiak ikusgaitzak bihurtu zaizkit. Berdin gertatzen bazaizu: Sistemaren ezarpenak >  Itxura > Letra-tipoen hautapena: bertan nik 15 jarri dut kasu guztietan.

5. Aplikazioen pertsonalizazioa: Firefox 

 Edozein aplikazioa erabiltzen dugun lehenengo aldian Hobespenak, konfigurazioa alegia, errepasatzea komeni da gure gustu eta beharretara egokitzeko. Interneteko nabigatzailean, Firefox kasu honetan, hori funtsezkoa da. 

  • Identifikatu. Firefox-i esan nor zaren, hartara, besteak beste, pasahitzak eta laster-markak sinkronizatu ahal izango duzu erabiltzen ohi dituzun ordenagailuko Firefoxetan. Nola? Firefox ireki eta helbidearen paneleko eskuinean agertzen den sandwich-menu ikonoa klikatu > Sinkronizatu zure gailu guztiak > Hasi saioa. Aurretik beste gailuren batean identifikatu bazara, sartu erabiltzailea eta pasahitza; orain arte erabili ez baduzu eman erabiltzaile kontua eta pasahitza. Behin kontua identifikatuta, zure izenean klikatu eta Sinkronizazio ezarpenak zehaztu. Nik hauek ditut sinkronizatuta: 
    • Laster-marken tresna barra. Barra hau helbidearen barraren azpian ager daiteke eta niretzat funtsezkoa da nabigaziorako zuzen joateko ohiko helbideetara. Barra hori ez dago lehenetsita, beraz, erabili nahi baduzu aktibatu behar duzu: Menu > Tresna gehiago > Pertsonalizatu tresna barra, fitxaren beheko aldean Tresna barrak > Laster-marken tresna-barra > Erakutsi beti markatu eta beheko panelean Egina klikatu. Laster-marken tresna-barra erabiltzen duzun lehenengo aldia bada, dauden elementuetan eskuin-klik eta ezabatu eta erabiltzen ohi dituzun helbideak poliki-poliki gehitu helbidearen ezkerrean agertzen den giltzarrapoa barrara arrastatuta. Izena luzea badu edita dezakezu laburtzeko. Laster-marka asko baduzu karpetak sortzen ahal dituzu multzokatzeko.
    • Pasahitzak gogoratzea onartzen duzunean Firefoxeko menutik ikusi eta editatzen ahal dituzu.
     
  • Bilatzailea ezarri.  Finantziazio kontuengatik Firefoxek Googlen bilatzailea lehenesten du. Ez dut zalantzan jarriko bilaketen kalitatea. Argi dudana da erabiltzailearen datuak zurrupatzen dituela. Nik erabiltzen dudana SearXNG metabilatzailea da -hau da, hainbat bilatzaile erabiltzen ditu-. haren konfigurazioan euskarazko bilaketak lehenesten ahal dira eta erabiltzen dituen bilatzaileen artean Google mantentzen baduzu bilaketen kalitatea bermatzen duzu Googlek zure datuak zurrupatu gabe eta babestutako emaitzak edo iragakiak ez dira agertzen. SearXNG hornitzaile edo instantzien artean nahi duzuna aukeratu, helbidean eskuin klik eginda gehitu zure gogoko bilatzaileetara, eta Firefoxen Ezarpenak > Bilaketa > Bilaketa-motor lehenetsian SearXNG aukeratu.

     
  • Gehigarriak (edo hedapenak) nabigatzailearen funtzioak osatzen dituzten gehigarriak dira. Ez du komeni asko instalatzea nabigatzailea ez moteltzeko. Horregatik, nik soilik lau instalatzen ditut:
    • Adblock Plus: propagandaren blokeatzailea. 
    • Dark Reader: web orri gehienek atzeko plano zuria letra beltzak dituzte. Gehigarri honek atzeko plano beltzean letra zuriak jartzen die irakurketan begiek ez sufritzeko.  Bietan salbuespenak ezar daitezke.
    • Euskalbar: euskara-euskara eta erdara-euskara hiztegiak. 
    • Lehen hitza euskaraz: webgune eleaniztunetan euskara lehenesten du.  

6. Thunderbird konfiguratu.

 Posta elektronikoa erabiltzeko bi era nagusi daude: webmail (posta hornitzailearen web-orria) edo postarako aplikazio edo bezero bat. Kontu bakarra izanez gero webmaila nahikoa izan daiteke baina kontu bat baino gehiago badugu posta bezeroa ezinbestekoa da mezu guztiak ekartzeko eta kontaktuak kontuen artean partekatzeko besteak beste. Daudenen artean Thunderbird nabarmentzen da ondo dabilelako eta oso egutegi praktikoa duelako.

Thunderbird ordenagailu batean aurreneko aldiz irekitzen dugunean gure kontuen berri eman behar diogu. Normalean topatuko du eta zure mezuak ekarriko ditu.

Behin lehenengo kontua erregistratuta hurrengoekin hasiko gara: Kontu ezarpenak > Gehitu kontua.

Eskerreko barran agertzen dira Helbide-liburua eta Egutegia. Lehenengoaren kasuan beste thunderbird batetik edo webmailetik kontaktuak esportatu eta bertara inportatzen ahal ditugu. Egutegiaren kasuan praktikoagoa da sareko gure egutegia ezarri (Disroot, Google...) lokal bat erabiltzea baino. Sarekoa ezartzeko:  ezkerrean behean Egutegi berria > Sarekoa ... 

 

7. Nextcloud

 Nextcloud Europako hodei bat da, software librekoa. Haren bidez zenbait fitxategi zerbitzari batera igo dezakegu edozein gailutik nabigatzailearen bidez deskargatu ahal izateko. 

Luberrik Nextcloud Desktop aplikazioa du instalatuta. Aplikazio honen bidez sinkronizatu daiteke hodeia eta karpeta lokal bat. Edozein fitxategi karpeta horretan sartuta automatikoki sortzen du kopia bat hodeian, hartara karpeta hori sinkronizatuta eduki daiteke hainbat ordenagailutan. Mugikorrerako aplikazio baten bidez fitxategiak jaitsi edo igo daitezke.

Bada jende eta erakundeak bere zerbitzaria muntatzen dutenak, beste batzuk zerbitzu hori kontratatzen dute. Zure ikastetxe edo erakundeak Nextcloud eskaintzen badizu edo zerbitzua kontratatu baduzu (hornitzaile batzuk doako GB batzuk eskaintzen dituzte) zure saioan erregistratu behar duzu. Horretarako Aplikazioak > Gehigarriak > Nextcloud...   


 Hiru aukera agertzen dira: zure zerbitzarian saioa hasi, doako hornitzaile batean erregistratu edo zure zerbitzari lokal propioaren helbidea eman.

 

Behin saioa hasita sinkronizatuko den karpeta proposatuko digu (Nextcloud) eta hodeian dugun fitxategi guztiak edo batzuk sinkronizatzeko aukera emango digu. Konektatuko dugu: sortuko du karpeta eta hodeian duguna ekarriko du.

 

8. Zim oharrak.

Produktibitateari begira inportantea da ohar koaderno on bat edukitzea, hala nola Zim Wiki. Koaderno bat sortuko dugu edo dugun batekin sinkronizatuko dugu. Gure oharrak erabili ohi dugun ordenagailuetan sinkronizatuta edukitzeko, koadernoa Nextcloud karpetan egon behar du. Aplikazioak > Bulegoa > Zim Wiki...


 Eskatzen digu koadernoaren izena eta gordeko dugun karpeta. Sinkronizatu nahi badugu karpeta Nextcloud karpeta barruan sortuko dugu.

 

Zazpi urrats hauekin funtsezko aplikazioak konfiguratuta, eta behar den kasuetan, sinkronizatuta edukiko dugu. 

Pertsonalizazio hauek egiteko, lehen aipatu bezala, garrantzitsua da ordenagailua erregularki erabiliko duten pertsonek bere erabiltzaile propioa edukitzea, eta ez etxe askotan ohikoa den bezala denak erabiltzaile berarekin funtzionatzea. Etxean inportantea bada lantegi eta elkarteetan zeresanik ez.

Denbora bat ematen du baina aldea handia da. 

2021/12/05

Nola sinkronizatu Nextcloud egutegi bat Lightning egutegiarekin

 Lightning Thunberbird posta bezeroaren egutegia da. Bertan egutegi lokalak sor daitezke baina interesgarriena lineako egutegiak sinkronizatzea da. Ikus dezagun nola sinkronizatu daiteke Nextcloud hodeian oinarritutako egutegi bat:

Lehenik eta behin egutegiaren webgunera joango gara eta egutegi pertsonalaren esteka pribatua arbelean kopiatuko dugu.

Ondoren Thunderbird ireki eta egutegiaren fitxara joango gara. Bertan klikatuko dugu + ikurrean adierazteko egutegi berri bat nahi dugula.


Esango diogu egutegia sarean dagoela.


Eta CalDav formatua duela. Eskatuko digu jatorrizko egutegiaren hodeian dugun erabiltzaile izena eta itsatsiko dugu arbelean kopiatu dugun arbelaren helbidea.


Azkenik egutegi honentzat asmatuko dugu izen adierazgarri bat eta ditugun beste egutegietatik bereiziko duen kolore bat.

Onartu eta segundo batzuetan ditugun gertaerak sinkronizatuko dira. Hemendik aurrera Lightning-en ikusiko ditugu egutegian sortzen ditugun gertaerak eta bertatik sortu ahal izango ditugu. 

Lightning egutegiaren abantaila handi bat da hainbat egutegietako gertaerak ikusten ahal ditugula batera: pertsonala, lanekoak, elkartetakoak... Zenbait editagarriak izango dira eta beste batzuk ikusteko soilik (jaiegunak...).



2021/11/20

Thunderbird motel dihoa. Nola azkartu?

 Erabiltzearen poderioz, eta zenbat eta kontu eta mezu gehiago are eta gehiago, Thunderbird moteltzen joaten da; geroz eta gehiago kostatzen zaio abiatzea eta kontuak irakurtzea.

Honek badu soluzioa: datu base globala berreraikitzea. Datu base globala (GLODA) bilaketak errazten dituen indexazio sistemaren parte bat da. Ekintza honen bidez mezuak eta posta-helbideak berriro indexatzen dira.


 Nola berreraiki datu base globala

  1. Itxi Thunderbird
  2. Zure Thunderbirdeko profilean bilatu global-messages-db.sqlite fitxategia. Profilaren karpeta Linuxen .Thunderbird karpetan dago (Ctrl+h) sakatu ezkutuko fitxategiak eta karpetak ikusteko. Bertan alfanumeriko batzuk eta .default luzapena duen karpetan sartu eta...
  3. Ezabatu global-messages-db.sqlite fitxategia.
  4. Ireki Thunderbird. Segituan hasiko da bit-indexatze prozesua. Mezuen kopuruaren arabera prozesua minutu batzuk iraun ditzake. Prozesua monitorizatu nahi baduzu Alt tekla sakatu menu horizontala ikusteko eta egin Tresnak > Jarduera kudeatzailea. Hor ikusiko duzu indexatze prozesua noiz bukatzen den. Indexazio berria bukatzean posta-bezeroa arinago abiatu eta kargatu ditu mezuak.


2020/04/02

Nola birbideratu irakasle.eus kontuko mezuak

EAEko hezkuntzako irakasleen kontu ofizialak, irakasle.eus kontuak alegia, Microsoft Office365eko kontuak dira eta erabili daitezke webmail bidez https://www.office.com helbidetik edo posta bezero baten bidez hala nola Thunderbird.


Ez baduzu mezuak idazteko erabiltzen hirugarren aukera bat da beste kontu batera birbideratzea era automatikoan. Ikus dezagun nola egin daitekeen.
1- Sartu Outlook onlinera office.com bidez, zehaztu zure kontua eta menu nagusian aukeratu Outlook.
2- Outlook-en zaudela ezarpenetan sartu. Horretarako menuaren eskuin aldeko engranajea sakatu eta zabalduko den panelaren beheko aldean Ikusi Outlook ezarpen guztiak elementuan klik egin:


3- Ezarpenen leihoan menuko Posta hautatu eta haren menuan Arauak klikatu eta bertan arau berri bat gehituko dugu.



Arau horretan: asmatu izen bat arauarentzat, aplikatu mezu guztiei, Birbideratu hona ekintza hautatu eta zehazteko zein kontura birbideratu nahi duzun hasi idazten eta aukeratu proposamenen artean.


Hortik aurrera irakasle.eus kontuko mezuak zehaztutako kontura jasoko dituzu.

2020/03/30

Nola gehitu zuzentzaile ortografikoak Thunderbird posta bezeroan

Thunderbird software libreko posta elektroniko bezero ahaltsua da. Dituzun posta kontuak biltzeaz gain, kontaktuak ere biltzen ditu eta zerbitzuak ematen ditu kontu guztietarako.

Zerbitzu horien artean zuzentzaile ortografikoa dago. Thunderbird-ek, mezuen editorean, aukera ematen dizu zuzentzeko hizkuntza aldatzeko euskaraz eta ingelesez.


Baina, behar izanez gero, dozenaka hizkuntzen hiztegiak daude deskargatzeko moduan. Beraz gaztelera, frantsesa edo beste hizkuntzako hiztegia behar baduzu honela instalatzen ahal duzu: Menua > Hobespenak > Hobespenak > Ortografia fitxa ireki eta bertan Deskargatu hiztegi gehiago.
Eta bertan behar dituzun hiztegiak deskargatu, eta automatikoki erabilgarria egongo dira mezuak editatzek leihoan menuko Ortografia atalean.


Gaztelera hiztegia deskargatzek esteka.

2019/08/30

Thunderbird 68, berritasun batzuk.

Zenbait urtez 60 bertsioan ibili ondoren Mozillak bultzada berri bat eman dio Thunberbird posta bezeroari eta 68 bertsioa atera berri du.
Bertsio hau esperimentala da eta 68.1 atera arte ez Thunderbird ez da bertsio honetara eguneratuko, baina probatu nahi izanez gero thunderbird.net orritik deskarga daiteke.

Berritasun batzuk:
  • Menu nagusia zutabe batera ekarri dute eta Firefoxenaren itxura eman diote.


  •  Hobespenak fitxa horizontaletan agertu beharrean zutabe bertikala eta fitxa horizontalak konbinatzen ditu.

  • Gai ilunean hobekuntzak egin dituzte. 

Berritasunen inguruan informazio gehiago topatu dezakezu Thunderbirden orrian (ingelesez).
Eta dena euskaraz Ander Elortondo eta Librezaleri esker.

2018/10/17

Nola berreskuratu hainbat gehigarri Thunderbird 60 instalatu ondoren.

Thunderbird 60k argia ikusi eta bi hilabetera Ubuntuk sartu du bere errepositorioetan. Azkarregi nonbait, izan ere Thunderbirdek orain egiaztatutako gehigarriak soilik onartzen ditu eta, zein geratu da kanpoan? zein eta Lightning egutegia. Harrapazak.

Linuxen eguneraketa eginda Thunderbird 60 instalatuko da eta, instalatutako gehigarria begiratzen baduzu agian baten bat onartzen ez dela esango dizu. Nire kasuan Thundebird berriak ez ditu onartzen: Lightning, S3-translator, use BCC instead eta Super Date Format.

Hona hemen soluzio bat:
Desgaitutako gehigarriak desintalatu.
Deskargatu xpi formatuan eta eta gero Thunderbirdetik instalatu; horretarako menua > Gehigarriak eta pantaila horretan, bilaketaren leihatilaren ondoan klikatu eta "instalatu gehigarria fitxategitik" klikatu eta arakatu deskargatutako xpi fitxategia(k).


Lightningen azken bertsioa euskaraz deskargatzeko Firefoxen azpiko estekan eskuin-klik egin eta "Gorde lotura honela..." aukeratu. Chromium-Chromen aski da  gainean klik egitea:


Beste hau S3-translator.
 
Beste batzuk: Use BCC instead gehigarriarentzat ez dago bertsio berririk.
Super Date format gehigarriarentzat ere ez dago bertsio berririk baina haren ordez ConfigDate erabili daiteke.

2017/01/25

Thunderbird mezuak kolorez markatu

Oso ohikoa da posta bezeroan mezu bat irakurri eta pentsatu gero bueltatu behar garela mezu horretara polikiago irakurtzeko edo datuak hartzeko.

Mezu hauei erreferentzia bat jartzeko Thunderbird posta-bezeroak metodo erraz bat dauka: markatu nahi dugun mezuan jarri eta 1 eta 5 zenbakien bitarteko tekla bat sakatuz gero mezua kolore desberdin bat hartuko du:

1- gorria
Sakatako teklak Screenkey aplikazioaren bidez ikusten dira
2- laranja
3- berdea
4- urdina
5- morea
0 sakatuz gero kolorea kentzen da.







Nik normalean kolore bakarra erabiltzen dut baina afizioa hartzen baduzu jakin kolore bakoitzak baduela etiketa edo esanahi bat eta esanahi hori edita daitekeela Thunderbirden hobespenetan azpiko irudian ikusten den moduan.

Koloreen etiketak editatzen.



2016/11/28

Nola ordenatu kontuak eta karpetak Thunderbird posta bezeroan

Thunderbird posta bezeroa hainbat kontu kudeatzeko aplikazio librea da. Ezarritako kontuetara joaten da mezu bila eta nahi dugun kontutik bidaliko ditu mezuak kontu desberdinen artean kontaktuen liburuak partekatuz.
Ezkerreko panelean ageri dira posta-kontuak, Thunderbirden ezarritako ordena berean. Ordena hori gustuko ez badugu bada era bat ezarpenetatik aldatzeko baina askoz errazago egin dezakegu gehigarri edo hedapen honekin:


Loturan klikatu eta deskargatuta instala dezakegu baina errazago da Thunderbir-en menuan Gehigarriak > Eskuratu gehigarriak eta bilaketa leihatilan gehigarriaren izena jarrita bilatzea.
Behin instalatuta Thunderbird berrabiarazi behar dugu gehigarria aktibatzeko. Kontuen ordena aldatzeko menuan Gehigarriak > Hedapenak klikatu eta gehigarri honen hobespenetan sartuko gara:


Fitxetan Sort accounts (Ordenatu kontuak) hautatu eta kontuak hautatu eta gora (move up) edo behera (move down) egingo dugu nahi dugun ordenan utzi arte.
Gauza bera egin dezakegu paneleko karpetetan Sort folders (Ordenatu karpetak) izeneko fitxan.
Behin nahi genituen ordenak jarrita gehigarria, nahi izanez gero, desinstala dezakegu.

2016/04/18

Nola sinkronizatu Thunderbird-en Lightning egutegia eta Google Calendar

Lightning Thunderbird posta bezeroaren egutegia da (orain arteko bertsioetan gehigarri bezala instalatu behar zen eta 45 bertsiotik aurrera jarrita etortzen da) eta bertan sortu daitezke lokalki gordetzen diren egutegiak bai eta online gordetzen direnak. Era berean beste batzuk kudeatzen dituztenak inportatzen ahal ditugu talde, elkarte, eskola eta abarren egutegiak kontsultatzeko.

Gaurkoan ikusiko dugu nola sinkronizatzen ahal diren Google Calendar-eko kontuak. Gogoan izan egutegia sinkronizatzean Thunderbirden ikusteaz gain editatzea ere izango dugula. Harira:

1go urratsa Thunderbirden Google Calendar hornitzailea gehigarria instalatu behar da. Horretarako Thunderbirden menuan gehigarriak klikatu:


eta Provider for Google Calendar gehigarria bilatu eta instalatuko dugu:


Behin hori eginda Lightning-en ezkerreko panelean eskuin klik egin eta egutegi berria hautatu:


Galdetuko dizu egutegi lokala edo sarekoa nahi duzun: sarekoa hautatu.
Ondoren, Google Calendar hautatu.


Galdetuko dizu zein duzun Google kontua eta baimena eskatuko dizu.
Behin kontua lotuta egutegian zein kolorez agertu behar den aukera dezakezu.

Kontuan izan, beraz, kontua sinkronizatuta edukitzeak esan nahi duela Lightning-en egiten dituzun edizioak Google Calendar-en web orrian ikusiko dituzula, bai ordenagailuan zein mugikorrean, eta alderantziz. Gainera zure Google Calendar-era beste egutegi batzuk inportatu badituzu horiek ere ikusiko dituzu.

Thunderbirdentzako beste gehigarri interesgarriak.

2015/12/13

Thunderbird: nola konpondu Bidalitako mezuak karpetan gordetzen errorea

Zenbaitetan, IMAP kontuekin beti, Thunderbird posta bezeroa ataskatzen da mezuak bidaltzean...


eta Utzi sakatzean "Errore bat gertatu da mezuak Bidalitako  mezuak karpetan gordetzean" dioen mezua erakusten du.


Errorea eman arren gordetzen du baina ikusiko dugu nola konpon daiteke.

Thunderbirden ezkerreko panelean posta kontuaren gainean eskuin klik egin eta ondoko menuan Ezarpenak hautatu. Orain ere ezkerreko panelean aukeratu Zerbitzariaren ezarpenak. Eskuin aldean Aurreratua botoian klikatu eta irekitzen den leihoan Cachean gordeko diren zerbitzari konexio kopuru maximoan jartzen duen 5aren ordez 2 jarri, Ados leihatila horretan eta (argi ibili!) Ados ezarpenen leihatilan. 


2015/11/24

Nola inportatu Thunderbird Lightning egutegira Moodleren egutegia

Aurreko mezuan komentatu nuen Moodleren egutegia erabiltzea interesgarria izan daitekeela ikasteko plataforman aritzen direnentzat. Komentatu nuen ere Moodleren egutegia esportatu daitekeela Google Calendar-era, Thunderbird-era eta Ical protokoloa erabiltzen duen edozein egutegira.

Gaurkoan erakutsiko dut nola inportatu Thunderbird-eren egutegira, Lightning-era alegia, Moodleren egutegia.

Urratsak:
  • Ireki zure Moodle gunea eta sartu erabiltzailea eta pasahitza.
  • Eskuin aldean agertzen da zure egutegia. Hilabetearen izenean klikatu.
 
  • Egutegia erdiko zonan agertzen da eta azpiko Esportatu egutegia botoia klikatuko dugu.










  • Irekitzen den leihoan: 1 ekitaldi guztiak edo ikastaroena aukeratuko dugu 2 pertsonalizatutako tartean urte beteko tartea aukeratuko dugu eta 3 Egutegiaren URLa lortu (diferentzia hau eta esportatzearen artean seguruena da URLarena tarteka eguneratuko dela). 
  • Agertzen den URLa kopiatu.
  • Thunderbird-en egutegira joan eta ezkerraldean, egutegien zerrendaren azpian, eskuin klik egin eta Egutegi berria > Sarean > iCalendar (ICS) > Kokapenean aurretik kopiatutako URLa itsatsi eta Hurrengoa klikatu. 
  • Egutegiaren izena jarri (Moodle), kolore bat hautatu eta kito.

Kontuan izan esportazio bat dela eta ez sinkronizazio bat. Beraz Thunderbird-en Moodleren ekitaldiak edo gertaerak ikusiko dituzu baina ezin editatu edo berriak erantsi.


2015/11/21

Moodleren egutegia: irakasle eta ikaslearen agenda.

Moodlen blokeek joko interesgarria eman dezakete ikastetxeetan, besteak beste egutegiaren blokea.

Hona hemen haren ezaugarri batzuk:
Moodlek lau egutegi mota bereizten ditu:
  • gunekoa (ikastetxekoa), 
  • ikastarokoa, 
  • taldekoa
  • pertsonala.

Guneko kudeatzaileak ikastetxeko ekitaldi orokorrak sar ditzake, hala nola, ikasturteko hasiera eta bukaera egunak, oporrak eta jai-egunak, euskaren-eguna... Mintegiak edo irakasleak materiako ekitaldiak, hala nola ebaluazio eguna, materiako eskolaz kanpoko ekintzak... eta taldeko ekitaldiak (soilik talde bati dagokion kasuan). Kontuan izan behar dugu zereginak, azterketak eta data bati lotutako elementuak automatiko agertuko direla agendan. Era berean, irakasleak ikastaroko egutegi pertsonalean jar ditzake gelako plangintza, hala nola, unitate didaktikoaren hasiera eta ikasleen interesekoak ez diren elementuak.

Egutegi honen abantaila handi bat da irakaslearen agenda izateaz gain ikaslearen agenda ere badela. Ikasleak bere agendan kudeatzaileak eta irakasleak jarritako ekitaldiak ikusten ditu, bai eta jardueren entrega datak. Hortaz aparte ikasleak bere ekitaldi pertsonalak sar ditzake.



Agenda bezala hilabeteko, asteko eta eguneko ikuspegia izan arren, kontsultatzeko ez da sobera praktikoa baina behin programatutako ekintzak sartuta egutegia esporta daiteke Googel Calendar-era harekin sinkronizatuz eta bertatik Thunderbid-eren egutegira, Gnome-egutegira. Google Calendar-ekin sinkronizatuz gero Android mugikorrean ere kontsulta daiteke.

Ikus dezagun nola sinkronizatu Moodle egutegia Google Calendar-ekin:  Moodle egutegiaren gaineko hilabetean klikatu eta egutegia zabalduko da, beheko partean agertuko da esportatzeko botoia (ezkerreko irudian, klika handiagotzeko) eta ondoren, behin zehaztuta ekitaldi guztiak (1) denbora-tartea -ikasturte osoa- (2) egutegia ics formatuko fitxategira esportatu (3)...




...eta gure Google Calendar (https://calendar.google.com) joan, ezarpenetan sartu eta Moodle izeneko egutegia sortu, ondoren bertara inportatu Moodlen sortu dugun ics fitxategia.




Kontuan izan ikasturte batetik bestera pasa dezakegula egutegia ikastaroko materialarekin batera. Hori bat, ikastaro berrian datak egokitu beharko ditugu.

Gure ikastaroko egutegian era automatikoan agertuko dira ikasleei jartzen diegun zereginen epemuga eta azterketak. Unitate didaktikoen hasiera-bukaerak eta bestelako gertaerak gure egutegi pertsonalean sartuta IKT heldutasuna ereduaren zertifikazioaren goi mailarako eskatzen den koaderno digitalaren parte inportante bat osa dezakezu agenda honen bidez.


2015/08/25

Gai iluna Thunderbird posta bezeroarentzat

Pantaila ilunen zalea bazara sistemari gai iluna jartzen ahal diozu (Ubunturi Ambiance-dark esate baterako), Firefoxi ere bai (Glass-black edo antzekoa) eta Thunderbird posta bezeroarentzat TTDeepDark oso egokia da. Honelako itxura ematen dio aplikazioari:

eta hau Lightning egutegiari:

gaia probatu nahi baduzu instala dezakezu hemendik. Probatu ondoren ez baduzu gogoko, kentzeko joan Thunderbirden menura > Gehigarriak > Itxura eta kendu.

2015/08/16

Nola ireki edo aktibatu Gmail kontuak Thunderbird 31 bertsioan

Mezu hau zabaltzeko unean Ubuntuk Thunderbird 31 bertsioa erabiltzen du. Laster 38.era eguneratuko da.
31 bertsioak ez omen du onartzen 2014an Gmailek 2014tik erabiltzen duen OAuth2 autentifikazio sistema. Hori dela eta Thunderbirden erabiltzaileek autentifikazio arazoak dituzte Gmail kontuekin...

eta, era berean, arazoak sortzen dira Gmail kontu berri bat ezartzeko Thunderbirden:


Nola konpondu:
Gmail kontuan segurtasun gutxiko aplikazioen erabilera baimentzen. Horretarako, nabigatzailean Gmailen identifikatuta zaudela, klikatu esteka honetan  eta aktibatu segurtasun gutxiagoko aplikazioak.


 Kito.

Oharra:
Thunderbird 38. bertsiotik aurrera onartzen du OAth2 sistema, beraz aplikazioa eguneratzen denean desaktibatu ahal izango dugu egindako aldaketa.

2015/07/27

S3 Google Translator Firefox eta Thunderbirdentzat


Lehengo astean segurtasun arrazoiak direla kausa Mozillak Quick Translator gehigarria segurtasun arrazoiengatik ez erabiltzea gomendatzen zuen eta nik Google Translator for Firefox erabiltzea gomendatu nuen baina ez nau gogobete eta beste batzuk probatuta S3 Google Translator iruditu zait hobea. Eskaintzen duen itzulpena bera da baina, batetik jatorrizko testua mantentzen du ikusgai eta, pantailaren beheko partean irekitzen du leihatila bat itzulpenarekin, bestetik erraz aldatzen ahal da euskaratik gaztelerara lehenengo itzulpenak gogobetetzen ez bagaitu.



Instalatzeko modurik errazena da bai Firefoxen bai Thunderbird-en menuan Gehigarriak > Eskuratu gehigarriak eta bilaketa eremuan S3 Google Translator idatzi; behin topatzen duenean instalatzeko agindu.

Behin instalatuta hobespenetan komeni da aukeran ematen dituen hizkuntzen zerrendetatik erabili behar ez ditugunak kentzea.

2015/02/25

Nola egin eta onartu ICS hitzordu edo gonbidapena Thunderbird-Lightning aplikazioan

Lightning Thunderbird posta bezeroaren egutegia da. Aurreko mezu batean azaldu nuen nola instalatu eta konfiguratu Google Calendar egutegia.

Gaur ikusiko dugu nola bidali gonbidapen edo hitzordu bat eta nola jaso eta onartu.

A- Gonbidapen edo hitzordua bidali.

Gonbidapen bat bidaltzeko Lightning egutegian interesatzen zaigun egunean bi klik egin (edo eskuin klik eta Gertaera berria... sakatu. Irekitzen den leihatilan Gonbidatu partaideak hauta.


Irekitzen den leihatilan zehaztuko dugu denbora (1) partaideak (2) -izenak idaztean helbide liburutik hartuko du posta-helbideak- eta partaideen izaera (3) (norbanakoa, taldea, baliabidea edo gela -azken biek erabili daitezke erreserba sistema moduan horretarako baliabide edo gelaren egutegia aldez aurretik sortua) eta gonbidapen mota. Behin onartuta gonbidapenari eransten ahal zaio nahi dugun testua.


B- Gonbidapena jaso eta onartu.

Hitzordu batean parte hartzeko gonbidapena postaz jasoko dugu. Horrela jasotzen dira ere web bidez eskatutako hitzorduak Osakidetza, ITV eta antzekoak. Mezuan hitzorduaren zehaztapenak ikusten dira eta erantsita ekartzen du ICS formatuko fitxategi txiki bat.


Hitzordua Lightning egutegira eramateko egin behar dugu: ICS fitxategia nahi dugun tokian gorde. Ondoren Lightning egutegira joan eta menuan egin Fitxategia > Ireki > Calendar fitxategia eta arakatu eta hautatu gordeta dugun ICS fitxategia.



Egutegi bat baino gehiago badugu aukeratuko dugu zein egutegian agertzea. Horrekin gonbidapena gure egutegian agertuko da.





Pantaila kapturak HotShots aplikazioaz eginak.