2024/02/27

Gcompris aplikazioak 4.0 bertsio berria atera du

 KDE proiektuko jolas didaktikoen bildumak 4.0 bertsioa eskuragarri jarri du bere webgunean.

Edozein plataforman instalatu daiteke, ordenagailu zein smartphonea, eta Luberri sisteman, noski, instalatuta dago. Hori bai, 4.0 bertsioa Luberriren hurrengo bertsioan egongo da.

Hemen kontsultatu daitezke 4.0 bertsioan sartu dituzten zortzi aktibitate berriak, horien artean bereziki interesgarriak zatikiak lantzeko aktibitate bi.

Aukera probestuz, bideo-tutorial bat prestatu dut. Ezinezkoa da begirada bat ematea Gcomprisek biltzen dituen 190 aktibitateei. Bideo honetan aurkezpen orokor bat egin dut eta erabiltzeko hainbat aholku jaso ditut.


2024/02/16

Nola jakin terminaletik ordenagailuko diskoak mekanikoak (HDD) edo solidoak diren (SSD)

 Diso solidoak (SSD) mekanikoak baino azkarragoak, pisuz arinagoak, kontsumo gutxiago eta isilak dira. Aldatzea kasu askotan erraza da eta gaur egun haien prezioa nahiko baxua da.


 Baina, nola jakin ordenagailu baten diskoa mekanikoa edo solidoa ordenagailua ireki gabe? 

Terminala erabiliz oso erraz jakin daiteke. Ordenagailuak dituen diskoak sda, sdb, sdc... izendatzen dira eta jakin dezakegu mekanikoa den ala ez biratzen ote diren galdetuta.

cat /sys/block/sda/queue/rotational

Erantzuna 1 bada, alegia biratzen bada mekanikoa da (HDD) eta 0 bada ez du errotaziorik beraz solidoa da (SSD).

Disko bat baino gehiago baduzu sda-ren ordez sdb, sdc... idatzi. Nire kasuan bi ditut sda mekanikoa eta sdb solidoa.



2024/01/21

Korrika 23 ibaiez ibai

 23. Korrika Irunen hasi martxoaren 14ean eta Baionara 24ean iritsiko da. Haren ibilbidea aukera ematen du hainbat herritatik pasatzen diren ibaiak errepasatzeko eta H5P ariketa modalitate berria bat, Jolasaren mapa edo Game Map, probatzeko.

Erabiltzeko deskarga dezakezu htlm fitxategia (Korrika 23 ibaiez ibai.htlm) eta nabigatzailean kargatu edo, Moodle erabiltzeko aukera baduzu h5p fitxategia (Korrika 23 ibaiez ibai.h5p) deskarga dezakezu eta zure Moodlen txertatu. Azken hau aldatzeko aukera ere badago Moodlen edo Lumi-ren bidez.

Jolasteko klik egin behar da borobiltxo laranjan (ez dut asmatu Irunen hasten) eta, asmatu ondoren, aurrera egin.


2024/01/05

Rallly.co bilerak, juntadizoak, txandak planifikatzeko webgune libre eta euskalduna

 Rallly.co -bai, hiru l-rekin- Doodle webguneak eskaintzen duen zerbitzu bera eskaintzen du, alegia hainbat pertsonen artean elkarretaratze batentzako data edota ordu egokia planifikatzea baina argiago eta euskaraz.

Nola funtzionatzen du:

Elkarretaratze bat: 

demagun bilera, kedada, afaria, edonolako juntadizoa antolatu nahi duzula eta jendeari noiz komeni zaion jakin nahi duzula. Frantsesez RSVP (répondez s'il vous plaît) esaten omen zaio. Webgunean sartu, gertaerari izena jarri, egun edota ordu posibleak jarri eta web-orriaren esteka jendeari bidali postaz, Telegram bidez edo nahi duzun bezala. Jendea sartu, identifikatu eta markatuko du posible edo gogoko dituenak. Webgunean joango dira agertzen jendearen aukerak. Komeni data topea jartzea. Horren arabera erabaki daiteke elkarretaratzea noiz egin.

Txandak hartu: 

demagun talde batek lan batean txandak bete behar dituela, esate baterako txosna batean. Guk larunbateko baratzeko saskiak egiteko txandak egiteko erabiltzen dugu. Kasu honetan antolatzaileak bete behar diren txanden egunak edota orduak zehaztu eta azalpenak eman daitezke, hala nola txandetan zenbat jende behar den eta abar; web-orriaren esteka bidali jendeari eta izena adierazita bere gogoko txandak hartuko dituzte.



Zerbitzua software librez eskaintzen da (GNU AFFERO GPL3). Horri ezker euskaraz dago eta erabiltzeko ez da erregistratu behar. Funtzionalitate aurreratuak nahi izanez gero Pro bertsioa du. Enpresa edo elkarteren batek asko erabili nahi badu, datuen pribatutasuna bereziki zaindu eta web zerbitzaria badu deskargatu eta Docker bidez instalatu dezake.


Beste web-zerbitzu interesgarriak


2023/12/28

Editor, Android aplikazioa orain euskaraz

 Editor Adroiderako testu lauko editore sinplea da. Aplikazio autonomoa da eta erabili daiteke beste aplikazioekin konbinatuta edo arakatzaileetan .txt edo bestelako fitxategiak ireki eta editatzeko.

Fitxategi bat irekitzean ikusteko moduan agertzen da eta arkatza klikatuta edizio modua aktibatzen da.

Menuaren bidez itxura, letra-tipoa, tamaina eta abar kudeatu daitezke.

Aplikazioaren menuaren pantaila-argazkia

Aplikazio hau software librekoa da, 1.92 bertsiotik euskaraz dago eta F-Droid bidez edo Github-etik .apk formatuan deskargatuta instala daiteke.

Nire kasuan Editor aplikazioa erabiltzen dut ordenagailuan Zim Wiki-ren bidez sortu eta Nextcloud-en gordetzen ditudan oharrak mugikorrean editatzeko.


2023/12/26

Organic Maps-ek mendiko bideak nabarmentzen ditu orain

 Organic Maps Interneteko konexiorik gabe funtzionatzen duen Google Maps-en lehiakideak abenduak 20ko bertsioan mendian oinez zein bizikletaz ibiltzeko hobekuntza nabarmen bat gehitu du: Mendi ibilaldiak.

Maparen ohiko ikusgarritasunari funtzionalitatea handitzeko Organic Maps-ek geruzak erabiltzen ditu. Momentuz hiru ditu: metroa, sestra-kurbak eta orain mendi ibilbideak.

Geruzak ikusteko trepeta pantailaren ezkerreko goiko aldean dago:


 Ohiko ikuspegia:

Sestra kurbaduna:


Mendi ibilbideak nabarmenduta:

Etxean nabarmentzea gehiegizkoa irudi dezake baina mendian, batez ere eguzkia badago, eskertzen da.

Geruzak, noski, bateragarriak dira. 

Organic Maps F-droid bidez instalatuta baduzu eguneratzeko F-droid aplikazioaren beheko barrako Egunerat botoian sakatu eta aplikazioak egunean daudela esan arren atzamarrarekin behera egin eta eguneraketak bilatuko ditu, ondoren eguneraketak instalatu.

Behin eguneratuta mapak ere eguneratzeko aukera izango duzu: Ezarpenak > Mapak deskargatu (hobe wifiarekin).