2021/11/22

Nola egin soinu mapa bat H5P bidez.

 Soinu-mapatzat hartzen dut irudi bat non kokaleku zehatz batzuetan ikurrak daude eta ikur horietan sakatzean audio bat aktibatuko da.

Horrelakoak egiteko erabili daiteke H5P Moodlen zein Wordpress, Blackboard... plugin moduan instalatuta.

Moodlen egiteko jarduera berria sortuko dugu eta H5P eduki interaktiboa motako jarduera hautatuko dugu. Gutxi gora behera 51 jardueretatik Image Hotspots hautatuko dugu. Jarduera honetan mapa edo bestelako irudi batean hotspot edo puntu beroak kokatuko ditugu. Puntu bero horietan klikatuta testu bat eta irudi edo bideo bat irekiko da leihatila batean.


 Gure kasuan irudi eta audioa jarriko dugu. Audioa sortzen ahal dugu, esate baterako Audacity bidez grabatuta edo Interneten bilatzen ahal dugu Freesound.org edo antzeko gune batean. Behar ditugun audioak sortu edo deskargatu ondoren -normalean mp3 formatuan-, formatu horretatik mp4 formatura bihurtuko multzoan MP3 to MP4 online convert.com edo antzeko gune batean. Soinuaz gain irudiak ere jarri nahi baditugu Interneten bilatuko dugu.

Atzeko planoko mapa edo irudia eta toki beroen audio-bideoak eta irudiak ditugula H5Pn joango gara zehazten zein tokitan zer puntu beroa nahi dugun (izena, audio-bideoa eta irudia).


 Eta emaitza horrelako zerbait izan daiteke (Firefox-en sakatu "ireki gunea leiho berrian" eta goiko ezkerreko ikonoan pantaila osoan ikusteko):

 

2021/11/20

Thunderbird motel dihoa. Nola azkartu?

 Erabiltzearen poderioz, eta zenbat eta kontu eta mezu gehiago are eta gehiago, Thunderbird moteltzen joaten da; geroz eta gehiago kostatzen zaio abiatzea eta kontuak irakurtzea.

Honek badu soluzioa: datu base globala berreraikitzea. Datu base globala (GLODA) bilaketak errazten dituen indexazio sistemaren parte bat da. Ekintza honen bidez mezuak eta posta-helbideak berriro indexatzen dira.


 Nola berreraiki datu base globala

  1. Itxi Thunderbird
  2. Zure Thunderbirdeko profilean bilatu global-messages-db.sqlite fitxategia. Profilaren karpeta Linuxen .Thunderbird karpetan dago (Ctrl+h) sakatu ezkutuko fitxategiak eta karpetak ikusteko. Bertan alfanumeriko batzuk eta .default luzapena duen karpetan sartu eta...
  3. Ezabatu global-messages-db.sqlite fitxategia.
  4. Ireki Thunderbird. Segituan hasiko da bit-indexatze prozesua. Mezuen kopuruaren arabera prozesua minutu batzuk iraun ditzake. Prozesua monitorizatu nahi baduzu Alt tekla sakatu menu horizontala ikusteko eta egin Tresnak > Jarduera kudeatzailea. Hor ikusiko duzu indexatze prozesua noiz bukatzen den. Indexazio berria bukatzean posta-bezeroa arinago abiatu eta kargatu ditu mezuak.


2021/11/16

Nola erantsi audio bat Xournal++en elementu bati

 Xournal++ aplikazioak aukera ematen du edizio elementuei (testu, elementu grafiko, irudi...) audioa gehitzeko. Dena den grabatu ahal izateko doikuntza batzuk egin behar dira, bestela Grabagailua ezin da hasi / Recorder could not be started agertuko zaigu.

Ikus dezagun nola:

1- Lehenik eta behin ezarpenetan aldaketa pare bat egin behar dugu: Editatu > Hobespenak > Audio-grabazioa, eta bertan, batetik Biltegiratzeko karpeta bat aukeratu behar duzu; bestetik Audio gailuetan System default-en ordez default jarri behar duzu. Horrekin prest dago.

 

2- Audioa sortu. Audioa sortzeko menuaren audioen kontrola grabatzeko botoi gorria sakatu behar dugu (atzeko planoa kolorea hartuko du) eta objektua sortuko dugu (testua edo marrazkia); audioa bukatzean, berriro sakatuko dugu grabazioaren botoi gorria grabazioa bukatzeko. Audioa elementu horri lotuko zaio.

3- Audioa erreproduzitu. Sortutako audioak erreproduzitzeko menuan: Tresnak > Erreproduzitu objektua aktibatuko dugu eta audioa lotuta duen objektua klikatzean audioa erreproduzituko da. Menuan editatzeko elementu bat hautatzean (arkatza, nabarmengailua, testua...) objektuen erreprodukzioa desaktibatuko da.


Erreprodukzioa aktibatzean soinua duten objektuak argi ikusten dira eta soinua ez dutenak erdi garden.

Eskerreko karratuak soinua du estekatuta eta ezkerrekoak ez.


2021/11/15

Moodle 4.0 bertsioak itxuran berritasun handiak dakartza

2021 urtea bukatu baino lehen ikusiko du argia Moodle 4.0 bertsioak eta, besteak beste, itxuran eta nabigazioan hobekuntza nabarmenak ekarriko ditu. 

Hona hauetako batzuk:

Ezkerreko menu tolesgarrian elementu gehiegi elkartzen ziren: nabigazio orokorra, ikastaro barnekoa, gunearen administrazioa...  Ematen du ezkerreko menu hori bertsio honetan ikastaroaren barneko nabigaziorako erreserbatuko dela. Aurkibidean gaiak eta atazak ikusiko ditugu.

Ezkerreko menu tolesgarrian gaiaren aurkibidea

Goiko panelak jasoko du nabigazio orokorreko elementuak: Hasiera, Aginte panela, Nire ikastaroak eta Gunearen administrazioa. Edizioa aktibatzeko botoia ere panel horren ezkerrean kokatuko da. Kontuan izanda panel hori denbora guztian dagoela begi bistan aipatutako funtzioak eskuragarri egongo dira gora eta behera ibili gabe.

Goiko panelean gehitu da nabigazio orokorra eta edizioa aktibatzeko botoia

Ikastaro baten barnean gaudela, alegia gai batetik bestera pasatzeko, ezkerreko menutik egingo da. Ez dakit orain arteko gaien arteko ikastaro-formatuak  mantenduko diren: gaika, fitxak, lauzak... Badirudi zentsua galduko dutela. Orain ezkerreko menuan eta eskuineko goitik beherako menuan dauden hainbat elementu ikastaroaren panelera pasatuko dira:  Ezarpenak, Partaideak, Kalifikazioak, Txostenak, Galdera bankua eta beste.

Bestetik ezkerreko panela era finkoan betetzen zuten blokeak orain era tolesgarrian funtzionatuko dute, hartara menua eta blokeak tolestuta ikastaroak pantaila osoa hartuko du.

Era berean gaia tolesteko aukera ere badago.

Ikastaroko panelean ezarpenak eta kudeaketa tresnak


Ezkerreko menua ezezik blokeena ere tolestu daiteke.

Panel bat zabalik badago tolestuko da bestea zabaltzean.


Aktibitatearen panelak erakutsiko ditu orain ezkerreko engranajean dauden aukerak: Ezarpenak, Kalifikazio aurreratua, baimenak, erregistroak eta beste.

 

Laburpen hau bukatzeko aipatu behar da aktibitateen ikonoak aldatuko direla eta ikonoaz gain kolore bat izango dutela.

Eta aktibitateen hainbat datu, hala nola datak, egitekoak eta jarduera osatuta gisa markatzeko informazioa argiago agertuko da.


Nabigazio eta itxura aldaketa hauek telefono eta tabletentzako app-an ere isla izango dute.

 

Nire inpresioa da, aldaketa guztiek barneratzeko denbora eta ahalegin bat eskatzen badute ere, ikusitakoek nabigazioa eta kudeaketa erraztuko dute irakasle eta ikasleei. Kontrol elementuak irisgarriago eta hobeto antolatuta egongo dira eta edukiak zabalago eta argiago ikusiko dituzte ikasleek. Blokeen panela tolesgarria izatea aspaldiko eskaera zen; bertsio berrian gaiaren edukiak pantaila osoan ikusi ahal izango dira (gogoratzen al zarete Moodle klasikoan nola edukiak erdiko panelean ikusten ziren estu baino estuago?). 

Ni behintzat probatzeko irrikan nago. Plangintzak betetzen badira laster ikusiko du argia 4.0 bertsioak eta handik lasterrera MoodleCloud-en probatu ahal izango da. EAEko Hezkuntza plataformara seguruena uda honetan iritsiko da eta hurrengo ikasturtean aterako diogu zukua.

Informazioa honetan sakondu nahi baduzu ikus dezakezu Moodleko Michelle Lommna ingelesez gaia zabal azalduz bideo honetan.




2021/10/29

Luberri_20.04.4 kalean dago. Gainera bi bertsiotan: Systemback eta Ubuquity.

 

(2021/11/12ean eguneratua)

Systemback izan da urteetan Luberri sortzeko -eta instalatzeko- erabili dugun aplikazioa. Bitxi bat. Haren bidez egina dago Luberri_20.04.4_Sb.iso berria eta ikastetxeko ekipo gehienetan orain arte bezala instalatu daiteke. Baina aspaldi honetan zenbait eramangarri berrietan (Lenovo Ideapad 3, BHko ikasleen Acer Travelmate berriak...) ezin izan du instalaziorik egin UEFI moduan prestatuta ere. 

Hori dela eta, bertsio honen aldaera bat prestatu dut Cubic aplikazioaren bidez: Luberri_20.04.4_Ub.iso.  Ubuntu eta Linux Minten instalatzailea den Ubiquity bidez instalatzen da. Instalatzailea desberdina bada ere behin instalatuta ia berdinak dira. Etxeko ordenagailuetarako ere hau da bertsiorik egokiena.

Gura duzun bertsioa deskargatzeko egin klik eskuineko paneleko Luberri instalazioan.

 


Ub (Ubiquity) bertsioaren berezitasunak eta instalatzeko bigarren hezkuntzako institutuetan instalatzeko aholkuak:

  • BHko ikasleei EAEn esleitutako ordenagailuetan instalazioa Windowsen "enrolatu" aurretik egin behar da.
  • LIveUSBa prestatu: ISOa deskargatu eta Live USBak egiteko aplikazio baten bidez USBa prestatu. Ez da zertan Rufus erabili behar. Prestatzen den USBa UEFI kategoria du.
  • Instalazioa zuzenean hasiko dugu:
    • Live-USBa sartu.
    • Piztu eta F2 sakatu BIOSean sartzeko. (BIOSean sartu beharrean Windowsen hasten bada begiratu (1) oharra).
    • Memuan > Boot > USBa hirugarren posizioan egongo da. F6 bidez lehenengora ekarri eta F10 sakatu, gorde eta abiatzeko.
    • Instalazioan kable zein wifi bidez konektatzea komeni da. Aukeretan instalazio arrunta -multimediak instalatuta ditu dagoeneko- eta  Windowsekin batera hautatu eta aurrera. Norberaren etxeko ordenagailuan hemen bukatzen da prozesua.
    • Ikastetxeen kasuan, bukatzean administratzaile moduan sartu eta -domeinuan sartu gabe(3)- sistemaren konfigurazioan, sortu erabiltzailea ikasleari. Pasahitza sartzen den lehenengo aldian berak jarriko du (gutxienez 8 karaktere, zenbakia, maiuskula, minuskula eta karaktere grafikoa).
  • Instalazioa bukatu ondoren, BHko ordenagailuen kasuan enrolatze prozesua egin daiteke arazorik gabe.
  • Ikastetxeko gainerako ekipoetan domeinuan sartzeko prozedura birritan egin behar da -lehenengoan berrabiarazita-.

 Oharrak:

(1) F2 sakatuta BIOSa ireki beharrean Windowsen sartzen hasten bada (hori gertatzen da itzalita beharrean hibernatzen uzten dituzten ekipoetan) utzi Windowsen sartzen (ez bortxatu itzaltzea botoia sakatuta). Eskatuko du hizkuntza, teklatua eta wifia. Wifia eman ondoren minutu gutxi batzuk irauten duen prozesu batean sartzen da eta esaten du berrabiarazi behar dela. Adi!, egiaztatu USBa sartuta duzula eta berrabiarazten hasten denean F2 sakatu eta BIOSean sartuta Menu > Boot eta USB lehenengo posiziora eraman eta gorde.

Istripu batean bigarrenez sartuko bazen Windowsen agian ez luke emango Windowsekin instalatzeko aukera. Kasu horretan Hiren's Boot USB batekin arrankatu beharko genuke Windowsen NTFS partizioa txikiagotzeko eta gero sortutako hutsunean instalatuko genuke Linuxa.

(2) Berrinstalazioak: Proposatutako instalazio motak (Windowsekin batera) ez du /home partiziorik sortzen baina, bertsio berria edo bestelako Linux bat nahi duzulako, beste instalazio bat egin nahi baduzu hautatu Nire aukera mota, aukeratu ext4 partizioa eta bertan markatu sistema erabiltzeko, EZ FORMATEATU eta /home mantentzen du. Aski da administratzaileaz gaineko erabiltzaileak sortzea.

(3) Ikastetxeren batek ISO irudia pertsonalizatu nahi badu Cubic bidez egin dezake. Desinstalazioak eta instalazioak erraz egiten dira, pertsonalizazioak ez hainbeste. Domeinuan sartuko diren ordenagailuei begira Pam_mount.conf.xml ordeztu daiteke ikastetxekoa /etc/security/ karpetara kopiatuta. Beste aukera bat da Luberri arrunta erabili eta bukatzean ikastetxeko pam_mount.conf.xml aipatutako karpetara kopiatzea.

(3) Ikastetxeko ordenagailuetan erabiltzailea sortu ordez komeni da domeinuan sartzea.


2021/09/26

H5P ariketa berriak: Crossword, Sort the Paragraphs eta Image Choice

Moodle ikasteko plataforman eduki interaktibo erakargarriak H5Pren eskutik etorri dira. HTLM5 oinarritutako 50 eduki desberdin sortu daitezke gehitutako hiru berriak kontuan izanik. 

Hauek dira ariketa mota berriak: 

 

Crosswor, gurutzegrama. 

Moodlek bazeukan lehendik gurutzegramak sortzeko lanabesa jolasen kategorian. Ohiko gurutzegrama automatikoki sortzen da glosario bat zehaztuta, glosario horren termino eta azalpenak erabiltzen ditu.

H5Pko gurutzegraman, ordea, irakasleak editatu behar ditu terminoak eta definizioak. Glosariorik ez badugu praktikoagoa da aukera hau. H5P ariketa gehienak bezala gurutzegrama osatu ondoren zuzentasuna egiazta daiteke, baita soluzioa ikusi ere.

Klikatu hemen gurutzegrama pare bat probatzeko. 

 

Sort the paragraphs, ordenatu paragrafoak.

Ariketa honetan irakasleak ordena bat duten gertaera edo ekintza batzuk zerrendatuko ditu, gehienetan segida kronologiko bat. Ikasleak sekuentziatu edo ordena egokian jarri behar ditu.

Segidaren ordena zehaztu ondoren berdez agertuko dira zuzenak eta gorriz okerrak. Ikaslea berriro saia daiteke edo soluzioa ikusi. Antzeko ariketa bat dauka H5Pk baina irudien bidez (Image Sequencing).

Adibideak ikusteko egin klik hemen.

 

Image Choice, irudiak aukeratu.

Ariketa honetan irakasleak irudi multzo bat bistaratuko du eta ikasleak baldintza bat bete edo kategoria batean sartzen direnak aukeratu behar ditu. 


Adibideak ikusteko egin klik hemen.


Oharrak:

  • Gogoan izan Moodlen sortutako ariketak deskargatu edota kapsulatu daitezkeela berrerabili ahal izateko.
  • Zure Moodle gunean ariketa mota hauek agertzen ez badira eskatu zure ikastetxeko Moodle arduradunari instalatzeko.