2019/12/21

Animator Maker animazio errazak egiteko tresna

Animator Maker animazioak egiteko Linuxerako aplikazio berria da. Bere ezaugarririk nabarmenena da erraztasuna. Izan ere, ez da iristen Synfig Studio-ren mailara irudi bektorialak onartzen baditu ere irudi horiek osorik mugitzen direlako eta ez haien nodoak, eta ez du atzeko plano gardena onartzen. Bi muga horiek ditu baina lan sinpleak egiteko oso erraza eta intuitiboa da.


Funtzionamendua:

1- Agertokia edo eszena definitzea: forma, tamaina, atzeko planoaren kolorea eta segundoko fotogramak. Ez du atzeko plano gardenik onartzen.


2- Elementuak sartu eszenan. Elementuak izan daitezke:
  • testua
  • laukizuzena
  • elipsea
  • irudia (jpg, png...)
  • irudi bektoriala (svg) 
3- Animazioa
   a- Hautatu animatu behar duzun elementua.
   b- Hautatu animazioaren hasiera unea.
   c- Hautatu animatu behar dituzun elementuaren parametroak parametroaren erronboa klikatuta.
  • kokalekua
  • tamaina
  • eskala
  • zizailamendua
  • biraketa
  • kolorea
  • opakutasuna
   d- Aktibatu gako-fotograma eta animazio automatikoa.

   e- Elementu horren animazioaren bukaera unea zehaztu denbora lerroan klik eginez.
   f-  Bukaera uneko parametro berriak eman zenbakiak aldatuz edo, kokapena eta tamainaren kasuan, elementua desplazatuz.

4- Animazioaren mugimendua. Behin animazioa diseinatuta mantendu daiteke mugimendu lineala edo aldatu hainbat funtzioen arabera:

   
5- Animazioa gorde eta esportatu. Esportatu daiteke bideo moduan (mpg, mp4, avi)  edo gif animatua. Gif animatua arinago egin daiteke Peek erabilita.



Instalazioa:

Deskargatu instalazio fitxategia: AnimationMaker-Linux-1.8.4.1.Setup
Dagoen karpetan exekutatu. Terminalean ./AnimationMaker-Linux-1.8.4.1.Setup
Instalazio programak eskatuko dizu instalatzeko karpeta.
Abiatzeko karpeta horretan sartu eta terminalean exekutatu ./AppRun



Proiektuaren web-orria: https://artanidos.github.io/AnimationMaker/


2019/12/12

Luberri 18.04.7_64bit prest deskargatzeko

Luberri sistemaren bertsio berria dugu 18.04.7. Deskargatzeko eskuin paneleko Luberri instalatu estekan klikatu. Irekiko den orrian deskargaz gain bertsio berriaren nobedadeak eta instalazioa nola egiten den ere kontsulta dezakezu.


2019/12/07

GCompris 0.97 bertsioa kaleratu du

GCompris software libreko hezkuntzarako jolas multzoak 0.97 bertsioa kaleratu du eta berritasun interesgarriak ditu:

  • Garrantzitsuena orain jarduera guztiak euskaraz daudela, batez ere nabarmentzeko hizkuntza alorreko "Zure hiztegia aberastu" jolasa.

  • Jarduera berriak, tartean "Programatzeko labirintoa"
  • Abiadura ezarpen berria hainbat jardueratan
  • Irudi berriak Koloreak, Kolore aurreratuak eta Punteria jokoetan.
  • Jarduerak antolatzeko azpi-kategoriak.

Ubuntu 18.04 bertsioan instalatzeko jarraibideak mezu honetan.

Androiderako 0.97 jolas guztiak dituen apk fitxategia bertsioa F-droid-en orritik deskargatu eta instalatu dezakezu. Bertsio honek Android 5.1 eskatzen du gutxienez. EAEko eskoletako Multiclass monitoreek, tamalez, Android zaharragoa dute 5.0.1 hain zuzen ere, eta 0.97 ezin da instalatu. 0.96 da monitore hauetan funtzionatzen duen azken bertsioa. Bertsio hau ere deskargatu daiteke F-droid-etik.

Windows bertsioa eros daiteke bere dendan.

Oharra:
Gcomprisen euskaratzean akats batzuk daude baina kontrolatuta daude eta desagertzeko bidean.

Durangoko azokan Burutek eta Hezkuntzan Ere Librezale

Bihar, igandea, Durangoko Azokako Kabi@ aretoan 11:00etatik aurrera burujabetza teknologikoaz zer ikasi eta eztabaidatu egongo da.



 Girotzeko Hezkuntzan Ere Librezalek prestatutako bideoa.


2019/12/05

Moodle: urratsak errubrika bat ezartzeko jarduera batean



Errubrikak Moodleek kalifikatzeko duen metodo aurreratu bat da. Errubrika jarduera baten kalifikazio-irizpideak jasotzen dituen taula bat da. Irizpide bakoitzerako hainbat maila deskriptibo eskaintzen ditu. Irizpide eta maila bakoitzari zenbakizko kalifikazio bat esleitzen zaio. Irakasleak kalifikatzen duenean hautatzen du bidalitako lana zein mailan kokatu. Errubrikak berak kalkulatzen du azken kalifikazioa gelaxka bakoitzari emandako ponderazioaren  arabera.

Urratsak:

1- Zeregina definitzean, kalifikazioaren atalean, kalifikazio-metodoan errubrika aukeratuko dugu.

Momentuz ez dugu gehiago zehaztuko baina zeregina definitzen bukatzean egingo dugu "Gorde eta erakutsi".


2- Zereginaren barruan gaudela (ez bazaude klikatu zereginean), ezkerreko goiko izkinako ezarpenetan (engranajean) klikatu eta aukeratu:

  • "Kalifikazio aurreratua", baldin eta zuk edo beste irakasleren batek lehendik sortutako errubrika bat erabili nahi baduzu, dagoen bezala edo moldatua.
  • "Zehaztu errubrika", baldin eta errubrika berri bat sortu nahi baduzu.

3- Egindako bat moldatzeko edo berria egiteko zehaztuko dugu lehenengo kalifikazio irizpidea eta definituko dugu mailak ondoko zutabeetan. Gelaxka bakoitzean mailaren deskripzioa gehituko dugu eta maila horren kalifikazio partziala. Behin irizpide bat bukatzean beste irizpide bat gehituko dugu eta bere gelaxkak beteko, horrela bukatu arte.
Beheko aldean errubrikaren aukerak baieztatu eta "Gorde" egingo.

 Pentsatzen baduzu sortutako errubrika hori beste jarduera baterako erabili ahal izango duzula zu edo zure ikastetxeko lankide batek, orduan gorde txantiloi gisa.

Errubrika txantiloi gisa gordetzeko botoia


4- Errubrika prest dago erabiltzeko. Ikasleak zeregina egin baino lehen ikusiko du errubrika eta horrela jakingo du zein diren kalifikazio irizpideak eta zer egin behar duen kalifikazio ona izateko eta irakasleak kalifikatzeko unean aski izango du klikatzea matrizean dagozkien mailak eta kalifikazioa automatikoki kalkulatuko da. Azkenik ikasleak kalifikazioa ikusiko du eta ikusi ahal izango du haren desglosea.

Errubrika ikasleak zeregina egin aurretik




2019/11/29

Linux: erabileraren erregistroa

Nola jakin nork erabili duen ordenagailu bat eta zein ordutan?

Erabili daiteke last komandoa. Komando honek emango digu azken hilabetean nork ireki duen saioa, zein egun eta ordutan eta noiz itxi saioa edo ordenagailua itzali eta, ondorioz, zenbat denbora erabili den.

Kontuan izan Linux multierabiltzaile sistema dela, beraz, gerta daiteke une berean erabiltzaile bat baino gehiago egotea martxan.