2013/11/19

Xnoise Linuxen musika erreproduzitzeko


Xnoise Linuxerako musika erreproduzigailu interesgarria da. Bideoak ere erreproduzi badezake ere musikarako da batez ere praktikoa, izan ere behin instalatuta galdetzen digu musika zein karpetan -edo karpetetan- dugun eta oso katalogo intuitiboa antolatzen digu artista eta diskoen arabera antolatua.


Ezaugarri aipagarri batzuk:
  • Artista, diskoa edo abestiaren bilaketa zuhaitz egituran zehar edo bilatzailearen bidez.
  • Erreprodukzio edo pista-zerrenda edita daiteke abestiak nahi eran ordenatuz eta saio batetik bestera mantentzen du baina ezin da fitxategi batean gorde -momentuz-.
  • Ekualizadorea du eta bertan hainbat aurrezarpen.
  • Ubunturen soinu-menuan integra daiteke: Editatu > Hobespenak  > "Ubunturen soinu-menuarekin integrazioa" markatu.
  • Hobespenetako pluginen bidez beste hainbat gauza egin daiteke, besteak beste abestien letrak bilatzea. 
Ubuntun instalatzeko itsatsi hurrenez hurren agindu hauek terminal batean:
sudo add-apt-repository  ppa:shkn/xnoise
sudo apt-get update
sudo apt-get install xnoise

Beste aplikazioak Linuxerako.
Software-bilduma.

2013/11/17

Nola erreproduzitu DVD orijinalak Linuxen


Openclipart.org orritik hartua

DVD komertzial gehienek CCS (Content Scramble System) eskubide digitalak babesteko (DRM) kodetze-sistema dute. Kodetutako diskoak Linuxen erreproduzitu ahal izateko libdvdcss2 liburutegia instalatu behar da. Berau instalatzeko ireki terminala (Aplikazioak > Gehigarriak > Terminala) eta hurrenez hurren agindu hauek itsatsi eta exekutatu:

sudo apt-get update
sudo apt-get install libdvdread4
sudo /usr/share/doc/libdvdread4/install-css.sh

Orain berrabiarazi ekipoa eta prest.

2013/11/16

LibreOffice-n hitzen eta karaktereen zenbaketa

Gaur egun testu-prozesadoreek duten mailarekin ezin da aurrerapen handirik eskatu bertsio batetik bestera. LibreOffice-ren azken bertsioan, 4.1.3 bitxia iruditu zaidan berritasun bat sartu dute: egoera-barran -aplikazioaren beheko barran- hitzen eta karaktereen zenbaketa sartu dute.

Informazio hori eskuragarri zegoen lehendik Fitxategia > Propietateak > Estatistikak atalean baina orain begi bistan egoteak mesede egingo die kazetariei eta hainbat ikasleri, izan ere modan omen dago idazlanak enkargatzean hitz edo karaktere kopurua edo maximoa zehaztea.

Windows eta Mac-erako LibreOffice instalatu nahi baduzu bere web-orritik deskarga dezakezu. Linux erabiltzen baduzu eta 3. bertsiotik 4. bertsiora pasa nahi baduzu bertan duzu nola egin.

2013/11/15

Inprimatze zerbitzua aktibatu Lubuntun


Badirudi Lubuntu 13.04 bertsioan inprimatzen zerbitzua (CUPS) ez duela funtzionatzen ezin duelako inprimatze-zerbitzarira konektatu.

Konpontzeko modua:

Ireki terminala (Ctrl+Alt+t) eta  instalatu Gedit editorea:
sudo apt-get install gedit

Ondoren

sudo gedit /etc/init/cups.conf

Fitxategi horren hasieran bilatu "and started avahi-daemon", ezaba ezazu, gorde eta berrabiarazi. Inprimaketa zerbitzua martxan jarriko da.

2013/11/06

Linuxen instalazioa eta mantenua ikastetxeetan

2013ko azaroaren 14 eta 21ean Irungo Toki Alai institutuan ikastetxeetan GNU/Linux instalatu eta mantentzeko arrazoiak, lanabesak, irizpideak eta estrategiak aurkeztuko dituen ikastaroa izango da.

Hona bere ezaugarriak:

HELBURUA
Sei orduko aurrez aurreko ikastaro honen helburua hainbat ikastetxetan* egin
den Linuxen ezarpenean oinarri hartuta, beste ikastetxeentzako erreferentziak ematea. Donostiako Antigua-Luberri eta Lauaizeta BHI eta Irungo Toki Alai BHI.

NORENTZAT
Ikastetxeetako IKT eta Premia arduradunentzat (edo ardura horiek hartzeko asmoa dutenentzat).

EDUKIAK
  • Zergatik Linux. 
  • Software librearen abantailak. 
  • Ubuntu: Mahaigaina, arakatzailea, administrazioa 
  • Aplikazio nagusiak eta formatuen afera 
  • Juniper 
  • Windowsen Active Directoryn integratu eta Irakasleak, Ikasleak eta karpeta pertsonalak mapeatu 
  • Ataza administratiboak: programen eta inprimagailuen instalazioa, IPak finkatu, Terminal Server... 
  • Ubunturen instalazioa: Remastersys 
  • Arbel digitalen instalazioa: Smarten kontrolatzailea eta Open-Sankore Instalazioen erritmoak eta irizpideak. 
  • Intraneta Linuxen. 

IRAKASLEA
Alexander Gabilondo (Antigua-Luberri BHIko Premia)

DATAK: Azaroak 14 eta 21 (ostegunak)

ORDUTEGIA: 9:30-12:30

TOKIA: Irungo Toki Alai BHI (e-gela). Gazteluzahar Ibilbidea 1

PLAZAK: 12

IZEN EMATEA: mezua bidali irakasleari (a.gabilondo@antigua-luberri.net) bertan azalduta ikastetxea, ardura eta Linux ezagutzen ote duzun.

2013/11/04

Nola funtzionatzen du laser inprimagailu batek?

Hona hemen etxeko lana moduan interesgarria den aktibitate mota bat: ikasleei bideo baten helbidea ematen zaie; landu nahi dugu edukiaren gaineko bideoa erdaraz dago (kasu honetan bideoa Lexmark ekoizleak argitaratu du ingelesez). Ikasleak egin behar duen lana honako hau da:
  1. bideoa ikusi, ulertu eta 
  2. gidoia euskaratu -nik ez diet transkribatzea eskatzen, itzulpen librea baizik eta laburtua-,
  3. euskaratutako testua grabatu bideoarekin sinkronizatua, 
  4. bideoa deskargatu,
  5. bideo editatu: moztu, jatorrizko audioa mututu eta grabatutakoa aplikatu eta
  6. bideo berria errendatu.


Proposatutako aplikazioak (Firefoxen Video Download Helper  gehigarria bideoa deskargatzeko); Soinu grabatzailea, Audacity... audioa grabatzeko; Movie Maker, OpenShot...bideo editoreak.