2011/07/18

Linux: nola itzali ordu programatu batean

Gure eskolan, batez ere irakasle-gelan eta mintegietan, ekipoak sarritan piztuta gelditzen dira gau osoa eta asteburuetan. Arazo hori gertatzen da erabiltzaile finkorik ez duten ekipoetan; jendeak ez du itzaltzen uste duelako ondoren beste norbaitek erabiliko duela.

Lehengo batean idatzi nuen nola programa zitekeen ekipoaren itzaltzea erabiltzaile batean logeatuta. Hori bera egiteko aplikazio polit bat dago, Sentinella, Ubuntun software biltegitik instala daitekeena, eta aukera gehiago ematen ditu. Sentinela euskaraz ibiltzeko jaitsi fitxategi hau eta terminalean: sudo nautilus egin eta /usr/share/locale/eu/LC_MESSAGES izeneko karpetan itzatsi.



Baina eskolaren kasurako ez du balio, batetik ataza errepikakorrak ezin direlako programatu eta erabiltzaile bakarrerako balio duelako, alegia beste erabiltzaile baten saioan edo saio batean logeatu gabe ez dabil.

Harira. Nola programatu ekipoa egunero ordu zehatz batean itzal dadin edozein erabiltzaileren saioan egonda edo saiotik kanpo egonik ere.

Terminalean egin:
sudo gedit /etc/crontab
irekiko den fitxategian honako lerro bat erantsi:

00 22   * * *   root    shutdown -h now

Non
   00 minutuak diren,
   22 ordua,
   *    1-31 hilabeteko eguna. Izarñoak esan nahi du egunero.
   *    1-12 hilabetea
   *    asteko eguna: 1 astelehena, 2 asteartea...
   root  aginduaren emailea den eta
   shutdown -h now  aplikatu beharreko komandoa


Editatu ondoren gorde eta kito.




Oharrak:
  • Komeni da itzaltzeko ordua nahiko berandu ipintzea eta lankideak jakinaren gainean egotea. Ordua iritsita norbait lanean balego gordetzeko aukera eman gabe itzaliko zaio ekipoa.
  • Sintaxi horri segituz itzaltzeko ordua edo eta ekintza bera alda dezakezu.
  •  Programazioa aldatzeko edo ezabatzeko berriz editatu behar da crontab fitxategia.
  • Sarean begiratuta crontab editatzeko beste modu txukunagoa badago, bai eta interfaze grafiko bat ere, gnome-schedule, baina horiekin ez dut lortu emaitza onik eta azaldutako metodoarekin bai.


2011/07/13

OpenPYME enpresa txiki eta ertainentzako software librea

Kanariak uhartetako La Laguna Unibertsitateko Software Librearen Bulegoak pyme, hau da enpresa txiki eta ertainentzako software librearen bilduma interesgarri bat osatu du. Hasierako orrian kategoriak agertzen dira: Ofimatika, finantzen kudeaketa, e-komertzioa...; kategoria hautatuta funtzionalitate horretako aplikazioak agertzen dira; aplikazioa hautatuta deskripzio txiki bat, zein sisteman dabilen eta jaisteko lotura.

Klika irudian OpenPYMEren web orrira joateko.

Enpresentzako ez ezik enpresari lotutako prestakuntza ematen duten ikasteentzako baliabide interesgarria.

2011/07/12

Nola inprimatu irudi bat hainbat orritan

Irudi batekin poster bat egin nahi baduzu inprimagailu arrunt batez, alegia dinA4 tamainako orriak erabiltzen duen inprimagailu batez, artisautzako lan fina egin beharko duzu edo Posterazor aplikazioa erabil dezakezu.

Aplikazio honek oso erabilera sinplea du: irudia kargatu, orientazioa hautatu eta zenbat orritan inprimatu nahi dugun zehaztu behar dugu. Aplikazioak pdf formatuko fitxategi bat sortuko du. Fitxategi honetan irudia orri beste zatitan dago eta zati hauek muntatzen dira zinta itsaskorrez edo kolaz itsasteko.

Irudi zatiak muntatzen dira eta kolatzeko espazioa dute.
Tamaina handian inprimatzean kalitatea mantentzeko irudia handia izatea komeni da, alegia pixel asko izan behar ditu.

Aplikazioa software librekoa da eta hiru sistema nagusietan instala daiteke: Ubuntun zuzenean software biltegitik instala daiteke edo terminalean ondokoa itsatsita:
sudo apt install posterazor


Beste sistemetarako eta Linuxeko beste banaketetarako proiektuaren web orritik deskarga daiteke.

2011/07/08

Luberri beste hizkuntzetan

Sustatun irakurri dut Googlek web orriak itzultzeko gadgeta  jarri duela eskuragai web editoreentzako.  Kutxatxo bat sortzen du eta bertan aukera daiteke zein hizkuntzara itzuli web orria edo bloga.


Eskuin zutabean jarri dut. Egia esateko itzulpenak hain dira "bitxiak" laguntzarako baino barre egiteko balio dutela -eta hori zerbitzua betatik alphara pasa dutela-. Tira, besterik ez bada testuak gehituta itzulpenen kalitatea hobetu dezaten.

2011/07/04

Nola aldatu favicona Blogger blog batean

Favicon esaten zaio web orri baten fitxaren erlaitzean, izenaren ezkerrean, agertzen den ikono txikiari. Aldatu ezean Bloggerrekin egindako blogetan agertzen den favicona fondo laranjaren gaineko B bat da.





Blogger blog baten editorea bazara aukera duzu favicona aldatzeko. Lehenik eta behin faviconaren irudia sortu edo bestela irudi bat aukeratu behar duzu (aukera zabala duzu openclipart.org, Creative Commons). Ondoren tamaina eta formatua emateko gutxienez bi aukera daude:

  • Aukera bat Gimpen editatzea da. Irudiari forma karratua eman, 32x32 pixeleko tamainara eraman eta gorde ico formatuarekin.
  • Beste aukera bat da Genfavicon.com orria erabiltzea. Arakatuz hautatu nahi duzun irudia eta igo, irudia doitu eta ico formatuarekin jaitsi.

Irudia ico formatuan dugula gure Blogger blogera joan, saioa hasi eta  dugu Bloggerren eta Desingn atal edo fitxara joan, bertan Favicon  Edit klika, arakatuz hautatu sortutako ico fitxategia eta gorde diseinua.

Nabigadorean zure bloga ireki eta, dena ondo joan bada, zure favicona agertuko da fitxan.

Plataforma bat erabili beharrean web orria editore batez osatzen baduzu eta gero
internetera igotzen baduzu favicona eta titulua aldatzeko kontsultatzen ahal duzu beste mezu hau

2011/07/02

Munduko mapak sarean

Etorri da uda eta opor garaia. Sasoi ezin hobeagoa etxe ondoko zein munduko beste munduko bazterrak arakatzeko.
Arakatze horiek egiteko mapak baliabide interesgarriak dira. Karpeta bat baino gehiago dut paperezko mapaz beteta eta, egia esateko, ez ditut lehen beste erabiltzen zeren eta gaur egun sarean daudenak hobeak agian ez baina erabiltzeko errazak izateaz gain bilatzeko, neurtzeko eta informazio osagarria lortzeko tresna egokiak dituzte. GIS metodologia erabiltzen dute, hau da geruzaz osatuta daude eta geruza bakoitzak informazio mota bat ematen du: altitudeak, izenak, bideak...

Hona ekarriko ditut nire ustez erabilgarrienak, batetik eskura izateko eta bestetik haien arteko aldeak ikusteko. Diferentzia horiek hobeto ikusteko sailkapen txiki bat egingo dut:

Osatzeko eraren arabera:
  • Mapa tradizionalak, sestra-kurbadunak.
  • Satelitetik edo hegazkinetik ateratako argazkiz osatutakoak.
Dimentsioen arabera:
  • lauak.
  • erliebedunak.
Datuak biltzeko modua eta hauen patentearen arabera:
  • Pribatuak
  • Libreak, wikiak: datuak norberak sartu eta osa ditzake eta erabilera librea da.
Diferentziak hobeto atzemateko ireki dezakezu bakoitza fitxa batean (irudiaren gainean jarri eta klik egin saguaren gurpilarekin) eta gero fitxaz fitxa ibili. Pasaiako badia aukeratu dut orografia berezia duelako eta zati txiki batean mendia, hirigune eta bideak eta bestelako elementuak agertzen direlako. Egin kontu ere toponimian eta euskararen erabileran.

Lehenengo hiru irudiak Google Maps orrikoak dira: satelite,  erliebea eta mapa arrunta.







Google Maps-en gainean UZEIk estatuen euskarazko izenak dituen Mundu-mapa garatu du.


Ondoren wikiak, libreak: OpenStreetMap (Euskal Mapa), OpenCycleMap eta Wikimapia. Euskal Mapa eta OpenCycleMap OpenStreetMap-ean oinarritzen dira: lehenengoan munduko izen ezagunenak euskaraz agertzen dira eta bigarrenean sestra-kurbak.









Azkenik Google Earth erliebeaz gain hiru dimentsio efektuak lortzen duena behatze planoa aldatuta.