2011/07/02

Munduko mapak sarean

Etorri da uda eta opor garaia. Sasoi ezin hobeagoa etxe ondoko zein munduko beste munduko bazterrak arakatzeko.
Arakatze horiek egiteko mapak baliabide interesgarriak dira. Karpeta bat baino gehiago dut paperezko mapaz beteta eta, egia esateko, ez ditut lehen beste erabiltzen zeren eta gaur egun sarean daudenak hobeak agian ez baina erabiltzeko errazak izateaz gain bilatzeko, neurtzeko eta informazio osagarria lortzeko tresna egokiak dituzte. GIS metodologia erabiltzen dute, hau da geruzaz osatuta daude eta geruza bakoitzak informazio mota bat ematen du: altitudeak, izenak, bideak...

Hona ekarriko ditut nire ustez erabilgarrienak, batetik eskura izateko eta bestetik haien arteko aldeak ikusteko. Diferentzia horiek hobeto ikusteko sailkapen txiki bat egingo dut:

Osatzeko eraren arabera:
  • Mapa tradizionalak, sestra-kurbadunak.
  • Satelitetik edo hegazkinetik ateratako argazkiz osatutakoak.
Dimentsioen arabera:
  • lauak.
  • erliebedunak.
Datuak biltzeko modua eta hauen patentearen arabera:
  • Pribatuak
  • Libreak, wikiak: datuak norberak sartu eta osa ditzake eta erabilera librea da.
Diferentziak hobeto atzemateko ireki dezakezu bakoitza fitxa batean (irudiaren gainean jarri eta klik egin saguaren gurpilarekin) eta gero fitxaz fitxa ibili. Pasaiako badia aukeratu dut orografia berezia duelako eta zati txiki batean mendia, hirigune eta bideak eta bestelako elementuak agertzen direlako. Egin kontu ere toponimian eta euskararen erabileran.

Lehenengo hiru irudiak Google Maps orrikoak dira: satelite,  erliebea eta mapa arrunta.







Google Maps-en gainean UZEIk estatuen euskarazko izenak dituen Mundu-mapa garatu du.


Ondoren wikiak, libreak: OpenStreetMap (Euskal Mapa), OpenCycleMap eta Wikimapia. Euskal Mapa eta OpenCycleMap OpenStreetMap-ean oinarritzen dira: lehenengoan munduko izen ezagunenak euskaraz agertzen dira eta bigarrenean sestra-kurbak.









Azkenik Google Earth erliebeaz gain hiru dimentsio efektuak lortzen duena behatze planoa aldatuta.

2011/06/30

Nola bertsio berritu Thunderbird 5era Ubuntun

Thunderbird Mozillaren posta bezeroa da eta bere anaia den Firefox nabigatzailea bezala bertsio berritze sistema aldatu du: biek laburtu dituzte bertsioen bizitza. Ez dakit horrekin bere burua berritzen behartu nahi duten, berritze itxura ote den, sistema batzuen sei hilabeteko bertsio berritzera egokitu nahi ote duten edo bestelakoa den taktika honen arrazoia.

Thunderbirden kasuan 3.1 bertsiotik 5 bertsiora egin du salto 4tik pasa gabe Firefoxekin bertsio zenbakia partekatzeko asmoz.

Harira. Bertsio berri honek funtsezko aldaketari ez du, eta hauek dira aldaketa nabarmenenak:
Mozillaren Gecko 5 motorea erabiliko du hemendik aurrera.
Kontuak sortzeko morroia aldatu dute kontuen ezarpenak markatzeko prozesua errazteko.
Mezuen fitxen ordena aldatzeko aukera sartu dute.
Postari erantsitako fitxategien tamainak ikusiko dira.
Gehigarrien kudeatzaileak Firefoxenaren itxura hartu du.



Instalatzeko aginduak kopiatu eta terminalean itsatsi eta exekutatu behar duzu. Thunderbirden bertsio berritzea orain egin nahi baduzu Mozillaren APPa edo bertsio egonkorren biltegia erantsi behar duzu: 

sudo add-apt-repository ppa:mozillateam/thunderbird-stable

Ondoren software biltegiak eguneratu, 

sudo apt-get update

bertsio berriak instalatu, 

sudo apt-get upgrade



Ondoren gehigarriak eguneratu behar dugu. Gehigarrien programadoreak zoratuta omen dabiltza bertsio berritze erritmo zoro honekin zeren eta etengabe egokitu behar dituzte. Nik Lightning eta Zindus erabiltzen ditut, lehenengoa egutegi-agenda eta bigarrena Gmailekin kontaktuak eta karpetak sinkronizatzeko. Lehenengoa automatikoki eguneratzen da eta bigarrena, Zindus, eguneratzeko hemendik deskargatu behar da, ondoren Thunderbirden egin behar da: Tresnak > Gehigarriak eta bilaketa leihoaren ezkerrean agertzen den giltzaren aukeretan hauta "Instalatu gehigarria fitxategitik..." deskargen karpeta arakatu eta hautatu Zindusen fitxategia.

Ez baduzu posta bezerorik erabiltzen eta merezi ote duen dudatan bazaude nire gomendioa da instalatzea normalean posta irakurri eta idazten duzun ekipoan, batez ere posta kontu bat baino gehiago erabiltzen baduzu; postaren gestioa azkartzen da, postak batera ekartzen ditu eta kontaktuak kontu guztietarako erabiltzen dira. Ubuntuk Evolution posta-bezeroa instalatzen du baina Thunderbird frogatu nahi baduzu instala dezakezu terminalean itsatsita:

sudo apt-get install thunderbird

2011/06/28

Unity dela eta Ubuntuk distroen lidergoa galdu du



Distrowatch orriaren arabera Ubuntuk galdu du azken urteetan Linuxen banaketen artean izan duen lidergoa eta postu hori hartu duena Ubuntun oinarritzen den LinuxMint distribuzioa da.

Argi dago kolpearen arrazoia Unity interfazea dela. Unityrekin Canonical enpresak smartphonen itxura eta jokabidea bilatu erabiltzaile berriak irabaztearren baina badirudi Linux erabiltzaile esperientziadun askok ez dutela ongi hartu aldaketa eta beste banaketara jo dutela.

2011/06/25

Ubuntu: fitxategiak ezabatu memoria txarteletik, USB memoriatik edo kanpoko disko batetik

USB memoria batetik, txarteletik, USB disko batetik edo sareko unitate batetik fitxategi bat ezabatzen dugunean ez da desagertzen eta ez du tokia askatzen, aitzitik .trashxxxx izeneko zakarrontzi-karpetara joaten da -non xxxx ezabaketa egin duen erabiltzaile-zenbakia den-. Zakarrontzira joateak bere onurak ditu, besteak beste ezabatutako fitxategiak berreskuratu ahal izatea; baina zakarrontzi hauek ezkutukoak dira, ez dira ikusten, eta gerta daiteke ustez hutsik dagoen memoria-txartela kargatu argazki kameran eta argazki gutxi batzuk eginda "txartela beteta" mezua agertzea edo pendrivean ustez sartu behar zen informazioa aski tokirik ez izatea.

Soluzioa; bat baino gehiago:

  • Gailua -dela txartela, pendrive, usb-diskoa, atera baino lehen arakatzailean desmuntzateko esaten badugu leiho bat aterako da zakarrontzia hustea nahi ote dugun. Baietz esaten badugu tokia libratzen da.
  • Beste aukera bat tarteka zakarrontzi hauek ezabatzea da. Horretarako gailua ireki eta ezkutuk fitxategi eta karpetak ikustea eskatu (Ikusi > Erakutsi ezkutuko fitxategiak) edo Ctrl+h egin. Behin agerian agertzen direla delako .trash horiek, hauta eta ezaba itzazu.

  • Bururatzen zaidan hirugarren aukera Nautilus arakatzailean benetako ezabaketa gaitzea da. Horretarako arakatzailea irekita dugula menuan egingo dugu Editatu > Hobespenak > Portaera eta atal honen beheko partean dagoen "Sartu zakarrontzia saltatuko duen "Ezabatu" komandoa" aktibatu. Hori eginez gero edozein fitxategi edo karpetan eskuin klik egitean "zakarrontzira bota"ren azpian "ezabatu" agertuko da. Bigarren aukera honez erabat ezabatzen du, zakarrontzitik pasa gabe. Antzeko emaitza du objektua hautatu ondoren Shift+Supr egiteak.





Irudiak Open Clip Art Librarytik hartuak.

2011/06/24

Nola instalatu Firefox 5 Ubuntun.

Gaur jarri dute Firefox 5 bertsio egonkorren biltegian, beraz instalatu nahi baduzu aski duzu Firefoxen PPA instalatzea era honetan: ireki terminal bat (Aplikazioak > Gehigarriak > Terminala, edo Ctrl+Alt+t) eta exekutatu, hurrenez hurren, agindu hauek:

sudo add-apt-repository ppa:mozillateam/firefox-stable
sudo apt-get update
sudo apt-get upgrade
sudo apt-get install firefox-locale-eu 

Lehenengo aginduak Firefoxen bertsio egonkorren biltegia instalatzen du; Firefox 4 instalatzeko jarri bazenuen nahiko izango duzu azken bi aginduak exekutatzea, alegia sistema eguneratzen dutenak.
Behin instalatuta saiatuko da gehigarriak eguneratzen eta baliteke baten bat bateragarria ez izatea. Niri Fast Dial-ekin gertatu zait. Seguru egun gutxi batzuk barru ateratzen dutela bertsio bateragarria.

Itxuraren aldetik ez dago aldaketa nabarmenik. Aldaketak barrukoak dira eta horien berri jakin nahi baduzu librezaleak.org orrian topa ditzakezu.

2011/06/23

Arista Transcoder bideo bihurtzailea



Linuxen ez dut topatu Windowserako Format Factory bezain osoa den
bideo-formatu bihurtzailea baina Arista Transcoder oso interesgarria
iruditu zait. Bideo bat formatuz aldatu nahi baduzu -tamaina txikitzeko,
erreproduzitzeko arazo gutxiago izateko...- Arista aplikazio sinplea da, azkarra,
eta, aukera gutxi ematen baditu ere, oso formatu interesgarriak ditu, hala nola Mp4-H.264, Matroska-Theora, Flv eta, batez ere, WebM bideo-konpresio formatua.

Ubuntun instalatzeko software-biltegitik egin daiteke. Ubunturen azken bertsioa ez baduzu edo Software biltegirik ez baduzu eta azken bertsioa instalatu nahi baduzu PPA biltegia zehaztuta instala dezakezu; horretarako terminala ireki eta hurrenez hurren hiru agindu hauek exekuta itzazu:
sudo add-apt-repository ppa:webupd8team/arista
sudo apt-get update
sudo apt-get install arista


Hauta daiteke fitxategi bat konbertitzeko ala disko edo karpeta batean dauden fitxategi guztiak. Jatorrizko fitxategiak mantentzen ditu.


 Konbertsioa irauten duen bitartean bideoaren erreprodukzio txikia ikus daiteke.

Ubunturen software-biltegitik instala daiteke eta Soinu eta bideo atalean kokatzen da.

Azpitituluen fitxategia badugu, bideo fitxategiaren izen bera badu eta bideo fitxategiaren karpeta berean badago Aristak azpitituluak itsasten ditu bideoan. Aukera hau interesgarria da kontuan izanik Subtitulator, azpitituluak bideoan itsasteko aplikazioa, soilik AVI fitxategiekin funtzionatzen duela.

The Borrower Arriette filma azpitituluak itsatsita duela
Duzun filma DivX kodeka ez badu eta DVD erreproduzigailu batean ikusi nahi baduzu aukerarik egokiena, nire ustez, DVD player PAL DVD da aukerarik egokiena.


2011/06/21

Ubuntu: nola sortu fitxategi eta karpeten estekak



Ez da modu bakarra baina bai errazena. Estekatu nahi duzun fitxategi edo karpetaren gainean jarri, klika saguaren gurpilean -edo erdiko botoian- eta herrestan eraman mahaigainera edo esteka utzi nahi duzun karpetan, askatzean menu txiki batek emango dizu aukera eramateko, kopiatzeko edo estekatzeko; hirugarrena hautatu eta kito.



Hiru ohar.
Estekak sortzeko modu hau erraza izateaz gain funtzionatzen duen bakarra da estekatu beharreko fitxategia edo karpeta ekipotik kanpo sarean konpartitutako karpeta batean dagoenean.
Esteka hauei Linuxen sinbolikoak edo bigunak esaten zaie. Esteka ezabatzen baduzu jatorrizkoa ez du kalterik hartzen. Jatorrizkoa ezabatuz gero esteka zurtz geratzen da.
Erabiltzaile bat baino gehiago badago ekipoan estekak erabili daitezke karpetak konpartitzeko. Kasu horretan karpetaren jabeak haren propietateetan baimenak alda ditzake beste erabiltzaileei eskubide gehiago emateko.

2011/06/16

Luistxo Fernandez software libre eta enpresaz

Luistxo Fernandez CodeSyntax enpresako partaideak elkarrizketa batean jardun du software libre eta enpresaz, beti bezain argigarri eta etxeko. Bereziki interesgarria iruditu zait software librearen erabilerak nola indartu dezake enpresaren erantzukizun soziala. Aspaldi ez nuen termino hori entzuten, ez behintzat Aurrezki Kutxaren kutsurik gabe.



Elkarrizketa Zortzigarren Lurraldea proiekturako egin dute  eta blogean edukien kontzeptu mapa eta guzti ikus daiteke.

2011/06/14

Nola eman baja zenbait sare sozialetan

by Luc Legay
Dela esperientziak ez zaituelako gogobete, funtsik ez diozulako topatu, ez duzulako zure datuak konpainia erraldoien eskuetan utzi nahi edo dena delakoagatik Facebook, Twitter, MySpace edo Tuenti-tik baja eman nahi baduzu hona hemen esteka batzuk lagunduko dizutenak, ez baitute erraz jartzen:

Facebook. Baja hartzeko esteka honetara jo dezakezu eta ematen dituen jarraibideak segi. Lanak egin ondoren hamalau egunez baja behin behinekoa izango da eta epe horretan atzera egin dezakezu.

Twitter. Esteka honetatik ezabatzen da "eliminar la cuenta" sakatuta. Baja une horretan hartzen da eta ezin dira ez kontua ez datuak berreskuratu.

MySpace.  Baja hartzeko esketa honetan klika eta "cancelar la cuenta" egin.

Tuenti. Behin behineko baja har daiteke kontuaren ezarpenetatik edo behin betikoa esteka honetan abiatuta -arrazoi bat eman behar da-.

Informazio iturria: Consumer

2011/06/12

Lur entziklopediako edukiak Wikipediara

EAEko Hizkuntza Politikak bere jarrera argitu du. Iazko azaroan esan zuen 200.000 euro zituela euskarazko entziklopedia bat sortzeko edo Wikipediarekin hitzarmen bat egiteko.




Badirudi azkenean 169.000 euroko partida bat -zer gertatu da gainerako 31.000ekin?- jarriko duela lehiaketa publiko baten bidez bere jabetzakoak diren Lur Entziklopediako edukiak egokituta Wikipediara sartzeko.

Azaroko egoera Sustatun
Albistea Euskadi+Innovan

Pantaila beltza





Gauez ohitura dut RSS edo harpidetzei begiratu bat emateko eta, ordu horretan bederen, pantaila zuriak begiak nekatzen dizkit. Azkenean pantaila beltzera jo dut eta begiek eskertzen dute.

Horretarako hiru elementu belztu ditut:

  • Ubunturen gaia Ambiance, oker ez banago instalazioak jartzen duena, aplikazioaren barra beltza du eta.
  • Firefoxentzako Ambiance gaia, kilkerren koskabiloen kolorekoa.
  • Azkenik Google Reader belzteko:
  • Firefoxen Stylish gehigarria instalatuko dugu; honek Google Reader eta Gmailen gaiak jartzeko aukera ematen du.
  • Userstyles web orriko Perfect Dark estiloa instalatuko dugu.


Aldaketa hauek frogatu eta gustuko ez badituzu ken ditzakezu honela: Firefoxen Tresnak > Gehigarriak eta bertan Hedapenetan Stylish kendu eta Itxura atalean Ubuntu Ambiance kendu.

2011/06/11

Surfer: 3Dimentsioko funtzioen irudikapena



Letretakoentzat lan nekeza izan da beti bi dimentsioko funtzioen interpretazioa,  parabolak direla, direla hiperbolak...  x eta y-rekin nahasita ibiltzen ginenontzat haren laguna den z agertzen denean forma matematikoen edertasunaz disfrutatzearekin konformatu beharko dugu.

Oberwolfacheko ikerketa matematikako institutuak garatu du eta hiru aldagaitako funtzioak  irudikatzen ditu. Funtzio galeria bat eskaintzen du eta funtzio hauetan zenbait aldagaien balioekin jolas daiteke formak aldatzeko.
Programa hiru sistema nagusietan dabil.

Linuxen instalatzeko hemendik jaitsi eta fitxategian bi klik eginda software biltegiak instalatuko du (instalazioa bukatzen duenean ez du adierazten baina programa prest egongo da Aplikazioak > bestelakoak taldean).
 

2011/06/08

Ubuntu: aukeran Rhythmbox, Jamendo eta Magnatunerekin.

Ubunturen azken bertsioak, Natty Narval-ek, musika erreproduktorean aldaketa bat ekarri du Rythmbox-en ordez Banshee. Erreproduktore berrian ez dira agertzen Jamendo eta Magnatune musika libreko banatzaileen loturak.
Nola erabiltzen dira lotura horiek Rythmbox erreproduktorean? Ikus dezagun adibide bat. Demagun blues pixka bat entzun nahi duzula. Aplikazioak > Soinua eta bideo > Rythmbox musika erreproduzitzailea abiatu:



  1. Hauta ezazu Jamendo (edo Magnatune).
  2. Bilatzailean entzun nahi duzun musika estiloa (gure kasuan blues)
  3. Artista, album edo zuzenean abesti bat hauta eta erreprodukzioa hasiko da eta jarraituko du zerrendako ordenan.
  4. Albuma gustatu bazaizu eta deskargatu nahi baduzu mp3an entzuteko edo CD bat egiteko deskargatzeko ikonoa klikatu. Jamendoren kasuan doako deskarga hasiko da torrent bidez eta Magnatuneren kasuan erregistratu eta hilean 15$en truke nahi haina deskargatu ahal izango dugu.
Rythmbox instalatzeko -eta hala nahi baduzu Banshee desintalatzeko- Software biltegitik egin dezakezu.

2011/05/31

Nola bilatu informazioa blog honetan

Aitorpen bat egin behar dut. Bloga sortu nuenean -Windows garaian- gehien bat erabilpen partikularrerako egin nuen. Bloga erabili aurretik gogoan izateko gauzak: trukoak, konponketak, nondik jaitsi ez dakit zer... testu dokumentuetan gordetzen nituen eta USB memorian gordetzen nituen. Bistan da sistema kaskarra zela, behar nuena topatzeko lanak eta USBrik gabe jai. Horretarako sortu nuen bloga: gogoan izateko gauzak eta apuntetxoak sarean, era antolatuan eta bilatzeko erraza den moduan edukitzeko.

Ondorioz neu naiz blog honen bezerorik fidelena. Sarri erabiltzen dut gogoratzeko nola instalatzen den Google Earth, Ubuntu abiatzean nola aktibatzea automatikoki teklatu numerikoa edo Libreofficen nola egin behar da dokumentu batean orri horizontalak eta bertikalak konbinatzeko. Zentzu horretan gaurkoan komentatu nahi dudana nola bilatu daiteke eduki bat blog honetan. Etiketak aparte utzita bi eratan:

Blogerrek, alegia blogak berak, ezkerraldean duen bilaketarako leihoa.

Bilaketa adimentsua Bloger-en bilaketa leihoan.
Firefoxen bilaketa motorean -Google Search atalean- edukia baino lehen luberri jarrita, ondoko adibidean ikus daitekeenez:

Bilaketa adimentsua Firefoxen bilaketa-motorean. Edukiaren aurretik luberri jarrita.

Gaur egun, partekatzearen garrantziaz jabetuta  -Linux garaiak- , zuek lagunontzat ere idazten dut tankera honetako mezuak.

2011/05/30

html5ean saltoka

Flash-ek ematen dituen posibilitate guztiak berdintzeko asko falta bazaio ere html5, oraingoan javascript-ekin batera, web orriei inolako pluginen beharrik gabe gaitasun interesgarriak ematen dizkie.

Ikus dezagun adibide bat: PurpleFloydek diseinatu duen Fred Jones in Adventureland jolasa. Jolasean hasteko egin klik irudian. Norabidea ezker eta eskuineko geziekin kontrolatzen da, jausiak gorako geziarekin.

2011/05/23

Ubuntu: nola jarri Gmail hobetsitako posta moduan.

Ordenagailuan posta-bezerorik (Evolution, Thunderbird...) erabili beharrean web-posta erabili nahi baduzu eta Gmail kontua sisteman integratu nahi baduzu Gnome Gmail aplikazioa behar duzu.

Instalazioa: http://gnome-gmail.sourceforge.net/ web orrira joan eta .deb bertsioan klika ezazu eta instalatu.

Aplikazioa instalatu ondoren hobetsi dezakezu Gmail posta-bidalketarako honako hau eginten: Sistema > Hobespenak > Hobetsitako aplikazioak > Posta irakurlea eta Gmail hauta ezazu.


Zer egiten du?
Edozein aplikazioan zaudela, Nautilus, Firefox, Libreoffice... lotura edo dokumentua bidaltzea agintzen duzunean automatikoki irekitzen da Gmail lotura edo dokumentua erantsita duela.

Errendimenduari begira interesgarria dudarik gabe.

2011/05/19

Inkscape + Synfig + Byzanz Gif animatuak sortzeko

Synfig Studio animazioak egiteko aplikazio libre bat da, Flash-en antzekoa. Ez dut esango erraza denik eta ez dut topatu pulamenduzko dokumentaziorik, baina denbora eta pazientziarekin egin daitezke gauzak.



Sinfig-en irudiak egin eta ondoren animazioak sortzen dira. Dena den irudiak egiteko ez zait egokia iruditzen baina SVG formatuko irudiak inporta dezakeenez irudiak askoz aukera gehiago eskaintzen dizkigun Inkscape aplikazioan egin ditzakegu eta gero Sinfig-en inportatu. Goiko irudian esate baterako Pirritxen irudia egiteko argazki batetik abiatu, berau gardendu eta -txikitan egiten genuen bezala- kalkatu egin dut. Bi gauza eduki ditut kontuan: irudia egitean barruko kolorea duten elementuak marraztu behar dira eta kontuan eduki behar da zein elementu doan zeinen gainean. Bestetik Inkscape gradienteak egiteko aukera handiak ditu baina gradiente gehienak galtzen dira Sinfig-era pasatzean.
Sinfig duen akats bat da animazioak bakarrik ikus daitezkeela Sinfig-en. Eta hor sartzen da eszenatokian Byzanz. Byzanz applet bat da pantailako kapturak egiten dituena gif animatuen formatuan. Animazioa erreproduzitzen den pantaila zatia grabatu eta kito.

Inkscape ikasteko oso ondo dago Joaclint Istgud-en "Logo a logo" manuala.
Gif animatuak sortzeko era tradizionalean ondo dago GiftedMotion aplikazioia.
Mezu honetan aipatutako aplikazio guztiak libreak dira. Synfig eta Inkscape plataforma guztietarako bertsioak dituzte eta GiftedMotion java aplikazioa da.

2011/05/18

Datu-pilotuaren erabilera OpenOffice/LibreOfficen

Datu asko duten kalkulu orrietan sarri datuen azpimultzoekin lan egitea komeni da. Azpimultzo edo kontsulta horiek egiteko pare bat metodo badira bederen: iragazkiak eta datu-pilotuak. Gaur datu-pilotuaz arituko naiz.

Datu-pilotuak honako hau egiten du, datu-hautapen baten gainean interesatzen zaizkigun zutabe eta errenkadekin orri berri bat sortzen du; orri horrek jatorrizko orritik interesatzen zaizkigun eremuak erakusteaz gain berauek aldatzeko aukera ematen du. Datu hautapen horren gainean baldintzen bidez zehatz daiteke zeintzuk datuk ikusi, eta horretaz gain, hautatutako datu horiekin kalkuluak eta grafikoak egin ditzakegu. Ikus dezagun adibide bat.

Abiapuntua eskolako ikasleen zerrenda da. Mila ikasle ingurukoa.

Ikasleen datuak dituen kalkulu orriaren detailea. Ikasleen izenak pixelatuta daude.
Taula osoa hautatu eta menu nagusian Datuak > DatuPilotua egingo dut. Datu horietan zeintzuk errenkadak eta zutabeak interesatzen zaizkigun markatuko ditut.



Interesatzen zaizkidan zutabeak ezkerreko atalean kokatu ditut.
Ados egin eta aplikazioak orri berri bat sortzen du eta datu-pilotua deitzen dio. Hemendik aurrera hor lan egingo dugu jatorrizko orria lagata. Orri berri honetan iragazkiak ditugu zutabe-buruetan eta haien bidez datuei galbahea pasatzen ahal diegu.

Zutabe batean iragazkia pasatzeko aukerak
Bukatzeko, iragazi konplexuagoak egiteko pilotuaren ezker izkinan agertzen den iragazia botoian klikatuta hainbat baldintza konbina dezakegu azpitaldeak egiteko.
Iragazi konbinatu baten adibidea. Ibai Lizeo eta Amassorraindik etorri diren ikasleen artean marrazketa markatu ez dutenak.

Laburbiltzen datu anitz kudeatzeko datu-base bat erabili beharrean kalkulu orria ibiltzen badugu -oso tipikoa inguru ez informatikoetan- datu-pilotuak datu-baseetan tipikoak diren kontsulta edo azpi-multzoketak  egiteko aukera ematen ditu.


2011/05/15

Ubuntu: nola grabatu ordenagailuak erreproduzitzen duen soinua

Eguneratzea: Ubunturen soinu grabatzailea Ubuntu 12.04 bertsiotik ez du funtzionatzen. Horren ordez Audio Recorder edo Audacity erabiltzen ahal dira.


2011/05/09

Eguzki sistema osoa web orri batean sartuta

Ordenagailuan deus instalatu gabe -nabigatzailerako Flash Player baduzu-, web orri honetara joanda:


Ikuspegi heliozentrikoa


Zure pantailan eguzki-sistema hiru dimentsiotan agertuko da.  Nabigazioa saguarekin kontrolatzen da eta  abiadura handian funtzionatzen du.
Hiru ikuspegi eskaintzen ditu: geozentrikoa, heliozentrikoa eta zerukoa. Lehengo bietan astroen eskala handitua dago.
Data eta ordua aldatuz gero orduko egoera agertzen du.

Ez dauka Celestia, Stelarium edo Kstars duten potentzia baina abantaila handi bat du: ez da ezer instalatu behar.

Beste hezkuntza baliabideak.
Informazioa iturria: Genbeta

2011/05/08

Ubuntu: efektu grafikoak berreskuratzen

Unity lagata Gnome klasikoan efektu grafikoak berreskuratu ahal izateko Compiz-en manager  instalatu behar da terminalean ondokoa itsatsita:

sudo apt-get install compizconfig-settings-manager
Ondoren, Compizen efektuak moldatzeko menuan hauta Sistema >  Hobespenak > CompizConfig Settings Manager ireki eta bertan:

CompizConfig settings manager



Pantailaren zoom-a Mayus+gurpilaren bidez  gaitzeko Erabilerraztasunetan Enhanced Zoom Desktop aktibatu.

Super+M  pantailaren negatiboa gaitzeko Erabilerraztasunetan  Negative aktibatu.

Leihoen gelatina efektua gaitzeko Efektuak atalean Dardara duten leihoak aktibatu.

Leiho aktiboen artean hautatzeko Super+Tab gaitzeko Leiho kudeaketa atalean Shift Switcher aktibatu.

Hiru aplikazioen artean hautatzen Super+Tab bidez.

2011/05/07

Hamar minutu Unityrekin

Bart Natty Narval Ubunturen 11.04 bertsioa instalatu nuen, hobe esan,  bertsio-berritzea egin dut. Bertsio berritzea arazorik gabe joan da baina luze, biltegiaren buxaduragatik-edo lau bat ordu eman zuen fitxategi berriak deskargatzen.



Dudarik gabe aldaketarik nabarmenena Unity da, interfaze grafikoa. Egia esateko mezua  idatzi ez idatzi ibili naiz ez baitzait gustatzen berritasun edo aldaketen aurka egitea.

Kontua da Unityrekin hamar minutu egon naizela. Erabakita neukan lehenengo inpresioa edozein zela aukera bat emango niola baina ez onurarik ez diot ikusi eta bai ordea hainbat eragozpen edo atzera-pausu.

Onura bakarra ikusi diot: pantailatik gehienetan bi barra kentzea lortu du (beheko panela eta aplikazio-barra). Hori kontuan hartzeko da pantaila txikietan, hala nola netbook eta tabletetan baina pantaila ertain handietan, nire ustez, ez du konpentsatzen galtzen dena.

Zer galtzen den? mahaigainak eta aplikazioek denbora gehiago behar dute abiatzeko; itxuraren efektu grafikoak galtzen dira -tartean hain gustuko dudan gelatina efektua-; launcher-etik kanpoko aplikazioak topatzea abentura bat bihurtu da, zer esanik ez administrazioa atazak -ez ditut topatu itzaltzera joan arte-; egoera barra desagertzean ez da ikusten zeintzuk aplikazioak dauden irekita -launcher-a ireki eta betaurrekoak jantzi behar dira-; goiko panelean appletak ezin dira jarri zeren eta ezker eta erdiko aldea aplikazioen menua jartzeko erabiltzen du; menuak ez dira ikusten sagua goiko panelean jarri ezean -libreoffice eta beste aplikazioren bat kenduta-, eta bi leiho irekita baduzu ez dago argi zein aplikazioarena den ikusten den menua; super edo windows-teklak zituen funtzioak (super+tab aplikazioa aldatzeko, super+gurpila luparako, super+m negatibo egiteko...) galdu dira Unityk bereganatu duelako...


Niri bezala Unityk gogobetetzen ez bazaitu logeatzeko pantailan, erabiltzailea hautatu ondoren, azpiko aldean erabiltzaileak hauta dezakezu Gnome klasikoa interfazea eta itxura tradizionalarekin gelditu. Erabiltzaile bat baino gehiago badago bakoitzak erabaki dezake zein interfazea erabili. Gure etxeko txikienak argi dauka Unityrekin gelditzen dela; adin kontua izango al da?

2011/05/05

Nola berrizendatu irudiak multzoka Gthumben

Gthumb irudiak, argazkiak eta bideoak ikusteko eta edizio txikiak egiteko Linux programa da. Nire gusturako hoberena. Irudiak erakusteaz gain argazkiekin arruntak diren edizioak egiten ditu: biratu, eskala aldatu, begi gorriak kendu, koloreak hobetu eta abar.
Ubuntun instalatzeko software-biltegira joan (Aplikazioak > Ubunturen software biltegia) bilatu eta instalatu.

Gaurkoan komentatu nahi dut nola berrizenda daitezke argazkiak multzoka, esate baterako karpeta batean dauden guztiak.

Gthumb ireki ondoren ezker paneleko arakatzailean bilatuko dugu karpeta. Ondoren, berrizendatu nahi dugun argazkiak hautatuko ditugu; denak badira Ctrl+a edo Edizioa > Hautatu denak. Berrizendatzeko egingo dugu Edizioa > Berrizendatu eta honako leiho bat irekiko da.


Leiho honetan garrantzitsuena Txantiloia da. Irekitzean ####%E agertzen da. Traolak numeraziorako erabiliko den digitu kopurua adierazten du: lau traola= lau digitu. Digituak gehitu edo gutxitu dezakegu. Ondoren agertzen den %E fitxategien luzapena mantentzeko balio du; irudian ikus daiteke nola numeratzen du jpg eta avi formatuak mantenduz.
Txantiloiari testua gehituko diogu traolen aurretik edo ondoren, baina beti %E mantentzen. Emaitza eskuineko zutabean ikusten da eta ez da aplikatzen Berrizendatu botoia sakatu arte, beraz, nahi haina froga egin ditzakezu.

Ordenatu honen arabera atalean hainbat aukera dago; modifikazio data, argazkia atera zen unea, alfabetikoa edo neurriaren araberakoa.

2011/04/22

Dena kontatzen duen telefonoa

Iturria: Wikipedia Commons

Segapotoek, alegia telefono mugikorrek, gutxi gora behera zazpi segundoro geolokalizazio seinale bat bidaltzen diote enpresari eta honek erregistratu egiten du. Horretaz gain enpresak erregistratzen ditu deiak, sms-ak, internet konexioak, tuitak eta abar. Informazio guzti horrekin bezeroaren lokalizazioa eta aktibitatearen ideia zehatz bat du.

Horretaz jakitun, Malte Spitz hiritar alemaniarrak epaile bati eskatu zion bere telefonia hornitzailea zen Deutsche Telekom enpresak hari buruz zeukan informazio guztia emateko. Hainbat hilabete pasata epaileak eskaera onartu zuen eta telefonia enpresak bezeroari informazioa eman zion.

Zeit on line webguneko Lorenz Matzat-ek eta Michael Kreil-ek Malte Spitzen mugikorrak bidalitako datuetan oinarrituta infograma bat garatu dute. Bertan mapa eta grafiko baten bidez ikus dezakegu Deutsche Telekom konpainiak Malteren sei hilabete inguruko bizimoduaren gainean zenbat informazioa zeukan.

Azpiko irudian klikatuta Zeit on line webgunera joan zaitezke eta grafikotik desplazatuz jakingo duzu zehatz mehatz Malte Spitz non egon zen eta zer komunikazioak izan zituen.

Sei hilabete Malte Spitzen bizitan.
Hau ikusita ondo ulertzen da Richard Stallman-ek segapotoen gainean duen mesfidantza.

2011/04/16

Blog mezu batean nola txertatu testu lehio bat

Blog batean edo bestelako web batean testu leiho bat txertatu nahi baduzu html editorean honako hau txertatuz egin dezakezu:


non
txikiago = < eta
handiago = >

rows atalean lerro kopurua jarriko dugu
cols atalaean leihoaren zabalera karakteretan neurturik

Etiketa honen aukera gehiago ezagutu nahi baduzu w3schools.com orrian dituzu.

2011/04/13

Ubuntu 11.04 bertsioan Epsonen kontrolatzaileak automatikoki instalatuko dira.

Ba dirudi pittinka pittinka hardware ekoizleak konturatzen ari direla Linuxen erabilera kuota mahaigaineko ordenagailuetan hazkunde handi baten atarian dagoela eta posizioak hartzen hasi dira.



Horietako bat da Epson. Orain arte haren produktuen kontrolatzaileak Avasys konpainiaren web orritik jaitsi eta eskuz instalatu behar ziren, askotan, emaitza zinez kaxkarrekin. Berri onak datoz alde horretatik: Ubunturen datorren bertsioan, 11.04 bertsioan alegia, nahikoa izango da inprimagailua edo eskanerra ordenagailuari konektatu eta sistemak detektatu eta haren kontrolatzaileak instalatuko ditu; behintzat 2005 urtetik honuntzako  268 inprimagailu-modelorenak.

Orain arte bederen nire esperientzia hobeagoa izan da inprimagailuen beste handiarekin, hots, HPrekin. Maiatzetik aurrera ikusiko dugu lehia horretan popa zeinek zeini erakusten dion.

2011/04/11

Gmail: nola artxibatu mezuak

Gmailera mezuak sarrera-ontzira edo karpetara iristen dira. Irakurri eta gero zenbait jendek mezuak sarrera-ontzian bertan uzten ditu baina hori ez zait batere praktikoa iruditzen.
Nire gomendioa da irakurri ondoren, baliorik ez badu, ezabatzea. Ezabatuz gero Zaborrontzia izeneko karpetara joaten da eta bertan egongo da 30 egunez. Epe horretan berreskura daiteke.

Etiketak kudeatzeko pantaila
 
Balioa badu gorde dezakegu. Gordetzeko bi aukera ditugu: sailkatzea ala ez. Sailkapena etiketen bidez egiten da. Etiketak kudeatzeko bi tokitik egin daiete:
Ezkerreko panelean Zaborrontziaren azpian gehiago klikatu eta Kudeatu etiketak (1) atalean klika, bestela goiko aldeko Ezarpenak atalean sartu eta Etiketak atalean klikatu. Bertan gaudela bi etiketa mota agertzen dira marra batez bereizita: goian berak sortutakoak (sarrera, izardunak, txatak...) eta behean guk sortutakoak. Mezuak sailkatuta gorde nahi badugu atal honetan sortu behar ditugu etiketa edo karpetak (2). Sortzen ditugun karpetak, sarrera-ontzian gaudenean, ezkerrean agertzen dira karpeta nagusien azpian. Mezu bat guk sortutako karpeta edo etiketa batean gordetzeko bi era daude: mezua arrastatu eta etiketan jaregin edo mezua hautatu eta  goiko edo beheko menuko Mugitu hona klikatu eta etiketa hautatu.

Beste aukera bat etiketa edo karpeta propioak sortu gabe gordetzea da. Horretarako mezua irakurri ondoren Artxibatu klikatuko dugu edo sarrera-ontzian gaudela gorde nahi ditugun mezuak klikatu eta Artxibatu egingo dugu. Hori egiten badugu gogoan eduki behar dugu mezu horiek  Mezu guztiak izeneko karpeta (3) batean gordetzen dira eta karpeta hori ezkutuan dago.  Horrela artxibatutako mezu bat berriz ikusteko Mezu guztiak delako karpeta hori agerian jarriko dugu: lehen esan bezala Etiketak kudeatu atalera joan eta Mezu guztiak sistemaren etiketan erakutsi klikatuko dugu. Beste aukera bat da mezuen bilatzailea erabiltzea (4).

Etiketen bidez artxibatutako mezuak ez ditu sistemak ezabatzen, ez eta guk etiketa ezabatzen badugu ere.

2011/04/10

Subtitulator: azpitituluak filmean itsasteko tresna

Aspaldi honetan azpitituluak.com web-orria bor-bor ari da eta filmen euskarazko azpitituluak eskaintzen: filma klasikoak, gaur egungoak eta serieak. Web honetatik filmaren euskarazko azpitituluak jaitsi daitezke. Filma eskuratuta bi aukera daude filma eta azpitituluak ikusi edo azpitituluak filmari betiko itsatsi.

Subtitulator interfazearen pantailak: lehenengo planoan filmari azpitituluak itsasteko aldagaiak, bigarren planoan filmen zerrenda, hirugarrenean filma bat azpitituluekin.


Filmak azpitituluekin ikusteko ordenagailuan VLC erabili daiteke: behin aplikazioa abiatu dela menuan Media > Advandec Open File egin eta batetik filmaren fitxategia eta bestetik azpitituluena arakatu behar da. Ez dago gaizki, azpitituluen tamaina, kolorea eta atzeko planoaren ezaugarriak zehaztu daiteke menuko Tools > Preferences > Subtitles atalean; baina nik filmak DVD erreproduzigailuan ikustea nahiago dut eta nireak behintzat azpitituluak txikiak, atzeko planorik gabe eta letra zatarraz erreproduzitzen ditu.

Baldintza horietan filma bat ikustea plazerra baino tortura txiki bat da. Horregatik sarean irtenbide bat bilatzen hasi eta aplikazio ona, azkarra, sinple eta doakoa topatu dut Linuxerako: Subtitulator. Aplikazio honek azpitituluak filmari itsasten dizkio. Bakarrik funtzionatzen du avi formatuan. Ubuntun instalatzeko nahikoa duzu jaitsi eta klikatu. Behin instalatua Soinua eta bideoa atalean agertuko da.

Behin instalatuta oso errez erabiltzen da: filmaren eta azpitituluen fitxategiak arakatu, filma-fitxategi berriaren izen eta kokalekua eman eta azpitituluen ezaugarriak zehaztu ditzakegu: letra mota, tamaina, letraren ertzaren ezaugarriak, atzeko planorik bai ala ez eta itsasteari ekin. Minutu gutxi batzuetan filma prest daukagu.

Filmak banaka prestatu daitezke edo zerrenda egin eta lotean prozesatu.

Lehenengo saioetan komeni da doikuntzak egin gure gustuko azpititulu mota zehaztu arte. Nik Sans letra mota, 3.5ko tamaina, ertza suabea eta erdi-gardena den atzeko planoa erabiltzen dut.

Erne¡ Denbora bat ondo ibili ondoren hasi zait arazoak ematen, botoiak ez dira ondo ikusten eta ez dute funtzionatzen.  Kontsultatu dut interneten eta botoiak funtzionatzen dute zentimetro erdi bat gainean klik eginez. Frogatu dut eta horrela badabil. Gauza bera gertatzen bazaizu erdipurdi baina ibiltzeko modu bat da.

Azpitituluak itsasteko beste aplikazio bat dago, Arista Transcoder. Berez bideoen  formatua aldatzea da bere eginkizun nagusia baina azpitituluak  itsasten ere oso ondo dabil. Gainera formatu guztiekin egiten du -Subtitulator soilik avi formatuarekin-.

Beste aplikazio interesgarriak.

Loretan lore

Aurtengo udaberrian, tenperatura goxoak eta euria nahiko, lorean gutxitan bezain ugari, handi eta ederrak. Aiako Harria Parkeko pr edo ibilbide txikietan bildumarako hainbat fitxaje egin ditut egun hauetan, tartean mitxoleta horia ematen duen ale hau.
Meconopsis cambrica Saroberrekan

2011/04/03

Firefox gehien moteltzen duten gehigarriak



Mozilla fundazioa kezka handia du zenbait gehigarrik nola eragiten dioten nabigatzailearen errendimenduari. Kontua da ahalegin handia ari direla egiten Firefoxen abiatze-abiadura handitzeko eta zenbait gehigarrik abiatze hori dexente moteltzen dutela.
Horren aurrean batetik laguntza eskaintzen die garatzaileei gehigarrien errendimendua arintzeko eta, bestetik, gehigarri astun edo moteltzaileen zerrenda beltza atera du.
Zure Firefoxean gehigarri asko baldin baduzu eta arindu nahi baduzu kendu edo desgaitu erabiltzen ez dituzunak, batez ere zerrenda beltzean badaude.

Ubuntu: arakatzailean LibreOffice eta OpenOffice dokumentuetan ikonoaren ordez miniatura ikusi

Pasa den uztaileko mezu batean azaldu nuen nola lortzea hori baina horretarako erabiltzen zen aplikazioa (ooo-thumbnailer) ez dago ez Maverik ez Natty bertsioetan. Hala ere haren ordez beste bat jarri dute.



Aplikazioa libgsf-bin izena du eta instalatzeko estekan bertan klikatu, software-biltegitik instalatu  edo terminalean hondoko agindua itsatsi:
sudo apt-get install libgsf-bin
eta gero berrabiarazi arakatzailea:
nautillus -q


Iturria: el ataerao

2011/04/01

Blogean Linux nagusi martxoan

Hilabete bukaeretan bisitatxoa egiten ohi dut blogaren estatistikei eta oraingoan sorpresa polit bat hartu dut. Pasa den martxoan blog honetan lehenengo aldiz gehiago izan dira Linux ekipoetatik egindako bisitak Windows-etatik baino.

Hona iazko martxoko datuak:

eta aurtengo martxokoak:


Ongi etorriak zarete Windows-en erabiltzaileok (Mac-zaleak eta unknown-zaleak ere bai). Ohartu zarete datorren martxorako gehienok Linux erabiliko duzuela? Sistema librea zuen zain dago.

2011/03/31

Firefox 4 Ubuntuko instalazioa dela eta

Dagoeneko Mozillakoek jarri dute euskarazko bertsioa bere PPA biltegian. Hemendik aurrera Ubuntun instalazioa egiteko nahikoa da hiru agindu hauek ematea terminalean; hurrenez hurren:


sudo add-apt-repository ppa:mozillateam/firefox-stable
sudo apt-get update
sudo apt-get upgrade
 
 
Natty Narwhal (11.04) apirilean aterako den Ubunturen bertsio berriak Firefox 4rekin etorriko da baina ez ba bertsioaz aldatu behar edo ez baduzu itxaron nahi instala ezazu jada.

2011/03/30

Firefox 4 lehenengo inpresioak



Ez dut asmorik ez gaitasunik analisi bat egiteko, soilik Firefox berritik zer den gehien gustatu zaidana komentatuko dut.



Has gaitezen abiadurarekin, lan handia egin dute Mozillakoek eta nabarmen azkartu da programaren abioa eta nik esango nuke orrien karga ere bai. Ez Chromiun edo Opera beste; hala da, baina abiadurarenak ez nau gehiegi arduratzen.

Gehigarriei buruz zer esan: bertsio aldaketak daudenean gehigarri batzuk erortzen dira eta beste batzuk aplikazioak bereganatzen ditu. Lehenengo kasuan Siphon dago ekipoen artean gehigarriak sinkronizatzeko erabiltzen dudan gehigarria. Tira, haren garatzaileak laster egokituko du. Irentsitakoen artean EXTMren ordezkoa zen Restart Extension dugu, zeinak klikatuz gero sesioaren fitxak gogoratzen zituen sesio berrian ireki ahal izateko; Firefox-en bertsio berriak menuko Historia atalean "Berreskuratu aurreko saioa" aukera erantsi dute eta hartara horretarako gehigarririk ez da behar. Aipamen berezia merezi du Euskalbar gehigarriak zeinak 3.9 bertsioa atera du F4-rako eta bi aurrerapen handiak ekarri ditu: batetik euskalbar erakusteko eta ezkutatzeko botoia eta bestetik hainbat azpi-fitxa ikusteko fitxa bakarrean Shift+Enter egina. Zorionak egileei, zorionekoak erabiltzaileok.


Itxurari dagokionez eskertzekoa da zein erreza den aldatzea eta nor bere gustura egokitzea. Batetik nabigadorearen bertsio berrian fitxak goian agertzen dira, nonbait fitxa eta helbide-barraren arteko integrazioa irudikatzeko. Ba nik fitxak sarri erabiltzen ditut eta maiz erabiltzen ditudan lanabesak ez ditut goiko apaletan jartzen, beraz, berehala jaitsi ditut lehengo tokira. Nola? menu barran eskuin klik egin eta barra goian desaktibatuta.
Bestetik, pantaila txikien ugaritzea dela eta, barrak gutxitu ahal izateko aukera berriak ditugu: Menu-barra fitxen barrako botoia bihur dezakegu, horretarako menu-barran bertan eskuin klik egin eta menu-barra desaktibatuta.
Estatus-barra ere desagertu da. Orriaren kargari buruzko informazioa karga irauten den bitartean agertzen da eta karga burutzean espazioa libre geratzen da. Estatus barra ordea zenbait gehigarrik erabiltzen zuten. Nik horrela konpondu dut kontua: batetik eguraldiaren berri ematen duten ForecastFox-en informazioa menu-barrara eraman dut -gehigarriaren hobespenetan informazioa tokiz mugitzeko aukera ematen du- eta beste gehigarrien informazioa ikusi ahal izateko barra oso bat erabili gabe Barlesque gehigarria jarri dut. Honek gehigarrien barra txikitzen du behar duen minimora.

Edozein modutan aldaketarik potoloenak ematen dit nabigadorearen gaitasunean eman direla, azelerazio grafikoan eta html5 estandar berriaren inplementazioan baina horiek aipamen aparte merezi dute. Hurrengo mezuetan.

Konklusio moduan nabarmenduko nuke nabigadoreen arteko lehia erabiltzaileontzat onuragarria dela eta Firefox espero genuen neurria eman duela.

Firefox-en ezaugarri nagusiak errepasa ditzakezu orri honetan.
Eta nire gogoko gehigarriak beste honetan.