2011/05/18

Datu-pilotuaren erabilera OpenOffice/LibreOfficen

Datu asko duten kalkulu orrietan sarri datuen azpimultzoekin lan egitea komeni da. Azpimultzo edo kontsulta horiek egiteko pare bat metodo badira bederen: iragazkiak eta datu-pilotuak. Gaur datu-pilotuaz arituko naiz.

Datu-pilotuak honako hau egiten du, datu-hautapen baten gainean interesatzen zaizkigun zutabe eta errenkadekin orri berri bat sortzen du; orri horrek jatorrizko orritik interesatzen zaizkigun eremuak erakusteaz gain berauek aldatzeko aukera ematen du. Datu hautapen horren gainean baldintzen bidez zehatz daiteke zeintzuk datuk ikusi, eta horretaz gain, hautatutako datu horiekin kalkuluak eta grafikoak egin ditzakegu. Ikus dezagun adibide bat.

Abiapuntua eskolako ikasleen zerrenda da. Mila ikasle ingurukoa.

Ikasleen datuak dituen kalkulu orriaren detailea. Ikasleen izenak pixelatuta daude.
Taula osoa hautatu eta menu nagusian Datuak > DatuPilotua egingo dut. Datu horietan zeintzuk errenkadak eta zutabeak interesatzen zaizkigun markatuko ditut.



Interesatzen zaizkidan zutabeak ezkerreko atalean kokatu ditut.
Ados egin eta aplikazioak orri berri bat sortzen du eta datu-pilotua deitzen dio. Hemendik aurrera hor lan egingo dugu jatorrizko orria lagata. Orri berri honetan iragazkiak ditugu zutabe-buruetan eta haien bidez datuei galbahea pasatzen ahal diegu.

Zutabe batean iragazkia pasatzeko aukerak
Bukatzeko, iragazi konplexuagoak egiteko pilotuaren ezker izkinan agertzen den iragazia botoian klikatuta hainbat baldintza konbina dezakegu azpitaldeak egiteko.
Iragazi konbinatu baten adibidea. Ibai Lizeo eta Amassorraindik etorri diren ikasleen artean marrazketa markatu ez dutenak.

Laburbiltzen datu anitz kudeatzeko datu-base bat erabili beharrean kalkulu orria ibiltzen badugu -oso tipikoa inguru ez informatikoetan- datu-pilotuak datu-baseetan tipikoak diren kontsulta edo azpi-multzoketak  egiteko aukera ematen ditu.


2011/05/15

Ubuntu: nola grabatu ordenagailuak erreproduzitzen duen soinua

Eguneratzea: Ubunturen soinu grabatzailea Ubuntu 12.04 bertsiotik ez du funtzionatzen. Horren ordez Audio Recorder edo Audacity erabiltzen ahal dira.


2011/05/09

Eguzki sistema osoa web orri batean sartuta

Ordenagailuan deus instalatu gabe -nabigatzailerako Flash Player baduzu-, web orri honetara joanda:


Ikuspegi heliozentrikoa


Zure pantailan eguzki-sistema hiru dimentsiotan agertuko da.  Nabigazioa saguarekin kontrolatzen da eta  abiadura handian funtzionatzen du.
Hiru ikuspegi eskaintzen ditu: geozentrikoa, heliozentrikoa eta zerukoa. Lehengo bietan astroen eskala handitua dago.
Data eta ordua aldatuz gero orduko egoera agertzen du.

Ez dauka Celestia, Stelarium edo Kstars duten potentzia baina abantaila handi bat du: ez da ezer instalatu behar.

Beste hezkuntza baliabideak.
Informazioa iturria: Genbeta

2011/05/08

Ubuntu: efektu grafikoak berreskuratzen

Unity lagata Gnome klasikoan efektu grafikoak berreskuratu ahal izateko Compiz-en manager  instalatu behar da terminalean ondokoa itsatsita:

sudo apt-get install compizconfig-settings-manager
Ondoren, Compizen efektuak moldatzeko menuan hauta Sistema >  Hobespenak > CompizConfig Settings Manager ireki eta bertan:

CompizConfig settings manager



Pantailaren zoom-a Mayus+gurpilaren bidez  gaitzeko Erabilerraztasunetan Enhanced Zoom Desktop aktibatu.

Super+M  pantailaren negatiboa gaitzeko Erabilerraztasunetan  Negative aktibatu.

Leihoen gelatina efektua gaitzeko Efektuak atalean Dardara duten leihoak aktibatu.

Leiho aktiboen artean hautatzeko Super+Tab gaitzeko Leiho kudeaketa atalean Shift Switcher aktibatu.

Hiru aplikazioen artean hautatzen Super+Tab bidez.

2011/05/07

Hamar minutu Unityrekin

Bart Natty Narval Ubunturen 11.04 bertsioa instalatu nuen, hobe esan,  bertsio-berritzea egin dut. Bertsio berritzea arazorik gabe joan da baina luze, biltegiaren buxaduragatik-edo lau bat ordu eman zuen fitxategi berriak deskargatzen.



Dudarik gabe aldaketarik nabarmenena Unity da, interfaze grafikoa. Egia esateko mezua  idatzi ez idatzi ibili naiz ez baitzait gustatzen berritasun edo aldaketen aurka egitea.

Kontua da Unityrekin hamar minutu egon naizela. Erabakita neukan lehenengo inpresioa edozein zela aukera bat emango niola baina ez onurarik ez diot ikusi eta bai ordea hainbat eragozpen edo atzera-pausu.

Onura bakarra ikusi diot: pantailatik gehienetan bi barra kentzea lortu du (beheko panela eta aplikazio-barra). Hori kontuan hartzeko da pantaila txikietan, hala nola netbook eta tabletetan baina pantaila ertain handietan, nire ustez, ez du konpentsatzen galtzen dena.

Zer galtzen den? mahaigainak eta aplikazioek denbora gehiago behar dute abiatzeko; itxuraren efektu grafikoak galtzen dira -tartean hain gustuko dudan gelatina efektua-; launcher-etik kanpoko aplikazioak topatzea abentura bat bihurtu da, zer esanik ez administrazioa atazak -ez ditut topatu itzaltzera joan arte-; egoera barra desagertzean ez da ikusten zeintzuk aplikazioak dauden irekita -launcher-a ireki eta betaurrekoak jantzi behar dira-; goiko panelean appletak ezin dira jarri zeren eta ezker eta erdiko aldea aplikazioen menua jartzeko erabiltzen du; menuak ez dira ikusten sagua goiko panelean jarri ezean -libreoffice eta beste aplikazioren bat kenduta-, eta bi leiho irekita baduzu ez dago argi zein aplikazioarena den ikusten den menua; super edo windows-teklak zituen funtzioak (super+tab aplikazioa aldatzeko, super+gurpila luparako, super+m negatibo egiteko...) galdu dira Unityk bereganatu duelako...


Niri bezala Unityk gogobetetzen ez bazaitu logeatzeko pantailan, erabiltzailea hautatu ondoren, azpiko aldean erabiltzaileak hauta dezakezu Gnome klasikoa interfazea eta itxura tradizionalarekin gelditu. Erabiltzaile bat baino gehiago badago bakoitzak erabaki dezake zein interfazea erabili. Gure etxeko txikienak argi dauka Unityrekin gelditzen dela; adin kontua izango al da?

2011/05/05

Nola berrizendatu irudiak multzoka Gthumben

Gthumb irudiak, argazkiak eta bideoak ikusteko eta edizio txikiak egiteko Linux programa da. Nire gusturako hoberena. Irudiak erakusteaz gain argazkiekin arruntak diren edizioak egiten ditu: biratu, eskala aldatu, begi gorriak kendu, koloreak hobetu eta abar.
Ubuntun instalatzeko software-biltegira joan (Aplikazioak > Ubunturen software biltegia) bilatu eta instalatu.

Gaurkoan komentatu nahi dut nola berrizenda daitezke argazkiak multzoka, esate baterako karpeta batean dauden guztiak.

Gthumb ireki ondoren ezker paneleko arakatzailean bilatuko dugu karpeta. Ondoren, berrizendatu nahi dugun argazkiak hautatuko ditugu; denak badira Ctrl+a edo Edizioa > Hautatu denak. Berrizendatzeko egingo dugu Edizioa > Berrizendatu eta honako leiho bat irekiko da.


Leiho honetan garrantzitsuena Txantiloia da. Irekitzean ####%E agertzen da. Traolak numeraziorako erabiliko den digitu kopurua adierazten du: lau traola= lau digitu. Digituak gehitu edo gutxitu dezakegu. Ondoren agertzen den %E fitxategien luzapena mantentzeko balio du; irudian ikus daiteke nola numeratzen du jpg eta avi formatuak mantenduz.
Txantiloiari testua gehituko diogu traolen aurretik edo ondoren, baina beti %E mantentzen. Emaitza eskuineko zutabean ikusten da eta ez da aplikatzen Berrizendatu botoia sakatu arte, beraz, nahi haina froga egin ditzakezu.

Ordenatu honen arabera atalean hainbat aukera dago; modifikazio data, argazkia atera zen unea, alfabetikoa edo neurriaren araberakoa.

2011/04/22

Dena kontatzen duen telefonoa

Iturria: Wikipedia Commons

Segapotoek, alegia telefono mugikorrek, gutxi gora behera zazpi segundoro geolokalizazio seinale bat bidaltzen diote enpresari eta honek erregistratu egiten du. Horretaz gain enpresak erregistratzen ditu deiak, sms-ak, internet konexioak, tuitak eta abar. Informazio guzti horrekin bezeroaren lokalizazioa eta aktibitatearen ideia zehatz bat du.

Horretaz jakitun, Malte Spitz hiritar alemaniarrak epaile bati eskatu zion bere telefonia hornitzailea zen Deutsche Telekom enpresak hari buruz zeukan informazio guztia emateko. Hainbat hilabete pasata epaileak eskaera onartu zuen eta telefonia enpresak bezeroari informazioa eman zion.

Zeit on line webguneko Lorenz Matzat-ek eta Michael Kreil-ek Malte Spitzen mugikorrak bidalitako datuetan oinarrituta infograma bat garatu dute. Bertan mapa eta grafiko baten bidez ikus dezakegu Deutsche Telekom konpainiak Malteren sei hilabete inguruko bizimoduaren gainean zenbat informazioa zeukan.

Azpiko irudian klikatuta Zeit on line webgunera joan zaitezke eta grafikotik desplazatuz jakingo duzu zehatz mehatz Malte Spitz non egon zen eta zer komunikazioak izan zituen.

Sei hilabete Malte Spitzen bizitan.
Hau ikusita ondo ulertzen da Richard Stallman-ek segapotoen gainean duen mesfidantza.

2011/04/16

Blog mezu batean nola txertatu testu lehio bat

Blog batean edo bestelako web batean testu leiho bat txertatu nahi baduzu html editorean honako hau txertatuz egin dezakezu:


non
txikiago = < eta
handiago = >

rows atalean lerro kopurua jarriko dugu
cols atalaean leihoaren zabalera karakteretan neurturik

Etiketa honen aukera gehiago ezagutu nahi baduzu w3schools.com orrian dituzu.

2011/04/13

Ubuntu 11.04 bertsioan Epsonen kontrolatzaileak automatikoki instalatuko dira.

Ba dirudi pittinka pittinka hardware ekoizleak konturatzen ari direla Linuxen erabilera kuota mahaigaineko ordenagailuetan hazkunde handi baten atarian dagoela eta posizioak hartzen hasi dira.



Horietako bat da Epson. Orain arte haren produktuen kontrolatzaileak Avasys konpainiaren web orritik jaitsi eta eskuz instalatu behar ziren, askotan, emaitza zinez kaxkarrekin. Berri onak datoz alde horretatik: Ubunturen datorren bertsioan, 11.04 bertsioan alegia, nahikoa izango da inprimagailua edo eskanerra ordenagailuari konektatu eta sistemak detektatu eta haren kontrolatzaileak instalatuko ditu; behintzat 2005 urtetik honuntzako  268 inprimagailu-modelorenak.

Orain arte bederen nire esperientzia hobeagoa izan da inprimagailuen beste handiarekin, hots, HPrekin. Maiatzetik aurrera ikusiko dugu lehia horretan popa zeinek zeini erakusten dion.

2011/04/11

Gmail: nola artxibatu mezuak

Gmailera mezuak sarrera-ontzira edo karpetara iristen dira. Irakurri eta gero zenbait jendek mezuak sarrera-ontzian bertan uzten ditu baina hori ez zait batere praktikoa iruditzen.
Nire gomendioa da irakurri ondoren, baliorik ez badu, ezabatzea. Ezabatuz gero Zaborrontzia izeneko karpetara joaten da eta bertan egongo da 30 egunez. Epe horretan berreskura daiteke.

Etiketak kudeatzeko pantaila
 
Balioa badu gorde dezakegu. Gordetzeko bi aukera ditugu: sailkatzea ala ez. Sailkapena etiketen bidez egiten da. Etiketak kudeatzeko bi tokitik egin daiete:
Ezkerreko panelean Zaborrontziaren azpian gehiago klikatu eta Kudeatu etiketak (1) atalean klika, bestela goiko aldeko Ezarpenak atalean sartu eta Etiketak atalean klikatu. Bertan gaudela bi etiketa mota agertzen dira marra batez bereizita: goian berak sortutakoak (sarrera, izardunak, txatak...) eta behean guk sortutakoak. Mezuak sailkatuta gorde nahi badugu atal honetan sortu behar ditugu etiketa edo karpetak (2). Sortzen ditugun karpetak, sarrera-ontzian gaudenean, ezkerrean agertzen dira karpeta nagusien azpian. Mezu bat guk sortutako karpeta edo etiketa batean gordetzeko bi era daude: mezua arrastatu eta etiketan jaregin edo mezua hautatu eta  goiko edo beheko menuko Mugitu hona klikatu eta etiketa hautatu.

Beste aukera bat etiketa edo karpeta propioak sortu gabe gordetzea da. Horretarako mezua irakurri ondoren Artxibatu klikatuko dugu edo sarrera-ontzian gaudela gorde nahi ditugun mezuak klikatu eta Artxibatu egingo dugu. Hori egiten badugu gogoan eduki behar dugu mezu horiek  Mezu guztiak izeneko karpeta (3) batean gordetzen dira eta karpeta hori ezkutuan dago.  Horrela artxibatutako mezu bat berriz ikusteko Mezu guztiak delako karpeta hori agerian jarriko dugu: lehen esan bezala Etiketak kudeatu atalera joan eta Mezu guztiak sistemaren etiketan erakutsi klikatuko dugu. Beste aukera bat da mezuen bilatzailea erabiltzea (4).

Etiketen bidez artxibatutako mezuak ez ditu sistemak ezabatzen, ez eta guk etiketa ezabatzen badugu ere.

2011/04/10

Subtitulator: azpitituluak filmean itsasteko tresna

Aspaldi honetan azpitituluak.com web-orria bor-bor ari da eta filmen euskarazko azpitituluak eskaintzen: filma klasikoak, gaur egungoak eta serieak. Web honetatik filmaren euskarazko azpitituluak jaitsi daitezke. Filma eskuratuta bi aukera daude filma eta azpitituluak ikusi edo azpitituluak filmari betiko itsatsi.

Subtitulator interfazearen pantailak: lehenengo planoan filmari azpitituluak itsasteko aldagaiak, bigarren planoan filmen zerrenda, hirugarrenean filma bat azpitituluekin.


Filmak azpitituluekin ikusteko ordenagailuan VLC erabili daiteke: behin aplikazioa abiatu dela menuan Media > Advandec Open File egin eta batetik filmaren fitxategia eta bestetik azpitituluena arakatu behar da. Ez dago gaizki, azpitituluen tamaina, kolorea eta atzeko planoaren ezaugarriak zehaztu daiteke menuko Tools > Preferences > Subtitles atalean; baina nik filmak DVD erreproduzigailuan ikustea nahiago dut eta nireak behintzat azpitituluak txikiak, atzeko planorik gabe eta letra zatarraz erreproduzitzen ditu.

Baldintza horietan filma bat ikustea plazerra baino tortura txiki bat da. Horregatik sarean irtenbide bat bilatzen hasi eta aplikazio ona, azkarra, sinple eta doakoa topatu dut Linuxerako: Subtitulator. Aplikazio honek azpitituluak filmari itsasten dizkio. Bakarrik funtzionatzen du avi formatuan. Ubuntun instalatzeko nahikoa duzu jaitsi eta klikatu. Behin instalatua Soinua eta bideoa atalean agertuko da.

Behin instalatuta oso errez erabiltzen da: filmaren eta azpitituluen fitxategiak arakatu, filma-fitxategi berriaren izen eta kokalekua eman eta azpitituluen ezaugarriak zehaztu ditzakegu: letra mota, tamaina, letraren ertzaren ezaugarriak, atzeko planorik bai ala ez eta itsasteari ekin. Minutu gutxi batzuetan filma prest daukagu.

Filmak banaka prestatu daitezke edo zerrenda egin eta lotean prozesatu.

Lehenengo saioetan komeni da doikuntzak egin gure gustuko azpititulu mota zehaztu arte. Nik Sans letra mota, 3.5ko tamaina, ertza suabea eta erdi-gardena den atzeko planoa erabiltzen dut.

Erne¡ Denbora bat ondo ibili ondoren hasi zait arazoak ematen, botoiak ez dira ondo ikusten eta ez dute funtzionatzen.  Kontsultatu dut interneten eta botoiak funtzionatzen dute zentimetro erdi bat gainean klik eginez. Frogatu dut eta horrela badabil. Gauza bera gertatzen bazaizu erdipurdi baina ibiltzeko modu bat da.

Azpitituluak itsasteko beste aplikazio bat dago, Arista Transcoder. Berez bideoen  formatua aldatzea da bere eginkizun nagusia baina azpitituluak  itsasten ere oso ondo dabil. Gainera formatu guztiekin egiten du -Subtitulator soilik avi formatuarekin-.

Beste aplikazio interesgarriak.

Loretan lore

Aurtengo udaberrian, tenperatura goxoak eta euria nahiko, lorean gutxitan bezain ugari, handi eta ederrak. Aiako Harria Parkeko pr edo ibilbide txikietan bildumarako hainbat fitxaje egin ditut egun hauetan, tartean mitxoleta horia ematen duen ale hau.
Meconopsis cambrica Saroberrekan

2011/04/03

Firefox gehien moteltzen duten gehigarriak



Mozilla fundazioa kezka handia du zenbait gehigarrik nola eragiten dioten nabigatzailearen errendimenduari. Kontua da ahalegin handia ari direla egiten Firefoxen abiatze-abiadura handitzeko eta zenbait gehigarrik abiatze hori dexente moteltzen dutela.
Horren aurrean batetik laguntza eskaintzen die garatzaileei gehigarrien errendimendua arintzeko eta, bestetik, gehigarri astun edo moteltzaileen zerrenda beltza atera du.
Zure Firefoxean gehigarri asko baldin baduzu eta arindu nahi baduzu kendu edo desgaitu erabiltzen ez dituzunak, batez ere zerrenda beltzean badaude.

Ubuntu: arakatzailean LibreOffice eta OpenOffice dokumentuetan ikonoaren ordez miniatura ikusi

Pasa den uztaileko mezu batean azaldu nuen nola lortzea hori baina horretarako erabiltzen zen aplikazioa (ooo-thumbnailer) ez dago ez Maverik ez Natty bertsioetan. Hala ere haren ordez beste bat jarri dute.



Aplikazioa libgsf-bin izena du eta instalatzeko estekan bertan klikatu, software-biltegitik instalatu  edo terminalean hondoko agindua itsatsi:
sudo apt-get install libgsf-bin
eta gero berrabiarazi arakatzailea:
nautillus -q


Iturria: el ataerao

2011/04/01

Blogean Linux nagusi martxoan

Hilabete bukaeretan bisitatxoa egiten ohi dut blogaren estatistikei eta oraingoan sorpresa polit bat hartu dut. Pasa den martxoan blog honetan lehenengo aldiz gehiago izan dira Linux ekipoetatik egindako bisitak Windows-etatik baino.

Hona iazko martxoko datuak:

eta aurtengo martxokoak:


Ongi etorriak zarete Windows-en erabiltzaileok (Mac-zaleak eta unknown-zaleak ere bai). Ohartu zarete datorren martxorako gehienok Linux erabiliko duzuela? Sistema librea zuen zain dago.

2011/03/31

Firefox 4 Ubuntuko instalazioa dela eta

Dagoeneko Mozillakoek jarri dute euskarazko bertsioa bere PPA biltegian. Hemendik aurrera Ubuntun instalazioa egiteko nahikoa da hiru agindu hauek ematea terminalean; hurrenez hurren:


sudo add-apt-repository ppa:mozillateam/firefox-stable
sudo apt-get update
sudo apt-get upgrade
 
 
Natty Narwhal (11.04) apirilean aterako den Ubunturen bertsio berriak Firefox 4rekin etorriko da baina ez ba bertsioaz aldatu behar edo ez baduzu itxaron nahi instala ezazu jada.

2011/03/30

Firefox 4 lehenengo inpresioak



Ez dut asmorik ez gaitasunik analisi bat egiteko, soilik Firefox berritik zer den gehien gustatu zaidana komentatuko dut.



Has gaitezen abiadurarekin, lan handia egin dute Mozillakoek eta nabarmen azkartu da programaren abioa eta nik esango nuke orrien karga ere bai. Ez Chromiun edo Opera beste; hala da, baina abiadurarenak ez nau gehiegi arduratzen.

Gehigarriei buruz zer esan: bertsio aldaketak daudenean gehigarri batzuk erortzen dira eta beste batzuk aplikazioak bereganatzen ditu. Lehenengo kasuan Siphon dago ekipoen artean gehigarriak sinkronizatzeko erabiltzen dudan gehigarria. Tira, haren garatzaileak laster egokituko du. Irentsitakoen artean EXTMren ordezkoa zen Restart Extension dugu, zeinak klikatuz gero sesioaren fitxak gogoratzen zituen sesio berrian ireki ahal izateko; Firefox-en bertsio berriak menuko Historia atalean "Berreskuratu aurreko saioa" aukera erantsi dute eta hartara horretarako gehigarririk ez da behar. Aipamen berezia merezi du Euskalbar gehigarriak zeinak 3.9 bertsioa atera du F4-rako eta bi aurrerapen handiak ekarri ditu: batetik euskalbar erakusteko eta ezkutatzeko botoia eta bestetik hainbat azpi-fitxa ikusteko fitxa bakarrean Shift+Enter egina. Zorionak egileei, zorionekoak erabiltzaileok.


Itxurari dagokionez eskertzekoa da zein erreza den aldatzea eta nor bere gustura egokitzea. Batetik nabigadorearen bertsio berrian fitxak goian agertzen dira, nonbait fitxa eta helbide-barraren arteko integrazioa irudikatzeko. Ba nik fitxak sarri erabiltzen ditut eta maiz erabiltzen ditudan lanabesak ez ditut goiko apaletan jartzen, beraz, berehala jaitsi ditut lehengo tokira. Nola? menu barran eskuin klik egin eta barra goian desaktibatuta.
Bestetik, pantaila txikien ugaritzea dela eta, barrak gutxitu ahal izateko aukera berriak ditugu: Menu-barra fitxen barrako botoia bihur dezakegu, horretarako menu-barran bertan eskuin klik egin eta menu-barra desaktibatuta.
Estatus-barra ere desagertu da. Orriaren kargari buruzko informazioa karga irauten den bitartean agertzen da eta karga burutzean espazioa libre geratzen da. Estatus barra ordea zenbait gehigarrik erabiltzen zuten. Nik horrela konpondu dut kontua: batetik eguraldiaren berri ematen duten ForecastFox-en informazioa menu-barrara eraman dut -gehigarriaren hobespenetan informazioa tokiz mugitzeko aukera ematen du- eta beste gehigarrien informazioa ikusi ahal izateko barra oso bat erabili gabe Barlesque gehigarria jarri dut. Honek gehigarrien barra txikitzen du behar duen minimora.

Edozein modutan aldaketarik potoloenak ematen dit nabigadorearen gaitasunean eman direla, azelerazio grafikoan eta html5 estandar berriaren inplementazioan baina horiek aipamen aparte merezi dute. Hurrengo mezuetan.

Konklusio moduan nabarmenduko nuke nabigadoreen arteko lehia erabiltzaileontzat onuragarria dela eta Firefox espero genuen neurria eman duela.

Firefox-en ezaugarri nagusiak errepasa ditzakezu orri honetan.
Eta nire gogoko gehigarriak beste honetan.

2011/03/28

Ubuntu: nola desaktibatu hibernazioa bateria maila kritikora iristen denean.

Institutuan badugu portatil bat bateria pot egina duena; ez du kargatzen eta, karga oso baxua duenez, Ubuntuk itzaltzen du ekipoa entxufatuta egonda ere¡.
Soluzioa: administradore moduan terminala ireki eta agindu hau itsatsi:
sudo gconf-editor

Konfigurazioa-editorea irekiko da eta egin apps > gnome-power-manager > actions
Bertan lehenengo itemak dio: critical_battery    hibernate. Hibernate esaten duen tokian nothing idatzi, eskuin klik egin eta ezarri derrigorrezko gisa, identifikatu eta kito Benito.


Bateria maila kritikora iristean deus ez egiteko ezarpena.


Ezarpen hauek salbuespenekoak dira ez baita ohikoa ekipo bat entxufatuta egonda hibernatzea bateria baxuagatik.

2011/03/27

Ubuntu: itzaltzeko botoia ez da ikusen

Tarteka honelakoa gertatzen da:

erabiltzailearen izenaren kopiak itzaltzeko botoia ezkutatzen du.

Zer egin holakoetan?

Itzali nahi duzu? Ba teklea ezazu terminalean "halt". Bestela, teklea ezazu Ctrl+Alt+Supr

Zure saioa itxi nahi duzu? Ba teklea ezazu terminalean "killall5". Bestela, teklea ezazu
Ctrl+Alt+Atzera. Azken hau aktibatu behar duzu.

2011/03/26

Ubuntu: sistemaren errendimendua ikusi.

Linuxen ekipoaren errendimentua ikusteko aplikazio ikusgarria dago: Sistemaren monitorea. Prozesadore, memoria eta sarearen erabilera erakusten digu era oso garbian. Martxan jartzeko menu nagusiko Sistema > Administrazioa > Sistema-monitorea ireki eta eskaintzen dizkigun lau fitxetatik Baliabideak hautatuko dugu.

Sistemaren-monitorea: baliabideak pantaila.
Noizbehinka begirada bat ematea ondo dago ikusteko prozesadorearen, Ram eta Swap memoriaren erabilera nolakoa den.

Edozein modutan informazio hori beti begi bistan eduki nahi baduzu agian System Monitor Indicator aplikazioa interesatuko zaizu. Berau instalatuta panelean ikus dezakezu prozesadorearen -cpu- eta Ram memoriaren erabilera:


Instalatu nahi baduzu bertatik jaitsi eta instalatu ondoren Aplikazioak > Gehigarriak taldean ageriko zaizu. Informazio hori goiko panelean beti ikusgai eduki nahi baduzu egin Sistema > Hobespenak > Abioko aplikazioak > Gehitu eta horrela bete:

Aplikazioak gogobetetzen ez bazaitu Abioko aplikazioetatik kendu eta desinstalatzeko egizu: Sistema > Administrazioa > Synaptic pakete kudeatzailera jo, System monitor indicator bilatu, eskuin klik, desintalatzeko markatu eta aplikatu.

2011/03/22

Nola instalatu Firefox 4 Ubuntun


Gaur, martxoak 22, Firefox 4 aterako da -mezua idazteko unean oraindik ez dago eskuragai- eta bertan azalduko dut nola instalatu ahal izango da PPA bidez. Horrela Firefox 4 instalatzeaz gain datozen bertsio-berritzeak ere egingo ditu. Sistema honek balio du Ubuntu 9.10, 10.04 eta 10.10erako.


Firefoxen bertsio egonkorren PPA*-biltegi edo errepositorioa erantsiko dugu software-jatorrietara. Horretarako terminal batean idatziko dugu:

sudo add-apt-repository ppa:mozillateam/firefox-stable

ondoren biltegien zerrenda freskatuko dugu

sudo apt-get update
eta begiratuko dugu ea aplikazioen bertsio berriak dauden -artean Firefoxena-.
sudo apt-get upgrade
eta euskaraz ager dadin

sudo apt-get install firefox-locale-eu 


*PPA: Personal Package Archives, Ubuntun software garatzaileak bere bertsioak igotzeko biltegiak. Bertsioak alfak, betak, release candidate eta stable izan daitezke burutze edo heldutasun mailaren arabera. Bertsioa ez ba da egonkorra -stable- ez da komeni erabiltzeko ekipoetan instalatzea.

2011/03/20

DraftSight CAD profesionala Linuxen eta dohain



Dassault Systèmes besteak beste SolidWorks aplikazioaren garatzaile eta hornitzailea den frantziar enpresak DraftSight kalitate handiko bi dimentsioko CAD aplikazioa dohan jarri du -ez du liberatu- Linuxen instalatzeko (baita Mac eta Windows-en ere).

Linuxen Instalatzeko (ikusi gutxienekoak behean)
Lehenik eta behin deskargatu. Ubuntu eta Fedorarako bertsioak daude (68,8 MB). Gogoan izan lizentziaren terminoak onartu behar dituzula. Garrantzitsua da horrela instalatzea bestela sinaptic instaladorea blokeatzen da.

Ubuntu arrunta baduzu (32bitekoa):
Behar dituen libreriak instalatu. Terminalean itsatsi:
sudo apt-get install libdirectfb-extra libxcb-render-util0 libaudio2
Terminalean: deskargatu duzun karpeta joan eta honakoa itsatsi:
sudo dpkg -i DraftSight.deb

64biteko Ubuntu baduzu behar dituzun libreriak hauek dira:
sudo apt-get install libdirectfb-extra libxcb-render-util0

eta deskargatutako karpetan hau exekutatu:
sudo dpkg --force-architecture -i DraftSight.deb

Autocaden erabiltzailea bazara ez zaizu ezer kostatuko jartzea, bestela ondo etorriko zaizu oinarrizko manual hau: DraftSight Unit1.pdf.
Aplikazioa eta manuala Shakespearen hizkuntzan daude baina baina tira nik ingelesa eta CAD jakin gabe moldatu naiz manualarekin eta marrazkitxo bat egiten.

Ezaugarri interesgarri batzuk:

  • DrafSight-ek dwg formatua erabiltzen du baina dxf hau da ASCII binari drawing -QCADek erabiltzen duena- onartzen du.
  • Txantiloiak egin daitezke dwt formatuan.
  • Pdf formatura esporta daiteke.
  • 3D irudiak ikusten dira.
Gutxieneko ekipoa Linuxen. Hauek dira zure ekipoak behar dituen minimoak Draftsight instalatzeko eta ibiltzeko:
  • Prozesadorea 1Ghzkoa (Windowsen 3Ghzkoa).
  • 1GB RAM  memoria
  • 1024x788ko VGA grafika
Zure ekipoa ez bada ezaugarri horietara iristen QCAD aplikazioa probatzen ahal duzu.

Linuxen erabiltzaileentzat albiste ona dudarik gabe zeren marrazketa teknikoaren esparruan aplikazio libreak eskas xamarrak omen dira.

Dohako aplikazioen katalogoa

Nola exekutatu exe fitxategiak Ubuntun

Silvia Juniorren argazkia


Ubuntun Windows-en aplikazioak exekutatzeko Wine simuladorea erabiltzen da. Berau instalatzeko Software-biltegitik egin dezakegu.
Lucid bertsiotik (10.4) aurrera ordea, antza denez segurtasuna dela eta, kanpoko gailuetako (CD, DVD, USB-memorietako) exe fitxategiei exekutatzeko baimena kentzen die eta Winerekin asoziatu beharrean cautious-launcher aplikazio batekin asoziatzen ditu zeinak honen antzko mezua erakusten duen:


Delako exe fitxategia disko gogorrean edo USB-memoria batean badago haren gainean klik egin eta Propietateak > Baimenak izeneko fitxan exekutatzeko baimena ematen ahal diogu. Kontua konplikatzen da exe fitxategia CD edo DVD batean badago non ezin diren baimenak aldatu -nire kasuan Ikastolen Elkarteko Txanela proiektukok CD-ROM bat da- .
Bilatzen aritu naiz eta soluzio hau topatu dut:



Edita ezazu /usr/share/applications/wine.desktop , horretarako terminal batean itsatsi honako hau:
sudo gedit /usr/share/applications/wine.desktop

Bila ezazu honako testua duen sententzia:
Exec=cautious-launcher %f wine start /unix


Eta horrela utzi:
Exec=wine start /unix %f

Ordenagailua berrabiarazi eta kito.

2011/03/17

Opencyclemap kirolarientzako eta naturzaleentzako mapa librea online

Itoizko urtegia opencyclemap-en


OpenStreetMap (OSM) proiektuak hainbat zerbitzu deribatu ditu, horietariko batzuk kirolariei begira, hala nola OpenPisteMap eskiaren zaletuentzat eta OpenCycleMap, gaur komentatu nahi dudana.

Andy Allan da proiektu honen arduraduna eta saiatu da OSMren datuei txirrindularien intereseko datuak eransten, hala nola ibilbideak, iturriak, aparkalekuak eta, niretzat interesgarriena, sestra-marrak eta koloreen bidezko orografia adierazleak. Emaitza mundu mailako mapa non herri eta hirien kaleez gain, mendiak, bailarak  eta abar ederki ikusten diren.



Mapa ikustea. http://www.opencyclemap.org/ webean ikus daitezke datuak. Tresnarik askorik ez du eskaintzen, bilaketa, lotura datuak editatzeko orriarekin, OSMrekin alegia, eta gutxi gehiago, baina mapak informazio pila eskaintzen du.

Distantziak neurtu, puntuak kokatu, ibilbideak diseinatu eta euren perfilen grafikoak eta antzeko gauzak egiteko mapa horren gainean lan egiten duen Viking aplikazioa erabil dezakegu.

Lightning: nola sortu egutegi bat online

Thunderbird posta bezeroa erabiltzen baduzu eta haren bidez zure agenda kudeatu nahi baduzu Lightning gehigarria behar duzu (Tresnak>Gehigarriak>Bilatu gehigarriak). Gehigarriak jartzen hasita ez ahaztu Xuxen zuzentzaile ortografikoa instalatzen.

Lightning: hilabete ikuspegia bi egutegirekin.


Lightnin oso erreza da erabiltzen baina berez datuak ordenagailuan gordetzen ditu eta Thunderbird-Lightning hainbat ekipotan erabiltzen baduzu agian komeni zaizu egutegia online edukitzea ekipo guztietatik egutegi bera erabiltzeko. Ikus dezagun nola egin daiteke.



Urratsak

  1. Erregistra zaitez egutegi-ostatu batean, esate baterako icalx.com. Erregistratzeko web orriaren eskuineko aldean dagoen create terminoan klikatu. Apunta ezazu ongi erabiltzailea eta pasahitza. Login egingo dugu eta behean bi helbide agertzen dira bata gure egutegi pribatuak gordetzeko eta bestea gure egutegi publikoentzako. Helbide pribatu hautatu (http://icalx.com/private/zure-izena/) eta kopia ezazu.  Icalx.com-en ordez Google Calendar erabil dezakegu.
  2. Lightning-era pasako gara eta ezkerraldean agertzen zaigu automatiko sortutako egutegia. Egutegi horrek ekipoan gordetzen du informazioa. Horren ordez online egutegia erabili nahi badugu hau ezabatuko dugu eta tira horretan bertan eskuin klik egin > Egutegi berria > Sarean eta lau formatu ageriko dira aukeran. Icalx.com erabiltzen badugu iCalendar (ics) eta Google Calendar erabili nahi badugu berea. Kasu bietan kokapena izeneko leihoan itsatsiko dugu lehen kopiatu dugun helbidea eta aurrera.
  3. icalx.com ikuspegia behin Lightning-etik bi egutegi argitaratu ondoren.
 Tira, prozesu luzea da baina behin egitekoa eta oso ongi dabil. Thunderbird-Lightning (edo Sunbird) hainbat ordenagailutan erabiltzen baduzu merezi duela uste dut.
Linux, Windows eta Mac Os sistemetarako balio du.
Ohikoa ez den ordenagailu batean kontsultatu nahi badugu gure agenda aski dugu web bidez ical.com edo Google Calender orrira joanda.

2011/03/09

Libreoffice: iruzkinak dituen testu bat PDFra esportatu.

Libreoffice-en -eta Openoffice-en ere bai- testu prozesadorean iruzkinak egiten badugu iruzkin horiek Libre-Openoffice ez duen beste norbaitek ikus ditzan kontuan izan behar dugu iruzkinak galtzen direla doc edo docx formatura pasatzean baina mantentzen dira pdf formatura esportatzean; hori bai tresna barrako esportazioa erabili beharrean menuko Fitxategia > Esportatu pdf gisa egingo dugu eta aukeretan markatu behar dugu iruzkinak ere esportatzeko, azpiko irudian ikusten den bezala.

Lehenetsita ez dagoen aukera hau aktibatu behar dugu.
Pdf testuetako iruzkinak ez dira ikustaile guztietan agertzen. Esate baterako Ubuntuk erabiltzen duen Evince Document-Viewer-ek ez ditu iruzkinak erakusten. Evince azkar irekitzen den aplikazioa da baina tresna gehiago ditu Okular-ek -KDE inguruneko ikustailea da eta Software-biltegitik instala daiteke-.
Hona hemen nola ikusten diren iruzkinak Libreoffice-en eta Okular-en.



Windows inguruneko ikustaileekin antzekoa gertatzen da, arinena den Sumatrak ez ditu iruzkinak erakusten eta osoagoak diren Foxit-ek eta Acrobat Reader-ek bai.

2011/03/07

GiftedMotion GIF animatuak egiteko aplikazioa

GifedMotion GIF animatuak egiteko java aplikazioa da -Linux, Windows zein Macean ibiltzen da-.
Erabilpena oso erraza da: fotogramak kargatu -jpeg, png, gif eta bmp onartzen du-, ordenatu, fotograma ondo kokatu, zenbat denbora egon behar duen zehaztu eta prest gordetzeko. Gordetzean marka daiteke kolore bat gardentzeko eta zehaztu daiteke sekuentzia zenbat bider erreproduzitu behar den -0 jarriz gero etengabe erreproduzituko da-.

Instalatu nahi baduzu klika hemen:


Linuxen: gorde (nik gorde dut ~/Dokumentuak/java aplikazioak karpetan), haren gainean eskuin klik egin eta Propietateak > Baimenak fitxan exekutatzeko baimendu eta Aplikazioetan eskuin klik egin, menuak editatu eta grafikoetan Elementu berria hauta eta arakatu gorde berri duzun fitxategia.

2011/03/06

Zakarrontzia GNU/Linuxen


USB-memorian uste baino toki libre gutxiago nuela eta ezkutuko karpetak agerian ipini ditut (Ctrl+h) eta hara non ageri dira .Trash-1000 eta  .Trast-1001 izeneko karpetak. Zakarrontzi karpetak zirela susmatuta Linuxen zakarrontzien gaia nola funtzionatzen duen begiratu dut pixka bat eta apuntetxo batzuk idaztea pentsatu du (informazio sakonagoa nahi duenak The FreeDesktop.ort Trash specification kontsulta dezake).

Erabiltzaile bakoitzak bere mahaigaina du eta azpiko paneleko ezkerreko izkinan agertzen den ikonoan klikatuta irekitzen da (desagertzen bazaizu panelean eskuin klik egin, "Gehitu panelari" klika eta zakarrontzia gehitu). Zakarrontzi horretan (Trash:///) ikusten dira erabiltzaile horrek bere karpeta lokalean ezabatutako fitxategi eta karpetak bai eta beste disko, USB-memoria eta txarteletatik berak ezabatutakoak. Ezabatutako elementuen kokalekuak hauek dira:
  • Karpeta lokaletik (/home/ERABILTZAILE-IZENA karpetatik) ezabatutakoak /home/ERABILTZAILE-IZENA/.local/share/Trash/files ezkutuko karpetan kokatzen dira.
  • Beste unitatetatik ezabatutakoak unitate horretako .Trash-100x ezkutuko karpetetan biltzen dira non 100x erabiltzailearen zenbakia edo UID den.
Karpeta hauen barne egitura hau da: batetik files izeneko karpetan ezabatutako elementuak gordetzen dira (bere izenarekin eta orden zenbakia izen bereko bat baino gehiago badago) eta info karpeta non ezabatutako elementu bakoitzaren jatorrizko kokalekua eta ezabatze unea gordetzen den.

Hainbat arazoren konponketa.
Ekipoaren administratzailea bazara partizioan tokia egin behar baduzu zure zakarrontzia husteaz gain besteenak hustu behar badituzu root bezala egin beharko duzu terminaletik edo nautilusekin 'sudo nautilus' eginda.
Sistema bera erabili beharko duzu unitate batean hainbat .Trash-100x karpetak ezabatu behar badituzu.

2011/03/05

Librezalek Firefox 4ren interfazea aurkezten digu

Zenbait atzerapen eta gero badirudi egun gutxi barru eskuratu ahal izango dugula Firefoxen 4ren bertsio egonkorra. Abiaduran eta interfazean aldaketa nabarmenak dakartza. Librezalen interfazearen aldaketa nagusiak komentatzen dizkigute.

2011/03/02

Ubunturen panelak gardendu

Ubuntun Ambiance gaia erabiltzen baduzu -ohikoa Lucid eta Mavericken- eta panelak garden bihurtu nahi badituzu omgubuntu blogean azaltzen du nola egin.

Fitxategi bat editatu eta horko lerro bat traola (#) bat jarrita komentatu, gorde eta saioa berrabiarazi behar da.

2011/02/27

Viking GPS manuala



Lehengo batean Viking GPS aplikazioaren ezaugarri nagusiak komentatu nituen.

Badirudi software librearen katalogoan GPS ibilbideak ikusteko eta editatzeko aplikazioen artean hoberenetarikoa dela. Bere erabilera ez da oso konplikatua baina ez da egunero erabiltzen ditugun aplikazio horietarikoa eta erabili behar nuen aldiro ez nuen gogoratzen nola egiten ziren gauzak. Hori dela eta erabilpena dokumentatzea otu zait. Manual txiki bat egin dut wiki formatuarekin. Batetik errez edita daitekeelako eta bestetik publikoa jarri dut nahi duenak editore lanak egin ditzan, zuzenketak eginez edo materiala osatuz. Editatzen animatzen dena nahikoa du wikiaren ezkerreko panelean "elkartu zaitez wiki honetan" klikatzea eta Wikispacen erregistratzea.  Hona manualaren lotura:

2011/02/26

Extemm hil da. Gora Restart Extension.

Firefox nabigatzailearen gehigarrietan aldatetatxoa egin dut.

Nabigatzailea ixten den aldiro ea fitxak gorde nahi ote dituzun galdetzen du harik eta, nazka eginda, berriz ez galdetzeko esaten diozun arte. Baina, hara, kontua da lantzean behin, presak aginduta, nabigatzailea itxi behar duzula baina fitxak gorde nahi dituzula.
Fitxak gorde eta irekitzen den hurrengoan fitxak berreskuratzeko orain arte Extemm gehigarria erabiltzen nuen baina badirudi orain ez dagoela eskuragai. Haren ordez funtzio bera betetzen duen Restart Extension instalatu dut. Gehigarri honek Fitxategia atalari "restart" eta "exit - keep tabs" funtzioak eransten dizkio. Extemm gogoan, tresna barrari fitxak gordetzeko ikonoa jarri diot: hori egiteko tresna barran eskuin klik egin eta "pertsonalizatu" hauta, Exit ikonoa saguarekin arrastatu tresna barrara eta kito.


Firefoxen zenbait gehigarri interesgarri.

Berdel garaia

Euskaltelen iruzurra



Gaur Euskaltelen gutun bat jaso dut esaten duena unilateralki kontratua aldatuko dutela 2Mb-eko konexiotik 5 Mb-eko konexiora pasatuz hilean 3 euro -eta bere zergak- gehiago kobratuta. Kontratuaren oraingo baldintzak mantendu ahal izateko ez dakit zein web orritan sartu behar omen da, zure datu pertsonalak sartu, halako kodea bidali, posta-jakinarazpenak onartu, posta mezu bat balidatu...

Holakoek, hemen eta hirugarren munduko gainerako herrietan izen bat dute: IRUZURRA.

Iruzurra batez ere jende heldua eta kontratuko baldintzak mantentzeko egin beharreko tramiteak egiten asmatuko ez dituztenentzat. Hamaika ikusteko jaio gara baina enpresen prepotentziak hamaika baino gehiago erakutsi dizkigu dagoeneko.

2011/02/20

Zuzenketa tableten instalazio instrukzioetan

Hilan 14an Ubuntun zenbait tableta digitalizatzaile instalatzeko instrukzioak jarri nituen mezu batean. Jarri bai, bai eta gaizki jarri ere. Hiru agindutan bi akats. Hau marka¡

Mezua zuzendu dut.

Norbaitek saiatu bada instrukzio horiekin instalazio bat egiten barka nazala. Mea culpa.

2011/02/18

Nola desbloketatu netvibes.com EAEko ikastetxe publikoetan


Netvibes.com zure nabigatzailean mahaigain birtual fitxadun bat sortzen laguntzen dizun web orria da. Behin erregistratuta modulo-leihoen bidez (widget) diseinatzen ahal duzu orria. Modulo horietan aukera handia da: egutegia, eguraldia, egunkarietako berriak, RSS... eta abar. Nik pertsonalki egitekoak edo ataza pendienteak zerrendatzeko erabiltzen dut. Zerbitzua euskaraz dabil.

Kontua da Jaurlaritzaren guraizeek hainbat sare sozialen erabilera galaraztean (Twuenty, Facebook) Netvibes ere bloketatu dutela. Kasu berean baldin bazaude jakizu konponbidea login pantailatik sartzea izan daitekela.



Iturria: bitácora de galeón.

2011/02/17

etb3ko filmen azpitituluak

Duela aste batzuk Etb3-k ostegunetan 10:30etan kalitate oneko filmak eskaintzen ari da bertsio originalean. Hasieran euskarazko azpitituluekin, gero azpitituluak kendu zituzten eta ohartxo bat jarri zuten esaten zuena euskarazko azpitituluak ikusi nahi izanez gero teletexto erabili behar zela.

Orain ez azpititulu eta ez azpitituluak aktibatzeko oharrik.

Utzikeria? EZ.

Azpitituluak teletextoaren 888 zenbakia sakatuta ikusten dira.

2011/02/15

Nola ikusi Kutxaren Onkologikoko mamografiak Windows eta Internet Explorer gabe

Irudi digitalak analogikoaren aldean dituen abantailak profitatuz  osasun zentroak erradiografiak pazienteei formatu digitalean ematen hasi dira. Gipuzkoako Kutxaren Onkologikoak ildo horretatik jo du ere baina soilik Windows eta Internet Explorer duten pazienteak izan ditu gogoan.
Irudiak dicom formatuan daude. Dicom formatua medikuntzan erabiltzen omen den formatu estandar bat da eta beste ezaugarrien artean pazientearen identifikazioa irudiari lotzen du.
Bada Kutxaren Onkologikoak CD batean ematen dizkio pazienteari irudiak baina ikusi ahal izateko Centricity Dicom Viewer instalatu behar da eta Windows eta Internet Explorer eskatzen du.


Tira, holako tesitura batean zaudenean ez baduzu programarik instalatu nahi edo Mac edo Linux erabiltzailea bazara eta beraz oinarrizko eskubiderik gabeko hiritarra ba zara hau da soluzioa: Gimp.
Nola? Araka ezazu CDa irudiak topatu arte (img0000 motako izena dute). Eskuin klik egin, ireki honekin eta aukera ezazu Gimp. Pazientzia izan zeren oso astunak dira baina gero ondo ikusten dira eta zooma erabili daiteke.



Nork esaten zuen Gimp soilik argazkiak erretokatzeko balio zuela?

Dena den horrelako irudi asko ikusi behar baduzu Ubunturen Software zentroan baduzu propio hainbat programa: Aeskulap, Ginko, Dicompiler...

2011/02/14

Nola instalatu tableta digitalizatzaile bat Ubuntun

Fabrikanteak Linuxerako instrukzioak eta kontrolatzaileak eskaintzen ez baditu -tableten kasuan sarritan gertatzen dena-, gailua konektatu (usb, bluetooth...) eta internetera joko dugu. Web honetan ikus daiteke non bilatu behar den kontrolatzailea markaren arabera Aiptek, Wacom eta eGalax bere kontrolatzaileak dituzte; Genius eta beste hainbat marka Wizardpen kontrolatzailea erabiltzen dute. Azken hau erabili dut nik goiko irudiko Genius Mousepen 5x4 modeloa instalatzeko: lehenik eta behin software jatorri berria erantsi diot:

sudo add-apt-repository ppa:doctormo/xorg-wizardpen

Ondoren iturriak freskatu eta kontrolatzailea instalatu.

sudo apt-get update
sudo apt-get install xserver-xorg-input-wizardpen

Gero ekipoa berrabiarazi eta prest erabiltzeko.

2011/02/13

Ubunturekin bateragarria diren osagaiak



Lehengo batean komentatu nuen Canonicalek Ubuntun bateragarritasun egiaztatuta zuten markako ekipoentzako agiriak banatzen hasi zela. Bada agiri hori orain osagaietara zabaldu dute, alegia prozesadore, oinarrizko plakak, CD-ROM, audio eta bideo-txartelak eta abarretara.

Web honetan egin daiteke kontsulta, bai marka bai osagai-motaren arabera.


Zerrenda honetan ez agertzeak ez du esan nahi osagaia ez dabilela Ubuntun baina...

Edozein modutan katalogo hau erabiltzaile arruntontzat baino ekoizle, muntatzaile, saltzaileei begira egina dago. Erabiltzaileok gehien bat behar duguna periferiko bateragarrien katalogoa da, hau da inprimagailu, eskaner, tableta digitalizatzailea, web-cam edo antzekorik erosi behar dugunean gustu txarreko sorpresarik ez hartzeko. Ea laster batean holakorik eskaintzen diguten.

2011/02/08

NTFS Configuration Tool konpondu Maverick-en

NTFS Configurarion Tool administratzaileak ez diren erabiltzaileei Windowsek erabiltzen dituen NTFS partizioak ikusi, irakurri eta idazteko baimena emateko erabiltzen den aplikazio txiki bat da.  Ubuntu 10.10 bertsioan, Maverick-en, software biltegitik instala daiteke baina akats edo bug bat du eta ez da abiatzen. Hau konpontzeko nahikoa da /etc/hal/fdi karpeta sortzea, horretarako ireki terminala eta hurrenez hurren exekuta ezazu:

sudo mkdir /etc/hal
sudo mkdir /etc/hal/fdi

Hori eginda erabiltzen ahal duzu Sistema> Administrazioa>NTFS Configuration Tool