2010/08/19

Nanny: Gurasoen kontrola bideratzeko aplikazioa (GNU/Linux)

Seme-alabek ordenagailua eta internet era ez egokian erabili ez dezaten laguntzeko aplikazioa da Nanny.
Gurasoen kontrolerako aplikazioen erabilera eztabaidagarria da; zein neurritan den bide egokia zenbait erabileren debekatzea, edo debeku hori era teknikoan gauzatzea?. Eztabaida horretan sartu gabe dudarik ez dago tresnarik egokiena elkarrizketa dela eta mugak markatzea era arrazoitu batean.
Edonola ere mugak teknikoki ere ezar ditzakegu, esate baterako, gauez ezin ekipoa erabiltzea edo web pornografikoetan ezin sartzea.

Hori aipatu ondoren ikus dezagun nola instalatu, eta zein aukerak eskaintzen dituen Nanny-k.

Instalatzeko terminal batean egingo dugu:

sudo add-apt-repository ppa:nanny/ppa
sudo apt-get update
sudo apt-get install nanny
Behin instalatuta aplikazioa Sistema> Administrazioa> Parental Control gunera joko dugu ezarpenak markatzeko.
Lehenik eta behin administratzailearen pasahitza emango diogu.
Ondoren, zehaztuko dugu mugatu nahi dugun erabiltzailea.
Gero,  zehaztuko dugu zein ordutan ezin duen erabili:
  • ekipoa
  • nabigatzailea
  • posta bezeroa edo 
  • txata
Mugak ezartzeko interfazea

Horretaz gain hainbat web orritan (gaia pornografia, biolentzia, drogak eta abar dutenak) sartzea ere galeraz daiteke. Horretarako oztopatuko den web orrien zerrenda duen fitxategia jaitsiko dugu:
http://projects.gnome.org/nanny/data/nbl/nanny.nbl
ondoren. Sistema> Administrazioa> Blacklist atalera joko dugu, eta bertan inportatuko dugu jaitsitako nanny.nbl fitxategia. Berriz joko dugu Parental Control atalera, sartuko gara Web browser fitxan eta aktibatuko dugu use web content filtering eta Configure sakatuta ondoko zerrendan zehaztuko dugu zein web orri mota oztopatu nahi dugun:

2010/08/16

Ubuntu: arakatzailean ikonoen tamaina nola aldatu

Nautilus du izena Ubuntuk erabiltzen duen Gnome interfaze grafikoaren fitxategi-arakatzaile edo kudeatzailea. Nautilusek duen ezaugarri interesgarri bat fitxategien aurre-bistaratzea da, alegia fitxategia irudia bada haren miniatura ikusten da, openoffice dokumentua ba da bere itxura ikus daiteke, audioa ba da nahikoa da sagua gainean jartzea soinua entzuteko.

Ikono eta miniaturen tamaina azkar alda daiteke sagua lupan kokatu eta gurpilari eraginda edo edozein tokitan Ctrl zapalduta eta gurpilari eraginda.

Egin klik irudian ikonoen tamaina aldaketa ikusteko

2010/08/13

Nssbackup: babeskopiak Ubuntun

Bi edo hiru aplikazioak frogatu ondoren Ubuntun babeskopiak egiteko gehien gustatu zaidana Nssbackup (Not so simple backup) izan da. Ezarpen aukera zabalak eskaini arren nahiko intuitiboa delako.

Instalatzeko terminalean:
sudo add-apt-repository ppa:nssbackup-team/ppa
sudo apt-get update
sudo apt-get install nssbackup
Aplikazioa Sistemaren Tresnak atalean azaltzen da, batetik ezarpenak jarri eta babeskopia egin eta bestetik babeskopia berreskuratu.

Lehenengoari dagokionez honako leiho bat zabaltzen da:

non:
  1. Profile manager:  babeskopia ezberdinak egiten badituzu, hala nola musika, dokumentuak, argazkiak... bertan definitzen ahal dituzu. Beti bera egiten baduzu ez sartu eta erabil ezazu default edo lehenetsitakoa.
  2. General atalean ezartzen dira gutxieneko egun kopurua babeskopien artean (nik minimorik ez dut nahi eta 10000 jarri dut), konpresio modua (none jarrita .tar konpresioa egiten du) eta zatiak egin nahi dituzun (bertan 650 MB edi 4 GB jarriko dugu kopiak CD edo DVDtan gorde nahi badugu).
  3. Include: hemen jarriko dugu zein karpeta edo karpeten babeskopia nahi dugun.
  4. Destination: zein tokitan nahi dugu babeskopia jartzea.
  5. Exclude: aurreko atalean markatutako karpetetan zein azpikarpeta edota fitxategi mota utzi nahi ditugun babeskopiatik at.
  6. Schedule: hemen, nahi izanez gero, programa dezakegu babeskopiaren maiztasuna.
  7. Purging: babeskopia zaharrak ezabatzea nahi ote dugun.
  8. Report: babeskopiaren txostena. Besterik ezean /var/log/Nssbackup karpetan gordetzen du.
  9. Ezarpenak zehaztu ondoren gordeko ditugu eta babeskopia egiteko aginduko diogu.
Babeskopia egiten den bitartean jakinarazpenen zonaldean ikono bat agertuko da eta bertan klikatuta esango digu babeskopiaren % zenbat egina dagoen eta zenbat denbora falta den bukatzeko. Babeskopia agindutako karpetan topa dezakegu, informazioa .tar formatuan konprimatua.

Noizbait erabili beharko bagenu babeskopia bi eratan egin dezakegu: agindutako tokira joan .tar fitxategian klikatu eta osoa edo zati bat deskonprimitzea gura dugun tokian; edo aplikazioetan Nssbackup Restoration egin babeskopia aukeratu eta zegoen tokira berreskuratuko du.

2010/08/09

Kontaktuak inportatu Gmailera Thunderbirdetik eta alderantziz

Posta kudeatzeko Thunderbird eta Gmail erabiltzen baduzu interesatuko zaizu kontaktuak edo helbide-liburuak partekatzea bien artean. Bi aukera aurkeztuko dizkizut Zindus gehigarria eta esportazioa-inportazioa.

Ziur aski interesgarriena zuretzat bi zerbitzuen kontaktuen sinkronizazioa da, alegia kontaktu bat gehitzen baduzu Thunderbirden automatikoki hori Gmaileko kontaktuetan agertzea da eta alderantziz. Hori da hain zuzen ere Zindusen lana. Zindus Thunderbirden gehigarria edo hedapena da. Instalatzeko Thunderbirden egin Tresnak>Gehigarriak>Eskuratu gehigarriak eta zindus idatzi. Behin instalatuta zure Gmaileko kontua eman eta kito.



Agian bilatzen duzuna da soilik une honetan dituzun kontaktuak batetik bestera pasatzea eta kito. Kasu honetan esportazioa-inportazioa egin behar duzu.

  • Gmailetik Thunderbirdera egiteko errazena Thunderbirdentzako Google Contacs gehigarria instalatzea da.
  • Beste kasuan, alegia Thunderbirdetik Gmailera pasatzeko horrela jokatuko dugu:Thunderbirden klikatu Helbide-liburuan eta egin Tresnak>Esportatu jarri izen bat fitxategiari ad. kontaktuak eta formatuan LDIFen ordez erabil ezazu "komaz banandua"; horrek sortuko du .csv formatuko fitxategi bat. Fitxategi hau ezin dugu zuzenean inportatu Gmailen zeren eta Gmail euskaraz badago ere .csv fitxategi honen eremuak euskaraz ditu eta Gmailen inportazioa ingelesa soilik ulertzen du; beraz kontaktuak.csv fitxategia hau editatu behar dugu Gedit, Notepad edo bestelako testu editorearekin eta kontaktuen aurreko paragrafoaren ordez, eremuen ordena zehazten duen paragrafoaren ordez beste hau jarriko dugu:
first name,last name,display name,nickname,email address,alt email address, work phone,home phone,fax,pager,mobile,address1,address2,city,stat e,zip,country,work address1,work address2,work city,work state, work zip,,,,organization,,,,,,,,,,notes

Gmailen kontaktuak ireki eta goian eskuinean inportatu klikatu, arakatu eta hauta kontaktuak.csv.

2010/08/05

Linux: karpetak sinkronizatzeko Unison eta Freefilesync frogatzen

Bi karpeta sinkronizatu behar nituen, alegia haien edukiak batu: batak duena eta bestea ez pasa, izen bereko fitxategiak alderatu eta bat hobetsi, batean ezabatutako fitxategiak bestetik ezaba eta abar, biak berdindu arte.

Hainbat programa daude GNU/Linuxen sinkronizazioak egiteko: Conduit, Synkron, Rsync...  Interfaze grafikoa duten bi probatu ditut: Unison eta Freefilesync.

Unison

Instalazioa Ubuntun Software-biltegitik egiten da eta aplikazioa Gehigarriak multzoan azaltzen da. Windows bertsioa du.

Programa abiatzean profil bat sortzea eskatzen digu: bertan definituko dugu zeintzuk diren  sinkronizatu nahi ditugun karpetak. Profilarena ondo dago zeren eta gehienetan sinkronizazio bera edo gutxi batzuk egingo ditugu eta horrela ez ditugu aldiro karpetak zehaztu behar baizik eta profila hautatu -garrantzitsua da izen adierazgarria ematea-.


Nire frogan karpeta bat disko finko batean dago eta bestea usb memoria batean. Usb memoria eta, oro har, flash memoriekin arazo txiki bat dago: gehienetan fat formatua dute, beraz ezin dute baimenak gorde eta horrek galarazten du sinkronizazioa; kasu horretan aplikazioari esan behar zaio ez kontuan hartzeko baimenak; horretarako editatuko dugu profilaren fitxategia gure /home-ko karpeta pertsonalean dagoena .unison ezkutuko karpetan default edo dena delako izenarekin eta .prf luzapena eta "perms=0" testua duen lerroa erantsiko dugu.

Profila hautatu ondoren txekeoa egiten du karpeta biren arteko aldeak agertzeko. Azterketa bukatuta karpeta batean dauden fitxategiak bestean ez badaude kopiatzea proposatuko du -x.png eta irudia.jpg adibidean-, karpeta batean ezabatutakoak bestea ezabatzea proposatzen du eta izen berekoen kasuan galdera ikurra agertzen da.

Sinkronizazioari ekin aurretik erabakiak hartzeko pantaila.

Proposamenak dira, alegia guk erabaki dezakegu kasu bakoitzean zer egin. Nire frogan azken hiruak aplikatzea erabaki dut, lehenengoan -bi testu ezberdin izen bereko fitxategiak- fusionatzeko (merge) esan diot eta bigarrenean -bi fitxategi berdinak- deus ez egitea (skip). Izen bereko dokumentu baten bi bertsio baditugu eta ez badakigu zein den berriena edo handiena leihoaren beheko partean kontsulta egingo dugu eta horren arabera erabakiko dugu zein bertsioa nagusitu behar den, eskuinekoa (right to left) edo ezkerrekoa (left to right).

Behin erabakiak hartuta sinkronizazioari ekingo diogu (go). Nire frogan fusioa ez beste guztia ondo egin du. Fitxategiren bat sinkronizatzen ez badu arrazoia azaltzen da.

Ebaluazioa: aplikazioa txukuna ematen du. Erabilpena nahiko intuitiboa da kontuan hartuta aplikazio hauek eskaini behar dituzten aukera anitzak. Urrutiko sinkronizazioa egin daiteke ssh-ren bidez.

Freefilesync

Instalatzeko deskargatu web orri honetatik zure sistemari dagokion deb paketea eta instalatu bi klik eginez Software aplikazioaren bidez edo terminalean gdebi-ren bidez. Intalatzen den bertsioa 8.6 da; abiatzean proposatzen du 8.10 bertsioa deskargatzea baina nik bederen ez dut lortu martxan jartzea. Beraz, 8.6 erabiltzea proposatzen dizut.


Aplikazioa abiatu eta zehaztu behar dira zeintzuk diren sinkronizatu beharreko karpeta biak. Profilik ez du sortzen baina gogoratzen ditu karpetak eta egindako aldaketak. Compare sakatuko dugu karpetak alderatzeko.



Erdian erakusten digu proposatzen dituen aldaketak. Zuzendu daitezke. Ezarpenetan zehatz daiteke fitxategia berrienak edo handienak hobetsi behar diren, baimenak kopiatu behar ote diren eta abar.
Behin eragiketak zuzenduta Synchronize sakatuko dugu.

Ebaluazioa: aplikazio argia eta intuitiboa.

Windowserako bertsioa ere badu eta hemendik deskarga daiteke.

2010/07/31

Stellarium euskaraz

Betidanik gustukoa izan dut Stellarium, ortzian dauden izar, planetak, galaxiak eta abar, bai eta konstelazioak ere denbora errealean ikusteko aplikazioa.
Sorpresa atsegina izan da ikustea dagoeneko euskaraz dagoela, bederen Ubuntun, bai interfazea bai astroen izenak ere.

Hiru ikuspegi: ilargia gertutik, ezarpenak eta konstelazioak.

Software libreko aplikazio hau Mac, Windows eta Linuxen gainean ibiltzen da. Informazio gehiago bere web orrian. Ubuntun  Software biltegitik instala daiteke edo terminalean hau itsatsita:
sudo apt-get install stellarium

Behin instalatuta kokagunea ematea da eta kontrol botoiak frogatzea komeni da. Garrantzia du bilaketak egiten ikastea eta saguaren gurpilarekin zoom edo hurbilketak egitea astroak tamaina handian ikusteko.

Eskerrik asko lokalizazioan parte hartu duzuen guztiei. Lan bikaina.

Gogoan izan abuztua dela izar iheskor gehien ikusten den garaia (Pertseidak) eta ez direla pantailan ikusten. pantailan ikusten diren arren ez da gauza bera eta ez dut uste desirak era digitalean beteko direnik. (Mezua idatzi eta gero, ortzia arakatzen nengoela, hara non pasa den izar loka bat pantailaren alde batetik bestera).

2010/07/29

VLC, Windows Media eta Quicktime arteko konparatiba

Eroski Consumer aldizkari digitalak nagusi diren musika eta bideo erreproduzigailuak: Windows Media Player 11, Apple-en Quicktime 7.6.6 pribatiboak eta software libreko VLC Media Player 1.1 konparatu ditu.
Analisi horrek nabarmentzen du VLC dela audio eta bideo formatu gehien erreproduzitzen dituena programa bera barne dituelako codecak, beste biek codecak internetetik jaitsi behar dituzte bereak ez diren formatuak erreproduzitu ahal izateko -kasurik hoberenean, zeren gehienetan ez dituzte topatzen-.
Hona erreproduzigailu bakoitzak erreproduzitzen dituen bideo formatuak:



Horretaz gain VLC-k azpititulu formatu gehienak erreproduzitzen ditu, GPU bideo txartelen azelerazioa erabiltzen du, DVD eta Blu-Ray diskoak erreproduzitzen ditu -beraz, ez dugu horretarako beste programa instalatu behar-, Windows, Mac eta Linux sistemetan ibiltzeaz gain telefono mugikor eta beste gailuetako Android, IOS4 eta PalmOS sistemetan ere badabil. Eta guztietan doan jaitsi daiteke.

Batzuk esaten dute interfaze itsusia duela baina horretarako ere erremedioa badago zeren eta haren itxura alda daiteke skin edo azalak jaitsita.

Linux distribuzio batzuk erreproduzigailu horrekin etortzen dira beste batzuetan instalatu egin behar da. Ubuntun Software biltegitik instala daiteke.
Aplikazioa erdaraz dago. Badirudi Librezaleko jendea ari dela euskaratzen baina ez dago argi noizko.

2010/07/28

EGK elkarteak hezkuntza sistemaz dituen hainbat kezka

Eusko Jaurlaritzak Lurraldearen Antolamendurako Artezpideak (LAA) dokumentua berritzeko asmoa du eta Euskadiko Gazteriaren Kontseiluak hori dela eta "sektoreen eta gizarte-mugimenduen arteko elkarrizketa" sustatu nahian eztabaidarako dokumentu bat argitaratu du. Dokumentu horretan "garapen zentzuzkoa eta iraunkorrarekin" lotutako hainbat gai ukitzen ditu, sakontasunik gabe baina ikuspegi global interesgarriarekin.

Dokumentu osoa irakurtzeak merezi du. Nik blog honetara hezkuntzarekin loturatako bi pasarte ekarriko ditut, zer pentsa ematen duten hainbat puntu zerrendatzen dituztenak:

Ikastetxeen kudeaketa enpresa-egitura hierarkikoaren proiekzioa da, ikastetxeko zuzendariak edozein enpresa-korporaziotako buruaren antzeko aginpidea baitu. Irakaslearen eta ikasleen arteko erlazioa bertikaltasunean oinarrituta dago, eta gerora lan-munduan erlazio berdin-berdina sortzen da nagusien eta langileen artean. Hezkuntza-plangintzaren helburua da lana eraginkortasunez egingo duten langile adituak prestatzea. Saiatuak izaten, ikastetxera garaiz iristen eta esanekoak izaten irakasten digute; irakasleak esandako guztia egin behar dugula esaten digute [...]
Gaur egungo gazteak logaritmo bat egiteko eta taula periodikoa edo Machadoren olerki bat buruz ikasteko gai dira, baina ez dira olerki bat idazteko, iritzia emateko, jendaurrean hitz egiteko eta gure inguruko historia jakiteko gai. Badakizkigu preposizio guztiak, esaldi bat askatzeko eta hitzez hitz banatzeko gai gara, gramatika-konposizioa kontuan hartuta, baina gero eta okerrago irakurtzen eta idazten dugu. Ezertarako balio ez duten gauzetan adituak gara, eta benetan garrantzitsuak diren gauzetan gero eta ezjakinagoak. Nahiz eta gure aitona-amonek baino idazkera hobea izan, askoz gehiago kostatzen zaigu gauzak adieraztea. Ez digute irakasten gure barrena askatzen, gure bihotza askatzen. Irakasleak diktatu eta guk azpimarratu egiten dugu, zer azpimarratzen ari garen jakin gabe. Azterketak iristean, ikasgaiak buruz ikasi, azterketak gainditu eta automatikoki ahazten zaigu ikasitako guztia, disko gogorra hustu izan baligute bezala.

2010/07/27

Laster teklak

Laster teklak, hots, ekintzak egiten dituzten teklen konbinazioak erosotasuna, eraginkortasuna eta produktibitatea emendatzen duten tresnak dira.



Azpiko taulan, nire aburuz interesgarrienak aipatuko ditut:

TEKLA KONBINAZIOA EKINTZA
Ctrl+Z Desegin
Ctrl+X Ebaki
Ctrl+C Kopiatu
Ctrl+V Itsatsi
Ctrl+A Dena hautatu
Ctrl+F Bilatu
Ctrl+S Gorde
Ctrl+P Inprimatu
Ctrl+Gurpila Zoom dokumentua
Super + → Leihoa eskuin aldera
Super + ← Leihoa esker aldera
Super+P Aldatu pantaila aktiboa
Alt+Tab Aldatu aplikazio aktiboa
Impr Print Pantaila inprimatu
Alt+Impr Print Leihoa inprimatu
F11 Dokumentua pantaila osoan



2010/07/26

Broadcom wifi txartelak aktibatu Ubuntun

Hainbat markako ekipoak: Dell, Hp, Lenovo... Broadcom markako wifi txartelak dituzte eta Ubuntun ez dute funtzionatzen.
Zure ekipoko wifia ez badabil begira dezakezu hori al den zure wifiaren marka; horretarako terminal bat ireki eta idatzi:
$ lspci -nn | grep Broadcom
Agertzen bada lerro bat 802.11b/g protokoloa aipatzen duena Broadcom da zure txartelaren marka.
Nola konpondu? Konektatu zure ekipoa sarera kable baten bidez eta terminal batean idatz ezazu:
$ sudo apt-get install bcmwl-kernel-source
Berrabiarazi ekipoa ethernet kablea kenduta eta hauta ezazu dagokiona topatzen dituen sareen artean.
Zerbaitegatik desinstalatu nahi baduzu egin Sistema>Administrazioa>Synaptic pakete kudeatzailea eta, root pasahitza idatzi ondoren, bilaketa bizkorreko leihoan idatzi bcmwl-kernel-source, marka ezazu kentzeko eta aplikatu.

2010/07/24

Sagu-teklak

Noizbait teklatua hondatzen bazaizu eta ez baduzu touchpad edo beste sagurik eskura gogoan izan tekla konbinazio hau:

Alt + Shift + Bloq Num

Tekla konbinazio honen teklatu numerikoaren bidez saguaren kontrola hartzen du funtzio hauekin:

2010/07/21

Naturaren soinuak

Ideia bitxia naturesoundsfor.me web orrian topatzen duguna: hainbat natur-giro eta animalien soinuak konbinatzeko aukera ematen du.

Soinu bakoitzaren intentsitatea erregula daiteke eta azken emaitzaren minutu bateko grabazioa egiten du Export to File eragiten badugu. Fitxategia wav formatukoa da.

Erabili ahal izateko flash player 10 instalatuta eduki behar dugu.

Soinuak kalitate handikoak dira. TheFreeSoundProject soinu datu basetik hartuta daude eta bertan beste mota askotako soinuak topa ditzakezu. Proiektu honen soinuek Creative Commons lizentzia dute. Datu basean bilatzeko terminoa ingelesez sartu behar duzu (ingelesa ez jakitea ez da arazoa euskalbar baldin baduzu).

2010/07/16

Linux: nola itzali ekipoa ordu zehatz batean


Linuxen ba dira hiru komando ekipoa itzaltzeko: halt, poweroff eta shutdown. Hirutan aukera gehien ematen duena shutdown da.

Oraintxe bertan itzaltzeko:
$ sudo shutdown -h now
Hainbat denbora barru. Denbora beti minututan. Esaterako 5 minutu barru:
$ sudo shutdown -h +5
Ordu zehatz batean itzaltzeko. Ordua hh:mm 24 orduko formatuan. Esaterako gaueko hamaika t'erdietan:
$ sudo shutdown -h 23:30

Azken bi horietako batean itzaltzeko unea iritsi aurretik damutuko bagina agindua ezeztatzeko  Ctrl+c egin behar dugu.

Gure asmoa bada ordenagailua zerbait egin eta gero itzaltzea ekintzaren aginduaren segidan jarriko dugu itzaltzeko agindua puntu eta komaz bereizita.  Esaterako sistema eguneratu eta gero itzal dadin:
$ sudo apt-get update;sudo apt-get upgrade;sudo shutdown -h now 

2010/07/15

Euskalbar barran zein hiztegi ageri behar diren nola aukeratu

Euskalbar Firefox internet nabigatzailearen gehigarri bat da zeinak eskura jartzen dizkigu hainbat hiztegi, sinonimo, datu base terminologiko, corpus, lokuzio eta abar. Ezagutu ez eta frogatu nahi baduzu klik eginez eskura ditzakezu Firefox eta Euskalbar.


Hainbeste dira eskaintzen dituen baliabideak ezen ez dira jada barran kabitzen. Aukeratu nahi baduzu, hiztegiak aparte, zein baliabide agertzea nahi duzun barran egin ezazu eskuin klik euskalbarraren eskuin aldean eta baliabideen zerrenda agertuko da; marka ezazu ikusi nahi dituzunak eta desmarka ezazu ikusi nahi ez dituzunak.

Eta, nola erabili barraren leku faltagatik kanpoan utzi ditugunak?
Bi modu gutxienez badaude:
  • Baldin eta kontsultatu nahi dugun hitza web orri batean badago kontsultatu nahi duzun hitzaren lema hautatuko dugu eta eskuin klik egitean agertzen zaizkigun aukeren artean euskalbar hautatuta haren posibilitate guztiak azalduko zaizkigu.
  • Bigarren metodoa:  Barrako Aukerak atalean klik egin > Hobespenak, eta Orokorra fitxan Erakutsi hiztegien menua markatzen baduzu hortik aurrera Firefoxen menuan Hiztegiak atala agerguko da eta bertan  Euskalbarraren aukera guztiak.

2010/07/12

Ubuntu: abiatzean Empathy konektatzea automatikoki

Empathy Ubuntun txateatzeko instalatuta datorren aplikazioa da. Ekipoa abiatzean erabiltzailea deskonektatuta dago eta propio konektatu behar duzu txateatzeko edo besteek ikusteko eskuragarri zaudela.
Hemen ikusiko dugu nola egin ekipoa piztean automatikoki Empathyn martxan jartzeko.

Egin Sistema > Hobespenak > Abioko aplikazioak eta bertan gehitu sarrera hau:


Ekipoa pizten duzun hurrengoan panelean punpoilo berde bat agertuko da jakinaraziz konektatuta edo eskuragarri zaudela. Egoera aldatu nahi baduzu punpoilo berdean klikatu eta egoeraren pertsiana zabaldu eta egoera berria adierazi.

2010/07/03

Linux: OpenOffice dokumentuen miniaturak ikusi

Programa txiki bat instalatuta posible da OpenOffice.org paketeko aplikazioez egindako dokumentuen miniaturak ikusi Nautilusen. Testu prozesadorez, kalkulu orriaz eta marrazki bektorialen miniaturak ikusten ahal dira. Aurreneko aldia denbora pixka ematen du miniaturak sortzen, hurrengoetan ez.

Instalatzeko, terminal batean (Aplikazioak > Gehigarriak > Terminala) egin:

sudo -v

sudo add-apt-repository ppa:flimm/ooo-thumbnailer

sudo apt-get update

sudo apt-get install ooo-thumbnailer

Martxan hasteko ekipoa berrabiarazi behar da.



Desinstalatu nahi baduzu Synaptic-era joan, bilatu eta desinstalatu.

2010/07/01

Nola gehitu hiztegiak Libreoffice aplikazio paketean

(2020/1/19an eguneratua)

Libreoffice euskaraz instalatua baduzu dagoeneko euskara hiztegia (Xuxen) eta ingelesekoa dagoeneko martxan dituzu (testu prozesadoretan hiztegia zuzentzaile ortografikoari esaten zaio).
 
Nola jakin zeintzuk hiztegi dauden instalatuta? Testu prozesadorearen egoera barraren -beheko barraren- erdialdean Euskara jartzen duen tokian klikatu eta Gehiago erakusteko esan; irekiko den leihoaren erdia aldean Hizkuntza atala agertzen da eta horko zerrendan ontzat emana edo onartua ikurra duen hizkuntzek dute instalatua hiztegia.

 

Eta, nola instala daitezke hiztegi berriak?  Zuzentzaile mordo bat dago doan eskuragarri LibreOfficeko hedapenen web orrian. Bestela LibreOfficen bertan egin dezakezu: Tresnak > Hedapen kudeatzailea > Eskuratu lineako hedapen gehiago eta web orri horretan instalatu nahi duzun hizkuntzaren izena idatzi -bere hizkuntzan-, español, français... izenean klikatu

Gazteleraren kasuan  hautatu spanish dictionaries eta bere orrian klikatu es.ANY.oxt fitxategian eta esan irekitzeko LibreOfficerekin. Erabiltzeko berrabiarazi beharko duzu LibreOffice.



Nola erabili hiztegiok? Testu bat euskaraz ez dagoen hizkuntza batean idazten badugu eta zuzentzaile ortografikoa martxan egotea nahi badugu testu osoa  (Ctrl+A) edo hizkuntza horretan dagoen testu zatia hauta eta mezuaren hasieran aipatu dudan egoera barran dagoen Euskararen gainean klikatu eta beste hizkuntza hauta.

2010/06/30

Ubuntu: Fitxategiak ekipoan bilatzen



Ez dago dudarik, fitxategiak topatzeko metodorik eraginkorrena berauek karpetatan egoki antolatzea da. Baina metodikoenari ere galtzen zaizkio fitxategiak lantzean behin.

Nola topatu fitxategi bat Ubuntun? Ezagupen teknikorik ez duen erabiltzaile arruntaren eskarmentutik lau aplikazio komentatuko ditut.

Batetik ditugu aldez aurretik informazioa indexatzen (aztertzen eta ordenatzen) ez duten aplikazioak, Ubunturen kasuan bi dira eta sistemarekin batera instalatzen dira:
  • Nautilus arakatzailearen bilaketa tresna. Edozein karpetan gaudela lupa baten ikonoarekin agertzen da. Hitz gutxitan argazkilariaren zaldia baino motelagoa da. 
  • Aplikazioak > Gehigarriak > Bilatu fitxategiak Gnome-search-tool aplikazioa martxan jartzen du eta find, locate eta grep komandoak erabiltzen ditu. Azkarra da eta fitxategiak bilatzeko izanaz gain, haren barneko testu zatiak, tamaina, datak eta abar erabili daitezke.

Bestetik erabili aurretik gure ekipoaren edukia indexatzen duten aplikazioak daude, hauek fitxategien izenak eta beraien barneko testuak aztertu eta terminoen indizeak sortzen dituzte. Horri ezker bilaketak aurrekoak baino askoz azkarrago egiten dituzte. Kategoria honetan Ubuntun gehien erabiltzen direnak Google Desktop eta Beagle dira. Biak instalatu behar dira Google Desktop deb fitxategia jaitsi eta exekutatuta eta Beagle Software-biltegitik. Instalatu ondoren ezarpenak markatu behar dira, batez ere zeintzuk karpeta, posta bezero, RSS eta abar indexatzea nahi ditugun. Biak frogatu ditut eta bakoitzetik hau nabarmen dezaket:
  • Google Desktop goiko panelean agertzen da eta Beagle baino azkarrago dabil baina indexatzeko 30 ordu behar izan ditu; bestetik lehen zortzi elementuak zerrenda batean baina gainerakoak web nabigatzailetik begiratu behar dira. Indexatzen ahal dituen elementuen artean Gmail dago. 
  • Beagle Aplikazioak > Gehigarriak > Bilatu izenarekin agertzen da, lehen aipatutako Bilatu fitxategiak-en ondoan. Ez nahastu. Honek 20.000 inguru fitxategi ordu batean indexatu ditu; Google Desktop baina pixka bat motelagoa da baina emaitzak garbiago eskaintzen ditu, kategorietan antolatuta eta klikatzeko moduan; gainera software librea da. Google-rena bilaketako testua terminoaren edozein partean bilatzen du, Beagle ordea termino hutsa bezala, beraz, honekin  atzetik edo aurretik * komodina erabiltzea planteatu behar dugu.

Labur bilduz, Nautilusena baztertzeko modukoa da. Bilaketak sarri egiten ez badugu -batez ere barneko testuetako bilaketak- gehigarrietako Bilatu Fitxategiak nahiko izan daiteke eta agian panelera eramatea komeni zaizu. Azkenik bilaketak sarri, eta gainera fitxategi barneko testuan bilatu nahi baduzu, indexatzen duten aplikazioetako bat instalatzea komeni zaizu.

2010/06/19

Pantailaren koloreak gauez alderantzizkatu: win+m

Gauez pantailaren distira gehiegizkoa izan daiteke eta haren aurrean denbora luze egonez gero nekagarria suertatzen da, batez ere atzeko planoak zuriak direnean. Une honetan Ubunturi buruzko eskuliburu bat ari naiz irakurtzen eta laster tekla nagusien helburuaz jarduten duen atalean tekla konbinazio interesgarri bat aurkitu dut:

Windows tekla + m

Pantailaren koloreak alderantziz jartzen ditu, dokumentu arruntetan esate baterako atzeko planoa beltz eta letrak zuri. Zinez esaten dizut begiek eskertzen dutela. Irudian ikusten ahal duzu dokumentu bat kolore arruntekin eta alderantzikatutakoekin. Aldaera bat Windows tekla + n da, honek aktibo dagoen leihoaren koloreak soilik jartzen ditu alderantziz.

2010/06/14

Messenger Linuxen edo Mac-en

Linux instalatu nahi baduzu etxean baina zurekin bizi diren neraberen bat Messengerrekin engantxauta badago  soluzioa web bidezko MSNa izan daiteke. Hona bi web bezero:

eBuddy: sinplea, MSN-ez gain Yahoo, Gtalk, AIM eta abarrerako ere balio du.
MessengerFX: soiltasuna eta kalitate grafikoa.

Hauen bidez interneteko nabigatzailetik txatea dezakete konfidentzialki ordenagailuan ezer aldatu gabe.

2010/06/13

X Tile Ubuntun pantaila hainbat leihoetan banatzeko programa

Linuxen aplikazioak hainbat mahaigainetan ireki daitezke eta mahaigain batetik bestera jauzi egin dezakezu Ctrl+Eskuin eta Ezker geziekin baina aplikazio bat baino gehiago leiho berean ikusi nahi badugu bi aukera ditugu: lehengoa aplikazioen leihoak txikitu eta eskuz egokitu pantailan zehar edo X Tile aplikazioa jaitsi, instalatu eta panelean kokatu. Klikatzean honako leihoa irekiko da:



Bertan pantaila berean ikusi nahi ditugun aplikazioak hauta eta goiko panelean zehatz ezazu modutan banatu nahi dituzun leihoak.

Aplikazioa ez dago software-biltegian, beraz, bere web-orrira joan eta zure Linuxari dagokion bertsioaren pakete jaitsi behar da (Ubunturen kasuan debian-ubuntu package jartzen duena). Jaitsi ondoren bi klik egin haren gainean eta automatiko instalatuko da.



Instalatzean Aplikazioak > Gehigarriak atalean agertuko da. 

2010/06/10

Ubuntu Remix: nola erantsi abiarazleak gogokoenetan

Ubuntu Remix netbook edo ordenagailu ultra-arinentzako distribuzio bat da. Ekipo hauei etekin gehiago ateratzeko pentsatua dago: leihoak beti maximizatuak, panel bateratuak, ikono handiak...

Mahiagaina berezia du, sistema abiatzean hasierako orri bat erakusten du non ezkerraldean nautilus arakatzailea,aplikazioak motaz sailkaturik eta ezarpenak agertzen dira eta eskuinaldean launcher edo abiarazle multzo bat.


Gogokoenak izenarekin agertzen da abiarazle multzoa eta klik bakar batez eramango gaitu nahi dugun aplikazio, web-orri edo karpetara. Bertan agertzen diren abiarazleak alda daitezke gure gogokoenak izan daitezen:
  • Aplikazioen kasuan haren ikonoaren + ikonoan sakatu edo eskuin klik egin eta "gehitu gogokoenetara" saka.
  • Karpeta edo fitxategien kasuan arrastatu egin behar dira goiko ezker izkinako ubuntu logora.
  • Web-orrien kasuan lan gehiago egin behar da: ireki Sistema > Hobespenak > Menu nagusia > Internet > eskuinean Elementu berria eta bertan sortuko dugu abiarazlea, Izena jarri eta Komandoan idatzi "firefox weborriarenizena.com". Ondoren ezkerreko panelean internet apalean sartu eta abiarazlearen + ikonoan sakatu edo eskuin klik eta sartu gogokoenetan.
Abiarazle bat kentzeko haren gainean klikatu eta kendu sakatu.

2010/06/04

VirtualBox frogatzen

Ekipo batean bi sistema eragile edo gehiago izateko bi modu erabiltzen dira gehien bat: abio duala, alegia ekipoa abiatzen denean menu bat azaltzea non erabiltzaileak erabakitzen du zein sistema erabili sesio horretan, eta bestea birtualizazioa da, bigarren modu honetan sistema bat abiatzen da, Linux edo Windows gehienetan, eta bigarren sistema, birtuala alegia, lehenengoaren aplikazio moduan irekitzen da.

Birtualizazioak egiteko gehien erabiltzen diren aplikazioak VMware eta VirtualBox dira. Nik bigarrena frogatu dut.

Instalazioa egiteko hemen deskribatzen den modua erabili dut. Aurrekoan software-biltegitik egin nuen baina ez zidan sortu vboxusers taldea. Abiapuntua kasu honetan Ubuntu 10.04 duen ekipo bat da. Aplikazioa Sistemaren Tresnak taldetik abiatu eta gomendatzen dituen parametroak onartu ditut. Bi GBteko Rametik 512 MB esleitu diot Windows XP birtualari. Windowen diskoa CDan sartu eta aurrera...
Behin instalazioa bukatuta -parametro arruntak onartuz- oztopo txiki bat izan dut Ctrl-Alt-Supr eskatzen duen Windowseko pantaila. Hiru teklen konbinazioa eginez gero Ubuntu bera itzali nahi ote dugun galdetzen digu. Bilatu eta soluzioa topatu dut Eskuineko Ctrl+Supr bi teklen konbinazioa desblokeatzen du sarrera. Ondoren institutuko domeinuan sartu, XPa euskaratu eta hasierako Ctrl-Alt-Supr berriz ager ez dadin konpondu (Kontrol panela > erabiltzaileak > aurreratua):

Instalazioaren abiadura harritzekoa eta Windowsa fin baino finagoa dabil Ubunturen gainean. Frogekin segituko dut eta beste mezu batean komentatuko dut usb memoriak, karpeta partekatuak eta holakoekin zer moduz.

2010/06/02

Xournal: pdf dokumentuetan oharrak egiteko aplikazioa

Windowsen erabiltzen nituen aplikazio guztientzako ordezkoak topatu ditut Linuxen... bat  ezik: pdf formatuko dokumentuak ikusteko eta haien gainean markak, azpimarrak, oharrak eta abar egiteko Foxit Reader erabiltzen nuen Windowsen eta azkenean topatu dut haren parekoa Linuxen: Xournal.

Instalazioa egiteko Ubuntun software-biltegian bilatu eta bertatik instalatzen ahal dugu. Behin instalatuta aplikazioa Gehigarriak atalean agertuko da.

Berez oharrak egiteko programatxo bat da baina gai da pdf dokumentuak irekitzeko eta haien gainean marraztu eta idazteko. Horretarako egingo dugu File > Annotate pdf  eta pdf dokumentua irekiko dugu. Irudien gainean ere egin daitezke notak: horretarako menuan Journal > Load backgraund egin eta irudia hauta.


Haren gainean aukera izango dugu hainbat koloretan kutxak egiteko, azpimarratzeko, nabarmentzeko edo testuak idazteko. Kutxak eta azpimarrak zuzenak egiteko tresna barrako erregela erabiltzea komeni da.

Behin oharrak eginda gorde dezakegu oharrak bere formatuan (.xoj) eta oharrak irekitzean haien azpiko pdf-a irekiko da -erne, ez ezazu pdf dokumentua ezaba zeren xoj dokumentuak ez du barnean hartzen, lotura bat egiten du-. Nonbaitera eraman behar badugu egokiena pdf formatura esportatzea da (normalean izena aldatuta, esate baterako, dekretua_oharrekin.pdf) eta hartara ez duzu Xournal aplikazioa beharko.

Zertarako erabili? Niri hainbat aplikazio bururatzen zaizkit:
  • Liburuetan markak eta oharrak eransteko.
  • Dekretu eta araubideetan atalak nabarmentzeko.
  • Eskaneatutako azterketak zuzentzeko.

Eta behar hori suertatzen bazait administratzen ez dudan ekipo batean, edo windows batean?  Xournal ezin badugu instalatu atakatik ateratzeko crocodoc.com jo dezakegu; zerbitzu bera baina on line eran eskaintzen du. Erregistratu, login egin, dokumentua igo eta editatu.

2010/05/29

Hainbat ikur, marka edo karaktere grafikoen izenak

Zalantzaren bat argitu ondoren zerrendatxo batean gehien erabiltzen ditudanak bildu ditut.

( )  parentesiak
[ ]  makoak, kortxeteak
{ } giltzak
@   a bildua
#   traola
/    barra, frakzio-barra (zabalera)
\     alderantziko barra (txokora)
-   marratxoa
_   beheko marra
   paragrafo zeinua
§  sekzio zeinua
<  txikiagoa
>  handiagoa
!  harridura marka
?  galdera marka
$  dolarra
&  eta ikurra, ampersand
%  ehunekoa
"  kakotxak, komatxoak
'  apostrofea
é  e tiletaduna
è  e azentu kamutsa
ë  e dieresiduna
ê  e azentu zirkunflexua
*  izartxoa
ç  c kakoduna
~  tileta
...  eten puntuak
|  barra bertikala
¦  barra bertikal etena



Irudi formatuan


2010/05/26

Ubuntu gnome2: Nautilus nabigadorean helbide barra nola ikusi

Nautilusen helbide barrak erakusten digu fitxategi edo karpeta baten helbide edo kokalekua (path). Helbide hori bi eratara ikus daiteke mailakako botoien bidez:





Era honetan mailak klikatzen barrura edo kanpora nabiga daiteke.

Beste era helbidea ikusteko era editagarria da:

Ubunturen aurreko bertsioetan arkatza baten irudia zuen ikono batez alda daiteke batetik bestera baina sinplikatzearren kendu dute.

Nola lehenetsi lehenengoa (edo bigarrena) eta nola aldatu, une puntual batean, bigarrenera.

Ikusteko era bat edo bestea lehenesteko terminal batean idatzi:

gconf-editor

eta klikatu apps > nautilus > preferences

 Always_use_location_entry desaktibatua botoiak ikusiko ditugu eta aktibatuta editatzeko modua. Nire aholkua desaktibatuta eduki botoiak ikusteko eta une batean editatu nahi badugu Ctrl + l zanpatu.

2010/05/23

Linux: Shutter pantaila kapturadorea ireki dadila Impr Pant sakatzean.

Shutter Linuxentzako pantaila kapturadore oso interesgarria da; era askotako kapturak egiteaz gain berauek editatzeko aukera handia eskaintzen du. Gnomek ordea badu bere pantaila kapturadorea arinago baina pobre xamarra, eta berau da Impr Pant sakatzean irekitzen dena. Shutterzalea bazara eta lehenetsi nahi baduzu horrela egin dezakezu:
Shutter ireki (instalatu nahi baduzu software-biltegian duzu) eta menu nagusian klika ezazu Edit > Hobespenak, bertan Keyboard (teklatua) fitxa ireki eta aktiba itzazu Capture eta Capture with selection (bigarren honetan aukera dezakezu Impr Pant egitean zer kapturatu behar duen: leiho bat, sekzio bat edo pantaila zati bat.


PDF tresnak Linuxen

PDF formatura esportatu.
  • OpenOffice paketeak (testu prozesadore, kalkulu orria, aurkezpen editorea...) zuzenean esporta dezake PDFra.
  • Aplikazio askok (Firefox, Xmind, Gimp...) PDF formatuko fitxategira inprimatzeko aukera ematen dute.
PDF fortatuko fitxategira inprimatzen.

  • Aukera hau ematen ez duten aplikazioetarako inprimagailu birtual bat sor dezakegu (ikus).
PDF formatutik importatu.

OpenOfficek hedapen edo gehigarri baten bidez egin dezake, jaitsi Sun PDF Import Extension eta instalatu OpenOfficen (Tresnak > Hedapen kudeatzailea > Gehitu)

PDF tresnak.

Badira aplikazio batzuk PDFak moldatzeko, haien artean PDF Chain, Ubuntun software-biltegitik instala daiteke eta haren bidez PDF fitxategi bat moztu (split) dezakegu orritan esate baterako edo PDF dokumentu batzuk bakar batean batu (merge) ditzakegu, bat beste baten atzeko plano bezala jarri eta abar. Kasu guztietan sortutako dokumentua babesteko aukera ematen digu.

PDF Chain aplikazioaren interfazea

2010/05/22

OpenOffice base apunteak html5 formatua estrenatu duen Scribd.com ostatuan

Izenburu korapilatsua bi mezu batean emateagatik.

Ikasturtea bukatzen ari da eta ikas materialak hainbat aldaketa egin ondoren argitara ateratzeko unea da. OpenOffice baseri buruzko apunte batzuk igota nituen aspaldi Scribd.com dokumentu-ostatura. Horiek kendu eta apunteen bertsio berria igo dut.
Apunte horien bukaeran hainbat ariketa jarri ditut eta ariketa horiek egin ahal izateko behar diren datu-baseak ere eskuragai jarri ditut -Dropbox ostatuan-.

Esan bezala apunteak Scribd.com ostatuan jarri ditut eta konturatu naiz dokumentuak lehen baino askoz hobe ikusten direla. Pixka bat begiratuta ikusi dut arrazoia dela Scribd.com Flash utzi eta html5 formatura pasa dela.
Orain arte Flash erreproduktorea erabiltzen zuten dokumentu konplexuak gaizki ikusten zirelako html formatuan (letra-tipo gutxi, irudi bektorialak ezin eskalatu...); baina html formatuaren 5 bertsioak ekarri dituen aurrerapenekin (font-face, canvas...) dokumentuak oso ondo ikusten dira zuzenean eta Scribd.com Adobe enpresaren Flash uztarri pribatibotik askatu da. Zer hobetu da dokumentuak ikustean?
  • Flashek ezartzen zuen markoa desagertu da. Dokumentuak zabalago, argiago ikusten dira.
  • Nabigadorearen tresnak erabili daitezke dokumentu barrenean: testua bilatu, zooma, testua eta irudiak hautatu eta kopiatu...
  • Google-k eta gainerako bilatzaileek dokumentuen testuak eta irudiak indexatuko dituzte.
  • Pluginik ez da instalatu behar.

Honi buruzko informazioa Scribd.com-en.

Phatch: irudien multzokako tratamendua

Phatch Linuxen aplikazioa da irudien multzokako tratamenduak egiteko. Hainbat tratamendu egiten ahal dira eta tratamenduak serietan lotu daitezke. Tratamendu-serie horiek hautatutako irudi batzuei edo karpeta baten irudiei aplika dakizkieke.

Instalazioa. Ubuntun software-biltegitik instala dezakegu. Bestela bere iturritik:
sudo add-apt-repository ppa:stani
sudo apt-get update
sudo apt-get install phatch
 Bi aplikazio instalatzen dira: image inspektor irudien ezaugarrien berri ematen diguna eta batch processor irudien tratamendua egiten duena.
Ikus dezagun nola funtzionatzen duen bigarrenak.

Lehenik eta behin aplikazioa grafikoen ataletik abiatuko dugu.

 Gurutze berdean klikatu eta tratamenduak txertatuko ditugu hurrenkeran. Tratamendu asko dago: dimentsioak aldatu, moztu, markoa jarri, gps datak erantsi, irudi matrizeak sortu, efektuak aplikatu (polaroid, itzala...), perspektiba, berrizendatu, biratu, ertzak leundu, testua edo ur-markak erantsi eta gehiago.


Efektu horiek guztiak konfiguragarriak dira.

Behin tratamendu segida bat diseinatu ondoren, esaterako: txikitu irudiak 256 pixeleko zabalera, 4 pixel zabalerako marko urdin bat jarri eta gorde; diseinatutako segida hau gorde dezakegu beste batean erabiltzeko.


Bukatzeko tratamendu segida exekutatuko diogu (gaineko irudian borobil gorriaz markatua) gura dugun irudi multzoari edo karpeta oso bateko irudiei.

Argazkiak edo irudiak multzotan tamainaz aldatu edo biratzea eskaintzen duen beste posibilitate bat Nautilusen gehigarri bat instalatzea da. Aukera gutxiago eskaintzen du baina erabilera sinpleago eta azkarragoa du. Gehigarria instalatzeko Sistema>Administrazioa>Synaptic eta bilaketa leihoan Nautilus idatzi eta gero hauta: nautilus-image-converter egin klik eskuinean, marka ezazu instalatzeko eta gero tresna barran aplikatu klikatu. Saioa itxi eta berri bat ireki behar da martxan ipintzeko. Aldatu nahi dituzun fitxategiak hautatu (Ctrl zanpatua edo Ctrl+A denak hautatzeko) eta eskuin klik egitean agertuko zaizkizu aukera berriak.

2010/05/21

Linux Ubuntu: nola instalatu Ares

Ares p2p protokoloaren bidez fitxategiak  (gehienetan musika eta filmak) partekatzeko Windows gaineko aplikazio irekia da.

Linuxen erabili ahal izateko Wine (Windowsen emuladorea) erabil dezakegu.
Urratsak:
Lehenik eta behin, behar izanez gero, Wine instalatuko dugu; Ubunturen kasuan Software-biltegitik.
Ondoren, Aresen instalazio fitxategia jaitsiko dugu bere web ofizialetik eta mahaigainean gordeko dugu.
Instalazioa egiteko ondoko agindua kopiatu, terminal bat irekiko dugu (Aplikazioak>Gehigarriak>Terminala) eta bertan itsatsiko dugu (kokatu eta klikatu gurpilean):
wine Mahaigaina/aresregular215_installer.exe
Kontuan izan jaitsi duzuna agian jada ez dela 215. Idatzi jaitsi duzun fitxategiarena.

Dagoeneko instalatuta, instalazio fitxategia mahaigainetik ezabatuko dugu eta aplikazioa abiatzeko egingo dugu: Aplikazioak > Wine > Programs > Ares > Ares


Aplikazioa euskaratzeko jaitsi fitxategi hau, deskonprimatu, kopia ezazu, egin Aplikazioak > Wine > Arakatu C: diskoa > Program Files > Ares > lang eta bertan itsatsi Basque.txt fitxategia. Ondoren exekuta ezazu Ares eta Control Panel fitxaren General ataleko Preferred language leihoan Basque hautatu.

Aresen bidez jaitsitako fitxategiak tokitan gordetzen dira, My shared folders izeneko karpetan. Karpetaren kokagunea aldatzeko; Aresen: Kontrol-panela > Jaisten fitxan Jaitsitakoak karpeta honetan gorde leihoaren ondoan Karpeta aldatu sakatu eta beste bat hauta, esate baterako: My Computer > Z: > home > zure erabiltzailea > Musika

2010/05/20

Firefox: Blog edo webgune batean bilaketa azkarrak egin

Hainbat blog eta webgunek bilaketak egiteko leihoa dute. Firefox nabigatzaileak aukera eskaintzen du horietan bilaketak egiteko bertara joan gabe, helbide barran hitz gako bat eta bilatu nahi dugun terminoa idatzita. Ikus dezagun nola:

Demagun blog edo webgune interesgarri bat ezagutzen duzula eta bertan bilaketak egiten ohi duzula, esate baterako hauxe bera. Bilaketak errazago egiteko joan horri horretara, bilaketa leihoan eskuin klik egin eta Gehitu bilaketa honentzat gako-hitza klikatu.


Ondoren gunea identifikatu eta errez gogoratuko duzun gako-hitza idatzi.


Aurrerantzean gune horretan terminoren bat bilatu nahi baduzu gune horretara jo gabe, helbide barran gako-hitza eta bilatu nahi duzun terminoa idatzi eta Firefoxek bilatuko du.


Egizu froga.

2010/05/17

Mezu bat komentatzean web bat estekatu

Blog baten mezu bati komentario bat egin  eta bertan web orri bat estekatu nahi baduzu htlm etiketa bat erabiltzen ahal duzu: