2011/02/14

Nola instalatu tableta digitalizatzaile bat Ubuntun

Fabrikanteak Linuxerako instrukzioak eta kontrolatzaileak eskaintzen ez baditu -tableten kasuan sarritan gertatzen dena-, gailua konektatu (usb, bluetooth...) eta internetera joko dugu. Web honetan ikus daiteke non bilatu behar den kontrolatzailea markaren arabera Aiptek, Wacom eta eGalax bere kontrolatzaileak dituzte; Genius eta beste hainbat marka Wizardpen kontrolatzailea erabiltzen dute. Azken hau erabili dut nik goiko irudiko Genius Mousepen 5x4 modeloa instalatzeko: lehenik eta behin software jatorri berria erantsi diot:

sudo add-apt-repository ppa:doctormo/xorg-wizardpen

Ondoren iturriak freskatu eta kontrolatzailea instalatu.

sudo apt-get update
sudo apt-get install xserver-xorg-input-wizardpen

Gero ekipoa berrabiarazi eta prest erabiltzeko.

2011/02/13

Ubunturekin bateragarria diren osagaiak



Lehengo batean komentatu nuen Canonicalek Ubuntun bateragarritasun egiaztatuta zuten markako ekipoentzako agiriak banatzen hasi zela. Bada agiri hori orain osagaietara zabaldu dute, alegia prozesadore, oinarrizko plakak, CD-ROM, audio eta bideo-txartelak eta abarretara.

Web honetan egin daiteke kontsulta, bai marka bai osagai-motaren arabera.


Zerrenda honetan ez agertzeak ez du esan nahi osagaia ez dabilela Ubuntun baina...

Edozein modutan katalogo hau erabiltzaile arruntontzat baino ekoizle, muntatzaile, saltzaileei begira egina dago. Erabiltzaileok gehien bat behar duguna periferiko bateragarrien katalogoa da, hau da inprimagailu, eskaner, tableta digitalizatzailea, web-cam edo antzekorik erosi behar dugunean gustu txarreko sorpresarik ez hartzeko. Ea laster batean holakorik eskaintzen diguten.

2011/02/08

NTFS Configuration Tool konpondu Maverick-en

NTFS Configurarion Tool administratzaileak ez diren erabiltzaileei Windowsek erabiltzen dituen NTFS partizioak ikusi, irakurri eta idazteko baimena emateko erabiltzen den aplikazio txiki bat da.  Ubuntu 10.10 bertsioan, Maverick-en, software biltegitik instala daiteke baina akats edo bug bat du eta ez da abiatzen. Hau konpontzeko nahikoa da /etc/hal/fdi karpeta sortzea, horretarako ireki terminala eta hurrenez hurren exekuta ezazu:

sudo mkdir /etc/hal
sudo mkdir /etc/hal/fdi

Hori eginda erabiltzen ahal duzu Sistema> Administrazioa>NTFS Configuration Tool

2011/02/06

Zereko zeraren bakarrizketak

Atzo Baginaren bakarrizketak antzezlana ikusi nuen eta ez dut aholkatzeko aukera galduko.
Eve Esleer idazlearen lanaren lokalizazio bikaina Ainhoa Garai eta Aitziber Garmendia aktoresek borobiltzen dute  interpretazio ezin hobearekin.
Barre suelto eta zer pentsa ere ematen duten pasartez josita emakumearen sexualitateari buruzko obra da.
Interneten hoztasuna baztertuta  antzerkiaren berotasunaz gozatzeko galdu ezin den aukera.

2011/02/02

Ubuntu ez da itzaltzen eta saioa ez da ixten

Libreoffice paketeari buruz egin nuen mezuan aipatu nuen Openoffice baino azkarragoa zela eta bazegoela modu bat azkarrago abiatzeko, hain zuzen aukeretan "Gaitu erretiluko abiatze bizkorra". Honek quickstar izeneko programa bat egikaritzen du zeinak paketearen hainbat modulu aldez aurretik memorian kargatzen omen dituena. Hori eginda panelean Libreofficeren ikono agertzen da eta haren bidez aplikazioak azkarrago irekitzen dira.

Kontua da hori aktibatuz gero, ez galdetu zergatik -bug bat suposatzen dut-, Ubuntuk arazoak ematen dituela interfaze grafikotik itzaltzeko eta saioa ixteko. Konpontzeko delako ikono horretan klikatu behar dugu eta desgaitu.

Hortik aurrera zure sistemak ez du arazorik izango itzaltzeko eta saiotik irteteko. Ea bug hori konpontzen duten.

Barkamena eskatzen dizuet aholkua segituz arazoa izan duzuen guztioi baina pila bat kostatu zait lotzea efektu eta kausa. Mezu originala zuzenduko dut aholkua ager ez dadin.