2010/10/10

10/10/10 Maverick Meerkat



Gaur, 10/10/10, Ubunturen 10.10 Maverick Meerkat edo Surikata Matxinoa bertsio berria eskuragarri dago. Ubuntuz gain bere aldaerak ere bai: Kubuntu,
Lubuntu, Edubuntu eta Xubuntu besteak beste.

Hona dakartzan hainbat berrikuntza:

  • Instalazio prozesu sinplifikatua eta azkarragoa.
  • Lehenetsitako itxuretan, Ambience eta Radiance gaietan, ikuspen hobekuntzak. Atzeko plano berria.
  • GOME 2.32
  • Irudiak ikusteko eta edizio txikietarako Shotwell F-Spoten ordez. Gthumb edo Gwenview gero instala daitezke. Edizio handiagoetarako Gimp ondoren instalatu beharko dugu ere.
  • Letra mota berria.
  • Software biltegia berritu dute eta Synaptic kanpoan utzi.
  • Soinua kontrolatzeko appletak informazio gehiago emango du.
  • OpenCL azelerazio grafikoa -momentuz Nvidiako txarteletan-.
  • Btrfs fitxategi sistemarako soportea.


GNU/Linuxen hasteko distribuzio egokia da Ubuntu. Frogatzeko iso fitxategia jaitsi, horrekin CD bat sortu, ekipoa berrabiarazi eta Ubuntu diskotik jarriko da martxan  deus ere aldatu gabe; froga ezazu -internet, pantaila, inprimagailua... , eta ondo baderitzozu instala ezazu Windowsekin batera edo bera bakarrik -aldez aurretik, informazioaren babeskopia egina, noski-.
Dagoeneko erabiltzailea bazara eguneraketen bidez bertsio-berritu dezakezu.

2010/10/09

Back In Time: babeskopiak GNU/Linuxen

Orain arte babeskopiak egiteko NssBackup aplikazioa erabili dut, eta mezu honetan komentatu nuen, baina gaur desgrazian erori da eta beste batek hartu du bere lekua: Back In Time.

NssBackup, eta oso antzekoa den SBackup, ez dira aplikazio txarrak baina nire kasurako ez dira egokienak: batetik babeskopia ez trinkotzeko agindu arren, beraiek konprimitzen dute eta  bestetik soilik babeskopia osoak egiten dituzte. Seguritate kopia txikietarako egokia izan daitezke, batez ere kopia horiek CD edo DVDtan gorde behar baditugu zeren eta kopiak diskoen tamainako zatitan bana daitezke.
Ez da hori nire kasua: 60 GBetik gora argazki, bideo eta dokumentuetan bigarren disko batean gordetzeko. Horregatik pasa naiz kopia inkrementalak egiten dituen Back In Timera. Kopia inkrementalak lehenengo aldian kopia osoa egiten du eta hortik aurrera soilik fitxategi berriak eta fitxategi zaharren aldaerak gordetzen ditu. Horrela babeskopiak, lehenengoa ezik, askoz azkarrago egiten dira eta, gainera, aldaketak pairatu dituzten fitxategien kasuan, nahi izanez gero, bertsio zaharrak berreskura ditzakegu.


Aplikazioaren erabilera, gainetik bada ere, azalduko dut. Instalatu ondoren -Ubunturen kasuan software biltegitik- Aplikazioak > Sistemaren trenak atalean agertuko da eta hau da bere interfazea:



Giltza ingelesa eta bihurkina dituen ikonoan klikatuta aplikazioaren ezarpenetan sartuko gara eta, bertan, zehaztuko dugu babeskopia -snapshot- zein unitate edo karpetan egin nahi dugun (interesgarria da babeskopia beste unitate batean egitea) eta babeskopia eskuz  -schelude disabled- edo maiztasun zehatz batez -egunero, astero, hilabetero...- automatikoki egin behar den. Bigarren aukera bereziki interesgarria da zerbitzarientzako.

Bigarren fitxan zehaztuko dugu zein unitate edo karpeten babeskopia egin nahi dugun.


Beste fitxetan zehatz ditzakegu zeintzuk karpetak eta fitxategi-motak baztertu behar diren, kopia zaharrak ezabatu behar diren eta abar.

Informazioa galduko bagenu berau berreskuratzeko aplikazioa martxan jarri, errekuperatu nahi dugun babeskopiaren data hauta -gehienetan azkena baina bertsio zaharrak ere berreskura ditzakegu-, berreskuratu nahi dugun fitxategia(k) edo karpeta(k) zehaztu eta gorriz markatutako ikonoa zanpatuko dugu.



Sinple, fidagarria, azkarra...

Instalazioa
Ubuntun software-zentroaren bidez egin daiteke edo terminalean agindu hau itsatsita:

sudo  add-apt-repository ppa:bit-team/stable
sudo apt-get update 

sudo apt-get install backintime-qt4

 



2010/10/07

Nola konfiguratu POP kontu bat Thunderbird posta bezeroan

Thunderbirdek, Mozillaren posta bezeroak, kontuen konfigurazio automatikoa darabil 3. bertsioan. Honek dezente errazten du kontuen konfigurazioa zerbitzaria  modernoa bada eta IMAP protokoloa erabiltzen badu -Gmail, Hotmail eta halakoak- baina, badirudi, POP protokolo zaharra darabilten zerbitzariekin ez duela asmatzen; are gehiago eskuzko konfigurazioa egin behar da eta lehen baino konplikatuagoa da.

Ikus dezagun bada nola konfiguratu POP zerbitzariko kontu bat.

  • Lehenik eta behin kontu berria ezarri nahi dugula esan behar diogu. Thunderbird estreinako aldiz martxan jartzen dugunean automatikoki abiatuko da ataza hau eta aurretik beste konturen bat ezarrita bagenuen Editatu > Posta eta berri-taldeen ezarpenak... egin beharko dugu. Lehen urratzean gure izen-abizen propioak, posta-helbidea eta haren pasahitza eskatzen digu.


  • Datuok ematean IMAP konfigurazioa automatikoki hasten da bilatzen. Bilaketa hau, bukatu baino lehen, gelditu egin behar dugu: GELDITU.


  • Aurrekoa bezalako leiho bat agertuko zaigu baina kontuaren zerbitzari-motan IMAP jartzen duena. Bada alda ezazu POP zerbitzarira aurreko leihoan ikusten den bezala, ondoren "Sartu kontuan" zanpatu eta, datuak zuzenak badira, ezarpen berriak onartuko ditu: kontuaren ezker aldeko borobiltxoak argituko dira azpiko irudian ikus daitekeen moduan.


Hortik aurrera kontua prest dago posta jaso eta bidaltzeko.

Zalantzaren bat baduzu idatzi komentarioa edo posta mezua bidali irudietako kontura.

2010/10/04

Nola sortu matrizak OpenOfficeko formula editorean

OpenOfficeko testu prozesadorean formula bat idazteko Txertatu > Objektua > Formula egin eta bi leiho agertzen zaizkigu: hautatze-leihoa eta komando- leihoa. Formulak lantzean behin idazten badugu hautatze leihoa erabiltzea komeni da -motela baina intuitiboa da eta-, baina sarri idatzi behar badugu merezi du gehien erabiltzen diren komandoak ikasita komando-lerroa erabiltzea.

Matrizeak egiteko hautatze leihoan bi errenkada eta bi zutabekoak egin daitezke: Parentesiak > Kortxeteak eta barrenean Formatuak > Matrize-pilak. Matrizea handitzeko komando-lerrora joko dugu eta traola bat  (#) txertatuko dugu zutabean eransteko eta bi traola (##) errenkada eransteko.




Dokumentazio zabalagoa Math txuletan.



2010/10/03

MuseScore partituren editore libre eta interesgarria


Partituren editore bat bilatzen aritu naiz GNU/Linuxerako. Egia esan asko dago eta bakarra frogatu dut: MuseScore; eta gustatu.

Hona hemen ezaugarri batzuk:
  • nahi haina pentagrama eta lau ahots pentagramako.
  • notak erraz sartzen dira saguz, teklatuz edo midiz.
  • edizio tresnak: kopiatu, itsatsi, zuzendu...
  • partituren inprimaketa kalitate handikoa.
  • musicxml eta midi formatuen inportazioa eta esportazioa.
  • pdf, ps eta irudi moduko esportazioa: png, svg
  • audio esportazioa: wav, flac, ogg.
  • erreprodukzioan tenpoa edo abiadura kontrolatu daiteke panel baten bidez minutuko pultsuak zehaztuta.


Bere web orrian bideotutorialak eta eskuliburua dago.
Linux, Mac eta Windows bertsioak daude. Ubuntun software-biltegitik instala daiteke edo, beti azken bertsioa disfrutatu nahi baduzu, terminalean agindu hauek exekutatu hurrenez hurren:

sudo add-apt-repository ppa:mscore-ubuntu/mscore-stable
sudo apt update
sudo apt install musescore