2014/03/23

Thunderbird gehigarriak: hainbat gehigarri interesgarri

Hona hemen Mozilla etxeko posta-bezeroaren zenbait gehigarri edo hedapen interesgarri:

Kontaktuak sinkronizatzeko gehigarriak:
Bi sinkronizatzaile probatu ditut eta ondo funtzionatzen dute. Biek ala biek sinkronizatzen dute hodeirekin eta, haren bidez, sinkronizatzen dira ordenagailu desberdinetako Thunderbird aplikazioak.

  • Gmail-erako egun martxan dagoen interesgarriena dirudi GContactSync (ez dabil 78 bertsioan).
  • Gainerako kontuetarako CARdav sistemaren bidez (Owncloud, Nextcloud, iCloud...) eta Exchange ActiveSync sistemaren bidez Outlook kontuak  TBsync.   CALdav sistemaren bidez egutegiak ere sinkronizatzen ditu.


Egutegi-agenda eta bera hainbat ekipotan sinkronizatzeko proposamena: lehenik eta behin egutegia bera:

Lightning (78.an integratuta dago, ez da gehigarria) du izena eta hainbat egutegi eduki dezakezu lokalean zein sarean eta sarean partekatuta dauden egutegiak zurearekin batera ikusi. Hilabete, aste zein egun ikuspegiak ditu.

Instalatzeko  Gehigarriak > Eskuratu gehigarriak  edo  deskargatu,  gorde xpi fitxategia eta  Gehigarriak > Kudeatu zure gehigarriak eta engranajearen ikurraren ondoko gezitxoa klikatu eta "Instalatu gehigarria fitxategitik" sakatu eta adierazi non dagoen deskargatu duzun fitxategia.

Lignight-eko egutegiak ordenagailuan gorde beharrean sinkronizatuta edukitzekok interesatzen zaigu sareko egutegiak erabiltzea eta horretarako
hauetako gehigarri bat instalatuko dugu:

Bestelakoak
Identity Chooser mezuak idaztean egiten den ohiko errore bat konpontzen du. Thunderbird erabiltzearen arrazoi nagusietako bat hainbat kontu gestionatzea da. Mezuak idaztean sarritan behar ez genuen kontutik bidaltzen dugu mezua. Hori gerta ez dadin gehigarri honek mezua idazteko klikatzen dugunean behartzen gaitu bidaliko duen kontua hautatzen.
Instalatzeko Tresnak > Gehigarriak > Eskuratu gehigarriak eta Identity Chooser bilatu; bestela hemendik deskargatu eta instalatu. (78. bertsioan ez dabil, haren ordez kontuak bereizteko Border Colors D gehigarria erabili daiteke)



Elkarte edo enpresa batean lan egiten baduzu eta zure mezu gehienak BCC moduan bidali behar baduzu, alegia kopia ezkutu moduan Blend Carbon Copy agian interesatuko zaizu modu hori lehenesteko aukera ematen duen gehigarria: Use Bcc Instead. Instalatu ondoren ezarpenetan lehenetsi behar da BCC modua:


2014/03/19

Nola desaktibatu Firefoxen PDF ikustailea

Firefox nabigatzaileak duela gutxi PDF dokumentuen ikustailea jarri du eta, egia esateko, oraindik ez dabil bat ere fin. Batetik dokumentu osoa deskargatu beharrean zatika deskargatzen du, dokumentuan aurrera egin ahala, eta horrek dokumentuaren ikustea moteltzen du. Bestetik Firefoxen PDF ikustaileak ez du bat ere ongi inprimatzen.

Nirekin bat bazatoz eta Firefoxen PDF ikustailea desgaitu nahi baduzu menuan egin Edizioa > Hobespenak > Aplikazioak. Zerrendan bilatu PDFak eta  Aurrikusi Firefox(e)n esaten duen tokian Dokumentu ikustailea erabili (lehenetsia) jarri. Hartara lehenetsita duzun PDF ikustaileak irekiko ditu deskargatutako PDF dokumentuak.


Smart ez dabil Ubuntu 12.04 eguneratu ondoren (konpondua)

Hainbat eskoletan erabiltzen den Smart arbel digitala Ubuntu 12.04 eguneratu ondoren ez dabil. Hori gerta daiteke baldin eta eguneratzean kernela ere eguneratzen bada.

Hori saihesteko bi era daude: lehena eguneratzeak ez egitea; bigarrena eguneratzea  eguneratzeen gestorearekin egin beharrean "sudo apt-get update"- "sudo apt-get upgrade" eginez. Baina dagoeneko berandu bada eta zure arbelak interaktibitatea galdu badu egin behar dena da nwfermi paketea berriz instalatzea.

Horretarako
1- Software-zentrora joan, nwfermi bilatu eta desinstalatu.
2- https://launchpad.net/nwfermi/trunk/0.6.5/+download/nwfermi-0.6.5.0_i386.deb orritik nwfermi-0.6.5.0_i386.deb fitxategia deskargatu karpetara nagusira eta terminalean honako hau itsatsi:
sudo dpkg -i nwfermi-0.6.5.0_i386.deb

3- Berrabiarazi eta oraindik ez badabil xf86-input-nextwindow desinstalatu beharko duzu (berarekin bateara nwfermi ere desinstalatzen da),
sudo apt-get purge xf86-input-nextwindow

eta berria instalatzeko jokatu behar duzu Wiki Linkat deskribatzen den bezala: Smarten softwarea orrian dagoen estekatik deskargatu, deskonprimitu eta, Smart dagoeneko instalatuta baduzu, aski duzu  Installació dels drivers específics per a la pissarra SB480 atalean deskribatzen dena hitzez hitz aplikatu. Oso argi azalduta dago.



Smart instalatuta ez baduzu jarraibideak hasieratik aplikatu behar dira. 

Eskerrik asko Kataluniako Generalitateari eskaintzen duen laguntzagatik.
Gràcies a la Generalitat de Catalunya per l'ajuda que ofereix.

2014/03/18

Google Earth ez du zerbitzariarekin konektatzen (konpondua)

Google Earth 7.1.2 instalatu dut eta ez zuen informaziorik deskargatzen zerbitzaritik; ondorioz, globoa bai, mugak eta izenak ere ikusten ziren baina dena hondo beltzaren gainean.


Konponbidea foro batean topatu dut. Zuri gauza bera gertatzen bazaizu hona hemen konponbidea: menu nagusian Tools > Options eta 3D View fitxan desmarkatu Compress elementua eta OK.


OK egitean zerbitzaritik irudiak deskargatzen hasiko da eta argia egin zen (komodios).




Google Earth-en "HTTP invalid request" errorea Ubuntu 12.04-n

Ubuntu 12.04 gaineko Google Earth-ek bilaketa bat egitean "HTTP invalid request" mezua bueltatzen badizu kontua da Google Earthe-ek libcurl libreriaren bertsio zahar bat proposatzen duela.



Arazoa konpontzeko libreria hori berrizendatu behar da zeren eta zahakitua gelditu da eta sistemarena erabili behar du. Horretarako administrazio baimenak dituen erabiltzaile batez terminalean hau exekutatu:



Esaten badizu fitxategia ez duela topatzen (no such file or directory) proba ezazu beste lokalizazio honekin:



Honekin ere ez bada konpontzen beste aukera bat da Google Earth desintalatzea (Ubunturen software-zentrora joan, bilatu eta desintalatu) eta bertsio berriagoa deskargatu hemendik eta instalatu deskargatutako fitxategian klik bikoitza eginez.

2014/03/17

Thunderbird: zuzentzaile ortografikoa hainbat hizkuntzatan jarri

Thunderbird posta elektronikoa kudeatzeko aplikazioan bi zuzentzaile ortografiko instalatzen dira: ingelesa eta zure aplikazioarena*.

 Beste hizkuntzetako zuzentzaileak instalatzeko aukera ematen du; horretarako menu nagusian Tresnak > Gehigarriak > Eskuratu gehigarriak eta ezkerraldean "Bilatu gehigarri guztiak" jartzen duen leihatilan idatziko dugu "francaise", "español", "catala", edo instalatu nahi dugun hizkuntzaren erreferentzia. Eskaintzen dizkigun aukeren artean egokiena hautatuko dugu eta berdin jokatuko dugu instalatu nahi dugun beste hizkuntzekin.

Ondoren, Thunderbird berrabiaraziko dugu eta mezu berria idazteko "Idatzi" klikatuko dugu, mezuaren beste datuak idatzi ondoren testuaren atalean klik egin eta konposizio barran agertzen den "Ortografia" zabalduko dugu hautatzeko idatzi behar dugun hizkuntza.


Hortik aurrera mezua idatziko dugu eta berak ulertzen ez dituen hitzak gorriz azpimarratuko ditu. Azpimarratutako hitzen gainean eskuin klik egin eta proposamena egingo digu, hautatu dugun hizkuntzan, noski.


2014/03/10

Eskola 2.0ko Lehen Hezkuntzako Asus pistatxoen wifia Ubuntu 12.04 bertsioan

EAEko Lehen Hezkuntzako eskoletan Eskola 2.0 programaren bidez banatu ziren Asus netbook-ak, euren taparen koloreagatik pistatxoak eta matxinsaltoak ezizenez ezagunak, Ubuntu 10.10 zerabilten; Ubuntu 12.04 LTS bertsiora pasatzean wifia ez dabil ongi: detektatzen ditu sareak baina ezin du konektatu.



Soluzioa:

1- Darabilten Ralink markako rt2860sta (rt2860pci, rt2790) kontrolatzailea deskargatu (deskargatzeko erabiltzaile izen bat eta posta bat jarri behar duzu eta captcha zenbakia idatzi).

2- Deskargatutako fitxategiari izena aldatu:
2010_07_16_RT2860_Linux_STA_v2.4.0.0.tar.bz2 izenari .bz2 kendu (horretarako haren gainean eskuin klik eta berrizendatu).

3- Ondoren 2010_07_16_RT2860_Linux_STA_v2.4.0.0.tar izeneko fitxategia karpeta nagusian erauzi edo deskonprimitu  (2010_07_16_RT2860_Linux_STA_v2.4.0.0 izeneko karpeta bat sortuko du).

4- Terminal bat ireki eta ondoko aginduak exekutatu hurrenez hurren (trimimailua: cd 2 idatzi eta gero TAB tekla sakatu eta berak osatuko du, eta ondo):

cd 2010_07_16_RT2860_Linux_STA_v2.4.0.0
sudo make
sudo make install
sudo gedit /etc/modules

eta irekitzen den fitxategiaren bukaeran honako hau txertatu:
rt2860sta

gorde eta itxi.

5- Berrabiarazi eta probatu.



Oharrak:
  • Piztean wifia aktibatzeko Fn+F11 sakatu behar da (eta agian teklatu numerikoa desaktibatzeko Fn+Numlk).
  • Ekipo horiek Xtrem Xhronos azpimarkarekin ere saldu dira.
  • Eskolako IKTei, probatu ondoren, remastersys-en bidez distribuzio bat prestatu eta pistatxo hauekin soilik erabiltzeko instalazio-usb bat prestatzea komeni zaie.

2014/03/04

Revolution OS dokumentalaren azpitituluak Azpitituluak.com-en



Azpitituluak.com webguneak software librearen hastapenak deskribatzen dituen Revolution OS 2001eko dokumentalaren euskarazko azpitituluak eskuragai jarri ditu.
J. T. S. Moore-k eginiko dokumentala zaharkitu samarra badago ere (garai horretan sortu edo garatu gabe zeuden Google-Android, Cannonical-Ubuntu, Firefox, OpenOffice.org) balio historiko handia du eta software libre eta irekiaren zutabeak, batez ere filosofikoak, oso argi azaltzen dituzte sortzaile nagusiek.

Informazio gehiago, dokumentalaren torrent-aren izena eta azpitituluen deskarga Azpitituluak.com webgunean.
Dokumentalaren sinopsia ingelesesko Wikipedian.

2014/03/02

Master PDF Editor: editore on bat Linuxerako

Software libreko PDF editore on baten faltan Master PDF Editor aukera ematen du oharrak, nabarmentzeak eta abar egiteko.
 

Hona hemen Master PDF Editor aplikazioaren hainbat ezaugarri:
  • Laster-markak egin.
  • Testua editatu.
  • Testua txertatu, formatudun zein formatu gabea.
  • Irudiak txertatu.
  • Testua nabarmendu (atzeko plano koloreduna testua argitu gabe), gainetik marratu eta azpimarratu.
  • Ohar itsasgarriak.
  • Forma geometrikoak txertatu.
  • Irudiak PDF bihurtu eta PDF dokumentua irudi formatura esportatu.
  • Orriak txertatu, biratu, ezabatu.
  • Dokumentuak fusionatu, moztu.
  • Estekak eta bestelako ekintzak txertatu.
  • ... 
 Garrantzitsua da kontuan izatea txertatutako testua, forma geometrikoa, oharra, nabarmentzeak eta abarren ezaugarriak alda daitezkeela pantailaren eskuin aldean agertzen den Object inspector elementuan klik eginda zabaltzen den ezaugarrien panelean.


Aldiz orrien miniaturak, dokumentuaren egitura, laster-markak eta bilaketa tresna ezkerreko panel hedagarrian:

Bilaketa tresna bikaina ezkerreko panelean.

Editatu ondoren dokumentua gorde eta  PDF irakurgailuetan, hala nola Evince edo Adober Reader-en edizioak, oharrak eta abar ondo ikusten dira.

Aplikazioa QT-en egina dago eta ez da software librea baina Linuxen erabilera ez komertzialerako doakoa da. Windowsen pagokoa da behin probako 30 egun pasata.

Deskarga orriak
  • Linuxerako 5. bertsioa aplikazioaren ur-marka jartzen duena. Hemen
  • Linuxerako 4. bertsioa aplikazioaren ur-marka jartzen ez duena. Hemen
Debian, Ubuntu, Mint... familiarako .deb fitxategia deskargatu behar da. Hautatu behar da 32 edo 64 biteko bertsioa (zure ekipoa zein sistema mota duen ez badakizu begiratu Aplikazioak > Sistemaren tresnak > Sistemaren monitorea > Sistema.
Behin deskargatuta klik bikoitza egin gainean eta Software-zentroa irekiko da instalazioa egiteko.

2014/02/26

Eskola 2.0ko TTL ekipoak nola abiatu USB-ez edo CD-DVD batez.

Eskola 2.0ko TTL ekipoetan abio-menua (boot-menu) ez dago aktibatua eta ezin da aktibatu -edo nik behintzat ez dut asmatu-.
Gauzak horrela USB batez, CD batez edo DVD batez abiatzeko BIOS-aren ezarpenetan sartu behar da.
Horretarako, abioko USB-a edo diskoa jarrita dagoela, piztu eta F2 tekla sakatu BIOS-ean sartzeko. Behin hor sartuta,

BIOS-eko Boot menua

Bios-aren menuan Boot atala aukeratu, Boot Option #1-ean kokatu eta Sartu klikatu. Abiatzeko lau aukera dituen menua azalduko da -beheko irudikoa- eta bertan aukeratuko dugu USB-a -gailuaren marka agertuko da- edo DVD-a -irudian lehenengo postuan-, Sartu sakatu onartzeko eta F4 ezarpenak gordetzeko eta ekipoa abiatzeko.

Abio aukerak: DVD, disko gogorra, sarea eta Silicon-Powers markako USBa.


(Barkatu irudien kalitate eskasa).

2014/02/25

Nola finkatu korritze-barra Ubuntu 12.04 bertsioan

Leiho batean informazio osoa ikusten ez denean eskuin aldean korritze-barra agertzen da. Ubuntun lehenetsita dago korritze-barra mugikorra edo overlay scroll bar; oso fina eta kontrola soilik punteroa hurbiltzen dugunean erakusten duena.

Korritze-barra mugikorretik finkora.


Estetika kontuak bazterrean utzita, korritze-barra mugikorra saguarekin ongi ibiltzen da baina arbela digitalean barraren ehiza etsipengarria izaten da.

Ikus dezagun bi modu pasatzeko barra mugikorretik finkora.

A- Ekipo batean erabiltzaileek gustu desberdinak badituzte hona hemen nola aldatu ezarpen pertsonala barra finkatzeko: terminalean agindu hau exekutatu:
sudo echo "export LIBOVERLAY_SCROLLBAR=0" > /etc/X11/Xsession.d/80overlayscrollbars

eta berrabiarazi ekipoa.

B- Arbela digitalen kasuan erabiltzaile guztiei komeni zaie korritze-barra finkoa eta hori lortuko dugu mugikorra desintalatuta. Terminalean agindu hau exekutatu:

sudo apt-get remove overlay-scrollbar liboverlay-scrollbar-0.2-0 liboverlay-scrollbar3-0.2-0

eta berrabiarazi ekipoa.

2014/02/24

Badirudi 2014ean egonkortu direla nabigatzaileen erabilera-proportzioak



Badirudi Europan interneteko nabigatzaileen erabilera-proportzioak azken hiru hilabeteetan egonkortzera jo dutela, mugikorren erabilera kontuan izan gabe. Hala, lau urtetan Internet Explorer (IE), Firefox eta Operaren erabilera txikituz eta Chrome eta Safarirena handituz joan bada ere ematen du erabilera proportzioak egonkortu direla: Chrome %40 inguruan, Firefox %26an, IE %18an, Safari %10ean eta Opera %3an.

Iturria: StarCounter

2014/02/17

"Linux: instalazioa eta mantenua ikastetxean" ikastaroa Donostian

2014ko otsailaren 27 eta martxoaren 6an Donostiako Antigua-Luberri institutuan ikastetxeetan GNU/Linux instalatu eta mantentzeko arrazoiak, baliabideak, irizpideak eta estrategiak aurkeztuko dituen ikastaroa izango da.

Hona bere ezaugarriak:

HELBURUA
Zazpi orduko aurrez aurreko ikastaro honen helburua hainbat ikastetxetan* egin
den Linuxen ezarpenean oinarri hartuta, beste ikastetxeentzako erreferentziak ematea.
*Donostiako Antigua-Luberri eta Lauaizeta BHI eta Irungo Toki Alai BHI.

NORENTZAT
Ikastetxeetako IKT edo Premia arduradunentzat (edo ardura horietan lagundu nahi dutenentzat).

EDUKIAK
1. saioa
  • Zertarako Linux. Software librearen abantailak.
  • Ubuntu: Mahaigaina, fitxategien arakatzailea, aplikazio nagusiak eta formatuen afera.
  • Linux-ekipoak Windowsen Active Directoryn integratu eta Irakasleak, Ikasleak eta karpeta pertsonalak mapeatu.
  • Distribuzio propioa prestatu eta instalatu.
2. saioa
  • Ataza administratiboak: programen instalazioa, wifia eta inprimagailuen ezarpena, IPak finkatu, Terminal Server...
  • Arbel digitala: Smarten kalibrazioa, Open-Sankoré.
  • Juniper.
  • Laguntza teknikoa.
  • Instalazioen erritmoak eta irizpideak.
  • Intraneta Linuxen.
IRAKASLEA
Alexander Gabilondo (Antigua-Luberri BHIko Premia)

DATAK: Otsailak 27 eta martxoaren 6a (ostegunak)

ORDUTEGIA: 16:00-19:30

TOKIA: Donostiako Antigua-Luberri BHI (Informatika 3 gela). Xalbador bertsolaria, 9.

PLAZAK: 12

IZEN EMATEA: mezua bidali irakasleari (a.gabilondo@antigua-luberri.net) bertan azalduta ikastetxea, ardura eta Linux ezagutzen duzun.

2014/02/16

Ubuntu gai iluna eta urdina



Ordenagailuaren pantailaren aurrean ordu asko ematen dugunontzat pantailaren ezarpenak, inguruko argitasuna, jarrera... inportanteak dira.

Ni gehien bat iluntzean ibiltzen naiz ordenagailuan eta pantailaren argitasunak nekagarria egiten zait. Horregatik etxean gai ilunak ditut gogoko (blog hau horren adibide garbia da).

Zentzu horretan gaur MediterraneanDark gaia eta berarekin ondo datorren Myelementary ikonoak aurkeztuko dizuet.

Gai ilunek ikusmen polaritate negatiboa erabiltzen dute eta fotoi gutxiago jaurtitzen dutenez ikusmenean neke gutxiago sortzen omen dute. Gai eztabaidatsua da baina niri hala iruditzen zait. Bestetik Myelementary ikonoek lasaigarria omen den kolore urdina erabiltzen dute. Hona hemen ohiko aplikazio batzuk nola ikusten diren gai ilunarekin:

Thunderbird
LibreOffice Writter Draft gaiarekin
MuseScore

OpenShots
 

Ikusmen arrazoiengatik edo estetika hutsarengatik Ubuntun instalatu nahi baduzu hona hemen nola egin dezakezu:

1- Deskargak eta instalazioak.

Lehenik eta behin gaia eta ikonoak eta berauek ezartzeko aplikazioa deskargatu eta instalatuko ditugu. Horretarako terminalean honako agindu hauek hurrenez hurren exekutatuko ditugu.








2014/02/11

TTL portatilen wifia Ubuntu 12.04ean

Eusko Jaurlaritzak hornitutako TTL portatiletan dagoeneko sostengurik ez duen Ubuntu 13.04 bertsioa jarri dute (ezjakintasuna? asmo txarra?). Ondo ibiltzeko Ubuntu 12.04 bertsioa instalatzea komeni da baina 13.04 bertsioaren kernelarekin ondo dabilen wifiari 12.04ean kontrolatzailea instalatu behar zaio ibili dadin.


Horrela instala dezakegu realtek-rtl8723 wifiaren kontrolatzailea:

1- Kontrolatzailea deskargatu.

2- Fitxategian klik bikoitza eginda deskonprimitu karpeta nagusira.

3- Konpilatuko dugu terminalean hurrenez hurren hiru agindu hauek exekutatuta:

cd rtl_92ce_92se_92de_8723ae_linux_mac80211_0006.0514.2012
make
sudo make install


4- Ekipoa berrabiarazi.


Zenbati ekipotan egin behar baduzu komeni zaizu Remastersys-en bidez distribuzio berria prestatzea.

Software libre eta Linux-en gaineko zerbitzu teknikoa eta formakuntza ematen duen GISA Elkartearen laguntzaz egina.

Eguneratzea (2014/4/8)
  • Linux-aren kernela 3.11 bada wifia ezagutzen du eta instalazioa ez da egin behar -ez nago seguru zein bertsiotik aurrera ezaguntzen duen-.

2014/01/28

Nola konpondu seguritate-errorea Oracle Java 7-n

Javaren segurtasun akatsak sistema eragile eta interneteko nabigatzaileen garatzaileei buruko min handiak ematen omen dizkie eta gogor jarri dira Oraclerekin eta Oracle Java erabiltzen duten garatzaileekin. Segurtasun egiaztagiria eskuratzen ez duten aplikazioak ez dute funtzionatzen Oracle Java-ren gaur egungo azken bertsioarekin (7u51).
Hori gertatzen da matematika eta fisikako appletekin, jclic, geogebrako web-ekin...
Hau da azaltzen den pantaila:



Aplikazioek segurtasun-egiaztagiria eskuratu bitartean Oraclek proposatzen duen behin-behineko irtenbidea hau da:

1- Kopiatu exekutatu nahi duzun java-appletaren web orriaren helbide orokorra. Esate baterako Manuel Sadaren Matematika interaktiboen kasuan:

2- Ubunturen menu orokorrean Aplikazoak > Sistemaren tresnak > Hobespenak > Oracle Java 7 Plugin Control Panel-ean Security fitxa ireki eta Edit Site List.. klikatuko dugu. Bertan guretzat fidagarriak diren helbideak jarriko ditugu; horretarako Add egin eta agertzen den lehiatilan kopiatu dugun helbidea itsatsi Ctrl+V eginez:


OK klikatu onartzeko eta hemendik aurrera ekipo horretan zuk web orri horren java-appletak erabili ahal izango dituzu ohartarazpen guztiak onartu ondoren. Hori erabiltzaile bakoitzak behar dituen ekipo guztietan eta Oracle Java erabiltzen duten orri guztiekin egin beharko du.

Horrelako toki asko erabiltzen badituzu beste aukera bat izan daiteke Java-ren segurtasun maila jaistea. Horretarako lehen aipatutako Security fitxan gomendatutako segurtasun maila altutik (hight) tartekora  (medium) pasa behar duzu



2013/12/25

Sound Juicer zure musika CDtik erauzteko


Erosi duzun diskoa, ordenagailuan edo telefonoan edo mp3-erreproduzigailuan entzun nahi baduzu diskoaren kantak erauzi edo ripeatu behar dituzu. Hori egiteko Linuxen ezagutzen dudan aplikaziorik interesgarriena Sound Juicer CD Ripper da.

Oso erraz funtzionatzen du. Behin aplikazioa abiatu ondoren CDa unitatean sartu eta detektatzen du. MusicBrainz datu-basera jotzen du tituluak deskargatzeko. Datu-base honetan datuok ez badaude diskoaren titulua, artista eta kanten tituluak eskuz sartu beharko ditugu.

Erauzketa hasi aurretik nola eta zein formatuan erauzi behar duen zehatz dezakezu hobespenetan:





Batez ere garrantzitsua irteerako formatua da. Kontuan izan formaturik hoberena ez bada ere MPEG Layer 3 Audio, alegia mp3 formatua, hautatu beharko duzula mp3 erreproduzigailuan entzun nahi baduzu zeren eta gailu horiek ez ohi dute bestelako formaturik onartzen.

Erauzteko esan eta gero gailura pasa.

Aplikazioa instalatzeko Ubuntun software-zentrotik egin dezakegu eta Debianen oinarritutako distribuzioetan terminalean honako hau itsatsi eta exekutatuta:

sudo apt-get install sound-juicer

Aplikazioa euskaraz dabil, laguntza eta guzti,  Mikel Olasagasti eta Iñaki Murgoitio librezaleei esker.


Beste aplikazio interesgarriak Linuxerako
Software bilduma

2013/12/23

2014 egutegia

2013 badoa eta 2014 bertan dago. Egutegi honetan egunaren zenbakiaren ondoan tokia duzu gogoan hartzekoak edo oharrak idazteko.
LibreOfficeren kalkulu orriaz egina, gura baduzu hemendik



Lehenengo orrian urte osoa agertzen da:



eta gainerako orrietan hamabi hilabeterenak:


2013/12/20

Munduko haizeak era ikusgarrian

Lurraren errotazioak, kontinenteen presentziak eta ekuatorea eta poloen arteko tenperatura diferentziak sortzen dituzten munduko haizeak, behe presioko guneak -goi-hemisferioan erlojuaren kontrako norabidean- eta goi presioko guneak edo antizikloiak era ikusgarrian behatzeko aukera ematen dute https://www.windy.com eta https://earth.nullschool.net/ web-orriek. Denboran atzera-aurrera eta tenperatura eta prezipitazioei buruzko informazioa ere ematen dute.


Irudiak Windguruk euskaraz ematen dituen kosta aldeko datuekin konpara ditzakegu.


edo era eskematikoan ikusi sat24.com orriak eskaintzen dituen haizeen, hodeitzaren, tenperaturaren, euriaren arteko harremana ikusteko.







2013/12/15

Viking 1.5 euskaraz


Viking Linux, Windows eta Mac OS X sistemarako GPS datuak ikusi eta editatzeko mahaigaineko aplikazio librea. Interesgarria OpenStreetMaps.org eta OpenCycleMap.org mapak erabiltzen dituelako. Arrastoak, ibilbideak eta bide-puntuak inportatu, editatu eta esportatu egiten ditu.

Nola funtzionatzen duen ikasi nahi baduzu tutorial ireki bat duzu hemen: https://sites.google.com/view/viking-euskaraz/

1.5 bertsio berrian euskara hizkuntza sartu dute.

Viking Windows-en instalatzeko http://sourceforge.net/projects/viking/ orritik deskarga dezakezu. Debian, Ubuntu eta deribatuetan terminala ireki (Ctrl+Alt+t) eta hurrengo agindua itsatsi eta exekutatu:

sudo apt-get install viking

2013/12/09

Ubuntu: nola konfiguratu BigKeys LX teklatua



Psikomotrizitate arazoak dituzten hainbat ikaslerekin erabiltzen den BigKeys LX teklatua Linuxen USBra konektatu eta badabil baina Alt-Gr teklarik ez duenez hainbat karaktere grafiko, tartean @ a-bildua, egiteko teklatuaren ezarpenetan aldaketa bat egin behar da.

Sistemaren ezarpenak > Teklatuaren diseinua > Diseinuak > Aukerak > Key to choose 3rd level > Left Alt aktibatu, alegia 3. mailako tekla, teklatu arruntetan Alt+Gr dena ezkerraldeko Alt teklarekin funtziona dezala.


Hori eginda a-bildua egiteko Alt+2 egingo dugu. 

Probatu dezakezu beste tekla numerikoak ikusteko zein karaktere egikaritzen diren ALT zapalduta.

2013/12/07

Calibre: nola deskargatu berriak eta blogen mezuak zure liburu elektronikora

Etxean egunkaria jasotzerik ez baduzu edo etxeko norbaitek eramaten badu ondoko bideo-tutorialean ikus dezakezu Berria-ren albisteak (edo beste egunkari batekoak) eta blogetako eguneko mezuak nola deskargatu eta liburu elektronikora pasa bertatik irakurtzeko.

1. zatia: Calibre erabiliaz albisteak eta blogetako mezuak nola eskuratu.




Programaketa behin bakarrik egiten da eta goizero egin behar duguna da programatutakoa deskargatu.

2. zatia: sortutako fitxategia liburu elektronikora pasatzen.


Calibrek Linux, Windows zein OS X bertsioak ditu deskargatzeko. Ubuntun instalatzeko aski dugu software-zentrotik deskargatzea edo terminal batean hau itsastea:

sudo apt-get install calibre

2013/12/02

Linux: nola lotu irudiak terminalen bidez

Irudiak terminalaren bidez elkartu edo lotzeko convert agindua erabiliko dugu. Convert bit-mapa irudiak manipulatzeko Image Magick paketearen partea da.

Hona hemen abiapuntuko bi irudiak

sagarra.png
madaria.png


Bata bestearen alboan jartzeko terminalean irudiak dauden karpetara joan eta idatziko dugu:

convert +append sagarra.png madaria.png frutak.png

Hau da emaitza:

frutak.png
Bata bestearen gainean jartzeko terminalean idatziko dugu:

convert -append sagarra.png madaria.png frutak.png

Hau da emaitza:

frutak.png
Convert aginduak askoz aukera gehiago ematen ditu. Aztertu nahi baduzu
terminalean jarri:

man convert

Irudiak openclipart.org web-orritik hartu ditut. Sagarra Chrisek eta madaria Raulek egin du.

2013/11/22

Ubuntun tipografiak kudeatu font-manager bidez

.ttf  TrueType Fonts da letra-moten fitxategi estandarra da. Ubuntun letra motak deskargatzea eta instalatzea hagitz erraza da: web-orri asko dago tipografiaz eta haietan loturak daude letrak deskargatzeko (adibidez eskuzko letra-moten katalogo hau). Gehienetan .zip fitxategi konprimituan deskargatzen dira, klikatu deskonprimitu eta klik bikoitza eginda instalatzeko aukera ematen du.

Behin instalatuta testu-prozesadorean eta gainerako aplikazioetan erabiltzeko aukera izango dugu.
Dena den tipografia gehiegi izateak badu bere eragozpenak: batetik aplikazioak moteltzen omen ditu eta bestetik letra-mota aukeratzeko zerrenda oso luzea denean zailagoa egiten da aukeratzea.
Hori dela eta, tipografiak kudeatzeko aplikazio interesgarri bat badago: font-manager. Instalatzeko terminal batean honako hau itsatsiko dugu:

sudo apt-get install font-manager

Unity baduzu martxan jartzeko dash-ean font-manager idatzi; Gnome klasikoa erabiltzen baduzu aplikazioa abiatzeko egin eskuin-klik menuko Aplikazioak atalean, eta Sistemaren tresnak atalean sortu abiarazle berria:


Aplikazioak aukera ugari eskaintzen baditu ere niretzat interesgarriena erabili behar ez ditudan letra-motak ezgaitzea da:


Ezker-beheko menuan gure letra-bilduma esportatzeko-inportatzeko eta letra-motak desinstalatzeko aukera ere bai. Ezkerreko paneletik kontrola daiteke letrak gaitzeak eta ez-gaitzeak uneko erabiltzaileari (user) edo erabiltzaile guztiei (all) eragin behar dien.



UPV-ek tipografia propioa aurkeztu berri du. Sustaturako egindako mezuan duzu bi letra-mota deskargatzeko aukera eta pdf interesgarri bat horiei buruz.

2013/11/19

Xnoise Linuxen musika erreproduzitzeko


Xnoise Linuxerako musika erreproduzigailu interesgarria da. Bideoak ere erreproduzi badezake ere musikarako da batez ere praktikoa, izan ere behin instalatuta galdetzen digu musika zein karpetan -edo karpetetan- dugun eta oso katalogo intuitiboa antolatzen digu artista eta diskoen arabera antolatua.


Ezaugarri aipagarri batzuk:
  • Artista, diskoa edo abestiaren bilaketa zuhaitz egituran zehar edo bilatzailearen bidez.
  • Erreprodukzio edo pista-zerrenda edita daiteke abestiak nahi eran ordenatuz eta saio batetik bestera mantentzen du baina ezin da fitxategi batean gorde -momentuz-.
  • Ekualizadorea du eta bertan hainbat aurrezarpen.
  • Ubunturen soinu-menuan integra daiteke: Editatu > Hobespenak  > "Ubunturen soinu-menuarekin integrazioa" markatu.
  • Hobespenetako pluginen bidez beste hainbat gauza egin daiteke, besteak beste abestien letrak bilatzea. 
Ubuntun instalatzeko itsatsi hurrenez hurren agindu hauek terminal batean:
sudo add-apt-repository  ppa:shkn/xnoise
sudo apt-get update
sudo apt-get install xnoise

Beste aplikazioak Linuxerako.
Software-bilduma.