2020/03/20

Heimer, kontzeptu-mapak egiteko aplikazioa

Kontzeptu mapa edo mapa mentala gai baten inguruko termino nagusiak lotzen dituen diagrama da. Diagrama hauetan kutxatiletan daude kontzeptuak eta haien arteko erlazioa gezien bidez irudikatzen dira. Gezi hauetan erlazioaren testua jar daiteke. Hierarkia ez da izaten oso zorrotza baina normalean kontzeptu nagusia erdian kokatzen da eta adarren bidez zabaltzen dira gainerako kontzeptuak.



Heimer aplikazioa librea da, C++ eta Qt bidez egina, eta Linux eta Windowserako bertsioak ditu. Aplikazioaren web orria Githuben dago.

Bere ezaugarri nagusiak dira arintasuna eta erabiltzeko erraztasuna. Ez dauka formatu aukera handirik, ezin dira irudiak edo estekak txertatu... baina ez dira beharrezkoak izaten kontzeptu mapetan. Aukera gehiago ditu CmapTools aplikazioak baina astunagoa eta erabiltzeko konplexuagoa da.

Sortutako mapak gordetzeaz gain png formatura esportatu daitezke, atzeko plano koloreduna edo gardenarekin eta nahi dugun tamainakoa.

Hau izan daiteke mezu honen kontzeptu mapa:



Instalatzeko web orriaren Releases orrira joango gara, behar dugun instalazio fitxategia deskargatu: exe Windows-erako eta deb Ubuntu eta deribatuetarako eta klik bikoitza eginda instalatuko da aplikazioa.

Kontzeptu mapak diseinatzea ez da gauza erraza, kontzeptuak hautatu, haien arteko harreman analizatu eta era argian antolatzeak entrenamendua eskatzen duen ataza da. Zirriborrotik abiatuta Heimer aplikazioaren bidez txukun jartzea, ordea, oso erraza da.

Testu batetik abiatuta horrelako eskema egiteak asko laguntzen du testuaren edukia analizatzen eta ezagutza bihurtzen.

2020/03/18

Moodle, nola kontrolatu ikasleen bertaratzea eta parte-hartzea

Moodle erabiltzen da aurrez aurreko ikastaroetan, soilik online diren ikastaroak eta mistoetan. Hori dela aztertuko dugu bertaratzea eta partaidetza.

A - Bertaratzea

Saioak aurrez aurrekoak  direnean edo  online BigBlueButton edo bestelako bideo-konferentzietan.

Bertaratze mota hori kontrolatzeko Moodleek berariazko jarduera bat du: Bertaratzearen erregistroa


Ikastaroaren hasiera izan daiteke toki egokia kokatzeko.



Ezarpenak. Ikas-saioen datak eta orduak zehaztu behar dira. Saioen data-orduen errepikapena zehaztu daiteke. Saio bakoitzean gaitu daiteke ikasleek auto-erregistratzea bere asistentzia -normalean pasahitza edo Qr baten bidez-.

Egoera multzoak editatu daitezke, ohikoak B bertaratua, FJ falta justifikatua, FE falta ez justifikatua, A atzerapena...

 

Erabili aurretik konfiguratu behar da: 

 


Erabilera: Saioaren data iristean gezi berdea sakatuta aktibatuko dugu erregistroa eta ikasle bakoitzaren egoeraren  erregistroa egingo dugu (edo haiek horrela markatu badugu).

Bertaratzea pantailan ikus daiteke hainbat formatutan Txostena eskatuta edo kalkulu orri formatura esportatu daiteke.


B - Parte-hartzea

Moodlera, ordea, ikasleak edozein tokitan eta unean sar daitezke baliabideak kontsultatzera edo jarduerak egitera.

Sartzen al dira gure ikasleak, ikusten al dituzte baliabideak?

Ikasleek zereginak bidaltzen dutenean haien jardueraren berri izaten dugu baina hortik kanpo nola jakin gure ikastaroan sartzen diren eta jarritako dokumentuak, estekak, orriak eta abar ikusten ote duten?.  Jakina, ikasleak matrikulatuta egon behar dute, bisitari gisa sartzen badira jai daukagu.

Hona hemen hiru modu:

1-  Sinple eta azkar, ikusteko ikasleak gure ikastaroan sartu diren menuko partaideetan klikatu eta taulan Azken sarrera ikastarora zutabea begiratu.



2- Txosten zehatzagoak ikusteko ikastaroaren engranajean klikatu eta aukera Gehiago sakatuta ikastaroaren kudeaketarako tresna guztiak ikusiko ditugu eta bertan Txostenak.















  • Txostenen artean ikasleen aktibitate guztia zehazki jasotzen duena Agerraldiak dira. Bertan menuaren bidez zehaztu dezakegu ikaslea, unea, jarduera... eta itxura honetako txosten bat sortuko du:

Zein unetan ikasleak zer egin duen eta zein IPtik




  • Ez hain zehatza baina oso grafikoa da txostenen artean jardueraren osaketa izenekoa. Erakusten duen taulan agertzen dira errenkadetan ikasleak eta zutabeetan jarduerak.

Taula hau oso adierazgarria da, baina kontuan eduki behar dira, gutxienez, pare bat gauza:
  • taula hau ikusteko ikastaroan (eta jarduera bakoitzean) aktibatuta eduki behar dugu jardueraren osaketa, bestetik,
  • kontrol laukietan ertza etena dutenak bidalketak izaten ohi dira eta irakasleak markatu behar du jarduera osatzeko bidalketa egin behar dela. Ertza jarraia dutenak ikasleak egintzat markatu ditu baina irakasleak ezin du bermatu.
 Egun berezi hauetan irakasleok pendiente egon behar gara "deskonektatuta" dauden ikasleak Internet ez dutelako, gailu egokirik ez dutelako... eta, kasu hauetan bide alternatiboak bilatuko dugu. Sikiera zerbait ikasiko bagenu...

2020/03/15

Moodle. ikasleekin komunikatzeko hainbat aukera


Isolatze garai honetan Moodle plataformak irakasle-ikasle eta ikasleen arteko komunikazio aukeren abaniko zabala eskaintzen du. Momentu hona da horien errepaso bat egiteko.

Lehenik eta behin nahi dut azpimarratu puntu bat Moodle plataforman alta emateko ez da behar posta elektroniko konturik. Hau bereziki interesgarria da Lehen Hezkuntzako eskoletarako. Altak ematean, banaka zein CSV bidez, posta kontu bat eman behar da baina ez du zertan erreala izan behar, ikasle156@ezdago.ez  moduko kontuak erabili daitezke. Horrelako kasuetan  komeni da foroan harpidetzak desgaitzea eta zereginetan ikasleei bidali beharreko jakinarazpenak, posta bidalketak ez sortzeko.



Ikasle guztiek jasoko dituzte mezuak, irakaslearenak zein kideenak, goiko panelean eta benetako posta dutenek postaz ere.


Komunikazio tresna nagusiak:

  • Jakinarazpenak (Berrien foroa):  Hauen bidez irakasleek maila osoko ikasleei edo ikasle talde bati bidaliko diote informazioa.
  • Foro arruntak: Ikastaro osorako edo gai zehatz
    baterako. Ikasleek mezuak jasotzeaz gain erantzun dezakete edo zalantzak edo iradokizunak egin ditzakete. Ikasleek elkarri laguntzeko aukera polita da (irakaslearen begiradapean).
  • Bideo-konferentziak BigBlueButton bidez. Ohiko bideo eta audio transmisioaz gain arbela, dokumentu partekatua, pdf aurkezpenak, pantaila partekatzeak eta bestelako tresnak ditu.
  • Egutegia: Ikastaroko eskuineko panelean egutegiak komunikatuko dio
    ikasleari zein eta zer ordutan diren eguneko bideo-konferentziak, zereginak bidaltzeko epemugak...
  • Mezuak: Paneletik edo partaideen zerrendatik irakasleek ikasle zehatz bati edo batzuei mezuak bidaltzen ahal dizkiete. Ikasleek ere irakasleei edo kideei idaztea dute.
  • Inkestak: tresna hau Google Form-en parekoa da. Beraren bidez ikasleen informazioa jaso dezakegu.
  • Blogak: ikastaro bakoitzean irakasleak eta ikasleek blog partikular bana dute. Tresna egokia izan daiteke ikasle bakoitzak kontatzeko egunez egun zer aurrerapenak egin dituen proiektuan.
  • Irakasleak, blokeen bidez, erakutsi dezake zein partaide dauden konektatuta eta, nahi izanez gero, txat bat aktibatu dezake. Txatak normalean ez dira erabiltzen ume eta gaztetxoen ikastaroetan baina egoera berezi honetan, batez ere txikienentzat, lagunekin solastatzeko aukera polita izan daiteke (eta bide batez komunikazio idatziaren lehengo urratsak).
  • Hausnarketak, kontsultak, iruzkinak... eta beste tresna batzuk daude partaideen arteko komunikazioa osatzeko.
Idatziz, ahoz zein bideoz erreminta asko ditu plataformak. Gure esku dago era egokian erabiltzea.

Ez dut bukatu nahi aipatu gabe irakasleak arreta berezia jarri behar duela Internet edota ordenagailua, tableta... ez duten ikasleengan eta, edukita ere, konektatzen ez direnengan. Moodleeren txostenek zehazki esango digute ikasleek konektatu diren, zer ordutan, zer egin duten...

Lehenengo taldeari bestelako komunikazioa eta materialen trukaketa eskainiko diegu eta bigarren taldekoak konektatzeko gurasoen laguntza eskatu beharko dugu.

2020/03/11

Openboard, nola grabatu zure klasea

Openboard arbel digitalerako aplikazioa da. Aplikazioa librea da eta euskaraz dago. Azalpen edo klase bat grabatzen ahal duzu arbelean edo zure ordenagailuan ikasleek azalpenaren bideoa nahi dutenean ikusteko. Instalazioa egin daiteke deskarga bidez. Ubuntu 18.04rako kontsultatu hemen.



Behin Openboard martxan, grabazioa aktibatzeko menu nagusian (1) Podcast aukeratuko dugu (2) eta leihatila txiki bat irekiko da (3) non grabazioaren ezarpenak, iraupena eta aktibatzeko eta gelditzeko botoia agertzen den. Audioa hartzeko komeni da mikrofono bat erabiltzea.



Grabatuko da erabiltzen duzun arbelaren area mp4 formatuan eta gordeko da mahaigainean. Hortik nahi dugun karpeta eraman dezakegu eta Moodle edo bestelako sistemaren bidez partekatzen ahal dugu.

Grabazioa egiteko ez duzu arbel digitalik behar, ordenagailuan bertan egin dezakegu. Kasu horretan, arbelean arkatza erabili behar baduzu interesgarria izan daiteke tableta digital bat erabiltzea.

Arkatzaren erabilera pantaila hutsean.


Gogoan izan Openboard-ek automatikoki gordetzen dituela pantailak eta menuko Dokumentuak klikatuta aukera dugu pdf dokumentuak eta irudiak kargatzea, esate baterako guk sortutako aurkezpenak behin pdf bihurtu ondoren. Kargatutako dokumentu hauetan arkatza, nabarmentzeko tresna eta abar erabili dezakegu.

PDF dokumentua inportatu, ireki eta haren gainean editatu




2020/03/06

Collabora Office mugikorrerako

Collabora (bi l-rekin) enpresa britainarrak LibreOffice bulegoko pakete librea linean jartzeko lan handia egin duenak orain Android eta IOSerako app edo aplikazioa garatu du.



Orain arte mugikorrean LibreOffice-ren bidez egindako testuak (odt), kalkulu orriak (ods), aurkezpenak (odp) eta irudiak (odg) ikusteko LibreOffice Viewer aplikazioa erabili behar zen, motela eta editatzeko aukerarik ematen ez zuena.
Orain Collaborari esker azkarrago ireki, hobeto ikusi eta editatzeko aukera dugu.

Hauek dira ikusi eta editatu daitezkeen dokumentu motak:
  • Open Document Format (.odt, .odp, .ods, .ots, .ott, .otp). odg irudiak ikus daitezke baina ezin editatu.
  • Microsoft Office 2007/2010/2013/2016/2019 (.docx, .pptx, .xlsx, .dotx, .xltx, .ppsx)
  • Microsoft Office 97/2000/XP/2003 (.doc, .ppt, .xls, .dot, .xlt, .pps)

Dokumentu guzti horiek ondo ikusteaz gain editatu ere egin daitezke. Mugikorrean editatzea erraza ez bada ere Collaborak lan handia egin du. Testu prozesadorean, esate baterako, irudiak, taulak eta iruzkinak txertatu daitezke. Kalkulu orrian grafikoak sortu daitezke.

Google Docs edo lineako Officeren aldean Collaborak pribatutasuna zaintzen du eta gailuan gordetzeko aukera ematen du eta, nahi izanez gero, ondoren, dokumentua gure gogoko hodeira kargatu daiteke. Izan ere Collabora app mugikorrerako Nextcloud sinkronizazio bezeroaren osagarri bikaina da.



Dokumentuak zerotik hasteko aukera ematen du:






PDF eta beste formatutara esportatu.


Eta aplikazioa euskaraz ez badago ere oso ikonikoa da, ez dago arazorik ingelesez ulertu gabe ere erabiltzeko eta badirudi zuzentzaile ortografikoa euskaraz ere funtzionatuko duela.








Aplikazioa deskargatzeko aukera dago Androiden eta IOSen

2020/03/02

Linux nola konpondu Initramfs errorea

Disko gogor magnetikoekin ez zait behin ere gertatu baina SSD eta EMMC diskoekin gertatu izan zait ordenagailua piztean pantaila beltza eta Initramfs errorea agertzea.

Normalean arrazoia da Linux dagoen partizioak errore bat duela eta ezin du arrankatu.

Gehienetan arazoa horrela konpontzen da:

1- Pantaila horretan bertan (initramfs)-ren ondoan idatzi exit eta sakatu Intro. Errorearen arrazoia azaltzen duen mezua agertuko da:

Kasu honetan Linux /dev/sda2 partizioan dago eta txostenak esaten digu konpondu behar dugula fsck komandoaren bidez.


2- Behin dakigula zein den korruptoa dagoen partizioa konpontzeari ekin behar diogu. Horretarako (initramfs) ondoan idatziko dugu:

fsck /dev/sda2 -y

Zuk a2-ren ordez jarri behar duzu zure txostenak esaten duena.

3- Behin errorea konponduta (initramfs)-ren ondoan reboot idatziko dugu berrabiarazteko (edo Ctrl+Alt+Del)

Horrek funtzionatuko ez balu beti dago instalazio Live USBa sartu eta berrinstaltu dezakegu (hala badagokio /home errepetatuz).