2019/10/17

Nola instalatu Luberri sistema EFI duen ordenagailu batean (Acer Travelmate P259)

Jarraibide hauek bereziki Jaurlaritzak irakasleen erabilpenerako banatu dituen Acer Travelmate P259en BIOSean oinarritzen dira. Beste BIOSetarako agian egokitu beharko dira.

Urratsez-urrats

1. Deskargatu Luberri sistemaren iso irudia (blog honen ezkerreko paneleko Luberri instalazioa) eta prestatu EFI motako BIOSerako bateragarri den instalaziorako USBa. Horretarako Windowseko Rufus doako aplikazioa erabiltzen ahal duzu (berak proposatzen du EFI eta BIOSerako bateragarria den instalazioa).

2- Instalazioa egin ahal izateko BIOSera sartu behar gara (arrankatzean  F2) Security > Ezarri pasahitza BIOSari (nire gomendioa da adminpremialocal-ek duena) eta desgaitu (unable) Secure boot. F10 gorde eta berrabiarazteko. BIOSean ez bada sartzen kontsultatu bukaerako oharra.
    
3- Sartu USBa (batzuetan detektatzen du USB 3n eta beste batzuetan USB 2n), piztu eta F12 sakatu (beste ordenagailuetan arrankeko ordena edo boot menu izan daiteke F11, F10, F8 edo BIOSetik jartzen da) eta zerrendan Luberri duen USBa hautatu.

4. Systemback-ren menuan Boot Live System aukeratu partizioak prestatzeko instalazioarekin hasi aurretik.



5. Erabiltzailea: adminpremialocal  Pasahitza: luberri
    Aplikazioak > Sistemaren tresnak >  Administrazioa > Gparted
eta bertan txikiagotu Datos NTFS partizioa liberatzeko 100GB behintzat, eta bertan sortu:
  • 100MBeko fat32 partizioa
  • 4GBeko linux-swap
  • 25GB ext4
  • gainerakoa ext4


Tresna barran Aplikatu klikatu onartzeko. Behin aldaketak eginda itxi Gparted eta:



 

6- Instalazioa hasteko, berrabiarazi gabe: Aplikazioak > Sistemaren konfigurazioa > Systemback (luberri edo behar den pasahitza jarri) > System install
a- Administratzailearen izena, pasahitza eta ordenagailuaren izena (letraren bat aldatu Windowseko bera ez izateko).

 



b- 4 partizioak esleitu (kontuz! ezkerrerantzako  gezia klikatu behar da bakoitzean onartzeko):



eta NEXT sakatuta instalazioa gauzatuko da. Instalazioa bukatzean berrabiarazi ordenagailua. Acer agertu bezain pronto USBa atera eta F2 klikatu BIOSa agertzeko

7-  Instalazioa bukatzean ordenagailua berrabiarazi eta, piztean BIOSean sartu (F2), lehen jarritako pasahitza idatzi eta Security fitxara joan eta aktibatu (enable) Secure boot.

8- Security fitxan bertan Select an UEFI file as trusted for executing:> Lehenengo HD 00 hautatu eta sartu > EFI  > Ubuntu hautatu eta sartu > grubx64.efi hautatu eta sartu > Boot description eskatzen du eta Luberri idatzi, sartu.



9- Boot fitxan arrankeko ordenan aukeratu zerrendako azkenekoa den EFI File Boot 0: luberri eta F6 teklaren bidez gora eraman. 

 


10- Fitxa horretan bertan Secure Boot > disable (ezgaitu)

11-  Security fitxara pasa eta pasahitza kentzeko Set Supervisor Password klikatu. Sartu oraingo pasahitza eta, deus idatzi gabe, sartu, sartu pasahitza hutsa uzteko. F10 gordetzeko eta abiarazteko.


Dena ondo badoa, Grub agertuko da eta sartuko da Luberrin. 

 

Bukaerako oharra: Ordenagailu batzuetan Windows edota BIOSeko abio bizkorra edo fast boot aktibatuta dute. Horrek eragiten du Windowsen sartzea BIOSetik pasa gabe. Fast boot desaktibatzeko utzi Windowsen sartzen eta energia-ren ezarpenetan: "aukeratu itzali eta piztu botoiek zer egiten duten" > "Aldatu une honetan erabilgarri ez dauden ezarpenak"  > Desaktibatu abio bizkorra.

Hori eginda ere ez badizu uzten BIOSean sartzen eta berriro joaten bada Windowsera, egin  SHIFT+Berrabiarazi eta agertzen den menuan aukeratu Arrankatzea USB bidez.

2019/10/16

Gcompris Android-erako



KDE proiektuak hartu du bere gain GCompris joko hezigarrien bilduma. Linux, Windows, Mac, Android... bertsioak bere web-orritik deskarga daitezke baina Androiden kasuan bertakoa oso mugatua dago eta pagokoa iradokitzen du. Bertsio osoa Fdroid orritik deskargatu daiteke (orriaren bukaeran Download APK). Apk fitxategi hori mugikorra, tableta edo monitore interaktiboan dagoela bi klik egin eta instalatu.
Joko batzuk oraindik ez daude euskaraz baina laster egongo direla espero dut.

2019/10/05

Luberri_18.04.4_64bit.iso prest dago.

Hiru hilabete pasa dira azken bertsiotik eta eguneraketa asko egon dira tarte honetan. Horietaz gain hainbat cache ezabatuta lortu dut irudiaren tamaina txikiago egitea eta horri esker FreeCAD aplikazioa sartu da berriro Luberrin.

Harekin batera Foliate epub eta gainerako e-liburuen irakurgailua. Irakurgailu honek oharrak, nabarmentzeak, hiztegiko kontsultak, bilaketak... eta abar egiteko aukera ematen du. Tresna baliotsua batez ere literaturako irakasleentzat, izan ere, literaturako klasikoak doan eta erraz eskuratu daitezke epub formatuan eta IKASLEAK karpetan jarrita -edo bestela- ikasleentzat eskuragarri jar daitezke.

Ordenagailuak domeinuan sartzeko eragiketa errazteko script txiki bat prestatu dut  (Sistemaren tresnak > Administrazioa > Domeinuan sartu) garai bateko domainjoin-gui-ren lana egiten duena.

Aspaldi honetan EAEko Hezkuntzak bidalitako eramangarriak zenbait irakaslek etxera eraman eta ezin zuten etxeko wifira konektatu. Hori konpontzeko arau bat sartu dut. Horri esker ir... erabiltzaileek wifiak atzitzeko baimena dute.

Deskargatzeko eskuin paneleko Luberri sistema lotura klikatu eta bertsioa aukeratu.

2019/09/26

Moodle Egunkaria jarduera

Moodleek ikasleak egiteko hainbat jarduera ditu berez: zeregina, galdetegia eta abar, eta beste batzuk instalatu daitezke pluginen bidez. Horietako bat Egunkaria jarduera da. Haren bidez ikasleak eguneko lana komenta dezake: zer egin duen, zer zalantzak edo zailtasunak izan dituen, zer gustatu zaion... 

Irakasleak ikasleen sarrerak ikusgai ditu:
Bertan sartuta ikasleen sarrerak ikusi, iruzkindu eta, nahi izanez gero, kalifika ditzake:
Jarduera interesgarria izan daiteke ebaluazioaren ikuspuntutik, batez ere proiektuen bidez funtzionatzen duten materietan. Ikaslearen bloga honen funtzio berdintsua izan dezake baina ikaslearentzat bloga ezkutuan geratzen da eta ez du errez betetzearen beharra ikusten, egunkaria, ordea, agerian dago eta irakasleak behartzen ahal du betetzen.

EAEko eskola publikoetan erabili ahal izateko ikastetxeko Moodle arduradunari esan behar zaio CAUri (cauf09[a bildua]hezkuntza.net) eskatzeko Journal plugina instalatzeko.

2019/09/02

Moodle 3.4.3tik 3.6.4ra, berritasun nagusiak

EAEko Hezkuntza Sailak ikastetxe publikoei eskaintzen dien Moodle plataformako guneak, azken urteko oporraldi guztietan bezala, bertsio berritu dituzte.
Oraingoan pasa den ikasturtean erabili izan dugun 3.4.3 bertsiotik 3.6.4 bertsiora pasa dituzte uztaila eta abuztu bitartean.

Hona hemen hobekuntza nabarmenenak:


  • Behin saioa hasita Boost-eko ezkerreko panelean aginte panela agertzen da. Bertan erabiltzailea matrikulatuta dagoen ikastaroak soilik agertzen dira. Oso praktikoa ikasle zein irakasleentzat. Panel honetan bi hobekuntza inplementatu dituzte:
    • Ikastaro bakoitzari irudi miniatura bat esleitzen ahal zaio. Irudia jartzeko administratzaileak edo irakasleak egin dezake ikastaro bakoitzaren ezarpenak editatuta, ikastaroaren deskribapenaren azpian dago atal bat ikastaroaren laburpeneko fitxategiak izenekoa. Bertara igo edo jaregingo dugu irudia. Irudia nahiko panoramikoa da 340x130 pixelekoa, aplikazioak txikitu eta egokituko du.

 
    • horretaz gain erabiltzaileak erabaki dezake bere ikastaro guztiak ikustea edo batzuk: 
       

Hau da aginte panelak irudiekin hartzen duen itxura: 
  • ikonoak menuetan

  • Atto editorean zuzenean grabatu daitezke soinuak eta bideoak

  • hobekuntzak moodle app-an
  • Galdera bankuko galderei etiketak jartzen ahal zaie eta haien bidez galderak iragazi.
  • mezularitza interfaze berria. Bertan erregistratzen dira bidalitako eta jasotako mezu guztiak.  
  • Nextcloud integrazioa (CAUri adierazi behar zaio zein den ikastetxeko Nextcloud)
  • Arrastatu eta jaregin galderak editatzea orain errazagoa da.
 
Hobekuntzei buruz informazio osatuagoa -baina ingelesez- bi orri hauetan:

Beste alde batetik Hezkuntza Sailak Boost gaia edo itxuran erabiltzen zen estiloen CSSan hobekuntzak egin ditu edukiak hobeto ikusteko. Nire ustez momentu ona zure ikastetxeko gunea Moodleen itxura ofizial berrira pasatzeko. Hori egiteko cauf09@hezkuntza.net kontuan eskatu behar da.

Bukatzeko H5P pluginaren azken bertsioan jarduera berri bat dago: letra-zopa (Find the words). Bilatu behar diren izenak emanda letra-zopa sortzen du. Aukeran dago alboan izenak ikustea ala ez.
 

2019/08/30

Thunderbird 68, berritasun batzuk.

Zenbait urtez 60 bertsioan ibili ondoren Mozillak bultzada berri bat eman dio Thunberbird posta bezeroari eta 68 bertsioa atera berri du.
Bertsio hau esperimentala da eta 68.1 atera arte ez Thunderbird ez da bertsio honetara eguneratuko, baina probatu nahi izanez gero thunderbird.net orritik deskarga daiteke.

Berritasun batzuk:
  • Menu nagusia zutabe batera ekarri dute eta Firefoxenaren itxura eman diote.


  •  Hobespenak fitxa horizontaletan agertu beharrean zutabe bertikala eta fitxa horizontalak konbinatzen ditu.

  • Gai ilunean hobekuntzak egin dituzte. 

Berritasunen inguruan informazio gehiago topatu dezakezu Thunderbirden orrian (ingelesez).
Eta dena euskaraz Ander Elortondo eta Librezaleri esker.