2017/11/10

Audacity 2.2.0 bertsio berrian euskara zuzena jar daiteke

Laster argitaratuko da Audacity audio editore libre eta ospetsuaren  2.2.0 bertsioa, Ubuntu edo Debian familiako banaketetan probatu nahi baduzu PPA biltegia jarrita egin dezakezu:
  
Windows edo Mac bertsioak Audacityren web orritik deskarga daitezke. Debian, Ubuntu, Mint eta deribatuetan terminalean hau itsatsi:
sudo apt install audacity


Audacityren itxura berrietako bat, arina izenekoa hain zuzen
Hainbat berritasuna ditu:
  • itxura berria eta pertsonalizagarria. Aurreko irudiko itxura arina alda daiteke klasikora, ilunera, kontraste handikora edo pertsonalizatura (Edizioa > hobespenak > interfazea > itxura).
  • Menuak berrantolatu dituzte.
  • Eta euskaldunontzat garrantzitsua dena. Aplikazioak zuen euskaratze eskas ulergaitza ezin izan bada kendu ere Librezaleek egindako euskaratze zuzena ezar daiteke. Horretarako egin: Edizioa > Hobespenak > Interfazea > Hizkuntza eta Sistemarena edo Euskara-ren ordez Euskara (Espainiako)* hautatu eta Ados egin. 
  • Gainerako berritasunak Audacityren wikian kontsultatu daitezke. 
Euskara zuzenean jartzeko

Audacityk bi euskara bertsio ditu: eu bersioa troll batek egina eta kalitate eskasa duena, eta eu(es) Librezalek egina. Bigarrena aktibatzeko hobespenetan aukeratu behar duzu: Editatu » Hobespenak » Interfazea » Hizkuntza » Euskara (espainako)

Interfazea euskara zuzenean jartzeko bidea

 

* barregarria bada ere eu bertsioa momentuz ezin ordeztu eta eu(es) bertsioa gehitu behar izan da ordezko euskaratzea eskaini ahal izateko. Horregatik euskara (espainiako). Espero dezagun hurrengo bertsiorako bertsio zuzena garatzaileek eskainiko duten bakarra izatea.

Ordenagailuak erabiltzaile ugari baditu guztiek egin behar dute hobespenetako aldaketa. Bada beste modu bat denei ondo agertzeko eta mezu honetan azaltzen da.

2017/11/09

Kroma efektua OBS aplikazioan

OBS ikastetxeetan geroz eta gehiago erabiltzen den grabazio eta transmisio aplikazioa da. Honen bidez bideo-tutorialak, irrati transmisioak, albistegiak, antzerkiak... eta, oro har, ahozkotasuna eta gorputzaren adierazmenak lantzeko jarduerak egin daitezke.

Aukera asko duen aplikazioa da eta horietako batzuk, erabilera ez oztopatzearren, ezkutu samarrean gordetzen dira, hala nola audio eta bideo iragazki, filtro edo efektuak.

Tartean kroma iragazkia. Kroma (chroma key) iragazkia efektu bisual bat da bi geruzarekin jolasten duena. Lehenengo geruza bideo geruza izaten da eta kolore uniforme baten -gehienetan berde intentsua duen-  atzeko planoan filmatzen da. Kroma iragazkiak atzeko planoan erabilitako kolorea kendu egiten du eta horren ondorioz lehenengo geruzaren atzeko planoa gardena izanik bigarren planoko geruza ikusten da. Bigarren geruza hori irudi finkoa edo bideoa izan daiteke.



Harira. OBS aplikazioan kroma iragazkia nola erabili daitekeen azaltzen duen bideo-tutoriala duzue hau:



Bideo-tutoriala ez luzatzearren ez dut azaldu iragazkiaren aukerak. Irudi honetan ikus daitezke:

Kroma iragazkiaren aukerak


Interesanteena kolorea hautatzeko aukerak dira. Gehienetan saturazio handiko koloreak erabiltzen dira (berdea, urdina edo magenta), berdea usu giza azalaren kolorea egoera arruntetan berdetik gutxi duelako. Custom aukeran pertsonalizatu daiteke kolorearen tonua, batez ere pick up kolore hautatzailearen bidez.
Komeni da Antzekotasuna kontrolarekin jolastea atzeko planoa guztiz desagertu arte eta pasatu gabe aurreko planotik deus ez gardentzeko.

Hona hemen adibide bat nola erabili daiteke OBSeko kroma efektua bideo-tutorial batean: https://www.youtube.com/watch?v=z5cGrUyLGOQ





2017/11/02

LibreOffice online Firefox gehigarria

Edozein dela arrazoia erabiltzen duzun gailuan LibreOffice ezin baduzu instalatu aplikazioa gehigarri baten bidez Firefoxen erabiltzeko aukera dago.



Hainbat ezaugarri:
  • Testu prozesadorea, kalkulu orria eta aurkezpenak egiteko aplikazioak ditu. 
  • Ez da erregistratu behar. Ez dauka biltegirik.
  • Ez ditu funtzio aurreratuak baina oinarrizko guztiak bai.
  • Firefox euskaraz baduzu Libreoffice online ere euskaraz agertzen da (ez guztiz).
  • Sor daitezke dokumentuak baina ezin dira dokumentuak kargatu eta editatu.
  • Odt, pdf, doc eta docx formatuetan deskargatu daiteke.
  • Chromium-ek badu gehigarri bera baina ezin da euskaraz jarri.
  • Berez ez dakit barruan Libreoffice duen (editore bera da Word online gehigarriak erebiltzen du) baina itxura guztia du eta odt, odx eta odp formatuak darabiltza eta software libreko lizentzia du.
  • Androiden instalatu dut baina ez dut modurik ikusi abiatzeko (ikonoa ez dit sortu)

Probatu ondoren iruditzen bazaizu epe motzean ez duzula erabili behar komeni da desinstalatzea, izan ere gehigarriek Firefox moteltzen dute.

2017/10/30

Nola ikusi, editatu eta pdf bihurtu LibreOffice-n gaizki ikusten diren diren M.Office-ko dokumentuak

Sarritan gertatzen zaigu LibreOffice-ren zaleei Word edo Power Point bidez egindako hainbat dokumentu gaizki ikustea. Arazo hori bereziki larria da Linuxen ibilita Microsoft Office erabiltzeko aukera ez dugunean.

Officeko dokumentu batzuk gaizki ikusten dira erabilitako letra-motak ez daudelako LibreOfficen edo, formatu pribatiboa izanik, LibreOffice-k ez duelako asmatzen efektu batzuk erreproduzitzen.

Ikus dezagun nola konpondu daiteke, neurri batean bederen, arazo hori: irtenbidea izan daiteke erregistratzea Outlook.com atarian. Hori eginda Microsoften posta bat izango dugu, doako 5GBeko OneDrive bat eta aukera onlineko Word, Power Point, Excell... erabiltzeko.

Arazoa ematen digun dokumentua OneDrivera igo eta erreproduzitzeko esanda arazorik gabe ikusiko dira onlineko Word edo Power Pointen. Ikusi ez ezik editatu ere ahal izango dugu eta, behar izanez gero, itxura oneko PDF formatuan ere deskargatzeko aukera izango dugu.

Ondoko bideoan ikusiko dugu power-point bat LibreOfficen nola ikusten den desitxuratua eta, Linuxetik atera gabe, Outlook-OneDrivera kargatuta nola ikusten den egoki eta nola deskarga daitekeen PDF formatuan.

Monopolioen aurrean software librea

Microsoftek izan du urte luzetan softwarearen monopolioa gure inguruko ikastetxeetan baina bere moteltasuna eta sortzen dituen arazoak direla batetik eta EAEko administrazioak hezkuntza kudeaketarako baliabideen eskasia dela medio atea ireki zaio lehiakide duen Googlei, zeina  aurrena Google Suite-ren bidez eta orain Chromebook-en bidez bere ezarpena zabaltzen ari den.

Suiteren bidez erabiltzaileen kudeaketa, haientzako hodeia -Drive- eta Classroom bezalako aplikazioak eskaintzen ditu; Chromebook-en bidez offline aplikazioak erabiltzea galarazten du Internet-Google menpekotasuna lotzen du. Ekipo merkeak, errazak eta kontrolatuak diren neurrian ikastetxeentzat mantenu lan asko -instalazioak, antibirusak, eguneraketak...- kentzen ditu baina, neurri batean, ikasle sortzailearen ordez ikasle kontsumitzailea bultzatzen du.

Horren aurrean zer? Bi jarrera: multinazional horien artean bat hautatu eta mendean jarri edo software librearen bidez bide propio bat eraikitzea. Bide propio horretan ekipoak, haien instalazioak eta mantenua, eta kudeaketarako tresnak eskaini behar dira.

Irudia: educastur (cc-by-nc-sa)


Hausnarketa horretan hainbat ekimen daude, tartean ehun partaide dituen Linux eskolan posta zerrenda eta sortu berri den eta hamar egunean ehun kide baino gehiago duen Hezkuntzan ere librezale Telegram taldea.

Gaia pil pilean dago, Durangoko Azokaren Kabian izango da mintzagai eta Mikel Garciak Argia-n ere Google ikasgeletan? Hobe software librea artikulua plazaratu du.

Inoren aurka jarri gabe, hirugarren bidea hau jorratzeko gogo handia dagoela ez dago dudarik.

Bestetik zer ekipo eta aplikazioak erabiltzen diren funtsezko da ere  horiek zertarako eta zer metodologiaren bidez funtsezkoago. Ba zertaz aritu.

2017/10/28

Metodo zientifikoa eta ingeniaritza metodoa

Hezkuntzako metodologia berrietan garrantzi handia hartu du "egiten-ikasi" edo "learning by doing" metodoak.

Metodo hau, neurri handi batean, Bloomen taxonomian oinarritzen da.
Memorizazioa baino analisia, esperimentazioa eta sormena hobesten da kontsideratzen baita horrela goi mailako gaitasunak lantzen direla.

Testu inguru honetan interesgarria izan daiteke  ikasleekin lantzea prozesuen sistematizazioa eta, haien barrenean, atzera-elikadura, eta auto eta ko-ebaluazioaren bidez hobekuntza sustatzea.

Hona hemen lagungarri izan daitekeen metodo zientifikoa eta ingeniaritza-metodoa alderatzen dituen eskema.