2017/10/28

Metodo zientifikoa eta ingeniaritza metodoa

Hezkuntzako metodologia berrietan garrantzi handia hartu du "egiten-ikasi" edo "learning by doing" metodoak.

Metodo hau, neurri handi batean, Bloomen taxonomian oinarritzen da.
Memorizazioa baino analisia, esperimentazioa eta sormena hobesten da kontsideratzen baita horrela goi mailako gaitasunak lantzen direla.

Testu inguru honetan interesgarria izan daiteke  ikasleekin lantzea prozesuen sistematizazioa eta, haien barrenean, atzera-elikadura, eta auto eta ko-ebaluazioaren bidez hobekuntza sustatzea.

Hona hemen lagungarri izan daitekeen metodo zientifikoa eta ingeniaritza-metodoa alderatzen dituen eskema.


2017/10/18

Nola erabili daiteke mikroskopio digitala Linux sistemetan

Badira salgai hainbat mikroskopio edo lupa digital x60 eta x1000 bider handitzen dutenak eta 8 ledeko argia eta USB konexioa dutenak. Ez dut markarik eta saltzailerik aipatuko baina 18-30€ artean ibiltzen da bere prezioa -euskarriaren arabera, gehien bat-.


Mikroskopio hauek oso interesgarriak dira ikasgelarako oihalen egitura, intsektuak, orbela, ilea, ur-putzuen fauna...  Web-kamera dute, beraz ez da lagina xaflatu behar, mikroskopioa urbildu fokatze distantzia doitu arte eta gozatu.

USB bidez konektatzen da ordenagailura eta bertatik hartzen du elikadura elektrikoa. Portatil txiki bati lotuta mendian erabiltzen ahal da ederki asko.

Mikroskopio hauek Microsoft-erako kontrolatzaileak eta aplikazioa ekartzen dute baina Linux-en erabiltzen ahal dira web-kamera ikusteko edota grabatzeko aplikazioen bidez, hala nola:

A.- Cheese edo Guvcview: Nik Guvcview probatu dut eta oso ondo. Ikusi argazkiak zein bideo kapturak egin daitezke.

Guvcview-ren tresnak eta kontrolak ezkerrean eta atzitutako irudia eskuinean.


B-  OBS-Studio grabazio eta transmisiorako aplikazioa -informazio gehigarria mezu honetan eta instalazioa web honetan-.

Bideo batez deskribatu dut  nola prestatu eszena bat web-kameran oinarrituta eta nola ikusi ordenagailuan pantaila osoan:



Zure ordenagailua portatila bada web-kamera propioa edukiko du eta bideoak deskribatutako prozesuan ekipoarena baztertu eta mikroskopioaren web-kamera hautatu beharko duzu.

Behin OBS-en ezarrita dugula mikroskopioa egiten ahal dugu pantaila argazki arruntak Imp Pant teklaren bidez edo edizio elementuak Ksnip-en bidez. Argazki segidak eginez gero stop motion moduko bideoa egin dezakegu OpenShot-en bidez.

Neurketak egiteko Screen Ruler erabili dezakegu, beti ere proportzioak kalkulatuta.


C- VLC erreproduzigailuarekin pausu hauek emanez:  Multimedia > Ireki kapturagailua > Kapturatze modua: Video camera
Bideo-gailuaren izena: portatila bada /dev/video0 ekipoaren webcama izango da eta mikroskopioa /dev/video1


Pantaila beltza ateratzen bada menuan Tresnak > efektuak eta iragazkiak > v4l2 kontrolak > Berrezarri lehenetsiak

Pantaila osora erreproduzitzen ahal dugu, grabatu bideoa (Erreproduzitu > Grabatu) eta fotogramen argazkiak egin (Bideoa > Atera argazkia)



Ikasleek -edo seme-alabek- gauzen eta bizidunen izaera aztertzea bultzatu nahi baduzu gailu oso interesgarriak dira.

Hona hemen Berritzegune Nagusiak mikroskopio-lupa digitala LH-en eta DBH-en erabiltzeko prestatutako hainbat jarduera interesgarri:

Bukatzeko bideo honetan ikus dezakegu honelako lupa digital baten bidez etxean edo ikasgelan nola azter dezakegun mendiko putzu baten bizitza.



2017/10/12

Nola jakinarazi zure kokapena Telegram bidez

Telegram mezularitza aplikazioak 4.4 ekarri duen berritasunen interesgarri bat kontaktu bati edo talde oso bati kokapena jakinaraztea da .
Ikus dezagun nola egin daitekeen:


1. Telefonoan kokapena gaitu.

2. Telegram ireki, aukeratu kontaktua edo taldea eta mezuaren tiran eranskinaren ikonoa (klipa) sakatu.


3. Agertzen diren aukeren artean kokapena sakatu.


4. Pantailan uneko kokapena agertzen da eta bi aukera: uneko kokapena bidali edo hainbat denboraz kokapena jakinarazi.

Ezkerrean kokapena eta aukerak. Eskuinean kokapena zenbat denboraz partekatzeko aukera.


Unekoa interesgarria da kontaktuak edo taldeak jakiteko momentu honetan non zauden eta bigarrena erabili daiteke mendira joatean, bizikletaz...

2017/10/10

Keme kontabilitate aplikazio irekia bizirik

Bost urte dira Ekonomia irakasle batek institutuan ikasleekin kontabilitatea lantzeko Linuxerako aplikazio bat eskatu zidala -Windowseko Contaplus-en tankerakoa- eta, bilatu ondoren, Keme aplikazioa instalatu nuela eta, aplikazioa euskaraz ez badago ere, Espainiako 2007ko Kontabilitate Plan Orokorra prestatu nuela Kemen ibiltzeko (hemendik deskarga daiteke plana, besteak beste Keme-rako pln formatuan).


Gustura erabili zuen baina irakasle hori joan zen eta kontabilitatea ordenagailuetan lantzen utzi zioten.

Bost urte pasata, poztu naiz irakurtzen aplikazioa bizirik dagoela -azken bertsioa 2017/7/18koa da- eta artikuluak idatzi duenaren iritsiz enpresa txiki-ertainentzat eta hezkuntzarako aplikazioetan hoberenetakoa dela.

Hona hemen Keme aplikazioaren ezaugarri nabarmenenak zerrendatzen dituen artikulua.

Aplikazioa Linux, Mac eta Windows bertsioak ditu. Github biltegitik deskarga daiteke Linuxerako deb instalazioa. Deskargatu eta bi klik eginez software zentroak instalatuko du.

Proiektuaren web orria.

2017/10/08

Nola ikusi zure Zim koadernoa Android-en

Oharrak hartzeko Zim wiki aplikazioaren erabiltzailea bazara (bestela begiratu mezu hau) eta zure koadernoa ikusi nahi baduzu -ez editatu- Android telefono edo tabletan begira nola egin daitekeen.

Abiapuntua da fitxategi sinkronizatzaile bat instalatzea ordenagailuan eta Androidean, hala nola Nextcloud, eta kontu bat izan hornitzaile batekin.
Koadernoa sinkronizatutako karpetan izatea komeni da, hartara koadernoa sinkronizatuta ikusiko dugu baina formaturik gabeko txt-ean.

Web formatuarekin ikusi nahi baduzu koadernoa html formatura esportatu behar duzu:
Fitxategia > Esportatu > Koaderno osoa > Esportatu orri guztiak fitxategi bakar batean eta arakatu -Browse-  sinkronizatutako karpeta eta izena jarri Zim.html > Ados

Zim.html fitxategi hori mugikorrera pasa behar duzu postaz, telegramez, sinkronizatutako hodeiaz...

Hurrengo pausua izango da html formatuko fitxategi horri laster-marka bat egitea telefono edo tabletaren mahaigainean. Horretarako instala dezakezu abiarazleak sortzeko aplikazio bat, hala nola: Shortcut Creator. Abiatu eta aukeren artean File & Folder aukeratu eta arakatu Zim.html fitxategia eta zehaztu nabigatzaile batez ireki behar dela.




Eta Zim.html laster-marka mahaigainean agertuko da.



Bertan klikatuta fitxategia ikusteko hautatu Html ikustailea. Pantailan agertuko zaizkizu ezker aldean eta kolore urdinez koadernoaren orriak eta edozein orritan klikatuta orri horren edukia ikusiko duzu html formatu ederrean.



Ohar bat:
  • Nahiz eta koadernoa sinkronizatuta izan Zim.html fitxategia eguneratzeko esportatu behar dugu berriro.

2017/09/28

Moodle: nola ireki bisitariei ikastaroa bat Moodle 3.1ean

Hezkuntzako Moodle plataforma 2.9 bertsiotik 3.1 bertsiora pasatzean ikastaroak bisitariei irekitzeko modua aldatu da. 2.9an ikastaroaren ezarpenek bazuten atal bereizi bat adierazteko bisitarien sarrera onartzen zen ala ez. 3.1ean, ordea, atal hori desagertu da eta ikastaroaren ezarpenetatik egin beharrean ikastaroaren kudeaketan egiten da, hain zuzen,

Erabiltzaileak > Matrikulazio metodoak eta Editatu zutabean ezkutatuta dagoena agerian jarriko dugu. Gorde eta kito.