2017/04/22

Pl@ntnet: lore eta landareen identifikatzailea

Zer lore da hau? zer landare da hau?
Egiozu argazkia eta Pl@ntnet lagunduko dizu identifikatzen. Bi eratara erabili daiteke:
Web orritik: 
http://identify.plantnet-project.org
edo Androiderako aplikazioa instalatuta:
https://play.google.com/store/apps/details?id=org.plantnet

Batean zein bestean lore edo landarearen argazki batetik abiatuko gara (mugikorrean unean egin dezakezu edo galeriatik aukeratu),



 

Pl@ntnet-ek galdetuko du argazkia hosto, lore, fruitu edo zurtoina den eta bere datu basean antzekoak bilatuko ditu eta hiruzpalauren artean hautatzeko aukera ematen dizu haren argazkiak erakutsita.





Behin identifikatuta haren gaineko informazioa ematen du argazkien bidez eta Wikipediaren bitartez.





Aplikazio honi esker liburuen bidez identifikatu ezin izan nuen hainbat lore erantsi ahal izango diot koloreen bidez sailkatutako loreen gaineko web honi: http://loretan.weebly.com/

2017/04/14

Peek, pantailatik gif animatuak egiteko tresna erraza

Peek Linuxerako pantailaren bideo grabagailu sinple bat da. Ffmg eta Imageclik erabiltzen ditu grabazioak egiteko. Irudiak GIF animatu moduan grabatzen ditu edo, nahi izanez gero, soinurik gabeko Webm edo MP4 bideo formatutan.
Bideo grabazioak egiteko OBS edo bestelako aplikazio hobeak daude baina Peek bereziki interesgarria da gif animatuak egiteko bere erraztasun eta sinpletasunagatik.

Erabilera

Martxan jartzen dugunean leihatila garden bat agertzen zaigu, itxuraz menurik gabea, markoaren barrenean duena grabatzeko prest. Itxuraz esan dut zeren eta aplikazio barraren ezkerrean agertzen den P logoan klikatua menu txiki bat agertzen da hobespenak aldatzeko aukera ematen duena.

Peek-en hobespenak

Bertan, besteak beste, grabazioa GIF, WebM edo MP4 formatuan egiteko aukera ematen du (kontuan izan soinurik ez duela grabatzen). Behin hobespenak zehaztuta, grabatu nahi dugunaren gainean jarriko dugu.

Leihatilaren tamaina aldatu nahi badugu leihoaren izkin batera joko dugu izkinaren adierazlea agertu arte eta orduan saguan klikatuta arrastatuko dugu nahi dugun tamaina izan arte. Leihatilaren erdian agertzen da, pixeletan neurtua, haren zabalera eta altuera. Kontu izan leihatila oso handia jartzen  baduzu GIF fitxategia oso astuna bilakatu daitekeela -batez ere web batean jartzeko asmoa baduzu-.


Grabazioa hasten den momentuan leihatila ezin da tokiz aldatu.

Grabazioa gelditzean proposatuko ditu Bideoak karpetan gordetzea gif formatuarekin.


Grabatzen duzun bitartean teklatuarekin edo saguarekin zer egiten duzun ikustea nahi baduzu Key-mon aplikazioa erabil dezakezu haren paneltxoa grabazio leihatilan sartuta.


eta zertarako erabiltzen ahal dugu?

Idatzizko web-tutorialetan erakutsi nahi duguna laburra eta erraza den kasuetan.


 Bideoko  mikro-sekuentziak sentimenduak, ekintzak eta abar adierazteko




Istorioak animazioez ilustratzeko. Erakusten ahal dugu, HotShots aplikazioaren laguntzaz, Korrika 20ren azken kilometroen ibilbidea:


Istorioko pertsonaia Miarritzetik Erromara hegan egin zuela.


Erroman aipatuta, Google Earth-en laguntzaz, Coliseoan har dezakegu lurra.




Okurritzen al zaizkizu beste erabilpenak? Uzten ahal duzu zure ideiak iruzkinetan.


Instalazioa

Hasieran esan bezala aplikazioa Linux sisteman dabil bakarrik. Ubuntun PPA bidez instala daiteke terminalean honako hauek hurrenez hurren itsatsi eta exekutatuta:

sudo add-apt-repository ppa:peek-developers/stable
sudo apt update
sudo apt install peek

Proiektuaren gaineko informazio gehiago eta beste distribuzioetan instalatzeko erak azalduta daude Peek-ek Githuben duen orrian.



Hori bai Luberri erremasterizazioa erabiltzen baduzu kontuan izan 16.04.4 bertsiotik aurrera Peek aplikazio grafikoen atalean dagoela instalatuta.
Peek software librea da eta horri esker euskaraz dago 1.0 bertsiotik.


Beste aplikazio interesgarriak Software-bilduman eta Linux-aplikazioetan.

2017/04/04

Her filmaren euskarazko azpitituluak

2013an estreinatutako film hau informatika gaia duen filma bat baino amodiozko filma goxo bat da baina etorkizuneko sistema eragileez edota etorkizuneko gizakiez zer pentsa eta eztabaidagaia eskaintzen du.


Filmaren oinarrizko datuak eta jatorrizko bertsioaren erreferentziak, eta Open Data Euskadik eskainitako euskarazko azpitituluak azpitituluak.com web orrian daude deskargatzeko.

2017/04/02

Moodle: jardueren inportazioa "Gaiak fitxetan" formatuko ikastaroetan

Gaur saiatu naiz "Gaiak fitxetan" formatua duen ikastaro batera beste ikastaro baten jarduera bat inportatzen eta "inportazioa ondo egin da" mezua erakusten zidan Moodle baina nik inportatutako jarduera ikusi ez.

Proba hemendik, proba handik, azkenean ikastaroaren ezarpenetan  "Gaiak fitxetan" formatutik "Gai-formatu"ra pasatu dut eta hara non agertu den inportatutako "Jarduera umezurtzak" izeneko bloke berri batean.

Hortik zegokion gaira herrestan eraman eta ikastaroari bere jatorrizko "Gaiak fitxetan" formatura ekarri dut.

Beraz, "Gaiak fitxetan" formatua duen ikastaro batera jarduerak inportatuz gero kontuan izan inportatutako elementuak ikusteko ikastaroaren formatua aldatu beharko duzula.

Oharra:
Akats hau Moodle 2.9.7an atzeman dut

2017/04/01

Openshot bueltatu da Luberri sistemara

Bideo editorearen 2.2 bertsioa Luberri sisteman ez zebilen -hobe esanda, ez zen ikusten- baina atera berri duten 2.3 bertsioa bai.

Gainera berritasun interesgarri batzuk ekarri ditu. Hona hemen, labur deskribatuta, deigarrienak:
  • Eraldatzeko tresna (Transform Tool): haren bidez klip batean eskuin klik eta "Eraldatu" hautatzean ikusteko leihoko fotograman nodoak agertzen dira eta klipa txikiagotu (Ctrl sakatuta proportzioa mantendu nahi baduzu) eta pantailaren edozein tokitan koka daiteke. Erreproduzitzeko markatzailea beste puntu batean kokatu eta bertan tokiz edo lekuz aldatzen baduzu bertan marka bat egiten du eta erreproduzitzean tamaina edota kokapena aldatuko du.
  • Hobekuntzak zoom tresnan: Orain denbora-eskala alda daiteke klipak hobe kontrolatzeko  Ctrl tekla eta saguaren gurpil aurrera (handiagotu) eta atzera (txikiagotu) eginez eta, hori egitean, fotograma aktiboa ez da galtzen eta zentratuta geratzen da.
  • Labana tresna (razor tool) edo klipak ebakitzeko artazia tresna barrara bueltatu da.
  • Hobekuntzak tituluetan: titulu motak orain koadro txikitan agertzen dira sareta batean eta tituluaren izena eta testuak fitxa bakarrean agertzen dira.

Bideo honetan ikus daiteke nobedade hauen demostrazio bat:


Beste berritasunak eta konpondutako akatsak ikusteko, eta aplikazioa deskargatzeko jo proiektuaren blogera.


Oharrak:
  • Probak egiten proiektua itxi da. Badirudi egonkortasuna aplikazio honen puntu ahula izaten segitzen duela, batez ere proiektua tamaina eta efektuak hartzen dituen neurrian. Hori kontutan izanda proiektu bat hastean egin behar dugun lehenengo gauza proiektua gordetzea eta izen bat ematea da. Horretaz gain sarri gordetzea komeni da edota hobespenetan gordetze automatikoa sarriago egitea agintzea -nik minutu bat jarri dut-.
  • Luberri 16.04.5 bertsioan, noski, Openshot-ek bere tokia edukiko du (Kdenlive-en ondoan).

Ubuntu eta deribatuetan PPA bidez instalatzeko irekin terminala (Crtl+Alt+t) eta azpiko aginduak banaka kopiatu eta terminalean exekuta itzazu:

sudo add-apt-repository ppa:openshot.developers/ppa
sudo apt update
sudo apt-get install openshot-qt