mantenua etiketadun mezuak erakusten. Erakutsi mezu guztiak
mantenua etiketadun mezuak erakusten. Erakutsi mezu guztiak

2024/02/16

Nola jakin terminaletik ordenagailuko diskoak mekanikoak (HDD) edo solidoak diren (SSD)

 Diso solidoak (SSD) mekanikoak baino azkarragoak, pisuz arinagoak, kontsumo gutxiago eta isilak dira. Aldatzea kasu askotan erraza da eta gaur egun haien prezioa nahiko baxua da.


 Baina, nola jakin ordenagailu baten diskoa mekanikoa edo solidoa ordenagailua ireki gabe? 

Terminala erabiliz oso erraz jakin daiteke. Ordenagailuak dituen diskoak sda, sdb, sdc... izendatzen dira eta jakin dezakegu mekanikoa den ala ez biratzen ote diren galdetuta.

cat /sys/block/sda/queue/rotational

Erantzuna 1 bada, alegia biratzen bada mekanikoa da (HDD) eta 0 bada ez du errotaziorik beraz solidoa da (SSD).

Disko bat baino gehiago baduzu sda-ren ordez sdb, sdc... idatzi. Nire kasuan bi ditut sda mekanikoa eta sdb solidoa.



2022/12/08

You are in emergency mode errorea nola konpondu.

 Aitortu behar dut blog hau helburu nirekoi batez sortu nuela: zerbait lortuta dokumentatzea hurrengo batean blogean sartu eta dokumentazio hori berreskuratzeko. Hori da mezu hau idazteko helburu bat eta bigarrena niri funtzionatu didan soluzio bat zuri, behar izatekotan, erakustea.

Bada atzo ordenagailua piztu eta Linux Minten ikonoaren azpian diskoaren azterketa-konponketa gelditzeko Ctrl+C sakatzeko mezua, ondoren modu grafikoan sartu ez eta You are in emergency mode  mezu hau agertu zitzaidan pantaila beltzean:


Administratzailearen pasahitza sartuta terminala agertzen zen baina ideiarik ez zer egin behar nuen.

Aurretik azalduko dut ordenagailuan dudala disko gogor bat datuak gordetzeko (sda) eta disko solido edo SSD bat (sdb) sistema eragile eta swap partiziorako. Nonbait arazoa disko gogorraren sektore akasdun batzuk ematen zuten eta sistemaren abioa gelditzen zen.

Bilatzailean laguntza eskatu eta hona hemen nola konpondu nuen arazoa:

  1. administratzailearen pasahitza (root password) sartu. Administratzailearen prompt-a agertzen da.
  2. Jakiteko zein partizio izan daiteke arazoaren sortzailea, aztertuko ditugu zein diren partizioa ere bere izenak agindu honekin: sudo fdisk -l. Nire kasuan hau bueltatu zidan:

    Tamainagatik deduzitu nuen arazoa sda1 partizioan (home gordetzen duen disko gogorra) edo sdb2 partizioan (sistema gordetzen duen disko solidoa) egon zitekeela. Zure kasuan begiratu behar duzu zein edo zeintzuk izan daitezke akasdunak.
  3. Fitxategi sistema horien arazoa konpontzeko agindu hau erabili daiteke: sudo fsck -y /dev/sda1. Disko gogorraren partizioa txekeatu eta minutu batean konpondu zituen hainbat sektore akasdun. 
  4. Ordenagailua berrabiarazteko reboot agindu.

Berrabiaraztean arazorik gabe sartu zen sisteman. 

Kasu honetan sda1 partizioa erruduna izan ez eta berrabiaraztean berriro  You are in emergency mode agertu izan balitz sdb2 partizioaren txekeo-konponketa egingo nuke.



2022/08/16

Fsearch Linuxen fitxategiak eta karpetak azkar bilatzeko aplikazioa

 Fsearch ordenagailuko fitxategiak eta karpetak azkar bilatzeko aplikazioa da eta 22ko abuztuaren 16tik bere 0.2 bertsioa euskaraz dago.


 Fitxategien arakatzaileek -Nemo, Nautilus, Dolphin...- bilaketak egiteko tresnak dituzte baina Fsearch aplikazio independenteak arakatzaileen bilatzaileak baino askoz azkarrago egiten ditu bilaketak. Badaramat denboraldi bat erabiltzen eta, askotan, bilaketarako terminoa idazten bukatu baino lehen topatu izan du.

Ezaugarriak

  • Software libreko aplikazioa da.
  • Bakarrik GNU/Linux-erako dago eskuragarri.
  • Terminoa bilatzen du fitxategiaren izenean zein gordetzen duten karpeten izenetan.
  • Komodinak eta adierazpen erregularrak (RegEx) onartzen ditu.
  • Bilaketen emaitzak iragazi daitezke: guztia, fitxategiak, karpetak, aplikazioak, dokumentuak, audioak, irudiak, bideoak, artxibo konprimituak.Luzapenetan oinarritutako iragazki pertsonalizatuak sor daitezke.

  • Bilaketaren emaitza zerrendan ikusten da, informazioa zutabeetan: izena, bidea, luzapena, tamaina eta aldaketa-data, eta horien arabera ordenatu daiteke azkar.
  • Bilaketa egiteko indexaketa erabiltzen du. Ezarpenetan zehazten ahal da zer indexatu behar duen edota zein direktorio ez dituen indexatu behar. Indexazioaren progresioa leihoan ikusten da. Erabiltzaile arruntarentzat karpeta pertsonala nahikoa izan daiteke eta aurreratuak agian sistema osoan bilatu nahi du. Hobespenetan, Datu-base atalean, gehitu edo kendu daitezke indexatu behar dituen karpetak.
  • Bilaketa bereziak egiteko sintaxia erabili daiteke.
  • Interfazea pertsonaliza daiteke (gai iluna edo argia, menu barra edo ez, leihoaren tamaina gogoratzea, zutabeen konfigurazioa...).
  • Fitxategi edo karpeta batean eskuin klik eginda, menu azkarra agertze da eta bertan: irekin, ireki honekin, ireki karpeta eta abar.
  • Oso dependentzia gutxi ditu eta toki txikia betetzen du diskoan zein memorian.
  • Cn idatzita dago eta GTK3n oinarritzen da.

 

Instalazioa

Ubuntu, Mint eta deribatuentzat, PPA bidez, terminalean hurrenez hurren hauek itsatsi eta exekutatuta:

sudo add-apt-repository ppa:christian-boxdoerfer/fsearch-daily 

sudo apt update 

sudo apt install fsearch 

Bestelako distribuzioetan instalatzeko kontsultatu hemen.

Probatu ondoren desinstalatu nahi  baduzu:

sudo add-apt-repository -r ppa:christian-boxdoerfer/fsearch-daily

sudo apt remove fsearch
 

Informazio gehiago behar baduzu aplikazioaren web orrira joan.

 

 

Oharrak:

Gerta daiteke sortu fitxategi sortu berriak kostata topatzea izan ere.

Aplikazio hau ez da faltako laster kaleratuko den Luberri_22.04 sisteman.

Linuxerako beste aplikazio interesgarriak.

2022/07/28

Nola sortu estekak mahaigainean

 Mahaigaina garbiaren zalea naiz baina aitortu behar dut, denbora faltagatik edo, web orriren bat edo dokumenturen bat aztertzea geroko utzi nahi badugu ordenagailuko mahaigainean estekatzea interesgarria izan daitekeela.

Ikus dezagun nola egin daiteke hori Linux Mint-en eta, suposatzen dut, beste mahai inguruetan ere bai:

Interneteko web orri baten esteka mahaigainean usteko ...

modu bat izan daiteke, nabigatzailea pantailaren ezker aldera doitu (Super*+→) eta nabigatzailearen URL barran giltzarrapoa sakatu eta mahaigainean jaregin. Horrela sortuko du Estekatu hona: web orriaren izena duen esteka bat.

*Windows tekla ere esaten zaio

 

Dokumentu bat mahaigainean estekatzeko...

estekatu diot eta ez gorde. Ez naiz ari irakurri eta ezabatzeko dokumentu batez ari bere tokian gorde baina irakurtzeko dagoela adierazteko mahaigainean estekatzeko. Mint-en fitxategi-arakatzailea den Nemo aplikazioan dokumentuak estekatzeko aukera ezkutuan dago -gutxi erabiltzen denaren seinale- eta hura agerian jartzeko Nemo arakatzailearen hobespenetan sartu behar dugu: Editatu > Hobespenak > Laster-markak eta fitxa horretan Sortu esteka aktibatu:

Aktibatuta dauden elementuak dokumentu batean eskuin klik egitean irekitzen den laster-menuan ageriko dira. Hartara, dagokion tokian gordeta dagoen dokumentu bat mahaigainean estekatzeko, behin aurreko lana egina, egin behar duguna da dokumentuan eskuin klik egin, ondoren Sortu esteka, sortu duen esteka ebaki eta mahaigainean itsatsi.

Gezia duten ikonoek esteka adierazten dute. Behin irakurrita, esteka ezabatzen ahal dugu dokumentua galdu gabe.


2022/02/02

Wifiaren kontrolatzailea Lenovo Thinkpad L14 Gen1 modeloan

 Ordenagailu honetan Linux instalatu eta wifia ez duela funtzionatzen ikusten baduzu, ez larritu soluzio erraza baitu.

Ordenagailu honen wifia Realtek markako RT8852AE da eta bere kontrolatzaile edo driverra instalatzeko aski da Github-eko orri honetako jarraibideak aplikatzea: https://github.com/lwfinger/rtw89

 


 

2021/11/23

Nola sartu Luberri duen ordenagailu bat ikastetxeko Windows - Premia domeinuan

 Luberri sistema prestatuta dator Windows domeinu batean sartu ahal izateko (horretarako Pbis Open eta libpam aplikazioak erabiltzen ditu)

Zertarako sartu domeinuan?

  • Domeinuko edozein erabiltzailek ordenagailua erabili ahal izateko erabiltzaile izena eta pasahitza sartuta. Bestela administratzaileak bakoitzari erabiltzaile bana sortu behar dio.
  • Zerbitzarian partekatuta dauden karpetak erabili ahal izateko. Nork bere erabiltzaile izenekoa eta bere erabiltzaile-taldeari dagozkionak.

Ordenagailua domeinuan sartu ahal izateko sarera konektatuta egon behar du kablez edo wifiz.

Sartzeko scripta hemen dago: Aplikazioak > Sistemaren tresnak > Domeinuan-sartu

Kontuan izan eskatzen den administratzailea ez dela ordenagailukoa domeinukoa baizik.

Behin datuak sartuta segundo batzuen ondoren pantailan agertuko da SUCCESS hitza adierazten duena prozesua behar bezala osatu dela. Success-en ordez errore mezu bat agertzen bada ordenagailua ez dago sarera konektatuta edo daturen bat gaizki sartu dugu. Hortik aurrera administratzailearen saioa itxi dezakezu eta domeinuko edozein erabiltzailearekin sartu.

Sartzean, goiko paneleko eskuin aldean, erabiltzailearen izena agertuko da eta fitxategien arakatzailean dagozkion zerbitzariko karpetak: pertsona eta orokorraz gain irakasle, ikasle edota administraziokoa. Agertuko ez balira bi arrazoiengatik izan daiteke: ez daukagu pam_mount.conf.xml fitxategia behar bezala konfiguratuta edo ordenagailuari ez dio eman karpeta partekatuak hautemateko. Lehenengo kasuan begiratu mezu hau eta bigarrenean, ordenagailua itzali gabe, saioa amaitu eta saioa hasi.

Luberri Linux: nola ikusi eta erabili domeinuko zerbitzaria edozein ordenagailutik

 Mezu hau EAEko ikastetxe publikoen kasuan oinarrituta dago.

Luberri Linux instalatuta baduzu ikastetxeko ordenagailuren batean eta ordenagailu horretatik kontrolatu nahi baduzu domeinuko zerbitzaria (terminal server) hau da egin dezakezuna:

Abiatu Aplikazioak > Internet > Remmina

Mezua idazteko unean Luberrik Remmina 1.4.2 bertsioa darabil.

Urrutiko ordenagailuak kontrolatzeko hiru protokolo erabiltzen ditu:

  • RDP (Remote Desktop Protocol) Windowsak kontrolatzeko
  • VNC eta SSH Linuxak kontrolatzeko.

Kasu honetan ikastetxeko zerbitzaria Windows Server denez RDP protokoloa erabiliko dugu. 

Ordenagailu horretatik behin edo oso noizbehinka erabili nahi baduzu zuzenean RDPren ondoan idatzi zerbitzariaren IPa. 

 

Zerbitzariaren IPa gogoratzen ez baduzu kontsultatu dezakezu paneleko konexioaren ezaugarriak (ikastetxean zaudela, jakina):

DNS atalean bi helbide agertuko zaizkizu:

  • 8 zenbakiz bukatzen dena ZOR B izango da, Active Direktory kudeatzen duena (erabiltzaileak, taldeak, ordenagailuak...). H
  • 1 zenbakiz bukatzen dena ZOR A izango da, datuak gordetzen dituena. Bertatik esate baterako kontrola dezakezu karpeten baimenak.

Esan bezala, behin sartzeko aski duzu RDPren ondoan behar duzun zerbitzariaren IPa sartu eta, proposatzen duen zertifikazioa onartuta, eskatuko dizun erabiltzailearen izena eta pasahitza sartu eta domeinuaren izena zehaztea (minuskulaz eta luzapenarekin, adib. h000000.net).

Normalean erabiltzen duzun ordenagailuan bazaude komeni zaizu zerbitzarien datuak gordeta mantentzea. Horretarako goiko paneleko + sakatuko dugu.


Eta agertzen zaigun fitxa beteko dugu dagozkion datuekin:


Segundo batzuetan konexioa aktibatuko da. Komeni da 1- zerbitzariaren pantaila Remminaren leihora doitzea eta 2- Remmina maximizatu eta pantaila osora hedatzea.


Remminaren leihoa minimizatzeko goian agertzen den marra zuria klikatu menua zabaltzeko eta beheko irudian ikusten den ikurra sakatu.
 


 ZOR A konfiguratu dugun moduan egin dezakezu ZOR B ekipoarekin eta horrela geratuko da eskaintza behar duzunean erabiltzeko prest.


 

2021/11/20

Thunderbird motel dihoa. Nola azkartu?

 Erabiltzearen poderioz, eta zenbat eta kontu eta mezu gehiago are eta gehiago, Thunderbird moteltzen joaten da; geroz eta gehiago kostatzen zaio abiatzea eta kontuak irakurtzea.

Honek badu soluzioa: datu base globala berreraikitzea. Datu base globala (GLODA) bilaketak errazten dituen indexazio sistemaren parte bat da. Ekintza honen bidez mezuak eta posta-helbideak berriro indexatzen dira.


 Nola berreraiki datu base globala

  1. Itxi Thunderbird
  2. Zure Thunderbirdeko profilean bilatu global-messages-db.sqlite fitxategia. Profilaren karpeta Linuxen .Thunderbird karpetan dago (Ctrl+h) sakatu ezkutuko fitxategiak eta karpetak ikusteko. Bertan alfanumeriko batzuk eta .default luzapena duen karpetan sartu eta...
  3. Ezabatu global-messages-db.sqlite fitxategia.
  4. Ireki Thunderbird. Segituan hasiko da bit-indexatze prozesua. Mezuen kopuruaren arabera prozesua minutu batzuk iraun ditzake. Prozesua monitorizatu nahi baduzu Alt tekla sakatu menu horizontala ikusteko eta egin Tresnak > Jarduera kudeatzailea. Hor ikusiko duzu indexatze prozesua noiz bukatzen den. Indexazio berria bukatzean posta-bezeroa arinago abiatu eta kargatu ditu mezuak.


2021/09/04

Linuxen Ricoh inprimagailuen erabiltzailearen identifikazioa nola sahiestu

 Irungo Lekaenea eskolan Linuxerako migrazioa egitean inprimagailuekin izan dugun arazo teknikoaren konponketa deskribatuko dut beste kasu batean erabili ahal izateko.

 

openclipart

Eskola honek hiru inprimagailu ditu Ricoh markakoak:

  • Ricoh IM C3000
  • Ricoh MP C3003
  • Ricoh Aficio MP c2050

 Lehenengo ordenagailua migratzean ezarpenetatik  instalatu genituen hiru inprimagailuak marka eta modeloa aukeratuta. Gerora hornitzaileak esan zigun Ricoh Aficio MP c2050rena ez zuela funtzionatzen eta instalatzeko PPD bidez kontrolatzaile hau deskargatuta: https://www.openprinting.org/download/PPD/Ricoh/PXL/Ricoh-Aficio_MP_C2050_PXL.ppd

Probatzean, ordea, ordenagailuak bidaltzen zuen baina ez inprimagailuek ez zuten inprimatzen erabiltzailearen identifikazio sistema aktibatuta zutelako. Hornitzaileari kontsulta eginda proposatu zuen inprimagailuen PPD fitxategiak (/etc/cups/ppd/ karpentan) editatzea erabiltzaile eta gakoen zerrenda eranzteko.  Erabiltzaile eta gakoen zerrenda ikusi daiteke inprimagailuaren ezarpenetan, interneteko nabigatzailean http://xxx.xxx.xxx.xxx non ixen ordez inprimagailuaren IPa sartu behar den.

Ikusita horrek zer mantenu lana suposatzen zuen, batez ere erabiltzaileen zerrenda eguneratzeko, eskolak erabaki zuen Windowserako identifikazio sistema mantentzea eta Linuxen saihestea.  Horretarako editatu genituen banaka inprimagailuen PPD fitxategiak eta erabiltzaileen identifikazioa zehazten den tokian:

*OpenUI *UserCode/User Code (up to 8 digits): PickOne
*FoomaticRIPOption UserCode: string CmdLine A
*FoomaticRIPOptionMaxLength UserCode:8
*FoomaticRIPOptionAllowedChars UserCode: "0-9"
*OrderDependency: 104 AnySetup *UserCode
*FoomaticRIPOptionPrototype UserCode: "/usrcode(%s)def\n"
*DefaultUserCode: None
*UserCode None/None: "/usrcode()def\n"
*UserCode 1001/1001: "/usrcode()def\n"
*UserCode 1002/1002: "/usrcode()def\n"
*UserCode 1003/1003: "/usrcode()def\n"
*CloseUI: *UserCode

aukera bat zen erabiltzaile bakoitzaren izena eta gakoa zehaztea formatu honekin:

*UserCode urlia/urlia. "/usrcode(0000)def\n"    non 0000ren ordez urlia erabiltzailearen gakoa jarriko genuen (izenak eta gakoak inprimagailuaren ezarpenetan begiratzen ahal dira). 

Baina identifikazioa saihesteko egin genuena izan zen lerro honetan:

*UserCode None/None: "/usrcode()def\n"

edozein erabiltzailearen gakoa sartu horrela utziz:


*UserCode None/None: "/usrcode(0000)def\n"  non 0000ren ordez erabiltzaile baten gakoa jarri genuen.

Probatu eta ongi inprimatzen zuela ikusita hiru inprimagailuen PPD fitxategi editatuta USB memora batera kopiatu eta handik instalatu ditugu irakasleen ordenagailuetan. Horretarako instalazioa egitean PPD instalazioa aukeratuta.

 

Zerrendatik aukeratu beharrean hemen zehazten zaio PPD fitxategi baten bidez egingo dugula instalazioa.


2021/04/22

Nola konektatu ordenagailuaren DVI-D irteera eta VGA sarrera duen pantaila edo arbel bat

 Ikastetxeetan dauden monitore eta arbela gehienek bideo sarrera bakarra dute eta VGA tankerakoa da.

VGA emea konektorea (in Wikipedia)

 Dorre motako ikastetxeko hainbat ordenagailutan bi bideo irteera daude VGA eta DVI-D.


Zenbait ikastetxetan multiplexadore baten bidez bikoizten dute VGA konektoretik ateratzen den seinalea baina niri iruditzen zait egokiagoa dela aprobetxatzea bi irteerak. Horretarako DVI-D > VGA egokigailu edo adaptadore bat beharko dugu.

Puntu honetan bi gauza kontuan izan behar dugu:

  • DVI oinarrizko bi konektore mota daude: 
    • DVI-I: beheko irtengunearen inguruan lau pin dituena. Konexio mota honek seinale analogikoa eta digitala bidaltzen du. 
    • DVI-D: ohikoa ikastetxeetan, irtengunea inguruan pin-ik ez duena. Konexio mota honek soilik seinale digitala bidaltzen du.

Goitik hasita laugarrena da ohiko DVI-D 
(in Wikipedia)

 

  • DVI-D > VGA  bi konektore mota daude:
 
    • DVI-D > VGA egokigailu pasiboa
       Pasiboa. Ez du seinale digitala analogikoa bihurtzen. Mota hau oso merkea da baina ez digu balio. Ez du funtzionatzen.
 
    • Aktiboa. Seinale digitala analogikoa bihurtzen du. Hori da VGA hargailuak hartzen duena. Pixka bat garestiagoak dira (9€ inguru) baina horiek dira funtzionatzen dutenak. 

 

Erreferentzia bat ematearren nik UGREEN markakoa probatu dut eta primeran funtzionatu du.

UGREEN markako DVI-D VGA egokigailu aktiboa

Egokigailuaren USB elikadura
Konektore bat proiektagailu batera badoa badirudi hobe dela DVI-D konexioa proiektagailuari ematea eta jatorrizko VGA uztea monitorerako. Ikastetxe bateko proba batean proiektagailua jatorrizko VGAra konektatuta 640x480 bereizmena baino handiagoa ezin izan zuen eman. DVI-Dra konektatuta proiektagailuaren Full HD erabili ahal izan da, eta pantailarena ere bai.

Egokigailuaren atzeko aldean mikro-USB hargailu bat du, izan ere, hainbat kasutan bihurketa egiteko energia gehigarria behar du. Kasu horietan USB ataka batean konektatu beharko genuke. Nik egin dudan proban ez da beharrezkoa izan.

 

Ordenagailuaren bi bideo-irteera erabilita bi pantailak detektatuko ditu eta modu ispilatua erabili ahal izango dugu edo bakoitza bere aldetik.


2021/03/11

Luberri 20.04: nola berrezarri erabiltzaile baten Cinnamon mahaiganaren ezarpenak lehenetsietara

Mezu hau ikastetxeen administratzaileentzat da.

Batzuetan ikasleren bat bere mahaigainaren (Cinnamon) ezarpenak probatzen mahaigaina bera desitxuratzen du eta ez daki nola lehengoratu. Arazoa larriagoa da erabiltzaile generikoa erabiltzen den ikastetxeetan zeren eta kasu horretan gainerako ikasleei eragiten die. 

Konponbidea: 

  • Luberriren kasuan administratzaile gisa erabiltzailearen mahaigaina konpondu edo lehenerazteko hau da terminalean itsatsi beharreko agindua, non H000000-ren ordez zure ikastetxeko domeinua jarri eta erabiltzaile-izenaren ordez inplikatutako erabiltzailearen izena, adibidez ik000000aa :
sudo cp -r /etc/skel/. /home/local/H000000/erabiltzale-izena/

  •  Luberri ez den Linux Mint Cinnamon arruntean, arazoa izan duen erabiltzailearen saioan -ez da behar administratzailea izatea- terminala ireki (Ctrl+Alt+t) eta ondoko agindua itsatsi.

/usr/share/cinnamon/cinnamon-settings/cinnamon-settings.py panel

2021/02/23

Luberri 20.04.2 nola jarri zerbitzarian partekatutako karpetak paneleko Lekuetan.

 Luberriren azken bertsioan (20.04.2) goiko panelean berriro jarri diot Aplikazioak botoiaren ondoan Lekuak botoia karpetetan zuzenean sartu ahal izateko. Dena den gabezi bat du: ez ditu zerbitzarian partekatutako karpetak automatikoki jartzen (Luberri zaharrek egiten zuten moduan).

Hori erraz konpon daiteke:

1- Irekin karpeta nagusia eta sakatu Ctrl+H ezkutuko fitxategiak eta karpetak ez ikusteko.

2- Aldatu Nemoren arakatzailearen ikuspegia, ezkerreko beheko izkinan, 'zuhaitz' ikuspegitik 'lekuak' ikuspegira.

3-Arrastatu Lekuak sakatzean ikusi nahi dituzun karpetak Laster-marketara (zakarrontziaren azpian). Kito.

Animazio honetan ikus daiteke prozesua: 

Animazioa Peek bidez egina


Nola instalatu Luberri Insys batean

 Duela hiruzpalau urte hornitutako ekipo da Insys eta bi gauza kontuan izan behar dira bertan Luberri edo bestelako GNU/Linux instalatzeko:

1- Ordenagailu honek duen sare konexioa GNU/Linuxen ez du funtzionatzen momentuz. Arazo horrek beste konponbiderik izango du baina nik egiten dudana da sare-txartel arrunt bat erosi (11€ inguru), PCI erretiluan jarri eta bertara konektatu ethernet konektorea, edo RJ45-USB3.0 konektore bat (15€ inguru) eta bertara konektatu ethernet(1).

2- Abio diskoa bakarrik funtzionatzen du ordenagailuaren aurreko aldeko bi USB 2.0etan. USBa hor dagoela F8-F12 arteko teklak sakatu Boot order edo abioaren ordena aldatzeko USBa hautatuta. Bestela Esc edo F2 BIOSetik ordena aldatu.

(1): Soluzio hau probatzen baduzu kontuan izan Ethernet-USB moldagailua ez duela edozein USB atakan funtzionatzen. Probatu beharko duzu.

2021/02/03

Linux, inprimatzeko baimenak

 Luberri sistema eta GNU/Linux gehienetan inprimaketak kudeatzen dituen zerbitzua CUPS aplikazioak ematen du. Aplikazio honek eta Linuxen kernelak azken urteetan asko aurreratu dute eta orain ordenagailuak detektatzen dituzte automatikoki lokalki lokalki lotuta dituzten inprimagailuak eta sareko asko. Zoragarria da sareko administratzaileentzat baina batzuetan arazoren bat sortzen du, esate baterako ikasleei inprimagailuak ere agertzen zaizkie, eta askotan ez da komeni.

Nola galarazi ikasleei instalatuta dagoen inprimagailu bat erabiltzea?

Administratzaile gisa ireki Sistemaren ezarpenak > Hardware > Inprimagailuak eta ikasleei galarazi nahi duzun inprimagailu(et)an eskuin klik egin > Propietateak > Erabilera kontrola.

Hor bi aukera dugu: baimentzea batzuei edo galaraztea guztiei bat edo batzuk salbuetsita. Oro har, gehienetan interesgarriena izango da debekatzea guztiei irakasleei izan ezik. 



Dena den sistema horrekin beste hainbat aukera ere badira.

2021/01/13

Nola gaitu gonbidatua saioa Linux Mint banaketan

Erabiltzaile gonbidatua oso praktikoa da liburutegi, gaztetxe... eta identifikatu gabeko ikasleak erabiltzen dituzten ikastetxeetarako.


Distribuzio nagusiek segurtasun arrazoiak direla medio ezkutatu badute ere hona hemen Linux Minten (Cinnamon eta Mate behintzat) nola aktibatu daiteke. Terminalean itsasi eta exekutatu hurrenez hurren hauek:


sudo apt-get install apparmor-utils
sudo aa-complain /usr/lib/lightdm/lightdm-guest-session

Hori eginda gonbidatu (guest) erabiltzaileak ematen zuen arazoa konpontzen da. Orain aktibatu behar da. Horretarako kontuan izan behar dugu saio-hasierako pantaila (lightdm pantaila) Linux Minten ezarpenetatik konfiguratu daitekeela. Sistemaren ezarpenak > Administrazioa > Saio-hasieraren leihoa  > Erabiltzaileak > Onartu gonbidatu saioak  aktibatu.

Ordenagailua berrabiarazi behar da gonbidatu saioa hasteko. Gonbidatu saioan hastean agertzen da mezu bat gogoan izateko ez gordetzeko informazioa diskoan zeren eta aldiro sortzen du gonbidatu desberdin bat.


2021/01/09

Linux Mint SSL:certiificate_verify_failed errorea paneleko edo mahaigaineko applet-ak deskargatzean

Linux Minten paneleko applet-ak zein mahaigaineko desklet-ak eta gehigarriak deskargatzean cacheko errore hau agertzen bada "SSL:certificate_verify_failed" ematen badu 

 


konponbidea zertifikazioak eguneratzea da. Horretarako terminalean:

apt install --reinstall ca-certificates

Ondoren applet-ak deskargatzeko pantailan freskatzeko botoia sakatu:




2020/04/21

Nola konpondu PCIe Bus error=Corrected

Hainbat ordenagailuetan Linux-ekin abiatzean errore bat ematen du,  PCIe Bus error severity=Corrected han zuzen,k eta errorearen erregistroan ataskatzen da azpiko pantaila erakutsiz. Gainera erroreak etengabe sortzen ditu erregistroak eta hauek root partizioa betetzen dute. Hori gertatzen da ere instalatzeko USBan, beraz, aurrena bertan konpondu behar da errorea eta ondoren instalatu berri den ordenagailuan.

Errore hori gertatzen da hainbat eramangarritan:

  • Asus R514U
  • HP Pavilion 360 converter 

 

abioan eta itzaltzean agertzen den pantaila


Hemen deskribatuko du urratsez urrats nola lortu dut Ubuntu instalatzea eta errorea sistematik kentzea. 

 
1- Instalazio USBa prestatu sartu eta ordenagailua piztu.

2- Abioaren ordena aldatzeko sakatu F2.  BIOSean gaudela F8 sakatu eta aukeratu zure instalazio USBa.


F10 sakatu eta segituan agertuko da Grub menua.

3- Denbora galdu gabe E sakatuko dugu Grubaren konfigurazioa aldatzeko.
Agertzen den pantailan linux jartzen duen lerroraino joan


eta quiet splash ondoan pci=noaer idatziko dugu (teklatua ingelesezko ezarpenekin dagoenez "=" ikurra egiteko 0tik eskuinera dagoen harridura ikurrarekin egingo dugu). Ondoren F10 sakatu eta Ubuntu abiatuko da.


4- Instalazioa egingo dugu beste edozein ordenagailuan egiten dugun moduan.

5- Instalazio berrian USB liven genuen arazo berdina izango dugu, beraz, Grub-menua agertzen denean 3. puntua errepikatu behar dugu, hau da, E sakatuta grub-aren konfigurazioa aldatu. F10 sakatu onartzeko eta ordenagailua abiatuko da.

6- Behin ordenagailua martxan dugula Grub-aren konfigurazio fitxategia aldatuko dugu horretarako terminala ireki eta

sudo gedit /etc/default/grub

(beste Ubuntu bada gedit edo eraren ordez pluma, xed edo beste editore bat jarri).

Ireki den fitxategian,
GRUB_CMDLINE_LINUX_DEFAULT="quiet splash"
lerroan gehitu pci=noaer. Horrela geratuko da
GRUB_CMDLINE_LINUX_DEFAULT="quiet splash pci=noaer"



Gorde eta itxi fitxategia. Ondoren terminalean:

sudo update-grub

eta berrabiarazi ordenagailua.

Errorea konpondua behar du. 

 

5. puntua aplikatu aurretik sistema probatu baduzu eta erroreen pantaila agertu bada gerta daiteke errorearen erregistroak dagoeneko root partizioa bete izana. Sistemaren monitorean > Sistemaren-fitxategiak ikus dezakezu / partizioak zenbat okupatzen duen. 10GB baino gehiago betetzen badu komeni zaizu erregistroen fitxategi batzuk hustea. Ikusteko zein duen tamaina erraldoia terminalean egin:

ls -s -S /var/log/

eta husteko fitxategi erraldoiak, kasuan kasu,

sudo > /var/log/syslog
sudo > /var/log/kern.log



Oharra:
Eguneraketaren bat egitean Grub-a eguneratuko balitz galdetuko luke Grub-aren konfigurazioa mantentzea edo aldatzea. Kasu honetan erantzun beharko genuke uneko konfigurazioa mantentzeko pci=noaer ez galtzeko. Deskuiduz berrituko bazen 6. puntua errepikatu beharko genuke.



2020/03/02

Linux nola konpondu Initramfs errorea

Disko gogor magnetikoekin ez zait behin ere gertatu baina SSD eta EMMC diskoekin gertatu izan zait ordenagailua piztean pantaila beltza eta Initramfs errorea agertzea.

Normalean arrazoia da Linux dagoen partizioak errore bat duela eta ezin du arrankatu.

Gehienetan arazoa horrela konpontzen da:

1- Pantaila horretan bertan (initramfs)-ren ondoan idatzi exit eta sakatu Intro. Errorearen arrazoia azaltzen duen mezua agertuko da:

Kasu honetan Linux /dev/sda2 partizioan dago eta txostenak esaten digu konpondu behar dugula fsck komandoaren bidez.


2- Behin dakigula zein den korruptoa dagoen partizioa konpontzeari ekin behar diogu. Horretarako (initramfs) ondoan idatziko dugu:

fsck /dev/sda2 -y

Zuk a2-ren ordez jarri behar duzu zure txostenak esaten duena.

3- Behin errorea konponduta (initramfs)-ren ondoan reboot idatziko dugu berrabiarazteko (edo Ctrl+Alt+Del)

Horrek funtzionatuko ez balu beti dago instalazio Live USBa sartu eta berrinstaltu dezakegu (hala badagokio /home errepetatuz). 

2019/11/29

Linux: erabileraren erregistroa

Nola jakin nork erabili duen ordenagailu bat eta zein ordutan?

Erabili daiteke last komandoa. Komando honek emango digu azken hilabetean nork ireki duen saioa, zein egun eta ordutan eta noiz itxi saioa edo ordenagailua itzali eta, ondorioz, zenbat denbora erabili den.

Kontuan izan Linux multierabiltzaile sistema dela, beraz, gerta daiteke une berean erabiltzaile bat baino gehiago egotea martxan.


2019/11/13

Slimbook Battery eramangarrian bateria aurrezteko aplikazioa Linxerako

Slimbook eramangarrien fabrikatzaileak edozein eramangarrian bateriaren kontsumoa aurrezteko erabili daitekeen aplikazioa kaleratu du: Slimbook Battery. Aplikazio honek besteak beste TLP aplikazioa integratzen du baina TLP terminaletik kudeatzen da eta Slimbook Batteryk erabiltzeko erraza den interfaze grafikoa eskaintzen du.

Behin instalatuta gehigarrietan agertuko zaigu, exekutatu eta  sistemaren erretiluan agertuko da:

Ikusten denez, hiru modu eskaintzen ditu: energia aurreztekoa, tartekoa eta errendimendu guztizkoa. Egoeraren arabera aukeratuko dugu interesatzen zaiguna, esate baterako, konexio elektrikorik ez badugu komeni da jartzea Energy Saving, hartara besteak beste pantailaren distira %33ra jaitsiko du, internetera kablez konektatuta badago wifia eta bluetooth-a itzaliko ditu... Moduaren arabera panelean erakutsiko ditu kolore bat: berdea aurrezteko moduan, urdina tartekoan eta laranja errendimendu handikoan. Beti ere, distira eta bestelako parametroak eskuz alda daitezke.

Advanced mode sakatuta aplikazioaren ezarpenetan sartzen ahal gara eta bertatik, esate baterako agintzen ahal diogu aplikazioa ordenagailuarekin batera arrankatzea (autostart application).


Bestetik ezarpenetan zehaztu dezakegu modu bakoitzaren parametroak. Azpiko irudietan ikus daitezke energia aurrezteko moduaren parametroak:


Aplikazioa instalatzeko terminalean azpiko aginduak itsatsiko ditugu, hurrenkera honetan:
sudo add-apt-repository ppa:slimbook/slimbook
sudo apt install slimbookbattery

Probatu ondoren desinstalatu nahi baduzu hauek dira aginduak:
sudo apt remove --auto-remove slimbookbattery
sudo add-apt-repository --remove ppa:slimbook/slimbook