firefox etiketadun mezuak erakusten. Erakutsi mezu guztiak
firefox etiketadun mezuak erakusten. Erakutsi mezu guztiak

2022/06/01

Firefox 101 bertsioak bideokonferentzietan mikrofonoa hautatzeko aukera gehitu du

 Firefox mezu honen datan 101 bertsioa kaleratu du eta bideo-konferentzietan aurrerapena egin du, besteak beste, hemendik aurrera nabigatzailearen bidez egiten diren bideokonferentzietan zein mikro erabili hautatzeko aukera dago.

in Wikimedia Commons

 Sarritan web kamerek eta eramangarriek mikrofono integratuta dute baina erabiltzaileak, kalitatea hobetzearren, mikroa duten entzungailuak edo haririk gabeko mikroa erabili nahi ditu. 

Orain arte Firefoxek mikrofono bakarra hautematen zuen eta ez zegoen aldatzeko aukera baina bertsio berrian mikrofonoa hautatzeko aukera gehitu du.

Ona hemen nola agertzen den aukera hori hainbat bideokonferentzietan:

  • Bigbluebutton

 

  • Jitsi Meet

 

  • Google Meet

 

  • Teams


2021/04/18

Nola gehitu Google bilatzailea Linux Mint-eko Firefoxen

Linux Mint-en nabigatzaile lehenetsia Firefox da, eta haren bilatzaile lehenetsia Yahoo. Yahook, nire ustez, ez ditu bilaketa onak egiten. Aukera dago beste bilatzailea bat aukeratzeko baina parrilan ez dago Google. Luberri20.04.0 eta 20.04.1 bertsioek arazo hau ere badute.

 

Hurrengo lerrotan azalduko dut nola ezarri Google Linux Minteko Firefox-eko bilatzaile lehenetsi gisa. Kontuan izan hobespenetako aldaketa hau, nahi izanez gero, erabiltzaile bakoitzak egin behar duela:

Firefox-eko menuan Hobespenak ireki.


Bertan Bilaketa atalera jo. Yahoo agertzen da bilaketa-motor lehenetsi gisa eta Google ez dago aukeretan. 

 


Google ager dadin honako hau egingo dugu. Orri horretan bertan Bilaketa-lasterbideak agertzen dira eta haren azpian Bilatu bilaketa-motor gehiago.

Irekiko den web orrian irudiak markatzen duen Google ikonoan klikatuko dugu.


Ondoren Firefoxeko bilaketa leihatilan klikatu eta Gehitu Google



edo, bilaketa leihatilarik ez baduzu, klikatu hiru puntutxotan eta Gehitu


Bilaketa hobespenetara bueltatu eta orain Google aukeratu ahal izango duzu.


2020/07/31

Nola gorde, era seguruan, zure Firefox-eko pasahitzak fitxategi batean.

Firefoxen sinkronizazio tresnak aukera ematen du zure pasahitzak gorde eta sinkronizatzeko. Sinkronizazio kontu bat baduzu eta ezarpenetan Saio-hasierak eta pasahitzak aktibatzen baduzu...


sinkronizatutako Firefox-ek pasahitzak iradokiko dizkizu eta kontsulta ere egin dezakezu menua:






Mugikorrean ere Firefox sinkronizatuta baduzu pasahitzak iradokiko dizkizu eta kontsulta ditzakezu: Menua > Trenak > Saio-hasierak. Kasu honetan, nola mugikorra galtzen ahal dugun, komeni da babestea pasahitz nagusi baten bidez: Menua > Ezarpenak > Pribatutasuna > Saio-hasierak



Mugikorrerako beste aukera bat da Firefox Lockwise aplikazioa instalatzea, hartara Firefox ireki gabe kontsultatu ahal izango dituzu pasahitzak. Instalazioa Android eta IOSerako.



Baina, harira. Sinkronizatutako pasahitz horiek galtzeko arriskua badago eta, edonola, fitxategi batean gorde nahi badituzu Firefoxek atera berri duen 79. bertsioan aukera ematen du pasahitzak CSV fitxategi batera deskargatzeko.


Batzuk kritikatu dute berritasuna esanez arriskutsua dela pasahitzak gure saioan sartuta dagoen edozeinek ireki ahal izatea. Fitxategi hori babesteko modu bat izan daiteke LibreOffice Calc bidez irekitzea eta, bertan, pasahitz nagusi baten bidez gordetzea.


Behin ods formatuan pasahitz nagusi batez babestuta, CSV formatukoa ezabatu dezakegu. Fitxategi hori Nextcloud, Mega edo erabiltzen dugun hodeian gorde dezakegu, web bidez, edozein ordenagailutik kontsulta egin ahal izateko.

2020/02/22

Nola ikusi kml formatuko ibilbideak lineako Google Earth-en

Google-ek Earth aplikazioa lineara pasa du, aurrena soilik Chromerako baina orain Firefox-en ere badabil helbide honetan: https://earth.google.com

Offline aplikazioak dituen funtzionalitate guztiak ez baditu ere, adibidez denbora-lerroa, nahiko ongi funtzionatzen du, batez ere saguaren gurpiltxoa sakatuta egiten den nabigazioa.

Mezu honetan azalduko dut kml fitxategi bat Firefoxen -edo beste nagigatzailean- nola ikusi:

Suposatuko dugu kml fitxategia badugula, Wikiloc-etik deskargatuta edo.

a- Behin Firefoxen Earth ireki dugula, ezkerreko paneleko goiko aldean dagoen menua irekiko dugu eta bertan Settings edo ezarpenak. Ezarpenetan behera egingo dugu Turn on KML file import (aktibatu KML fitxategien inportazioa) ikusi arte eta aktibatuko dugu:


 b- kml fitxategia irekitzeko ezkerreko menuko azken aurrekoa den Projects (proiektuak) ireki eta bertan New project (proiektu berria) ireki eta bertan Import KML file from computer (inportatu KML fitxategia), fitxategia arakatu eta irekita nabigatzailea ibilbidera eramango gaitu.


2017/05/07

Firefox: korritze automatikoa

Web orri bat luze bat irakurtzean -edo gainetik begiratzean- nekagarri eta zaratatsua izaten da saguaren gurpilari behin eta berriz eragitea.

Horren ordez Firefoxek badu korritze automatikoa izeneko aukera bat: haren bidez saguaren gurpilean klik egiten dugunean (esteka batetik kanpo, jakina) borobiltxo bat agertzen da eta aski da -sagua klikatu gabe- erakusle edo punteroa borobiltxoaren azpira mugitzea testua -sagua askatuta ere- automatikoki korritzeko behera. Korritze abiadura erakusle eta borobiltxoaren arteko distantziak markatzen du. Erakuslea gainean jarriz gero goraka egingo du.


Pixka bat praktikatu behar da teknika menperatzeko baina aisa kontrolatzen da.

Korritze automatikoa aktibatzeko Firefoxen menuan klika > Hobespenak > Orokorra fitxa > Korritze automatikoa gaitu.



Probatu eta gustukoa ez baduzu aski duzu desaktibatzea.

2017/02/15

Ubuntu: ekipoa piztean web bat irekitzea automatiko

Ordenagailua Ubuntuko saio bat hastean automatikoki web bat irekitzea nahi baduzu horrela egin daiteke:

Aplikazioak > Sistemaren tresnak > Preferences > Abio aplikazioak

Bertan ikusten dugu, erabiltzaile partikular moduan, zein aplikazio ireki behar diren automatikoki saioa hastean. Beste bat gehitzeko esango diogu eta fitxa bat irekiko da non abiarazleari izen bat jarri behar diogun eta iruzkinean, nahi izanez gero, azalpentxo bat jar dezakegun eta, garrantzitsuena, Komandoa atalean zehaztu behar diogun zein aplikazio abiarazi behar den eta, kasu honetan, web orriaren helbidea parametro moduan:

firefox http://ezdakitzer.eus



Gorde eta probatu.

Gustukoa ez baduzu edo, dena denagatik, kendu behar baduzu Abio aplikazioen zerrendan hautatu eta ezabatu.

2017/01/20

Fitxatik leihora nabigatzailean

Azken urteotan erabat zabaldu da Interneteko nabigatzaileetan fitxen bidezko nabigazioa.
Asko zabaldu da ere, gehien bat, pantaila panoramikoei lotuta, pantailan bi leiho zabalik daudela lan egitea, sarritan leiho bat ediziorako eta bigarrena erreferentzia modua.
Azkenik, asko zabaldu den joera bat da nabigatzailean editatzea, blog, web, edo online aplikazioen bidez.

Horregatik hain zuzen ere maiz egin behar den eragiketa bat da nabigatzaileko fitxa bat leiho berri batera pasatzea eta pantailan nabigatzaileko bi web orri izatea. Ikus dezagun modu pare bat hori egiteko:

a- Firefoxen egin daiteke fitxan eskuin klik egin eta Eraman leiho berrira.










b- Firefoxen zein Chromium-Chromen egin daiteke nabigatzailearen leihoa albo batera eraman errestan eta fitxa bat arrastatu beste aldera alboan doitu arte (snapping windows). Ikusi azpiko irudian.


Irudian ikus daitekeenez kontrako mugimendua ere egin daiteke, alegia leihoa fitxa bihurtzea.

2016/09/23

Firefox 49k hobekuntzak ekarri ditu irakurtzeko ikuspegian

Eskuragarri dago Firefox 49 bertsioa.
Hainbat aldaketa ekarri ditu (ikusi denak) baina bat nabarmentzeko modukoa:
irakurtzeko ikuspegian hobekuntzak egin dituzte.

Irakurtzeko ikuspegia helbide barraren ezker aldean agertzen da, hainbat web orritan eta testuaren irakurketa errazten du:


Ondoko irudietan ikus ditzakegu orri baten ikuspegi arrunta eta orri beraren irakurtzeko ikuspegia, non zutabeak, irudiak eta irakurketa oztopatzen duten elementu guztiak ezkutatzen diren.

49 bertsioan irakurtzeko ikuspegiaren menuaren aukerak zabaldu dituzte. Orain fondo zuria edo beltza eta letraren tamainaz gain testu-zutabearen zabalera eta lerroarteko espazioa ere moldatzeko aukera izango dugu.
Horretaz gain testua entzuteko aukera gehitu diote. Bertan hizkuntza eta irakurketaren abiadura egokitu daitezke.

Irakurtzeko ikuspegiaren testu aukerak

Erabiltzen duen TTSa R2D2 errobota baino askoz argiagoa ez da eta euskara ez da ageri aukerako hizkuntzen artean baina atzerriko testuak irakurtzeko interesgarria izan daiteke, batez ere hizkuntzak ikasten dabilenarentzat.
Euskarazko testuak irakurtzeko ordea Irakurle digitala gehigarria erabiltzea dago aukeran,  web orri guztietan erabili daiteke eta TTSaren kalitatea Irakurtzeko ikuspegiarena baino askoz hobea da.

Irakurtzeko ikuspegiaren TTS aukerak
Irakurtzeko ikuspegi hau irakasleek kontuan hartzeko modukoa da bai eurek testuak irakurtzeko, arbel digitaletan erakusteko eta bai ikasleei gomendatzeko, izan ere Internet da gaur egun edukien iturri garrantzitsu bat gure ikasgeletan. Kontuan izan behar da ere irakurtzeko ikuspegi hau bereziki interesgarria dela ikusteko edo irakurtzeko zailtasunak -dislexia- dituzten ikasleentzat.

2016/06/27

Nola gehitu Feedly Firefoxen RSS/Atom jarioen proposamenetara

Firefox nabigatzailea eta Feedly jario irakurlea erabiltzen baduzu seguru gertatu zaizula blog batean  harpidetzeko eskatu...

... eta Firefoxek eskaini dizu Netvibes eta Alestia baina ez Feedly. Nahi al duzu proposamenen artean Feedly agertzea?


Ikus dezagun nola.

Helbidean idatzi:  about:config
Onartu kontu handiz arituko zarela.
Bilatu proposatu behar dituen jario irakurleak bilaketa leihatilan testu hau jarrita: browser.contentHandlers.types
Agertuko zaizkizu hainbat hirukote.
Aldatu erabili behar ez duzun jario irakurle bat Feedly jarrita. Horrelako zerbait geratu behar du:
  • browser.contentHandlers.types.#.title - Feedly
  • browser.contentHandlers.types.#.type - application/vnd.mozilla.maybe.feed
  • browser.contentHandlers.types.#.uri - http://cloud.feedly.com/#subscription/feed/%s
Non # dagokion zenbakia den.

Berrabiarazi Firefox eta hemendik aurrera, aurreko irudian ikusten den bezala, harpidetza bat egiten duzunean Feedly eskainiko dizu.

2016/03/31

Euskalbarren hiztegiak agerian jartzen

Firefoxen menua helbide-barraren eskuin aldera murriztea ideia ona izan zen, erabili behar dituzun aukera guztiak pertsonalizatu daitezke menu horretan. Guztiak? Ez. Euskalbarraren Hiztegiak elementua menu barrarekin batera katakonbetara joaten da. Gaur, ordea, deskubritu dut menua agerira atera daitekeela behin behinean Alt tekla sakatuta.


Eta menuarekin batera Euskalbarraren Hiztegiak-en aukera guztiak:


Menuan, Tresnak eta Laguntzaren artean Hiztegiak elementua agertzen ez bada Euskalbarren ezarpenetan markatu behar duzu Hiztegiak erakusteko.


Euskalbar gehigarria ezagutzen ez baduzu berandu zabiltza hemen klikatzen.

2016/03/23

Irakurle digitala

Aholaben ahots sintesian oinarriturik Elhuyar-ek testuak irakurtzen dituen bi plugin garatu ditu Berritzegune Nagusiarentzat: bat Firefoxentzat eta bestea LibreOffice Writer-entzat. Biak erabili daitezke Linux, Mac zein Windows sistema duten ordenagailuetan -mugikor eta tabletetan ez-. Irisgarritasunari begira urrats handi bat, dudarik gabe.

Hauen helburua da ordenagailuan azaltzen eta prozesatzen diren ahalik eta testu gehienak irakurtzea.



Zer dira:

Firefox nabigatzailearentzat eta LibreOffice Writer testu prozesadorearentzat gehigarri edo hedapen bana dira.  Hain zuzen testua esaldiz esaldi hartu Elhuyarren zerbitzari batera bidali eta horrek, ahots sintesiaren  bidez sortutako audio fitxategia jaso eta erreproduzitzen dute. Horrela izanik, internetera konektatuta egon behar gara irakurleak bere lana egin dezan. Ahots sintesiaren teknologia TTS edo Text To Speech izenez ezagutzen da.

Norentzat:

Irakurtzeko zailtasunak dituztenentzat, hala nola itsuak, gutxi ikusten dutenak, dislexikoak, gidariak...

Zer irakurtzen dute:

Firefoxen gehigarriak irakurtzen ditu, besteak beste:
  • web orriak, htlm formatuko dokumentuak alegia.
  • pdf dokumentuak (haren bidez irekita, noski)
LibreOffice Writer-en gehigarriak irakurtzen ditu, odt, doc, docx, rtf... eta beste hainbat testu formatu.

Liburu elektronikoak irakurtzeko hainbat aukera daude: bat da epub (edo dena delako) formatua duen fitxategia deskonprimatzea eta barruko html-ak Firefoxen bidez irakurtzea; beste aukera bat da  https://cloudconvert.com moduko web baten bidez epub fitxategia txt edo pdf formatura bihurtzea.
    Firefox eta LibreOffice software libreko aplikazioak dira, doakoak, eta Linux, Windows eta Mac OSen funtzionatzen dutenez hiru sistemetan erabil daiteke.

    Nola deskargatzen dira:

    Formulario honen bidez konpromisorik gabe eskatu eta postaz bidaliko dizkizute doan.


    Nola instalatzen dira:

    Bi fitxategi dira, bata xpi formatua duena Firefoxekin irekitzeko eta bestea, oxt formatua duena, LibreOfficerekin (niri 4. bertsioarekin ez dit funtzionatu, 5.rekin, ordea, bai). Zuzenean instalatzen ez badira begiratu web honetako pdf dokumentuan edo bideo-tutorialetan Joxik azaltzen dituen instalazio alternatiboak.

    Firefoxen kontuan eduki behar dugu Irakurle digitala barra bat dela eta instalatu ondoren Firefoxi agindu behar diogula barra hori erakusteko. Horretarako helbide barraren ezker muturrean dagoen menura sartu (1) eta -ikusi beheko irudia- Pertsonalizatu sakatuko dugu (2), ondoren ikusteko barrak (3) eta EusTTS aukeratuko dugu (4).




    Nola erabiltzen dira:

    Hona hemen adibide bat LibreOfficen:





    Azpiko irudian Firefoxen duen itxura:




    Eskerrik asko proiektu honetan parte hartu dutenei, bereziki Antigua-Luberri institutuko Maite Montero irakasleari ideia izan eta, temati, lortzeko bidea jarri duelako eta Elhuyarreko Igor Leturiari bere lana eta laguntzagatik.

    Elhuyar-eko Saroi Jauregik Info7 irratian irakurle digitalaren berri eman du (entzun).
    Beste gehigarri interesgarriak Firefoxentzat.
    Beste gehigarri interesgarriak LibreOfficerentzat.

    2016/03/18

    Nola erreproduzitu swf formatuko fitxategiak Firefoxen

    Swf (Shockwave Flash) formatuko fitxategiak Adobe Flash aplikazioaz egindako animazioak dira. Badira propio horiek erreproduzitzeko aplikazioak baina deus instalatu gabe Firefoxek (bai eta Chromiunek ere) horiek erreproduzitzeko pluginak dituzte.

    Firefoxen kasuan baina, bada errore txiki bat erreprodukzioa galarazten duena. Hona hemen nola konpon daiteke:
    Administratzaile moduan editatu behar da fitxategi bat:

    sudo gedit /usr/share/mime/packages/freedesktop.org.xml

    Fitxategi honen ordez (bilatzeko Ctrl+F)
     <mime-type type="application/vnd.adobe.flash.movie">
    hau:
     <mime-type type="application/x-shockwave-flash">
    itsatsi. Fitxategia gorde eta itxi, ondoren, hau exekutatu:

    sudo update-mime-database /usr/share/mime

    Hau eginda, swf formatua duen fitxategian eskuin klik egin eta "ireki honekin" sakatu eta Firefox hautatu eta nabigatzaileak irekiko du.

    Agian interesatuko zaizu swf fitxategiak asoziatzea Firefoxekin. Horretarako swf fitxategi batean eskuin klik egin eta alboko menuaren beheko partean agertzen de propietateak elementuan klikatu eta: (1) "ireki honekin" fitxa ireki, (2) Firefox aukeratu eta  (3) ezarri lehenetsi gisa.

    Swf-ak irekitzeko Firefox lehenestsi


    Html5-ek estandar librea flash animazioak baztertzen ari bada ere oraindik badira gauza interesgarriak swf formatu horretan... adi hurrengo mezura!

    2015/11/10

    Xuxen 5 kalean da.

    Xuxen euskararen zuzentzaile ortografikoak bertsio berria estreinatu du, bosgarrena.



    Bertsio honek Hiztegi batuko eta Elhuyar hiztegiko azken aldaketak jasotzen ditu.

    Linuxen deskarga eta instala daitezke:
    Behin deskargatuta instalazioa automatiko egiten da.

    Zuzentzaile lexiko-gramatika badu baina bakarrik dabil Microsoft Officen.
    Informazio gehiago eta beste sistementzako deskargak Xuxenen web orrian.

    2015/08/13

    Firefox: hobekuntzak irakurtzeko ikuspegian

    Firefox 39k ekarri zuen irakurtzeko ikuspegia. Horri ezker testu luzeak hobe ikusten dira webgunearen panelak, bannerrak eta abar kenduta.

    Irakurtzeko ikuspegia aktibatzeko ikonoa eta, ezkerrean, ikuspegiaren ezaugarria pertsonalizatzeko aukerak.

    Firefox 40 berriak irakurtzeko ikuspegian hobekuntzak egin ditu. Orain ikuspegi horretan sartzen garenean ezkerreko aldean tira zuri bat agertzen da eta bertan bi ikono: lehenengoa ikuspegi arruntera bueltatzeko da eta bigarrena ikuspegiaren ezarpenak aldatzeko. Bertan hauta daiteke:
    • letra mota: seriff edo sans seriff
    • letraren tamaina
    • atzeko planoaren kolorea: zuria, sepia edo iluna
    Horretaz gain 40. bertsioak RAM gutxiago gastatzen du, jpeg irudiak hobe ikusten dira, bideoetan html5 lehenesten da eta beste hainbat hobekuntza ditu.

    2015/08/01

    Firefox 39 bertsioak huts egiten du Fresh Player pluginekin

    Uztaila osoa eman dugu Firefox 39 bertsioarekin eta Ubuntun Fresh Player plugina  instalatuta baduzu seguru nabaritu duzula Firefox noiznahi itxi egiten dela. Jakiteko plugin hori instalatuta ote duzun egin menu > Gehigarriak > Pluginak

    eta Shockwave Flash 13 baduzu 11. bertsioaz gain Fresh Player duzu instalatuta eta badirudi hori dela Firefox 39 huts egiteko arrazoia.

    Konponketa.
    Sinpleen ematen duena da behin behinean Fresh Player desaktibatzea (goiko irudian agertzen den moduan) Firefoxen 40. bertsioa atera arte abuztuaren erdialdean. Badirudi hurrengo bertsioan arazoa konponduta dagoela eta, hala bada, orduan aktibatuko dugu.
    Fresh Player desaktibatzean Flash Player (Shockwave Flash 11) desaktibatzen dela ematen duen arren ez da horrela, Flash Player martxan segitzen du beharrezkoa den unean aktibazioa eskatzen (behin behinekoa edo behin betikoa helbide horrentzat).

    Eguneratzea (2015/8/11).
    Abuztuaren hasieran Firefox 39.0.3 bertsio berria atera du eta egun batzuk daramat probatzen Flash Playerrekin eta ez dit arazorik eman. Beraz 39arekin arazoak badituzu probatu bertsioa berritzen.
    Eguneratzea (2015/8/13)
    Firefox 40. bertsioarekin ere ez dago arazorik

    2015/07/27

    S3 Google Translator Firefox eta Thunderbirdentzat


    Lehengo astean segurtasun arrazoiak direla kausa Mozillak Quick Translator gehigarria segurtasun arrazoiengatik ez erabiltzea gomendatzen zuen eta nik Google Translator for Firefox erabiltzea gomendatu nuen baina ez nau gogobete eta beste batzuk probatuta S3 Google Translator iruditu zait hobea. Eskaintzen duen itzulpena bera da baina, batetik jatorrizko testua mantentzen du ikusgai eta, pantailaren beheko partean irekitzen du leihatila bat itzulpenarekin, bestetik erraz aldatzen ahal da euskaratik gaztelerara lehenengo itzulpenak gogobetetzen ez bagaitu.



    Instalatzeko modurik errazena da bai Firefoxen bai Thunderbird-en menuan Gehigarriak > Eskuratu gehigarriak eta bilaketa eremuan S3 Google Translator idatzi; behin topatzen duenean instalatzeko agindu.

    Behin instalatuta hobespenetan komeni da aukeran ematen dituen hizkuntzen zerrendetatik erabili behar ez ditugunak kentzea.

    2015/07/10

    Firefox 39: irakurtzeko ikuspegia

    Gaur Firefox 39 deskargatu dut eta atentzioa deitu dit helbide-barran jarri duten botoi berri bat: irakurtzeko ikuspegia.

    Zer egiten du: testuen irakurketa erraztu. Web gehienek egitura konplexua, aukeraz betea, irudi handiak, publizitatea non nahi, letra kolore argiak...
    Irakurtzeko ikuspegiak testua nabarmentzen du. Nola? letra handitu eta kontrastea areagotu, irudiak txikitu, publizitatea eta egiturazko elementuak kendu... eta aldea handia da¡¡


    2015/03/07

    Firefox: nola egin web orri oso baten kaptura



    Sakatu May+F2 (edo menuan Garatzailea > Garatzailearen tresna barra) eta beheko aldean >> ikurra duen barra bat ageriko da; bertan

    screenshot --fullpage 

    idatzi eta Deskargak karpetara egingo du argazkia.

    2015/01/31

    Nola instalatu Fresh Player Plugin Ubuntuko Firefoxentzat



    Zertarako da plugin hori?
    Istorio luze samarra da. Kontua da Adobek erabaki zuen bere Flash Player plugina, gaur egun ezinbestekoa dena hainbat weben baliabide multimedian aritzeko, Linuxen gehiago ez berritzea. Horrela Linuxerako Flash Player 11.2 bertsioan geratu da sekulakorako -dena den bertsio horren segurtasun eguneratzeak egiten dituzte-.

    Kontu horrek Flash Player erabiltzen duten web gehienetan ez du eraginik. Flash objektu gehienak ondo ikusten dira 11.2 bertsioarekin baina badira web gutxi batzuk, gehien bat animazioak egiten eta audio eta bideo kapturak egiten dituzten batzuk, azken bertsioetako elementuak erabiltzen dituzte eta horiek ez dute ondo funtzionatzen Linuxeko Firefoxen, hala nola animazioak egiteko moovly.com.

    Arazo hori konpontzeko Google-k Pepper plugin API izeneko metodo bat burutu du Windowseko Flash Player bertsioa Linux-en Chrome-Chromium-era eramateko. Firefoxek ordea, uko egin dio sistema horri (Htlm5-en aldeko apustu garbiagoa eginez edo baliabide faltagatik, batek daki).

    Gauzak horrela, Rinat Ibragimov izeneko lagun batek Chromium-Chromeko Pepper-ra Firefoxerako baliagarria egiten duen plugina egin du: Fresh Player Plugin.

    Behar dut plugin hori?
    Seguru aski ez. Soilik instalatu behar duzu baldin Firefox-en web-orriren batek, aipatua kasu, ibiltzean Flash Player arazoak ematen badizu.

    Nola instalatu?

    1- Chromium edo Chrome instalatuta eduki behar duzu eta harentzako Pepper Flash Player.

    sudo apt-get install chromium
    sudo apt-get install pepperflashplugin-nonfree


    2- Chromium-en Pepper (libpepflashplayer.so) Firefoxen erabili ahal izateko Freshplayer gehigarria  instalatuko dugu.Terminala erabiliko dugu PPA bidez instalatzeko. Beraz, kopiatu eta terminalean itsatsi eta exekutatu hurrenez hurren aginduok:

    sudo add-apt-repository ppa:nilarimogard/webupd8
    sudo apt-get update
    sudo apt-get install freshplayerplugin

    Hori eginda Firefox prest Flash Player-en azken bertsioa erabiltzen dute web orriak erabiltzeko.


    2014/12/03

    Nola aktibatu Firefox nabigatzailearen Hello bideo-konferentzia

    Eguneratzea: Firefox 50ean Hello-k agur esan du erabilpen txikia dela eta.

    Firefox 34 berritasun garrantzitsu bat ekarri du: Hello bideo-konferentzia.



    Kalitate handiko bideo edo audio konferentziak lor daitezke parte hartzaileek bestelako aplikaziorik, plugin edo gehigarririk gabe. Are gehiago deia ezartzen duenak Firefox-etik egin behar du baina bigarrenak ez du ez eta Firefox behar: Chrome-Chromium eta Operarekin egin daiteke.

    Nola ezarri:

    Helbide barraren ezkerrean dagoen menua zabaldu eta klika Pertsonalizatu eta tresnen artean agertzen den Hello eraman menura edo helbide-barrara.


    Zerbitzua beta fasean dago eta ez jende guztiari jarri (nire inguruko inori nik dakidala) baina eskuz aktiba daiteke:
    1. helbide barran idatzi "about:config"
    2. onartu kontuz ibiliko zarela
    3. bilaketa eremuan idatzi "loop"
    4. bukaera aldera agertzen den loop.throttled false egoerara pasa lerroan bi klik eginez.
    5. berrabiarazi Firefox eta orain bai edukiko duzu Hello ikonoa Tresna eta eginbide gehigarrietan.
    Nola erabili:

    Norbaitekin hitz egin nahi duzunean Hello-ren ikonoa klikatu eta segundu pare batean https helbide bat agertuko da.
    Klikatu Email botoian posta-bezeroa (Thunderbird edo) konfiguratuta baduzu edo Copy web bidezko posta erabiltzen baduzu. Era batera edo bestera bidali lagunari https helbidea.
    Lagunak mezua ireki eta bidalitako helbidean klikatzen duenean bideo-konferentzia martxan hasiko da.

    Konexioa kaskarra bada eta komunikazioa ez bada kalitatekoa itxi dezakezu bideoa eta audioa mantendu.

    Deiak jasotzeko unea ez bada egokia adierazten ahal diezu zure kontaktua dutenei:



    Kontaktuak gehitu:

    Zerbitzua gustukoa baduzu eta kontaktuen zerrenda eduki nahi baduzu klika Hello eta erregistratu zaitez (sign in) posta kontu bat eskatuko dizu zure kontaktuak gordetzeko eta hortik aurrera kontaktuak gehitzen ahal dituzu...

    ... eta deitzen ahal diezu kontaktuei zuzenean (uste dut oraindik ez dabilela).


    Balorazioa:
    Orokorrean oso interesgarria batez ere ez delako ezer instalatu behar eta edozein ordenagailu-tableta-smartphone-tik erabiltzen ahal dugu ezer ikutu gabe.