aurkezpenak etiketadun mezuak erakusten. Erakutsi mezu guztiak
aurkezpenak etiketadun mezuak erakusten. Erakutsi mezu guztiak

2017/12/05

Canva.com orain euskaraz

Canva.com aldizkariak, aurkezpenak, posterrak, infografiak, gonbidapenak, menuak, logotipoak, bannerrak, portadak, diapositiba aurkezpenak eta abar diseinatzen laguntza  ematen duen web zerbitzua da.

Orain euskaraz jar daiteke interfazea. Ikus dezagun nola:

  1. Oraindik egin ez baduzu, erregistratu behar duzu. Bertsio arrunta doakoa da Bertsio-berritu botoia sakatzen baduzu 30 egunez probatzen ahal duzu pagoko bertsioa.
  2. Ezarpenak aldatzeko ezkerreko panelaren goiko aldean agertzen da erabiltzaile izena eta, haren ondoan, ezarpenak aldatzeko hiruki txikia.
  3. Ezarpenetan Language aukerak zabaldu eta Basque klikatu. Gorde ezarpenak (Save) eta segundo pare batean interfazea euskaraz izango dugu.
Hortik aurrera, jardunera. Fondoa izango da zure kezka, forma ez.


Diseinu-txantiloiak, argazkiak, irudiak, formak... letra mota ugari, atzeko planoak... eskaintzen ditu zuriaren gainean hasteko edo aurre-diseinatutako produktu bat aldatzeko.


Beste zerbitzu interesgarri bat euskaraz.

Hemen beste web-zerbitzu interesgarriak.

2016/07/03

OBS Studio software librea bideoen grabazio eta transmisiorako

 Open Broadcaster Software Studio audio eta bideoen grabazio eta transmisioa (streaming) egiteko software libreko aplikazioa da. Linux, Windows eta Mac-erako bertsioak ditu.


Oro har, aplikazioa erraza eta intuitiboa da. Dena den aukera asko ematen dituenez konplexutasun puntu bat du eta postprodukzioa ekidin nahi baduzu hobe duzu aurretik probak egitea.

Funtzionalitateak:
  • Bideo-tutorialen grabazioa.
  • Aurkezpen, hitzaldien eta bestelakoen transmisioa eta grabazioa.
  • Eskolako irratia edo telebista...

Instalazioa:

Aplikazioa plataforma-anitza da. Proiektuaren web orrian azaltzen da nola instalatu sistema bakoitzean.
Ubuntu eta Debian oinarrikoetan terminala ireki eta agindu hau itsatsi:

sudo apt install obs-studio


Ezarpenak:

Hasi baino lehen komeni da Fitxategia>Ezarpenak egin eta bertan begiratzea zein diren aukerak: Orokorretan aplikazioa euskaraz jar dezakegu -hala ireki ez bazaigu-, gai argia edo iluna aukeratu..., Irteeran helburu-karpeta, formatuak, bereizmenak, bit-ratioak zehaztu ditzakezu eta Laster tekletan jar dezakezu grabazioa eta transmisioa tekla konbinazio baten bidez abiatzea (nik Ktrl+G eta Ktrl+T jarri dut hurrenez hurren -argi ibili zeren eta momentuz ez du indikatzailerik-).

Funtzionamendua:

Grabazioa edo transmisioa hasi aurretik eszena(k) diseinatu behar d(it)ugu.

Eszenak

Eszenan zehazten dira ikusiko eta entzungo diren elementuak. Hainbat eszena diseina dezakegu eta grabazio-transmisioan batetik bestera pasa dezakegu.
Eszenetan erabili daitezkeen elementuak hauek dira:
- Bideoak:
  • pantailaren kaptura
  • leiho kaptura 
  • web-kamera
  • beste bideo kapturak
  • bideo fitxategia
- Irudia bat edo irudi segida bat,
- Testua
- Audioak:
  • Jack sarrera
  • mikrofonoa (kanpokoa, ekipokoa, web-kamerarena...)
  • audio irteera
  • audio fitxategia
Adibide honetan ikus dezakegu bi eszenaz sortutako grabazio bat.




Grabazioa eta transmisioa.

Aplikazio honen abantaila handi bat da postprodukzioa ekiditen duela. Ondo prestatuz gero eta bitartean istripurik eta hitztripurik gertatzen ez bada grabazioa bukatu eta editatu gabe kargatu edo erabil dezakegu.

Beste aukera bat, hitzaldi, urrutiko eta zuzeneko klaseak eta telebista saioetarako da zuzenean transmititzea (streaming). Horretarako hainbat aukera daude: aplikazioak zenbait transmisio zerbitzu eskaintzen ditu eta aparte zuk bestelako bat jar dezakezu.


Nik Youtube.com-en kanalak (bideo kudeatzailean) eskaintzen duena probatu dut eta oso ondo dabil. Kanalak transmisio gako bat ematen du eta OBSen jarri behar da, aplikazioak transmisioa ikusteko URL bat ematen du ikusleen artean zabaldu behar dena -web bidez esate baterako-. Arazo bat egon daiteke transmisio horretan erabat librea ez den musika jartzen badugu -nahiz atzeko planoan egon- Youtubek detektatu, abisatu eta transmisioa itxiko baitu.


Behin transmisioa bukatzen denean bideoa grabatuta geratzen da zure kanalean.
https://www.twitch.tv  zerbitzuak ere ondo funtzionatzen du.

Oharrak:
  • Juan Luis Fernández, Jenofonte, blogariak OBSren gainean hainbat bideo-tutorial oso interesgarriak prestatu ditu. Ikusteko bilatzailean jarri "unade25 OBS" 

Beste aplikazio interesgarriak Software-bilduman
Linuxeko hainbat aplikazio interesgarrien katalogoa.

2016/03/22

Nola sortu argazki diaporama bat LibreOfficen erraz eta arin

Argazkiz edo irudiz diaporama edo aurkezpen bat sortu nahi baduzu hona hemen modu erraz eta arin bat egiteko:

Hasi baino lehen komeni da erabiliko ditugun irudiak karpeta batera kopiatzea banan bana hautatu behar ez izateko.

LibreOffice Impress ireki eta egin Txertatu > Irudiak > Argazki albuma

Irekiko den leihoan hautatuko dugu argazkien karpeta. Argazkien zerrendatik aukera dugu kentzeko interesatzen ez zaizkigunak eta gainerakoak Gora edo Behera eginez ordenatzea. Inportantea da mantentzea aspektu-erlazioa argazkiak ez deformatzeko. Aukera dago ere diapositibetan argazkiak binaka edo launaka jartzeko.


Argazki sekuentziekin alderatua Impressek aukera ematen du irudietan testua txertatzeko, dela tokien izenak, jendearenak... Hori egiteko beheko barrako marrazketa-tresnetan testua aukeratu eta diapositiban idatziko dugu. Eskuineko alboko zutabean edizio tresnak ditugu letra tipoa, tamaina, kolorea eta abar aldatzeko.

Testu-kutxa tokiz aldatu eta biratu dezakegu: testu kutxan gainean klik eginez esku bat agertuko da eta arrastatzen ahal dugu kutxa nahi dugun tokira. Testu-kutxan berriro klik egiten baduzu nodo urdinak jarriko dira kutxa tamainaz aldatzeko eta, berriro klik eginez gero, nodo gorriak jarriko dira kutxa biratu ahal izateko.


2014/04/14

Arbelak

Arbel digitalaren instalazioa bukatzeko gelan sartu eta arbel tradizionalean eskema ederra ikusi nuen. Arbel berria probatzeko animalien erreinuaren eskema bat bilatu nuen sarean. Biak batera ikusita hainbat galdera etorri zitzaidan gogora...

Desagertuko dira klarionak ikastetxeetatik?
Zenbat denbora eman du irakasleak klarionazko eskema egiten?
Datozen irakasleek egingo al dituzte eskemak?
Datozen ikasleek marraztuko al dituzte miriapodoak? Idatziko al dute eskema? Komeni al zaie eskema idaztea? Komeni zaie eskema buruz jakitea?
...
Zer deritzozu...



Ezkerreko eskema hartuetaeman blogetik hartua.

2013/06/20

Open-Sankoré 2.1 euskaraz

Orain eskolak bukatuta garai egokia da hezkuntza-aplikazioak ikaslerik gabe probatzeko. Eta, zein hobe Open-Sankoré baino, azken bertsioan (2.1) euskaraz datorrena.
 

Open-Sankoré arbel digital interaktiboentzako aplikazioa da, Lausaneko unibertsitatean hasitako proiektua eta gaur egun Frantziako Groupement d’intérêt public pour l’éducation numérique en Afrique ardurapean dagoena, zeinak software librean lizentziatu du.

 Eskola 2.0-ko Smart tresnak eta Notebook-en parekoa da baina azkarrago irekitzen da, arinagoa eta ergonomikoagoa da, software-librea da eta formatu irekiak erabiltzen ditu. Biak batera egon daitezke instalatuta eta irakasle bakoitzak gogokoa duena erabiltzen ahal du. Smarten tresnak inork erabiliko ez balitu abioko aplikazioetatik ken daiteke baina Smart-en kontrolatzailea ezin da desinstalatu arbelaren interaktibitatea harekin funtzionatzen du-eta.

Aplikazioari gain-begirada bat emateko bideo-tutorial bat prestatu dut baina kontuan izan oso azalekoa dela eta ez dituela aplikazioaren funtzionalitate guztiak aztertzen, ez eta urrik eman ere. Bideoaren iraupena 7:40. Xehetasunak ikusteko pantaila osoan eta kalitate hoberenean (480p) ikustea komeni da.


Deskarga eta instalazioa

Open-Sankoré Linux, Windows eta Mac-en gainean funtzionatzen du eta bere web-orritik deskarga daiteke.
Behin deskargatuta klik bikoitza egin fitxategian eta instalazioa abiatuko da.


Beste aplikazioak Linuxen eta Software-bilduma.



2012/02/21

Bideotik animaziora

Linuxen bada era erraz bat bideotik gif animatura pasatzeko. Zertarako? batez ere web orri batean edo aurkezpen batean bideo edo bideo zati bat irudi animatu bezala ikusi ahal izateko etengabeko sekuentzian eta flash player edo bestelako erreproduzigailurik gabe.

Bideo batetik abiatuta sortutako gif animatua


Nola egiten da?
Lehenik eta behin terminaletik kontrolatzen den Mplayer aplikazioa behar dugu. Ubuntu software biltegitik instalatuko dugu edo terminaletik:
sudo apt-get install mplayer
Behin instalatuta konbertsioari ekingo diogu agindu honen bidez (kopiatu eta termalean itsatsi saguaren gurpilean klikatuta):
mplayer BIDEOA -ss HASIERA -endpos BUKAERA -vo gif89a:fps=FOTOGRAMAK:output=IRTEERA -vf scale=ZABALERA:ALTUERA -nosound
Non:
BIDEOA konbertitu nahi dugun bideo fitxategia da.
HASIERA zein segundotik konbertitu nahi dugu:  mm:ss
BUKAERA zein segundo arte konbertitu nahi dugu  mm:ss
FOTOGRAMAK animazioak segundoko izango dituen irudiak. Gif animatuetan lau aski izan daiteke.
IRTEERA helburu-fitxategiaren izena. Deus jartzen ez baduzu zure karpeta nagusian out.giff izenarekin agertuko da.
ZABALERA eta ALTUERA animazioaren neurriak pixeletan.


Terminala erabili gabe posible da python-en egindako GUI edo komandoarentzako interfaze grafikoa jaitsi eta modu grafikoan egitea prozesua.



 Video2gif izena du eta klik eginez deskarga dezakezu euskaraz edo ingelesez. Nahi duzun karpetan gorde, bi klik egin erauzi edo deskonprimitzeko eta klik bikoitza eginez martxan jarriko da. Aplikazioa ixteak adierazten du prozesua bukatu dela. Emaitza jatorrizko bideoa dagoen karpetan agertuko da. Komeni da izena aldatu .gif luzapena jartzeko, izan ere emaitza gif animatu bat da eta Windowsen ikusi ahal izateko gif luzapena eduki behar du.

Onartzen dituen bideo-formatoak: asf, avi, bfi, caf, flv, mkv, webm, mpeg, mpg, ogg, ogv eta mp4.

Oharra
Interfaze grafikoan neurriak jartzea ez du merezi ez baitu aldatzen, bai ordea terminaleko aginduarekin.


Informazio-iturria: el atareado



2011/09/15

Aurkezpenak.net zure aurkezpenak igotzeko tokia

Mikoleta euskara elkarteak eta Bitarlan zerbitzu enpresak Aurkezpenak.net webgunea plazaratu dute. Web-zerbitzu hau Slideshare.com-ekin lotua dago eta aurkezpenak igotzeko eta zabaltzeko aukera ematen du. Odp, ppt, pdf... formatuko aurkezpenak igotzeko erregistratu behar da, aurkezpenak ikusi eta deskargatzeko ez.


  1. Ikusi
  2. Postaz bidali, estekatu...
  3. Pantaila osoan ikusi
  4. Kaptsulatu zure web orria edo blogean.
  5. Erregistratu eta saioa hasi (aurkezpenak igotzeko).
  6. Aurkezpenak atalka.
  7. Aurkezpenaz etiketen arabera.

Oso itxura oneko zerbitzua euskarazko aurkezpenak ipintzeko eta bilatzeko.

2011/08/07

Lore berdeen izenak

Berdea ez da, logikoa denez, loreen kolorerik gogokoena. Loreek, erreprodukzio organoak direnez gero, intsektuak erakarri behar dituzte polena zabaltzeko eta berdea ez da horretarako kolorerik egokiena. Edozein modutan izan badira eta ez hain gutxi; web honetan mordo bat ikus daiteke.

Bestetik bideoko irudi gehienak lorerik ez duten landareenak dira. Goroldioak, ekisetoak eta iratzeak esporen bidez hedatzen dira. Helburu nagusia landareen izenak ezagutzea denez eta inguru honetan lore berde gutxi topatu dudanez tokitxo bat egin diet esporadunei.


Mezua prestatzeko dokumentatzen ari nintzela landareen sailkapenaz oso eskema argigarria topatu dut Plantamer blogean. Creative Commons lizentzia duenez erositako prezio berean eskaintzen dut hemen:


2011/08/06

2011/07/23

Box.net nola enkapsulatu zure dokumentuak web edo blog batean

Box.net fitxategiak interneten -lainoan- gordetzeko doako zerbitzua da.

Fitxategiak gordetzeko erregistratu behar da. 5 GBeko edukiera du. Bertan karpetak eta azpikarpetak sor ditzakegu. Bertan gordetako fitxategiak hainbatekin partekatu edo publiko ere egin ditzakegu. Fitxategien gehienezko tamaina 25 MBekoa da eta hilabeteko banda zabalera 10 GBekoa. Baldintza horiek hobe daitezke ordainpeko Premium aukera kontratatuz gero.

Hemen ikusten da nola lor daiteken fitxategi baten kaptsula.


Publiko moduan jarritako fitxategiei estekak zein kapsulak jartzen badiegu web edo blog batean hauek ikusi eta jaitsi ahal dira erregistratu beharrik gabe.

Aspalditik erabiltzen nuen Box.net fitxategiak partekatzeko baina orain arte ez naiz konturatu kapsulak -embeded- egin zitekeenik. Dokumentu bat kapsulatzea ematen du aukera web baten barruan ikusi ahal izateko. Box.net orritik pdf eta Libreoffice-n odf fitxategiak kaptsula daitezke.
Kontua da moskeatuta nengoela Scrib.com zerbitzuarekin zeren eta propaganda pila bat jartzen dute dokumentuaren inguruan eta orrien artean, dokumentua jaisteko erregistratu behar da eta erregistratzeko Facebooken kontua ireki behar da. Jo ta pasa.

Scribd.com ostatuko fitxategi bat jaisteko Facebook-en alta eman behar da.
Hau dela eta erabaki dut Scribd-i agur esatea, hor ditudan dokumentuak ateratzea eta blog honetan jartzea Box.net eskaintzen duen zerbitzuari esker. Datozen egunetan sarrera moduan agertuko dira Scribden nituen dokumentu batzuk.

2011/01/26

LibreOffice 3 euskaraz



The Document Foundation LibreOffice garatzeko ardura duen fundazioak lehenengo bertsio egonkorra jarri du eskuragai, 3.3 bertsioa. OpenOffice paketea Oraclek erosi zuenetik garapenean pairatzen ari zen utzikeria gainditzeko proiektua da LibreOffice.


Oraindik ez dut astirik izan OpenOfficekiko aldeak aztertzeko baina hirurekin txundituta geratu naiz:
  • Irekitzeko abiadura
  • SVG irudiak txertatzeko aukera.
  • PDFak irekitzeko aukera.
Horietaz gain beste hobekuntza asko egin dizkiote. Patxadaz frogatu behar.

LibreOffice Windows, Linux eta Mac plataformetan ibiltzeko gai da eta bai interfaze osoa bai laguntza euskaraz dago (eskerrik asko EuskalGNU).


Instalatzeko lehenik eta behin OpenOffice desintalatzea komeni da (LibreOfficek bere egingo ditu OpenOfficen ezarpen eta hedapenak). Hona hemen Ubuntun desintalazioa egiteko terminalean exekutatu beharreko agindua:

sudo apt-get purge openoffice*.*

Windowsen instalazioa egiteko deskarga orrira joan, programa eta hizkuntza paketea jaitsi eta hurrenez hurren instalatzea da bidea.

Ubunturen kasuan Software biltegitik instala daiteke baina terminaletik egin nahi baduzu horrela egin dezakezu:

Errepositorioa edo PPA kargatuko dugu:
sudo add-apt-repository ppa:libreoffice/ppa
Ondoren eguneratuko ditugu software iturriak:
sudo apt-get update
LibreOffice paketea instalatuko dugu:
sudo apt-get install libreoffice
Ondoren mahaiganeko ingurura egokituko dugu. Gnome erabiltzen baduzu -gehienetan hala da-:
sudo apt-get install libreoffice-gnome
KDE erabiltzen baduzu:
sudo apt-get install libreoffice-kde

Eta orain aplikazioa euskaratzeko:
sudo apt-get install libreoffice-l10n-eu
eta laguntza euskaratzeko:
sudo apt-get install libreoffice-help-eu
Aplikazioeta joan, bulegoa atala ireki eta bertan topatuko dituzu aplikazio guztiak. Lehenengoa irekitzen duzunean motel irekiko da, hortik aurrera ziztuan.

Debian familiakoak ez diren Linuxentzat eta Windows eta Mac-entzat Libreoffice-ren deskarga orrira joan, jaitsi eta instalatu.


Disfruta ezazu.

2010/12/18

Imagelabel: irudiei testu kutxa eransteko Nautiluserako scripta

Imagelabel Nautilusen, hau da Gnomeren arakatzailean dabilen scritp bat da. Hari esker arakatzailean gaudela irudi fitxategiei esker klik egin eta zabaltzen den menuan, Script-ak atalean klikatuta imagelabel agertuko da eta hari klik eginez testu kutxarako aukerak ageriko dira.
  • Kutxa koloreduna -horia- edo ez -grisa-.
  • Testuaren letraren tamaina.
  • Testua bera.

Frogak egin ditzakegu gustura gelditu arte, orduan testua idazten den tokian "save" idatzi eta gordeko dugu.

 Hona hemen bi argazki labeldun


Instalatzeko fitxategi hau

ondoren deskonprimatu eta fitxategia zure karpetako .gnome2/nautilus-scripts karpetara eraman (izenaren aurretik puntua duten karpetak ezkutukoak dira eta berauek ikusteko arakatzailean Ctrl+h egin behar duzu).

Script hau oso ondo moldatzen da irudiak biratzeko eta tamaina aldatzeko aplikazioarekin.

Informazio iturria

2010/11/28

Ubuntu: Irudien tamaina edota orientazioa Nautilusean aldatu.

 
Argazki edo bestelako irudiei tamaina eta orientazioa aldatzeko era asko daude, tartean noizbait komentatu dudan Phatch aplikazioa, oso egokia irudi asko eta tratamendu bat baino gehiago egiteko.

Gaur komentatuko dudana, Nautilus-image-converter, potentziagatik baino abiadura eta erabiltzeko erraztasunagatik nabarmendu nahi dut. Berez Nautilusen, Ubuntuk erabiltzen duen Gnomeren, fitxategien arakatzailearen plugin edo gehigarri bat da. Bi funtzio besterik ez ditu: irudien tamaina eta orientazioa aldatzea eta arakatzailean bertan irudiaren miniaturari eskuin klik egin eta bi aukera berri horiek agertuko zaizkigu.

Instalazioa.
Bi aukera: Ubunturen software-biltegian Nautilus-image-converter bilatu eta instalatzeko agindu edo terminal bat ireki eta honako hau exekutatu:
sudo apt-get install nautilus-image-converter
Appleta martxan jar dadin Nautilus berrabiaraziko dugu:
killall nautilus

Nola erabili.
Nautilus arakatzailea ireki -panel nagusian Lekuak sakatuta- eta irudiak dituzun karpeta batera joan; irudi baten tamaina ikusi nahi baduzu eskuin klik egin eta bukaerako Propietateak klikatu eta Irudia fitxan bere tamaina pixeletan agertuko zaizu. Tamaina hori aldatzeko miniaturan eskuin klik egin berriz eta agertzen den menu horretan Resize Images... estreinatuko dugu.

Irudia redimentsionatzeko aukerak agertzen dira goiko leihoan: zerrendako tamina estandartetako bat, eskalatu %tan -proposatzen duen 50ak erdira ekarriko du irudia- edo guk nahi duzun zabalera eta altuera finka dezakegu. Aldaketa nola gorde erabaki behar dugu: proposatzen digu jatorrizko irudia mantentzea eta beste bat sortzea jatorrizkoaren izenari .resized erantsita. Resazi in place hautatuko bagenu jatorrizkoaren ordez gordeko luke.

Ezarpen bera erabili behar badugu hainbat irudien tamaina moldaketan horien denak hauta -ctrl tekla zapalduta- eta ezarpenak emanda denak batera aldatuko ditu.

Irudiaren orientazioa aldatzeko Reseze Images... ordez Rotate Images... aukertuko dugu.

2010/10/31

Keymon teklatua eta sagua monitorizatzeko gehigarria

key-mon leihatila
 
Key-mon teklatuan pikatzen ditugun teklak eta saguan klikatzen ditugun botoiak eta gurpilaren mugimenduak leihotxo batean erakusten duen aplikazio txikia da. GNU/Linux sisteman dabil.

Gehigarri hau interesgarria iruditzen zait informatika irakasleontzat, esate baterako bideo-tutorialetan erabiltzeko edo klasean pantaila proiektatzen ari garela ikasleek ikusteko zer teklak eta botoiak erabiltzen ditugun.

Ctrl+f konbinazioaren erabilera bilaketa tresna irekitzeko

Frogatu nahi baduzu, hona hemen instalatzeko urratsak:

Programa jaisteko orria hau da. Ubuntu edo beste Debian erabiltzen baduzu .deb paketeak jaitsi eta ondoren klik bikoitza eginez ekin instalatzeari. Saioa berriz irekitzean programa Aplikazioak > Grafikoak atalean agertuko zaizu.


Behin key-mon leihatila irekitzen denean gainean klik egin eta herrestan eraman dezakegu nahi dugun tokira. Bestetik haren gainean eskuin klik eginez gero haren ezarpenak alda ditzakegu edo aplikazioa itxi.
Gif animatuak byzanz-appletarekin eginak daude

 Informatika irakasleontzat, ikasleek egiten duguna proiektorean ikusten badute, interesgarria izan daiteke gure saioan sartzen garen aldiro key-mon automatikoki martxan jartzea. Horretarako egin dezakegu: Sistema>Hobespenak>Abioko aplikazioak>Gehitu eta leihotxoan jarriko dugu nahi dugun izena eta komandoan key-mon. Erne, dena minuskulaz.

2010/09/16

"Web 2.0 eskolan" aurkezpena

Lehengoan Prezi zerbitzuaren berri izan nuen eta frogatxo bat egin dut. Prezi aurkezpenak online egiteko zerbitzua da; ohiko aurkezpenei buelta emateko modu bat; buelta bi zentzutan bederen.
Froga egiteko web 2.0 tresnen erabilera eskolan hartu dut gaitzat. Hona aurkezpena, (ondo ikusteko egin klik More-n eta pantaila osoa adierazi -Fullscreen-):



Zorabiatu zarela? Bai, agian pasa egin nahiz jauzi eta txiribueltekin.
Prezik gaur jakinarazi du aurrerantzean aurkezpenak elkarlanean egiteko aukera dagoela: horretarako aurkezpenaren sortzaileak beste hamar bat lagun konbida ditzake edizioan parte hartzeko.
Beste aurkezpen batzuk ikusi edo frogatu nahi baduzu hona esteka: Prezi

2010/05/09

Zoom dokumentuan eta pantailan

Zoom egiteko pare bat tresna aurkeztuko ditut. Zoomaren bidez laneko dokumentua edo pantaila osoa urbil eta urrundu dezakegu. Zooma kontrolatzea interesgarria bada pantaila aurrean gaudenean are garrantzi handiagoa du proiektoreaz azalpen bat eman behar dugunean, batik bat aretoa handia bada,  edo bideo-tutorial bat grabatu behar dugunean.

Harira. Lehenengo tresna Ctrl+gurpila da, alegia Ctrl tekla zanpatua saguaren gurpilari eragin. Horrekin lortuko dugu dokumentua pantailan hurbildu eta urrundu. Aukera hau aplikazio gehienetan funtzionatzen du: nabigatzailea, bulego-paketeak eta abar.
Bigarrenak pantaila bera hurbildu eta urruntzeko aukera ematen digu. Windowsen efektu hori lortzeko lupa-programaren bat erabili behar da. Mac-etan OPTION-CMD tekla konbinazioa dugu eta Linuxen Windows-tekla+gurpila.

Hona hemen efektu biak ikusteko bideo txiki bat.


euskaltube.com bideoak | Izenburua: Zooma dokumentuan eta pantailan | Erabiltzailea: alexgabi

2009/11/11

Irudiak txertatu ala itsatsi?

Dokumentu batean irudi bat jarri nahi badugu bi aukera nagusi ditugu:
  • irudia gorde -gordeta ez balego- , Editatu > Txertatu > Fitxategitik eta arakatzailearekin hautatu, edo
  • irudia kopiatu eta dokumentuan itsatsi.
Bigarren aukera, sarri, azkarragoa eta errazagoa bada ere lehenengoa seguruagoa da eta pisu gutxiago eransten dio dokumentuari. Sarean bilatuta ez dut apenas informaziorik ikusi gaiari buruz baina badirudi arinago izatearen arrazoia dela, txertatuz gero, irudiaren bereizmena 72dpi-ra murrizten dela.
Esperimentu txikia egin dut: 588,4KBko irudi bat jarri dut testu prozesadorearen orri zuri batean itsatsia eta txertatua; itsastean dokumentuaren pisua askoz handiagoa da (1,9MB) txertatzean baino (630,8KB). Kalitatea, itxuraz bederen, berdintsua da. Kontuan izateko, batez ere, irudi asko duten testu, aurkezpen eta abarretan.

2009/09/17

Nola jarri irudi bat atzeko plano bezala OpenOffice Impress diapositiva batean

Demagun aurkezpen batean irudi batek diapositiba osoa hartu behar duela eta haren gainean geziak, testua edo holakorik jarri behar dugula; oso tipikoa, esate baterako mapekin edo arte lanekin. Txertatu>Irudia>Fitxategitik egingo bagenu arazoak izango genituzke gainerako objektuak hautatzeko. Horregatik erosoagoa da irudi hori atzeko plano bezala jartzea.

Nola egiten da?

  1. Kokatu diapositiba zurian.
  2. Egin eskuineko klik edozein tokitan eta laster-menua agertuko da.
  3. Hautatu Diapositiba>Ezarri diapositibaren atzeko planoko irudia.
  4. Arakatzailean irudia hautatu
  5. Galdetuko dizu irudi hori diapositiba horretako atzeko planoa izango den edo diapositiba guztietakoa. Jeneralean horretakoa izango da.


OpenOffice Drawing aplikazioan antzeko efektua lortzeko, alegia irudi baten gainean eskema, testuak... ipintzean irudi bera ez hautatzeko honela egin daiteke: fitxategi berri bat irekitzen dugunen geruza aktiboa Diseinua izenekoa da, lan eremuaren ezker beheko aldean agertzen da erreferentzia.
  1. Txertatu lan-eremuan irudia(k)(mapa, argazkia...) eta Diseinu erreferentzian eskuin klik egin eta Aldatu geruza > Blokeatuta aktibatu, hartara geruza horretako elementuak ezin dira hautatu eta editatu, eta ezin dira elementu gehiago sartu.
  2. Diseinu erreferentzian berriz ere eskuin klik egin eta oraingoan Txertatu geruza. Geruza berriari nahi duzun izena jarri eta bertan txertatuko dugu laukizuzenak, geziak, testuak eta abar era erosoago batean.

Aukera bat da geruza batzuk sortzea eta, geruzak ezkutatu eta agerraraz daitekeenez, atzeko mapa edo irudi bakarraren gainean bilakaera baten faseak hainbat geruzatan ikus daitezke.