Nextcloud etiketadun mezuak erakusten. Erakutsi mezu guztiak
Nextcloud etiketadun mezuak erakusten. Erakutsi mezu guztiak

2021/12/05

Nola sinkronizatu Nextcloud egutegi bat Lightning egutegiarekin

 Lightning Thunberbird posta bezeroaren egutegia da. Bertan egutegi lokalak sor daitezke baina interesgarriena lineako egutegiak sinkronizatzea da. Ikus dezagun nola sinkronizatu daiteke Nextcloud hodeian oinarritutako egutegi bat:

Lehenik eta behin egutegiaren webgunera joango gara eta egutegi pertsonalaren esteka pribatua arbelean kopiatuko dugu.

Ondoren Thunderbird ireki eta egutegiaren fitxara joango gara. Bertan klikatuko dugu + ikurrean adierazteko egutegi berri bat nahi dugula.


Esango diogu egutegia sarean dagoela.


Eta CalDav formatua duela. Eskatuko digu jatorrizko egutegiaren hodeian dugun erabiltzaile izena eta itsatsiko dugu arbelean kopiatu dugun arbelaren helbidea.


Azkenik egutegi honentzat asmatuko dugu izen adierazgarri bat eta ditugun beste egutegietatik bereiziko duen kolore bat.

Onartu eta segundo batzuetan ditugun gertaerak sinkronizatuko dira. Hemendik aurrera Lightning-en ikusiko ditugu egutegian sortzen ditugun gertaerak eta bertatik sortu ahal izango ditugu. 

Lightning egutegiaren abantaila handi bat da hainbat egutegietako gertaerak ikusten ahal ditugula batera: pertsonala, lanekoak, elkartetakoak... Zenbait editagarriak izango dira eta beste batzuk ikusteko soilik (jaiegunak...).



2017/08/07

Nextcloud bezeroa nola sinkronizatu

Owncloud eta haren fork edo aldaera den Nextcloud hodeiko biltegiratze-zerbitzua eskaintzeko aplikazio libreak dira. Zerbitzari batean instalatuta pertsona, enpresa edo elkartek batek hainbat bezeroentzako biltegiratzea eskain dezake.

Enpresa edo elkarteentzat interesantea izan daiteke instalatzea baina hodeiko biltegiratzea behar duen partikularrentzat interesanteagoa izan daiteke enpresa batzuk eskaintzen duten hodien bezeroa egitea, izan ere nahiko merke eta biltegiratze tamaina txikia bada doan eskaintzen dute.

Zergatik erabili hauek eta ez Drive, OneDrive edo antzekorik? Aplikazio libreek, oro har, pribatutasun gehiago eskaintzen dutelako, zer esanik ez zerbitzaria gurea bada.

Nola erabili  Nextcloud bezeroa? 

Zure hodei propioa erabili dezakezu edo hornitzaile batena. Hona hornitzaile batzuk eta euren ezaugarriak eta prezioak...
Owncloud hornitzaileak (providers)
Nextcloud hornitzaileak (providers)

Behin erabakita zein probatu nahi duzun erregistratu behar zara.
Hodei hori web bidez erabili dezakezu bertara fitxategiak kargatuz edo bertatik deskargatuz. Ez ohiko gailuetan hori izango da hodeia erabiltzeko modua baina ohikoetan -etxekoan, lanekoan...- guztiz komenigarria da sinkronizazio bezero bat erabiltzea.

Sinkronizazioa

Bere hartan oso erabilgarriak badira ere oso interesgarria izan daiteke batzuentzat edukitzea sinkronizatuta ekipo baten edo batzuen karpeta bat eta hodeia. Hartara fitxategi bat edo karpeta bat gordetzen edo eransten duzunean delako karpeta horretara zure hodeiarekin sinkronizatuko da Internet konexioa duzunean. Eta beste ekipoetan sinkronizatuko da hauek konektatzen direnean.

Sinkronizazioa egin daiteke ordenagailuetan eta smartphonetan.

Ordenagailuen kasuan bi aukera daude:

a- Bezero bidezko sinkronizazioa: Owncloud edo Nextcloud bezeroaren sinkronizatzailea (desktop client sync) aplikazioa instalatu daiteke. Aipatutako bi aplikazioek Linux, Windows eta Mac bertsioak dituzte.

Ubuntun Nextcloud bezeroaren sinkronizatzailea instalatzeko terminalean agindu hau exekutatu behar dugu:
sudo apt install nextcloud-desktop 


Behin instalatuta Gehigarrietatik abiatzen ahal dugu. Lehenengo aldia eskatuko digu zerbitzaria eta hau zehazten dugunean (http://zerbitzaria) web orria irekiko da eta bertan erabiltzaile izena, pasahitza eta sinkronizatu beharreko karpeta (berak Nextcloud izeneko karpeta proposatzen du baina izan daiteke beste bat). Hornitzaile bat baino gehiago erabiltzeko aukera ere badago (adibidez bat pertsonala eta bestea lanekoa).

Ezarpenetan komeni da agintzea aplikazioa irekitzea saioa irekitzean.


Horrela automatikoki sinkronizatuko du zehaztutako karpeta eta sistemaren erretiluan ikonoaren bidez kontrolatuko dugu sinkronizazioak eta orokorrean aplikazioa.


Aplikazio honen bidez karpeta lokala (sinkronizatuta ditugun ordenagailu guztietan) eta hodeikoa eduki bera izango dute. Interneteko konexioa dugunean aplikatuko da sinkronizazioa eta interneteko konexioa ez dugunean fitxategiak karpeta lokaletik erabili ahal izango dugu (konektatzean sinkronizatuko dira).

b- Beste aukera bat da sasi-sinkronizazioa, mugikorretan erabiltzen den sistema. Nola egin sasi-sinkronizazio hau? Ubuntu eta deribatuetan Lineako kontuen bidez. Ezarpenetan dagoen Lineako kontuak atalean Ordenagailuak irakurtzen du hodeiko fitxategien zerrenda eta karpeta lokal batean ikusiko dugu baina fitxategia soilik klikatzen dugunean deskargatuko da. Fitxategi bat karpeta honetan sartzen dugunean hodeira kargatuko da konexioa izanez gero.




Mugikorretarako bai Owncloud bai Nextcloud sinkronizazio aplikazioak dituzte Android zein IOSerako. Kasu hauetan fitxategiak eta karpetak ez dira zuzenean sinkronizatzen, aplikazioak zerbitzariko karpetak eta fitxategiak erakutsiko digu eta soilik hautatzen direnak deskargatzen dira.
Androidetan aplikazioa aplikazio libreen bilgunea den F-Droid bidez edo Play Store bidez deskarga daiteke.

Gogoan izan smarphonetan deskargatutako Libreoffice edo Microsoft Officeko dokumentuak ikusteko eta editatzeko Collabora aplikazioa oso komenigarria dela.




2016/11/17

Zim wikia oharrak hartu eta egitekoak kudeatzeko aplikazio librea

Aspalditik nenbilen laneko egitekoak antolatzeko eta ikusteko aplikazio baten bila eta prezio berean testu editore txol interesgarria topatu dut.

Zim testu editore sinplea bat da eta egitura hierarkikoa duten orriak biltzen ditu. Orriak karpeta batean gordetzen dira era automatikoan txt formatuan.

Funtzionalitatea:
  • Oharrak hartu, bileren aktak, ideiak jaso, klaseko apunteak, web-orrien eta fitxategien estekak bildu...
  • Egitekoen kudeaketa: lehentasunak, burututako zereginak...
  • Fitxak: liburuen, pertsonen, elkarteen datuak...

Formatu aldetik orriak pantaila osoa hartzen du -ez dago papererako diseinatua- eta testuari oinarrizko formatua ematen ahal zaio:  estiloak, letra lodia, etzana, marratua, nabarmendua, buletak, numerazioa, kontrol laukien zerrendak...
Horretaz gain formulak, taulak eta estekak erabili daitezke. Formatu hauek marka edo markup bidez gordetzen dira txt fitxategian.

Zim orria hainbat formaturekin
Formatuko markak teklatuaren bidez ere egin daitezke wiki formatuan: * ikurra buleta bihurtzen da, "1." idatzik gero zerrenda zenbakiduna hasten da eta "a." bidez zerrenda alfabetikoa, makoak edo kortxeteak [] kontrol laukia.

Abantailak:
Karpeta oso oso arina da.
Aplikazioa irekitzean orri guztiak irekitzen dira. Dokumentu mordo bat erabili beharrean Zim bidez hainbat dokumentu irekitzen di-da batean.
Zim utzitako orrian irekitzen da.

Desabantailak.
Ez dauka Android edo IOSerako bertsiorik. Aurrerago azaltzen dut nola erabili daitekeen mugikorrean.

Instalazioa:
Aplikazioak Linux-erako diseinatua badago Windowserako bertsioa badu ere -begiratu oharretan-.
Ubuntun PPA bidezko instalazioa egin daiteke. Horretarako terminalean exekutatu hurrenez hurren agindu hauek:

sudo add-apt-repository ppa:jaap.karssenberg/zim
sudo apt update
sudo apt install zim

Behin instalazioa egina aplikazioa aurrenekoz abiatzen dugun unean eskatuko digu koadernoaren izena eta kokalekua. Koadernoa hainbat ordenagailutan sinkronizatu nahi badugu sinkronizatuta dugun karpeta batean kokatzea komeni da. Edozein modutan komeni da karpeta bat sortzea koadernoa kokatzeko.

Pluginak
Zimek dituen aukerak pluginen bidez zabaldu daitezke. Pluginak instalatzeko menuan Edit > Preferences > Plugins fitxa, eta bertan desmarkatu markatuta daudenak eta honako hauek markatzea proposatzen dizut:
  • Print to browser: Zimek ez du inprimatzen baina nabigatzaileak bai.
  • Table editor: taulak erabili nahi baduzu.
  • Task List: egitekoen zerrenda egiteko. Ezinbestekoa.

Egitekoen kudeaketa 
Egitekoak kontrol laukien bidez markatzen dira eta haien lehentasuna esaldiaren bukaerako harridura ikurren bidez markatzen da. Zenbat eta harridura ikur gehiago lehentasuna handiagoa.
Egitekoen ikonoa klikatuta orrietatik barreiatuta dauden egitekoak zerrendatzen dira lehentasunaren arabera.

Behin egiteko ataza burutzen denean ataza ezaba daiteke bere orritik edo, ataza bete denaren konstantzia utzi nahi badugu, kontrol laukia marka dezakegu -egina zein ukatua moduan- eta egitekoen zerrendatik desagertuko da.

Koadernoaren sinkronizazioa
Zim orriak hainbat ordenagailutan sinkronizatuta eduki nahi baduzu instalatuta eduki behar duzu hodeia biltegiratzeko bezero bat, hala nola Owncloud, Nextcloud, Drop Box, Mega...  eta Zimen karpeta nagusia sinkronizatutako karpetan gorde behar duzu. Bigarren ekipoa eta gainontzekoak instalatzean, koadernoaren izena eta kokalekua galdetzen duen unean, aski dugu Brouse-ri sakatuta konpartitutako karpetako koadernoaren kokalekua zehaztea eta jatorrizko koadernoa irekiko du; hartara ordenagailu guztietan sinkronizatuko da koadernoa.

Txantiloiak
Datu base txiki bat egin nahi baduzu aukera duzu orri batean fitxa baten diseinua egiteko eta orri hori koadernotik eraman .local/share/zim/templates/wiki karpetara -Linuxen- eta hortik aurrera txantiloi moduan erabili ahal izango duzu.

Ikasleen datuak biltzeko txantiloi baten adibidea

Koadernoa hainbat ekipotan sinkronizatuta badugu txantiloia ekipo bakoitzean
kokatu beharko dugu erabili izatekotan.

0.66 bertsiotik aurrera euskaraz

Mugikor edo tabletan erabiltzeko
Zim wikik ez dauka app-rik. Dena den ordenagailuan egindako oharrak Android-en kontsultatzea nahiko erraza da Zim wikia sinkronizatuta badugu. Android-en Nextcloud app-a instalatutu dut, irekitzean eskatzen du hodeiaren zerbitzariaren https helbidea (ez du zertan Nextcloud izan behar, Drop Box, Owncloud, Mega, Drive... izan daiteke) eta bertako pasahitza.Une horretan agertuko dira gure hodeiaren karpetak. Puntu horretan Zim-en karpeta hautatu eta menua sinkronizatzeko aginduko dugu. Hori eginda Zim-en txt orriak ikusiko ditugu.

Bi era probatu ditut:

  • Mezu honetan ikusten den irakurtzeko soilik den modu argi interesgarri bat.

  • Ikusteaz gain sortu edo editatu nahiko bagenu kontua pittin bat konplikatzen da. Testu soileko fitxategiak editatzeko app bat instalatu beharko dugu, hala nola Jota Text Editor, haren bidez txt orriak editatzen ahal ditugu eta ondoren gorde eta sinkronizatu egingo ditugu.










Oharrak
  • Zim wikia, noski, Luberri_sisteman dago.
  • Zim wikia Windows instalatzeko badago modu ez ofizial erraz bat web-orri honetatik 0.69.1 bertsioaren .exe fitxategia deskargatu eta instalatzea. Ez dago euskaraz.
  • Frank Donnely mezu honetan kontatzen du nola erabiltzen du Zim Wiki aipu eta laburpen akademikoetarako BibTex formatuan.
  • Zim wikia proiektuaren webgunea.