Android etiketadun mezuak erakusten. Erakutsi mezu guztiak
Android etiketadun mezuak erakusten. Erakutsi mezu guztiak

2023/12/28

Editor, Android aplikazioa orain euskaraz

 Editor Adroiderako testu lauko editore sinplea da. Aplikazio autonomoa da eta erabili daiteke beste aplikazioekin konbinatuta edo arakatzaileetan .txt edo bestelako fitxategiak ireki eta editatzeko.

Fitxategi bat irekitzean ikusteko moduan agertzen da eta arkatza klikatuta edizio modua aktibatzen da.

Menuaren bidez itxura, letra-tipoa, tamaina eta abar kudeatu daitezke.

Aplikazioaren menuaren pantaila-argazkia

Aplikazio hau software librekoa da, 1.92 bertsiotik euskaraz dago eta F-Droid bidez edo Github-etik .apk formatuan deskargatuta instala daiteke.

Nire kasuan Editor aplikazioa erabiltzen dut ordenagailuan Zim Wiki-ren bidez sortu eta Nextcloud-en gordetzen ditudan oharrak mugikorrean editatzeko.


2023/11/20

QuickWeather: Androiderako eguraldi aplikazio libre, arina eta euskalduna.

 Androidetan uneko eguraldia eta iragarpenak erakusteko aplikazio asko dago. Niri QuickWeather gustatzen zait arina, garbia, libre eta orain, 2.5.7 bertsiotik aurrera euskalduna delako.


Ezaugarri nagusiak:

  • Pantaila osoko radarra
  • Uneko eguraldia, Tenperatura, Prezipitazioak, Haizearen abiadura, Hezetasuna, Presioa, Ihintz-puntua
  • Tenperatura eta Prezipitazioen grafikoa
  • Eguraldiaren alerta jakinarazpenak
  • Orduko Tenperatura eta Prezipitazioa (48 ordu)
  • 3 orduko tenperatura eta prezipitazioa (5 egun)
  • Kokapen bat baino gehiago ezar daitezke
        

 

Aplikazioaren ikuspegi orokorra non ikus daiteke uneko egoera, grafikoan tenperatura eta prezipitazioaren grafikoa, hodeitzaren radarra eta iragarpenak.

Ezarpenetako pantailetan kokapenak, itxura eta parametroak zehaztu daitezke.







Instalatu daiteke Fdroid-etik edo Google Play-tik.



Ikusi Librezalen Androiderako euskaraz dauden beste hainbat aplikazio.

2023/11/18

Librera: mota guztietako dokumentuak irakurtzeko aplikazioa Androiden

 PDF, EPUB, ODT, DOC, MOBI, DjVu, FB2, TXT, RTF, AZW, AZW3, HTML, CBZ, CBR eta formatu gehiago dira Librera aplikazioak irakurtzen dituenak. 

Hori da bere ezaugarri nagusia: aplikazio bakarra edozein dokumentu irekitzeko.

Beste ezaugarriak:

  • Azkar irekitzen ditu dokumentuak.
  • Pantaila behin sakatuta laguntza panelak ezkutatzen dira (eta ageri).
  • Ikuspegi argia eta iluna.
  • Dokumentuak bilatu eta Liburutegian erakusten ditu (Liburutegiaren ezarpenetan zehazten ahal zaio zeintzuk karpetetan eta zer formatu bilatu).
  • Dena konfiguratu daiteke.
  • Libre eta euskalduna (8.9.58 bertsiotik)
 

Aplikazioaren webgunea: https://librera.mobi/es

Aplikazioa Androiderako da eta deskargatu daiteke Fdroid edo Google Play-tik

Ikusi Librezalen Androiderako euskaraz dauden beste hainbat aplikazio.


2023/11/04

Organic Maps: interesguneen informazioa

 Organic Maps OpenStreetMaps-eko informazioa erabiltzen duen geo-nabigatzaile librea da eta euskaraz hitz egiten du.


 Aurrekoan bere ezaugarri nagusiak aipatu nituen.

Gaur ezaugarri bat zabaltzeko idazten dut. Libre eta euskalduna izan eta ondo funtzionatzeaz gain duen indargune garrantzitsu bat da ez duela konexiorik behar funtzionatzeko. Informazioa deskargatzen diren mapetatik hartzen du. Mapa horiek etxeko wifian deskargatzea komeni da (SDan gorde daitezke) edo behintzat konexioa dagoen toki batean. Hori eginda konexiorik gabe funtzionatzen du eta inportantea da bi faktoreengatik:

  • Estaldurarik gabeko tokietan arazorik gabe funtzionatzen du.
  • Behar duen informazioa deskargatuta duenez oso azkar dabil eta ez du kontsumitzen.

Mapak deskargatzean informazio grafikoa deskargatzeaz gain POI edo interesgune, komertzio eta gainerako puntuen informazioa ere deskargatzen du: webgunea, posta elektronikoa, telefonoa, irekiera eta itxiera ordutegia... eta ingelesezko Wikipedian informazioa badu sarrera ere eskaintzen du eta "gehiago" sakatuta informazio osoa. Wikipediako informazioa ingelesez, euskarakoa lortu daiteke estekan sakatuta baina konexioa erabili behar du.

Bi bideotxo hauetan ikusten ahal da nola agertzen da informazioa beheko panela goratuz gero. Lehen  bideoan interesgunea Txillidaleku da, nonbait ingelesezko Wikipedian ez du artikulurik, baina ordutegiak eta bestelako informazio praktikoa ematen du.

 

 Bigarren bideoan Hondarribiko aireportuko informazioa ikusten da. Kasu honetan ingelesezko Wikipedian badu artikulua eta  informazioan ikus daiteke artikuluaren sarrera eta, azpian duen "gehiago" estekan klikatuta, artikulu osoa.



2023/10/13

Orain RadioDroid euskaraz

 RadioDroid munduko ehunka irrati-igorle Internet bidez entzuteko Androiderako aplikazio librea da.

Mugikorrean irratia entzuteko bi era daude: transistore modua zeinean kable bidezko entzungailua lotu behar dugu antena gisa erabiltzeko eta irrati uhinen bidez jasotzen da eta mugitzean gorabeherak edota frekuentzia aldaketak izaten ditu eta Internet bidezko irratia zeinean Internet konexioa badugu munduko beste puntako irrati-igorle bat entzuten ahal dugu antenarik gabe eta uhin gorabeherarik gabe.

Irratia entzuten ahal dugu mugikorrean bertan edo bluethooth bidez entzungailu batean edo autoko erreproduzigailuan.

Aplikazioak irrati-igorleak erakusten digu iragazita arrakastaren arabera, etiketa edo generoaren arabera, estatuaren arabera edo hizkuntzaren arabera.

15 irrati euskaraz Internet bidez

Euskaraz Internet bidez entzun daitezkeen igorleak hauek dira: Punk irratia, Euskadi irratia, Onda vasca, Onda vasca Gipuzkoa, Naiz irratia, Euskalerria irratia, EITB euskal kantak, Zintzilik irratia, Radio Siberia, Etzanda irratia, Gaztea irratia, Irulegiko irratia, Bizkaia irratia, Arraio irratia...

Irrati-igorlea hautatuta entzun daiteke eta gorde daiteke gogokoetan:

 

Nire gogoko batzuk

Tamalez banderatxoa estatuaren arabera jartzen dute eta ez hizkuntzaren arabera.

Ezarpenetan hainbat parametro konfigura daitezke, esate baterako lotarako tenporizadorea.

Instalatzeko:

F-Droid-etik edo Google Play-tik


Ikusi Librezalen Androiderako euskaraz dauden beste hainbat aplikazio.


2023/05/16

Organic Maps kale, mendi eta errepidetako mapak euskaraz eta libre mugikorrean

 Organic Maps mugikorrean edo tabletan (Android, iOS...) OpenStreetMaps-en (OSM-en) mapak ikusteko eta erabiltzeko aplikazio libre eta euskaldun interesgarria da.

Ezaugarri orokorrak:

  • Interneteko konexiorik gabe funtzionatzen du. Mapak deskargatzen dira OSMtik doan eta mugarik gabe. Mapek ez dute askorik pisatzen eta, ezarpenetan zehaztuta, SD txartelean gorde daitezke. Arinak bai baina datuz ondo hornituak: interesguneetan klikatu, beheko barra goratu eta interesgunearen informazioa agertzen da: webgunea, telefonoa, ordutegiak eta Wikipedia informazioa ingelesez. Hau dena konexiorik gabe eta segituan.
  • Bilaketak ere konexiorik gabe egiten ditu, kale edo terminoaren bidez zein kategoriaren bidez: jatetxe, janari-denda, gasolindegia... 
  • Tokia zehaztuta handik edo horra joateko ibilbidea kalkulatzen du ibilgailuz, oinez zein bizikletaz, eta bidearen maldaren profila erakusten du. Tarteko hiru puntu edo geldiune zehaztu daitezke. Garraio publikoa oraindik ez du eskaintzen. Ahots argibideak ingelesez ematen ditu (euskarazko TTS erabiltzen ez dut asmatu). Metroen lineak erakusten ahal ditu geruza baten bidez.
  • Mendian oso ondo dabil. Oinez egiteko mendiko zidorrak proposatzen ditu (OSMri esker) eta mapari sestra kurbak erakusteko agintzen ahal zaio. Hori bai etengabe birkalkulatzen du bidea, beraz, ibilbide zehatz bat egin nahi badugu hobe Wikiloc edo antzeko gunetik deskargatu eta ireki KML edo GPX formatuan. Leku-markak sortu eta esportatu daitezke, arrastoak momentuz soilik iOSen.
  • Oso arina izanik ere, eraikinen 3Dtan eta perspektiban ikusten dira. Arina izanik oso bateria kontsumo txikia du.
  • Software librekoa da eta, horregatik, euskaraz funtzionatzen du.
  • Eta horregatik ere zaintzen du erabiltzailearen pribatutasuna. Ez da erregistratu behar, ez du daturik zurrupatzen eta ez du publizitaterik.
     

Hainbat pantaila argazki:

Toki bat sakatuta eskaintzen dituen aukerak

 
Ibilbideak kalkulatzeko aukerak. Tarteko puntuak ere markatu daitezke.




Ezarpenak: egokiak eta ondo azalduta

Mendiko ibilbideak kargatu daitezke. Sestra marrek malden informazioa ematen dute.

Metroaren ibilbideak eta geltokiak geruza gisa ikus daitezke.

Kategorien bidezko bilaketek turismo, iturriak eta bestelako interesguneak erakusten dituzte.

Instalazioa


Behin instalatuta munduko eta zauden komunitateko mapa deskargatzea proposatuko dizu. Baldin eta SD txartela baduzu, maparik deskargatu aurretik ezarpenetan mapak SD txartelean gordetzeko esatea komeni da. Toki bat bilatzeko edo harako bidea erakusteko bertako barrutiko mapa deskargatu behar duzu. Komeni da wifia edo konexio ona duzun toki batean egitea. Behin mapak deskargatuta funtzionatzeko ez du konexiorik behar.

Erabilpen oharrak:

  • Pantailaren beheko aldeko hiru botoiak zuriak ditu eta ez dira ondo ikusten baina egon badaude.
  • Euskarazko testuetan akatsik antzemanez gero mezu honen iruzkinetan jartzen ahal duzu abisua eta saiatuko naiz zuzentzen.

 

Konklusioa:

Aplikazio pribatiboen aldean (Organic Maps MapsMe-ren fork edo aldaera bat da) oso arina da eta ez du aztarnaririk ez publizitaterik. Osorik euskaraz dago.

Mapen aplikazio libre nagusia den OsmAnd-en aldean Organic Maps arinagoa da, interfazea atseginagoa du eta, funtzionalitate gutxiago izanik, nagusiak baditu eta errazagoa da erabiltzen.

Autoan erabiltzeko nik Waze pribatiboa segituko dut erabiltzen, besteak beste euskaraz ematen dituelako ahots argibideak. 


Aplikazioaren webgunea (euskaraz)

https://organicmaps.app/eu/ 

 

Ikusi Librezalen Androiderako euskaraz dauden beste hainbat aplikazio.

 

2021/08/18

Nola pasa mugikorreko argazkiak eta bideoak ordenagailura Telegram aplikazioaren bidez

Mugikorrean egindako argazkiak, bideoak eta bestelako fitxategiak mugikorretik ordenagailura Telegram aplikazioaren bidez aplikazioa eduki behar dugu bai mugikorrean bai ordenagailuan (Telegram Desktop).

Bat edo gutxi badira aski dugu mugikorreko galeriatik-edo aukeratzea eta partekatu edo bidaltzea Telegram bidez (1) gure buruari Gordetako mezuak (2) kontaktuaren bidez.

 


 
Berak proposatzen du konprimatuta bidaltzea, jatorrizkoa baino gutxienez 10 aldiz arinagoa, baina jatorrizkoa bidali nahi badugu kalitate osoa mantentzeko konprimitzearen aukera desmarkatu behar dugu.
 

Behin ordenagailuan jasota, Gordetako mezuak kontuan begiratu eta fitxategiaren gainean eskuin klik egin eta nahi duzun karpetan gorde.

Honen arazoa da fitxategiak banan bana gorde behar direla. Baina bada multzoka transferitzeko modu erraz bat: fitxategi asko transferitzeko galeriatik-edo hautatuko ditugu intereseko batean klik luzea egin eta borobiltxoak agertzen direnean interesatzen zaizkigun gainerakoak aukeratuko ditugu, edo egun horretako guztiak aukeratuko ditugu.

 


Aurrekoan bezala bidaliko ditugu Telegram bidez gure buruari Gordetako mezuak kontaktuaren bidez. Oraingoan ordea egun horretan bidalitako guztiak multzo batez gordeko ditugu. Horretarako ordenagailuko Telegramen Gordetako mezuak kontuan gaudela menua zabalduko dugu hiru puntuetan klikatu eta Esportatu txat historiala klikatuko dugu.

 

eta esportazioaren aukerak zehaztuko ditugu:

  • fitxategi motak
  • fitxategiaren gehienezko tamaina
  • bidea, alegia nora deskargatu. Deskargak/Telegram Desktop dator lehenetsita baina alda dezakegu.
  • eta bidalitako zein egunetik zein egunera. Gaur bidalitakoak esportatzeko egutegian zehaztuko dugu Hemendik: gaur, hona: gaur.


eta zehaztutako baldintzak bidalitako fitxategi guztiak zehaztutako karpetan gordeko dira.

2020/05/23

Nola erabili daitekeen mugikorra web-kamera moduan Linuxen

Telelaneko garai hauetan zenbaiti bideo-konferentzia egin behar eta web kamerarik ez eta dendetan agortuta.

Mezu honetan ikusiko dugu Linuxen nola erabili daitekeen telefono mugikorra web-kamera moduan.

Horretarako behar da ordenagailua eta mugikorra sare berean egotea, hau da mugikorra wifian konektatuta egon behar du.

Mugikorrean Android Play Storetik edo IOSean AppStoretik Dev47App aplikazioa instalatu behar da.

Ordenagailuan bezero aplikazioa instalatu behar dugu: http://www.dev47apps.com/ orrira joan eta ordenagailuan duzun sistemari dagokion esteka sakatu, Linuxen kasuan Download Linux Client sakatu eta, ondoren, Install sakatu. Terminala ireki  (Ctrl+Alt+T) eta bigarren puntuko agindua itsatsi.
Gcc edo make ez baduzu instalatu sudo apt install gcc edo sudo apt install make sartuta. Hirugarren puntuko hiru aginduak hurrenez hurren exekutatu eta laugarren puntuko agindua sartuta egiaztatu instalazioa ondo joan dela. v4l2loopback_dc agertu behar da.
Prest erabiltzeko.

Nola erabili:
Mugikorrean ikonoa duen Droidcam bilatu eta sakatu. Horrelako pantaila bat irekiko zaizu:


Kokatu mugikorraren atzeko kamera zuri begira.

Ordenagailuan, terminalean idatzi:

droidcam-cli <IP> <ataka>

Irudiko kasuan izango zen:
droidcam-cli 192.168.1.173 4747 

Hori eginda ordenagailuak zure mugikorraren kameraren bideo-irudiak hartzen hasten da.
Sartu Jitsi.org edo nahi duzun bideo-konferentzian eta eskatuko dizu baimena zure kamera erabiltzeko. Kameraren izena Droidcam izango da. Onartu eta kito.



Droidcam-cli komandoa eta parametroak ez gogoratu behar izateko Aplikazioen menuan sortzen ahal duzu lasterbide bat komando horrekin. Are gehiago zure ordenagailuko erabiltzaile guztiek erabili behar badute sortzen ahal duzu lasterbide bat denentzat. Horretarako terminalean itsatsi:
sudo gedit /usr/share/appications/droidcam.desktop
eta irekitzen den fitxategian itsatsi azpiko testua <ip> eta <ataka> testuen ordez zure mugikorrak emandako datuak sartuta.


[Desktop Entry]
Version=1.0
Type=Application
Terminal=false
Name=DroidCam
Exec=droidcam-cli <IP> <ataka>
Comment=Erabili zure mugikorra haririk gabeko web kamera moduan!
Icon=droidcam
Categories=GNOME;GTK;Video;
Bideo konferentzian erabiltzeaz gain VLCrekin ere erabiltzen ahal duzu. Horretarako egin Multimedia > Ireki kaptura gailua eta bertan bideo-gailuaren izenan aukeratu /dev/video0 eta Erreproduzitu.

2020/03/29

Tux Paint marraztuz ondo pasatzeko aplikazioa

Tux Paint software librearen aplikazio klasiko bat da. Umeek marrazki arruntak egiteko aukeraz gain marrazketa tresna magikoak, eta zigilu bidez animaliak eta ehunka objektu itsasten ahal dituzte.

Aplikazioa euskaraz dago.


Instalazioa:

Ubuntu eta deribatuetan terminala ireki (Ctrl+Alt+t) eta agindu hau itsatsi:

sudo apt-install tuxpaint


Linuxeko beste distribuzioetarako Windows, Mac zein Android mugikor edo tabletan instalatzeko begiratu deskarga orrian.

Pantaila osoa moduan ikusteko konfigurazio aplikazioa ireki behar da
sudo tuxpaint-config

 eta Video fitxan pantaila osoa markatuko dugu.




2020/03/06

Collabora Office mugikorrerako

Collabora (bi l-rekin) enpresa britainarrak LibreOffice bulegoko pakete librea linean jartzeko lan handia egin duenak orain Android eta IOSerako app edo aplikazioa garatu du.



Orain arte mugikorrean LibreOffice-ren bidez egindako testuak (odt), kalkulu orriak (ods), aurkezpenak (odp) eta irudiak (odg) ikusteko LibreOffice Viewer aplikazioa erabili behar zen, motela eta editatzeko aukerarik ematen ez zuena.
Orain Collaborari esker azkarrago ireki, hobeto ikusi eta editatzeko aukera dugu.

Hauek dira ikusi eta editatu daitezkeen dokumentu motak:
  • Open Document Format (.odt, .odp, .ods, .ots, .ott, .otp). odg irudiak ikus daitezke baina ezin editatu.
  • Microsoft Office 2007/2010/2013/2016/2019 (.docx, .pptx, .xlsx, .dotx, .xltx, .ppsx)
  • Microsoft Office 97/2000/XP/2003 (.doc, .ppt, .xls, .dot, .xlt, .pps)

Dokumentu guzti horiek ondo ikusteaz gain editatu ere egin daitezke. Mugikorrean editatzea erraza ez bada ere Collaborak lan handia egin du. Testu prozesadorean, esate baterako, irudiak, taulak eta iruzkinak txertatu daitezke. Kalkulu orrian grafikoak sortu daitezke.

Google Docs edo lineako Officeren aldean Collaborak pribatutasuna zaintzen du eta gailuan gordetzeko aukera ematen du eta, nahi izanez gero, ondoren, dokumentua gure gogoko hodeira kargatu daiteke. Izan ere Collabora app mugikorrerako Nextcloud sinkronizazio bezeroaren osagarri bikaina da.



Dokumentuak zerotik hasteko aukera ematen du:






PDF eta beste formatutara esportatu.


Eta aplikazioa euskaraz ez badago ere oso ikonikoa da, ez dago arazorik ingelesez ulertu gabe ere erabiltzeko eta badirudi zuzentzaile ortografikoa euskaraz ere funtzionatuko duela.








Aplikazioa deskargatzeko aukera dago Androiden eta IOSen

2020/01/17

HERE WeGo smartphonarekin euskaraz nabigatzeko


Google Maps eta Osmand probatu ondoren HERE WeGo probatu dut Androiden eta esperientzia ona izan da, batez ere,

  • Euskaraz eta oso natural hitz egiten du. Interfazea, ordea, ez dago euskaraz, ingelesez agertuko zaizu gailua euskaraz baduzu baina oso intuitiboa da.
  • Konexiorik gabe nabigatzeko mapak deskargatu daitezke doan.
  • Aplikazioa doakoa da (ez libre).
  • Ez du iragarkirik.
  • Beharrezkoak baino baimen gehiagorik ez du eskatzen.
  • Helmugak gordetzen ditu.
  • Helmugak erraz bilatzen ditu.
  • Oinez, kotxez, bizikletaz edo garraio publikoz aukeratzeko ematen du.
  • Legezko abiadura gainditzean abisua ematen du (konfigura daiteke). Abiadura gainditzeak detektatzen dute kamerak agertzen dira.
  • Mapa eta nabigazio ikuspegiak aukeran.
  • Trafikoaren informazioa (konexioarekin).
  • Gutxi okupatzen du (190MB) -maparik gabe-.

Nokiak garatu zuen eta orain Audik, BMWek eta Daimlier-ek kudeatzen dute. Android eta IOS bertsioak ditu.
Google Maps-ek eta Osmand-ek baino aukera edo informazio gutxiago eskaintzen ditu baina nabigatzeko oso erraz eta arin jartzen da martxan.
Desgooglezatzeko bidean oso erreminta interesgarria.

Hemen hainbat pantaila argazki:

Mapa eta ortofoto ikuspegiak ditu:

Menua, ezarpenak (hemen ikusten da Download maps mapak deskargatzeko botoia), ezarpen orokorrak eta ahots ezarpenak. Azken hau erabiliko dugu zehazteko ahotsa euskaraz nahi dugula (irudian euskara instalatuta dago, instalatzeko choice voices -aukeratu ahotsak- klikatu behar da).


Dena prest dagoela zehaztuko diogu nora joan nahi dugun tokia idatziz, aukeratuko dugu bidaiatzeko modua: oinez, bizikletaz, garraio publikoz edo ibilgailu pribatuaz. Biderik azkarrena eta alternatibak eskainiko dizkigu eta hautatu ondoren START -abiatu- sakatuko dugu eta nabigazioa hasiko da.


Autoz nabigatzean abiadura, gehienezko abiadura, iristeko ordu estimatua eta -online nabigatzen badugu- trafikoaren egoera ikusiko dugu. Eskuineko irudietan aukerako busak eta bus geltokiko bidea.


Androiden instalazioa PlayStoretik egin dezakegu edo apk fitxategia deskargatuta.

Behin proba eginda momentuz geratzen naiz Here WeGo-rekin nabigatzeko eta OSMANDekin tokiko informazioa eta interesguneak ikusteko.


2019/10/16

Gcompris Android-erako



KDE proiektuak hartu du bere gain GCompris joko hezigarrien bilduma. Linux, Windows, Mac, Android... bertsioak bere web-orritik deskarga daitezke baina Androiden kasuan bertakoa oso mugatua dago eta pagokoa iradokitzen du. Bertsio osoa Fdroid orritik deskargatu daiteke (orriaren bukaeran Download APK). Apk fitxategi hori mugikorra, tableta edo monitore interaktiboan dagoela bi klik egin eta instalatu.
Joko batzuk oraindik ez daude euskaraz baina laster egongo direla espero dut.

2019/01/09

Nola sinkronizatu zure egutegiko gertaerak DAVx5 bidez Androiden

Androiden Egutegia prestatuta dago zure Googleko kontuari lotutako Calendar datuak jasotzeko eta, nahi izanez gero, Gmaileko zure beste konturen Calendar datuak ere sinkroniza dezake.

Microsoft Exchangeko  egutegiak sinkronizatzeko prestatuta dagoela ere ematen du baina interneteko estandarra den WebDAV  (egutegi, kontaktu eta zereginen sinkronizazioa ahalbidetzeko) eta egutegien kasuan CalDAV erabiltzen duten egutegiak sinkronizatu ahal izateko Androiden webdav zerbitzari bat instalatu behar da. Niri ongi funtzionatu dit software librekoa den DAVx5.

Instalatzeko erabili dezakezu Google Play errepositorioa edo aplikazio libreen errepositorioa de F-droid, edo bere web orritik apk fitxategia deskargatu, mugikorrera bidali eta exekutatu.

Behin instalatuta dagoela aplikazioan sartu eta egutegiaren datuak zehaztuko diogu: jeneralean posta helbidea eta pasahitza.

Eta hortik aurrera Egutegia aplikazioan goiko eskuineko menuko hiru puntuetan klikatu eta Ezarpenak atalean sartzen bagara berriro goiko eskuinean GEHITU KONTUA azalduko zaigu eta orain bai -azpiko irudian ikusten den bezala- aukera izango dugu DAV formatuko egutegiak gehitzeko eta bertan egutegi horien datuak ikusi eta gertaera berriak gehitzea.

DAVx5 DAV formatu estandarreko egutegiak gehitzeko aukera


Sistema honek funtzionatzen du Androiden Egutegirako eta bestelakoetarako, hala nola Etar egutegi librerako.

2017/11/22

Jakinarazpenak Moodle Mobile eta Moodle Desktop-ean.

Bi irudi ideia bat egiteko nola ikusten diren Moodleren jakinarazpenak (berriak, foroen mezuak...) mobilean (Moodle Mobile) eta ordenagailuan Moodlek duen mahaigaineko aplikazioan, Moodle Desktop-en.

Jakinarazpena Moodle Mobile bidez
Jakinarazpena Moodle Desktop
Bistan denez Moodle Desktop Moodle Mobile-an oinarritzen da eta aukera ematen du erabiltzeko Moodle Interneteko nabigatzailetik kanpo.

EAEko Hezkuntzako Moodle erabiltzen duten ikastetxeen kasuan gunea Mobile edota Desktop-ean erabili ahal izateko arduradunak eskatu behar dio CAUri Mobile aktibatzeko.


Ubunturen kasuan deskargatzen dena appimage fitxategi bat da. Ez da instalagarria exekutagarria baizik. Behin deskargatuta fitxategiaren propietateetako baimenetan egiaztatu behar duzu baimena duela exekutatzeko eta, dagoen karpetan terminala ireki eta, oraingo bertsiorako itsatsi agindu hau:

./moodledesktop-3.3.2-x86_64.AppImage

Instalazioa ez denez ez da agertuko menuan baina posible duzu Aplikazioak editatu, egoki iruditzen zaizun kategorian, elementu berria sortu  eta aginduan bilatu moodledesktop-3.3.2-x86_64.AppImage fitxategia.


2017/10/08

Nola ikusi zure Zim koadernoa Android-en

Oharrak hartzeko Zim wiki aplikazioaren erabiltzailea bazara (bestela begiratu mezu hau) eta zure koadernoa ikusi nahi baduzu -ez editatu- Android telefono edo tabletan begira nola egin daitekeen.

Abiapuntua da fitxategi sinkronizatzaile bat instalatzea ordenagailuan eta Androidean, hala nola Nextcloud, eta kontu bat izan hornitzaile batekin.
Koadernoa sinkronizatutako karpetan izatea komeni da, hartara koadernoa sinkronizatuta ikusiko dugu baina formaturik gabeko txt-ean.

Web formatuarekin ikusi nahi baduzu koadernoa html formatura esportatu behar duzu:
Fitxategia > Esportatu > Koaderno osoa > Esportatu orri guztiak fitxategi bakar batean eta arakatu -Browse-  sinkronizatutako karpeta eta izena jarri Zim.html > Ados

Zim.html fitxategi hori mugikorrera pasa behar duzu postaz, telegramez, sinkronizatutako hodeiaz...

Hurrengo pausua izango da html formatuko fitxategi horri laster-marka bat egitea telefono edo tabletaren mahaigainean. Horretarako instala dezakezu abiarazleak sortzeko aplikazio bat, hala nola: Shortcut Creator. Abiatu eta aukeren artean File & Folder aukeratu eta arakatu Zim.html fitxategia eta zehaztu nabigatzaile batez ireki behar dela.




Eta Zim.html laster-marka mahaigainean agertuko da.



Bertan klikatuta fitxategia ikusteko hautatu Html ikustailea. Pantailan agertuko zaizkizu ezker aldean eta kolore urdinez koadernoaren orriak eta edozein orritan klikatuta orri horren edukia ikusiko duzu html formatu ederrean.



Ohar bat:
  • Nahiz eta koadernoa sinkronizatuta izan Zim.html fitxategia eguneratzeko esportatu behar dugu berriro.

2015/07/22

Nola deskargatu OpenStreetMap-eko mapak Orux Maps-en erabiltzeko

Mezu honetan deskribatuko dut nola deskargatu etxean OpenStreetMap-en mapa bat smartphonaren Orux Maps aplikaziora ondoren konexiorik gabe, offline alegia, erabili ahal izateko.

1. Interesatzen zaigun ibilbidea kargatuko dugu aplikaziora (lehendik Wikiloc-etik edo deskargatuta).



2. Wifira konektatuta kargatuko dugu OpenStreetMap Cyclemap online. Horretarako menu nagusi gorrian hautatuko dugu Mapak > ONLINE > World karpeta > OpenStreetMap Cyclemap. Ciclemap mendian zehaztasun handiena ematen duen OSMren bertsioa (sestra-marrak). Hiriko ibilbide bat egin nahi badugu OpenStreetMap Mapnik hautatuko dugu.


3. Mapa pixkanaka kargatuko da. Ondo kargatzeko zoom egingo dugu egokien deritzogun eskaletan (mendian ibiltzeko, nire ustez, 15 eta 16) eta eskala horietan ibilbide osoa ikuskatuko dugu (eskala horietako irudi guztiak internetetik deskarga daitezen). Eskala zoomaren beheko laukizuzen beltzean ikusten da, zoomaren proportzioaren eskuinean zenbaki txikiz. Eskala horietan bietan mapa ondo kargatu denean, ez lehenago, pasako dugu Orux Mapsen datu basera orain behin behineko memorian dagoen mapa; horretarako menu nagusian Mapak > Creador mapa.


Mapan zehaztuko dugu interesatzen zaigun mapa zatia markatzen ezkerreko goiko ertza eta eskuineko beheko ertza. Ondoren zehaztuko diogu zein eskalatako irudiak deskargatu nahi dugun; gure kasuan 15 eta 16 eta izen bat emango diogu mapari eta esango diogu deskargatzeko.













4. Bukatzeko. Mapa hori erabili ahal izateko menu nagusian egingo dugu Mapak > Abrir mapa > OFFLINE eta adibide honetako zumaia-deba-15-16 aukeratu eta kito. Prest mendian erabiltzeko datu konexiorik gabe.


Bideo honetan ikus dezakezu prozesua Orux Maps-en beste bertsio batean.


Bigarren metodo bat: map formatuko mapak esportatzea Openstreetmaps-etik.

Bigarren metodo hau erabili daiteke mugikorrean edo ordenagailuan. Horretarako joan OpenStreetMaps-en web orrira, lokalizatu interesatzen zaizun area eta goiko ezkerraldeko menuan klika Esportatu:

Pantailako area osoa proposatzen du baina zehaztu daiteke area eskuz. Esportatzeko agindua emana errorea ematen badu klika Overpass API eta segundo gutxi batzuetan mapa prest edukiko duzu deskargatzeko.

Ondoren mugikorra konektatu ordenagailuarekin (onartu mugikorrean bertan) eta kopiatu deskargatu duzun mapa OruxMaps aplikazioaren mapen karpetara.