2016/03/23

Irakurle digitala

Aholaben ahots sintesian oinarriturik Elhuyar-ek testuak irakurtzen dituen bi plugin garatu ditu Berritzegune Nagusiarentzat: bat Firefoxentzat eta bestea LibreOffice Writer-entzat. Biak erabili daitezke Linux, Mac zein Windows sistema duten ordenagailuetan -mugikor eta tabletetan ez-. Irisgarritasunari begira urrats handi bat, dudarik gabe.

Hauen helburua da ordenagailuan azaltzen eta prozesatzen diren ahalik eta testu gehienak irakurtzea.



Zer dira:

Firefox nabigatzailearentzat eta LibreOffice Writer testu prozesadorearentzat gehigarri edo hedapen bana dira.  Hain zuzen testua esaldiz esaldi hartu Elhuyarren zerbitzari batera bidali eta horrek, ahots sintesiaren  bidez sortutako audio fitxategia jaso eta erreproduzitzen dute. Horrela izanik, internetera konektatuta egon behar gara irakurleak bere lana egin dezan. Ahots sintesiaren teknologia TTS edo Text To Speech izenez ezagutzen da.

Norentzat:

Irakurtzeko zailtasunak dituztenentzat, hala nola itsuak, gutxi ikusten dutenak, dislexikoak, gidariak...

Zer irakurtzen dute:

Firefoxen gehigarriak irakurtzen ditu, besteak beste:
  • web orriak, htlm formatuko dokumentuak alegia.
  • pdf dokumentuak (haren bidez irekita, noski)
LibreOffice Writer-en gehigarriak irakurtzen ditu, odt, doc, docx, rtf... eta beste hainbat testu formatu.

Liburu elektronikoak irakurtzeko hainbat aukera daude: bat da epub (edo dena delako) formatua duen fitxategia deskonprimatzea eta barruko html-ak Firefoxen bidez irakurtzea; beste aukera bat da  https://cloudconvert.com moduko web baten bidez epub fitxategia txt edo pdf formatura bihurtzea.
    Firefox eta LibreOffice software libreko aplikazioak dira, doakoak, eta Linux, Windows eta Mac OSen funtzionatzen dutenez hiru sistemetan erabil daiteke.

    Nola deskargatzen dira:

    Formulario honen bidez konpromisorik gabe eskatu eta postaz bidaliko dizkizute doan.


    Nola instalatzen dira:

    Bi fitxategi dira, bata xpi formatua duena Firefoxekin irekitzeko eta bestea, oxt formatua duena, LibreOfficerekin (niri 4. bertsioarekin ez dit funtzionatu, 5.rekin, ordea, bai). Zuzenean instalatzen ez badira begiratu web honetako pdf dokumentuan edo bideo-tutorialetan Joxik azaltzen dituen instalazio alternatiboak.

    Firefoxen kontuan eduki behar dugu Irakurle digitala barra bat dela eta instalatu ondoren Firefoxi agindu behar diogula barra hori erakusteko. Horretarako helbide barraren ezker muturrean dagoen menura sartu (1) eta -ikusi beheko irudia- Pertsonalizatu sakatuko dugu (2), ondoren ikusteko barrak (3) eta EusTTS aukeratuko dugu (4).




    Nola erabiltzen dira:

    Hona hemen adibide bat LibreOfficen:





    Azpiko irudian Firefoxen duen itxura:




    Eskerrik asko proiektu honetan parte hartu dutenei, bereziki Antigua-Luberri institutuko Maite Montero irakasleari ideia izan eta, temati, lortzeko bidea jarri duelako eta Elhuyarreko Igor Leturiari bere lana eta laguntzagatik.

    Elhuyar-eko Saroi Jauregik Info7 irratian irakurle digitalaren berri eman du (entzun).
    Beste gehigarri interesgarriak Firefoxentzat.
    Beste gehigarri interesgarriak LibreOfficerentzat.

    1 iruzkin:

    1. Eskerrik asko zuri tresna zabaltzen laguntzeagatik!

      ErantzunEzabatu