2013/01/15

Nola aldatu Ubunturen harrera irudia

Ubuntu 12.04 Presise institutuko domeinura integratuta testatu ondoren itxura eta funtzionaltasun ukituetan zentratu naiz.

Lehenik eta behin harrera- edo login egiteko pantailaz pare bat gauza: Lightdm saio-kudeatzaileak du haren ardurak eta aurreko batean deskribatu nuen nola aldatu haren ezarpenak. Pantaila honetako erabiltzaileen zerrendan gora eta beharera egitean erabiltzaile bakoitzaren mahaigaineko atzeko-planoa azaltzen da baina ikastetxe, enpresa, elkarte eta abarretan erabiltzaileen zerrenda azaldu beharrean erabiltzailea eta haren pasahitza eskatzeko leihatilak agertzen dira eta atzeko planoa finkoa da (warty-final-ubuntu.png).
Bada finkoa den irudi hori aldatu nahi badugu elkarte, ikastetxe, enpresa edo dena delakoaren irudi korporatiboarekin bat egiteko honela egin dezakezu:

1- Atzeko planoa diseinatu. Pantaila guztietan ondo ikus dadin bereizmen handikoa izatea komeni da: 1920x1280. Formatua png edo jpg izan daiteke.

2- Irudia /usr/share/backgrounds/ karpetara kopiatu (sudo nautilus erabiliz edo terminalean honelako agindu batez: sudo cp ~/Irudiak/atzeko_planoa.jpg /usr/share/backgrounds/).

3- Ubuntu-Tweak aplikazioa instalatuko dugu terminalean honako aginduak itsatsita:

sudo add-apt-repository ppa:tualatrix/ppa
sudo apt-get update 
sudo apt-get install ubuntu-tweak

4-Ubuntu-Tweak aplikazioa abiatu (Aplikazioak > Sistemaren tresnak) eta Tweaks fitxan Startup ataleko Login-Settings klikatuko dugu.  Leihoaren ezkerreko goiko aldean giltzarrapoa baten irudia eta Unlock testuan klikatuko dugu eta, administratzailearen pasahitza emanez, desblokeatuko dugu leihoa. 

Irudian klik egingo dugu eta backgrounds karpetako irudien zerrenda ageriko zaigu, tartean bigarren pausuan sartu dugun irudia dagoela. Bera hautatu eta kito. Egiaztatzeko aplikazioa itxi eta amaitu saioa.



iruzkinik ez:

Argitaratu iruzkina