2011/07/26

Nola erabili Windows-en CD-ROMak Ubuntun

CD-ROM asko tamalez soilik Windows-en erabiltzeko eginak daude, Ikastolen Elkartekoak adibidez. EXE fitxategi bat exekutatuz abiatzen dira. CD-ROM hauek ikusteko aski zen Wine instalatzea eta horren bidez ikustea baina Ubuntun,  Lucid (10.04) bertsiotik hasita, ezin dira exekutatu ekipotik kanpoko programak eta horrek tarea konplikatzen du. Ikus dezagun nola peleatu .exe horiekin.

Lehenik eta behin bereizi behar dugu  instalatu gabe aplikazioa martxan jartzen duten .exe fitxategiak eta .exe intalatzaileak. Batzuetan, azpiko irudiaren lez, biak agertuko dira.

Ttantto aplikazioa martxan jartzen duena eta Ttantto disko gogorrean instalatzen duen setupa.
Aplikazioa martxan jartzen duen .exe badago nik ondoren azaltzen dudan sistema gomendatzen dizut. Soilik instalatzailea badago mezuaren bukarean emango dizut sistema egokia instalazioa burutzeko.

1. urratsa: ISO irudia prestatzea. 
ISO irudia egitea CD edo DVD baten informazioa fitxategi bakarrean gordetzea da.
CD edo DVDa grabagailu unitatean sartu eta Brasero (Aplikazioak > Soinu eta Bideoa > Brasero) martxan jarriko dugu.
Diskoak kopiatzea aukera hauta eta bertan  Disko berria beharrean Irudi fitxategia hauta ezazu. Propietateetan sartu eta jarri izen egoki bat irudiari, irudia gordetzeko tokia adierazi (eskolan zerbitzariko karpeta batean  CD-DVD irudiak karpeta sor dezakezu)  eta beheko Disko-irudi mota atalean hauta ezazu ISO9660irudia formatua; Itxi; Sortu irudia.

Braserori kopia ISO fitxategi batean egiteko agintzen
2. urratsa: softwarea.
Bi programa eta bere menpekoak behar ditugu. Hauek instalatzeko ireki terminal bat (Aplikazioak > Gehigarriak > Terminala) eta honako hau itsatsi eta exekutatu:

               sudo apt-get install wine acetoneiso

3. urratsa: ISOak AcetoneISO-rekin asoziatu.
Grabatu duzun ISO irudira joan arakatzailearekin eta fitxategiari eskuin klik egin eta Propietateak klikatu, fitxetan Ireki honekin klika, agertzen den zerrendan Acetoneiso hauta eta onartu.

ISO irudia AcetoneISO aplikazioari asoziatzen

4. urratsa: esteka bat sortu.
Erabilera erraztu arren ISO fitxategiari esteka bat sor diezaiokegu mahaigainean; horretarako ISO fitxategian eskuin klik egin eta Sortu esteka klika. Sortzen duen esteka ebaki eta mahaigainean itsatsi. Pausu hau CD-ROM bakoitzarekin egin beharko dugu.

Esteka sortzen


5. urratsa: martxan jarri.
Mahaigaineko estekan bi klik eginez bi leiho irekitzen dira: acetoneiso-rena eta CD-ROMaren fitxategiak erakusten diguna. Lehenengoa itxi eta bigarrenean aplikazioa martxan jartzen duen EXE fitxategia bilatu (kontu! ez klika setup.exe baizik eta aplikazioaren izena duena).

CD-ROMaren aplikazioa irekitzen
Sistema honek abantaila bat dauka -denak ez dira nekeak izango- eta zera da, diskoak tiradera batean gordetzen ahal ditugula betiko haren kopia disko gogorrean dagoelako.
CD-ROMen ordez bideo CD edo DVDak badira urratsak antzekoak dira, Wine ez genuke instalatu beharko eta EXEren ordez AVI fitxategia jarriko genuke martxan.



CD edo DVD baten Windows instalatzailea nola jarri martxan.

Zure diskoan .exe bakarra instalatzailea bada, jeneralean setup.exe, exekutatu ahal izateko exekutatzeko baimenik izan gabe Gnometik kanpo egitea da irtenbidea. Wine instalatua eduki behar duzu. Sartu CDa eta arakatzailearekin begira zein den setup.exe fitxategiaren kokalekua. Ondoren ireki terminala (Ctrl+Alt+t) eta idatzi:
wine /media/...eta osatu exe fitxategiaren path edo bidea eta izena. Enter egin eta instalazioa martxan jarriko da.

Ostadar II instalatzeko fitxategia exekutatzeko agindua.


Programa abiatzeko: Wine > Programak...


Math formula editorerako txuleta

LibreOffice-OpenOffice formulak editatzeko tresna interesgarria dute, Math. Erabiltzeko testu prozesadorean Txertatu > Objektua > Formula egin eta formula editorea irekiko da; marko batean agertuko formula, behean edizio zona dugu eta Elementuak izeneko tresna-kutxa irekitzen da.



Tresna kutxa hori oso praktikoa da formulak noizbehinka idazten dugunontzako baina formulak sarri idazten dutenenei merezi zaie eragile eta funtzioen izenak eta sintaxia ikastea formulak zuzenean editorean idazteko. Ez da saila baina ohitu arte komenigarria izan daiteke laguntza eskura izatea. Horretarako prestatu dut txuleta hau:

2011/07/25

Maialen Lujanbio, agur bertsoa

2009ko Bertsolari Txapelketa Nagusiko Finalean Maialen Lujanbio txapeldunaren agur bertso gogoangarria.



Hemen bideoa eta hitz jokoa.

2011/07/24

Celestia, espazioko denbora errealeko 3D simuladorea

Celestia espazioan nabigatzeko aukera ematen duen aplikazio librea da. Sistema nagusietarako bertsioak daude bere web orrian. Ubuntun software biltegitik instala daiteke.

Hona hemen Celestiarekin nabigatzeko laguntza dokumentua edo gida laburra. Posible duzu pantaila osoan ikusi, jaitsi, inprimatu eta partekatu.


2011/07/23

Box.net nola enkapsulatu zure dokumentuak web edo blog batean

Box.net fitxategiak interneten -lainoan- gordetzeko doako zerbitzua da.

Fitxategiak gordetzeko erregistratu behar da. 5 GBeko edukiera du. Bertan karpetak eta azpikarpetak sor ditzakegu. Bertan gordetako fitxategiak hainbatekin partekatu edo publiko ere egin ditzakegu. Fitxategien gehienezko tamaina 25 MBekoa da eta hilabeteko banda zabalera 10 GBekoa. Baldintza horiek hobe daitezke ordainpeko Premium aukera kontratatuz gero.

Hemen ikusten da nola lor daiteken fitxategi baten kaptsula.


Publiko moduan jarritako fitxategiei estekak zein kapsulak jartzen badiegu web edo blog batean hauek ikusi eta jaitsi ahal dira erregistratu beharrik gabe.

Aspalditik erabiltzen nuen Box.net fitxategiak partekatzeko baina orain arte ez naiz konturatu kapsulak -embeded- egin zitekeenik. Dokumentu bat kapsulatzea ematen du aukera web baten barruan ikusi ahal izateko. Box.net orritik pdf eta Libreoffice-n odf fitxategiak kaptsula daitezke.
Kontua da moskeatuta nengoela Scrib.com zerbitzuarekin zeren eta propaganda pila bat jartzen dute dokumentuaren inguruan eta orrien artean, dokumentua jaisteko erregistratu behar da eta erregistratzeko Facebooken kontua ireki behar da. Jo ta pasa.

Scribd.com ostatuko fitxategi bat jaisteko Facebook-en alta eman behar da.
Hau dela eta erabaki dut Scribd-i agur esatea, hor ditudan dokumentuak ateratzea eta blog honetan jartzea Box.net eskaintzen duen zerbitzuari esker. Datozen egunetan sarrera moduan agertuko dira Scribden nituen dokumentu batzuk.

Bolivia software librearen aldeko legea onartu du



Boliviako asanbladak telekomunikazioak arautzen dituen legearen barrenean estatuko egitura guztietan  software librea eta estandar irekiak lehenesten dituzten artikulu hauek onartu ditu:


ARTÍCULO 77. (SOFTWARE LIBRE).
I. Los Órganos Ejecutivo, Legislativo, Judicial, Electoral y entidades territoriales autónomas en todos sus niveles, promoverán y priorizaran la utilización del software libre y estándares abiertos en el marco de la soberanía y seguridad nacional.
II. El Órgano Ejecutivo elaborará el plan de implementación de software libre y estándares abiertos en coordinación con los demás órganos del Estado y entidades de la administración pública. Lo que implica que el estado comenzara un plan de migración a software libre en todas sus instancias, ahora el siguiente paso es realizar la reglamentación para concretar esta migración.

Migrazioaren lana geratzen zaie orain. Aurrera Bolivia.

Web bideoak jaisteko 4k Video Downloader

Youtube, Vimeo, Daylimotion eta beste webgunetako bideoak jaisteko nabigadoreak berak hainbat gehigarri ditu, besteak beste Video DownloadHelper erraza eta potentea.
Bestetik eskolako ekipoetan irakasle gehienek gutxi asko web bideoak jaisten dituzte. Hala bada ez du zentzu handirik denek aipatu dudan gehigarria instalatzeak, hobe da halako kasuetan bideoak jaisteko aplikazio bat instalatzea.
Asko dira horretarako dauden aplikazioak; nik 4k Video Downloader probatu dut eta gustatu zait.



Sinplea, bideo-web nagusiak onartzen ditu, sistema eragile nagusietarako bertsioak ditu, software librea da, bideoaren kalitate ezberdinak eskaintzen ditu bai eta bideotik audioa eraustea.

Jaisteko tokia

Funtzionatzeko modua.

Bideoaren gainean jarri, eskuin klik egin eta copy video URL egingo dugu bideoaren helbidea kopiatzeko. Ondoren aplikazioa martxan jarriko dugu eta Paste url zanpatuko dugu. Aplikazioak hainbat kalitate jarriko digu aukeran edo audioa bakarrik jaistea. Bestetik jaisteko tokia eta fitxategiaren izena zehaztu behar dugu.

Bideoa jaisteko aukerak.

Baten batek agian galdetuko dio bere buruari: eta zertarako jaitsi web bideo bat? Bada irakasleen kasuan inportantea da, klasean bideoa erakutsi nahi baduzu kontuan izan behar da batzuetan bideoak desagertzen direla internetetik, bestetan behar den unean internet ez dabil eta dabilenean hain motela izaten da konexioa ezen bideoaren erreprodukzioa behin eta berriz eten egiten da. Arazo horiek bideoa jaitsita ekidin daitezke.

2011/07/22

Aldaketen erregistroa Libreofficen

El atareado blogean artikulu interesgarra jarri dute Libreofficen bertsioen kontrolari buruz. Horren euskaratze librea da mezu hau.

Kontua da dokumentu baten gainean egiten ditugun aldaketa guztiak: ezabaketak, eransketak eta atributu aldaketak dokumentuan bertan gordetzea eta edozein unetan ikusi ahal izaten aldaketok zeinek eta noiz egin dituen.

Nola funtzionatzen du

Aldaketak erregistra ditzan egingo dugu Editatu > Aldaketak eta Erregistroa markatuko dugu. Aldaketok ikusi nahi badugu Erakutsi ere markatuko dugu.


Biak aktibatuta badaude zerbait ezabatzean erditik marratuta ageriko da eta eransten dugun testua azpimarratua -itxura hauek alda daitezke Tresnak > Aukerak > Libreoffice > Aldaketak atalean:


Are gehiago erabiltzaile bat baino gehiago editatzen badu testua bere aldaketak beste kolore batez agertuko dira eta testuko aldaketa baten gainean jarriz gero ohar batek esango digu nor eta noiz eginikoa den aldaketa. Editore bat baino gehiago egonez gero agian komenigarriagoa izan daiteke Google Docs edo wiki bat erabiltzea.

Dokumentua hainbat fasetik pasatzen badu eta fase bakoitzaren argazkia egin nahi badugu dokumentuaren bertsioak gordeko ditugu: Fitxategia > Bertsioak

Bukatzeko, demagun aldaketen erregistrorik ez duen dokumentuaren kopia bat bidali behar dugula. Aldaketen erregistroa desagerarazteko dokumentuaren kopia bat egingo dugu eta kopia horretan egingo dugu Editatu > Aldaketak > Onartu edo ezetsi, eta denak onartuko ditugu.




2011/07/18

Linux: nola itzali ordu programatu batean

Gure eskolan, batez ere irakasle-gelan eta mintegietan, ekipoak sarritan piztuta gelditzen dira gau osoa eta asteburuetan. Arazo hori gertatzen da erabiltzaile finkorik ez duten ekipoetan; jendeak ez du itzaltzen uste duelako ondoren beste norbaitek erabiliko duela.

Lehengo batean idatzi nuen nola programa zitekeen ekipoaren itzaltzea erabiltzaile batean logeatuta. Hori bera egiteko aplikazio polit bat dago, Sentinella, Ubuntun software biltegitik instala daitekeena, eta aukera gehiago ematen ditu. Sentinela euskaraz ibiltzeko jaitsi fitxategi hau eta terminalean: sudo nautilus egin eta /usr/share/locale/eu/LC_MESSAGES izeneko karpetan itzatsi.



Baina eskolaren kasurako ez du balio, batetik ataza errepikakorrak ezin direlako programatu eta erabiltzaile bakarrerako balio duelako, alegia beste erabiltzaile baten saioan edo saio batean logeatu gabe ez dabil.

Harira. Nola programatu ekipoa egunero ordu zehatz batean itzal dadin edozein erabiltzaileren saioan egonda edo saiotik kanpo egonik ere.

Terminalean egin:
sudo gedit /etc/crontab
irekiko den fitxategian honako lerro bat erantsi:

00 22   * * *   root    shutdown -h now

Non
   00 minutuak diren,
   22 ordua,
   *    1-31 hilabeteko eguna. Izarñoak esan nahi du egunero.
   *    1-12 hilabetea
   *    asteko eguna: 1 astelehena, 2 asteartea...
   root  aginduaren emailea den eta
   shutdown -h now  aplikatu beharreko komandoa


Editatu ondoren gorde eta kito.




Oharrak:
  • Komeni da itzaltzeko ordua nahiko berandu ipintzea eta lankideak jakinaren gainean egotea. Ordua iritsita norbait lanean balego gordetzeko aukera eman gabe itzaliko zaio ekipoa.
  • Sintaxi horri segituz itzaltzeko ordua edo eta ekintza bera alda dezakezu.
  •  Programazioa aldatzeko edo ezabatzeko berriz editatu behar da crontab fitxategia.
  • Sarean begiratuta crontab editatzeko beste modu txukunagoa badago, bai eta interfaze grafiko bat ere, gnome-schedule, baina horiekin ez dut lortu emaitza onik eta azaldutako metodoarekin bai.


2011/07/13

OpenPYME enpresa txiki eta ertainentzako software librea

Kanariak uhartetako La Laguna Unibertsitateko Software Librearen Bulegoak pyme, hau da enpresa txiki eta ertainentzako software librearen bilduma interesgarri bat osatu du. Hasierako orrian kategoriak agertzen dira: Ofimatika, finantzen kudeaketa, e-komertzioa...; kategoria hautatuta funtzionalitate horretako aplikazioak agertzen dira; aplikazioa hautatuta deskripzio txiki bat, zein sisteman dabilen eta jaisteko lotura.

Klika irudian OpenPYMEren web orrira joateko.

Enpresentzako ez ezik enpresari lotutako prestakuntza ematen duten ikasteentzako baliabide interesgarria.

2011/07/12

Nola inprimatu irudi bat hainbat orritan

Irudi batekin poster bat egin nahi baduzu inprimagailu arrunt batez, alegia dinA4 tamainako orriak erabiltzen duen inprimagailu batez, artisautzako lan fina egin beharko duzu edo Posterazor aplikazioa erabil dezakezu.

Aplikazio honek oso erabilera sinplea du: irudia kargatu, orientazioa hautatu eta zenbat orritan inprimatu nahi dugun zehaztu behar dugu. Aplikazioak pdf formatuko fitxategi bat sortuko du. Fitxategi honetan irudia orri beste zatitan dago eta zati hauek muntatzen dira zinta itsaskorrez edo kolaz itsasteko.

Irudi zatiak muntatzen dira eta kolatzeko espazioa dute.
Tamaina handian inprimatzean kalitatea mantentzeko irudia handia izatea komeni da, alegia pixel asko izan behar ditu.

Aplikazioa software librekoa da eta hiru sistema nagusietan instala daiteke: Ubuntun zuzenean software biltegitik instala daiteke edo terminalean ondokoa itsatsita:
sudo apt install posterazor


Beste sistemetarako eta Linuxeko beste banaketetarako proiektuaren web orritik deskarga daiteke.

2011/07/08

Luberri beste hizkuntzetan

Sustatun irakurri dut Googlek web orriak itzultzeko gadgeta  jarri duela eskuragai web editoreentzako.  Kutxatxo bat sortzen du eta bertan aukera daiteke zein hizkuntzara itzuli web orria edo bloga.


Eskuin zutabean jarri dut. Egia esateko itzulpenak hain dira "bitxiak" laguntzarako baino barre egiteko balio dutela -eta hori zerbitzua betatik alphara pasa dutela-. Tira, besterik ez bada testuak gehituta itzulpenen kalitatea hobetu dezaten.

2011/07/04

Nola aldatu favicona Blogger blog batean

Favicon esaten zaio web orri baten fitxaren erlaitzean, izenaren ezkerrean, agertzen den ikono txikiari. Aldatu ezean Bloggerrekin egindako blogetan agertzen den favicona fondo laranjaren gaineko B bat da.





Blogger blog baten editorea bazara aukera duzu favicona aldatzeko. Lehenik eta behin faviconaren irudia sortu edo bestela irudi bat aukeratu behar duzu (aukera zabala duzu openclipart.org, Creative Commons). Ondoren tamaina eta formatua emateko gutxienez bi aukera daude:

  • Aukera bat Gimpen editatzea da. Irudiari forma karratua eman, 32x32 pixeleko tamainara eraman eta gorde ico formatuarekin.
  • Beste aukera bat da Genfavicon.com orria erabiltzea. Arakatuz hautatu nahi duzun irudia eta igo, irudia doitu eta ico formatuarekin jaitsi.

Irudia ico formatuan dugula gure Blogger blogera joan, saioa hasi eta  dugu Bloggerren eta Desingn atal edo fitxara joan, bertan Favicon  Edit klika, arakatuz hautatu sortutako ico fitxategia eta gorde diseinua.

Nabigadorean zure bloga ireki eta, dena ondo joan bada, zure favicona agertuko da fitxan.

Plataforma bat erabili beharrean web orria editore batez osatzen baduzu eta gero
internetera igotzen baduzu favicona eta titulua aldatzeko kontsultatzen ahal duzu beste mezu hau

2011/07/02

Munduko mapak sarean

Etorri da uda eta opor garaia. Sasoi ezin hobeagoa etxe ondoko zein munduko beste munduko bazterrak arakatzeko.
Arakatze horiek egiteko mapak baliabide interesgarriak dira. Karpeta bat baino gehiago dut paperezko mapaz beteta eta, egia esateko, ez ditut lehen beste erabiltzen zeren eta gaur egun sarean daudenak hobeak agian ez baina erabiltzeko errazak izateaz gain bilatzeko, neurtzeko eta informazio osagarria lortzeko tresna egokiak dituzte. GIS metodologia erabiltzen dute, hau da geruzaz osatuta daude eta geruza bakoitzak informazio mota bat ematen du: altitudeak, izenak, bideak...

Hona ekarriko ditut nire ustez erabilgarrienak, batetik eskura izateko eta bestetik haien arteko aldeak ikusteko. Diferentzia horiek hobeto ikusteko sailkapen txiki bat egingo dut:

Osatzeko eraren arabera:
  • Mapa tradizionalak, sestra-kurbadunak.
  • Satelitetik edo hegazkinetik ateratako argazkiz osatutakoak.
Dimentsioen arabera:
  • lauak.
  • erliebedunak.
Datuak biltzeko modua eta hauen patentearen arabera:
  • Pribatuak
  • Libreak, wikiak: datuak norberak sartu eta osa ditzake eta erabilera librea da.
Diferentziak hobeto atzemateko ireki dezakezu bakoitza fitxa batean (irudiaren gainean jarri eta klik egin saguaren gurpilarekin) eta gero fitxaz fitxa ibili. Pasaiako badia aukeratu dut orografia berezia duelako eta zati txiki batean mendia, hirigune eta bideak eta bestelako elementuak agertzen direlako. Egin kontu ere toponimian eta euskararen erabileran.

Lehenengo hiru irudiak Google Maps orrikoak dira: satelite,  erliebea eta mapa arrunta.







Google Maps-en gainean UZEIk estatuen euskarazko izenak dituen Mundu-mapa garatu du.


Ondoren wikiak, libreak: OpenStreetMap (Euskal Mapa), OpenCycleMap eta Wikimapia. Euskal Mapa eta OpenCycleMap OpenStreetMap-ean oinarritzen dira: lehenengoan munduko izen ezagunenak euskaraz agertzen dira eta bigarrenean sestra-kurbak.









Azkenik Google Earth erliebeaz gain hiru dimentsio efektuak lortzen duena behatze planoa aldatuta.