2010/04/28

Agur Bloglines

Bloglines blogen mezu berrien biltzailea da, jario irakurlea. RSS edo Atom sistemaren bidez blog edo orri dinamiko batean harpidetuz gero berak mezu berriak biltzen ditu eta eskaintzen dizkizu blogetik blogera ibili gabe.
Bloglines, betiereko beta zerbitzua

Jario biltzaileen artean aitzindari da Bloglines baina azkenaldi honetan makal xamar dabil. Blogetan komentatzen da utzita dagoela, hainbat jario ez zituen eguneratzen eta azken egunetan bere zerbitzaria behin baino gehiagotan geldirik edo zintzilik egon da.

Horregatik, penaz baina aldatzea erabaki dut Google ahalguztidunen besoetara.
Aldatzeko Bloglineseko harpidetzak esportatu...
eta Google Readerren inportatu.
Lehenengo bista kolpean Googlen irakurgailuak hobexeagoa da: mezuak gurpilarekin gainditzean hartzen ditu irakurritzat eta aukera gehiago ditu mezuak bistaratzeko: berriak edo denak, zerrenda moduan edo edukiak eta abar.
Tira, puska baterako hemen geratuko naiz.

2010/04/15

Ubuntu: Namoroka kendu eta Firefox berrinstalatu

Antza denez Firefoxen garatzaileak urrats bat aurrerago dabiltzate Windowsen Linuxen baino eta lehenengoan 3.6 dagoen bitartean Linuxen 3.5 bertsioa dabil egonkor eta 3.6a, frogan, Namoroka izenarekin. Kontua da eguneratzea batean Namoroka instalatu zitzaidala eta azken egunetan flash plugina ez zebilela. Kontsultatu ondoren Namoroka kendu eta Firefox 3.5 berrinstalatu dut. Arazo bera baduzu eta zeuk ere egin nahi baduzu urrats hauek segi ditzakezu:

  • Frogako bertsioa berriz instala ez dadin software-jatorrietatik http://ppa.launchpad.net/ubuntu-mozilla-daily/ppa/ubuntu kenduko dugu.
    Sistema > Administrazioa > Software jatorriak (pasahitza jarri) Beste softwarea atalean aipatu jatorria desmarka ezazu.
     
  • Namoroka desinstalatzeko terminala irekiko dugu: Aplikazioak > Gehigarriak > Terminala, eta bertan:
sudo su
apt-get remove firefox
apt-get autoremove
  • Eta Firefox instalatzeko:
apt-get update
apt-get install firefox

2010/04/04

Firefox gehigarriak: zenbait gehigarri interesgarri.

Firefox 🦊 nabigatzailerako ehunka gehigarri daude eta neurriz instalatu behar ditugu zeren eta nabigatzailearen funtzionamendua moteltzen dute -batzuk besteak baino gehiago-. Gomendatutakoak, interesgarriak iruditzen bazaizkizu, instalatu, frogatu eta ondoren erabaki  mantentzea edo desinstalatzea.
Hemen dituzu ordena alfabetikoan interesgarriak iruditzen zaizkidanak:
  • Adblock Plus: Web orrietako propaganda blokeatzeko. 
  • Dark Reader: webgunea gai ilunean ikusteko.
  • EpubReader epub formatuko liburu digitalak irakurtzeko. Maiz irakurtzen baduzu, ordea, Foliate aplikazioa instalatzea komeni zaizu.
  • Euskalbar: euskara eta gaztelania, frantsesa, ingelesaren arteko hiztegiak, Euskalterm, corpusak, esaera zaharrak... eta zer dakit nik dena batera.
  • Lehen hitza euskaraz euskarazko edukia lehenesten du. 
  • Xuxen zuzentzaile ortografikoa

2024ko abenduaren 30ean eguneratua.